Funtzioak eta oinarriak

Ikuskapen atalari dagokio, besteak beste, gizarte zerbitzuen esparruan aplikagarri den araudia betetzen dela begiratzea, eta, hala, batetik, erabiltzaileen eskubideak errespetatzen direla bermatu behar du (horrexek izan behar baitu irizpide nagusia arau aplikagarriak interpretatzeko), eta, bestetik, eskubideok erabiltzeko bide egokiak badirela eta funtzionatzen dutela egiaztatu behar du. Horretarako, gizarte erakundeak, zerbitzuak eta zentroak ikuskatu eta ebaluatzen ditu.

Herritarrek gizarte zerbitzu kalitatezkoak izateko eskubidea dute, eta eskubide hori bermatzeko egiten da hori guztia.

Hona nola egiten den lan hori:

  • Erakundeak eta zentroak ikuskatzeko bisitaldiak egin, eta haiei buruzko txostenak prestatzen dira, gizarte zerbitzuen arloko arauetan ezarritako betekizun material eta funtzionalekin bat ez datozen alderdiak definitzeko. Horrez gainera, arauren bat hausten denean, hura betetzeko epea ezartzen da.
  • Baliabide kuantitatiboak eta kualitatiboak erabiltzen dira kasuan kasuko zerbitzua edo zentroa arauz ezarritako betekizunei egokitzen zaiela egiaztatzeko.
  • Ikuskapenetan, beren-beregi aztertzen dira erabiltzaileek eta haien familiek zerbitzuetan parte-hartzeko dituzten bideak, ea egiaz funtzionatzen duten ala ez, bai eta haiei buruz zer kexa aurkeztu den ere.
  • Ikuskapenetan, gainera, beren eskubide eta betebeharrei buruzko aholkuak eta informazioa ematen zaizkie erakundeei, profesionalei eta erabiltzaileei, bai eta eskubide eta betebehar horiek betetzeko bideei buruzkoak ere.
  • Zerbitzu eta zentroetako profesionalengandik hurbilago dagoen izaera ebaluatzailea eta pedagokioa egozten zaio ikuskapenari, eta, horren arabera, areago dagokio laguntzaile zeregin bat, erabiltzaileen eta zerbitzuak ematen dituzten erakundeen errealitatetik hurbilago dagoena.