2026ko udako hemeroteka

Litoral : revista de la poesía y el pensamiento

Litoral aldizkaria Estatuko literatura- eta arte-mugimenduen barruan aldizkako argitalpen urtetsu eta enblematikoenetako bat da. 1926an sortu zuten Emilio Pradosek eta Manuel Altolaguirrek. Literaturaren panoraman paregabea da, batetik, lehenengo garaiko bederatzi emanaldiei esker, zeinean kolaboratzaile izan baitziren Pablo Picasso eta Juan Gris, besteak beste; eta, bestetik, aldizkariaren gehigarrien bildumari esker. Han argitaratu zituzten lehenengo lanak Rafael Alberti, Luis Cernuda, Emilio Prados, Vicente Aleixandre, José Bergamín eta Federico García Lorca idazleek.

Gerra Zibilak eten egin zuen argitalpena baina, hala ere, haren ondareak iraun egin zuen, sormenaren goieneko garai baten ikur gisa. Aldizkaria hamarkada batzuk geroago berreskuratu zuten, eta jatorrizko izaerari eutsi zion, baina garai berrietara egokituta. Bizkaiko Foru Liburutegiak aldizkari horren 1971tik 2001era arteko oso bilduma oparoa du, eta azken 25 urteetako ale guztiak biltzen ditu.

Lehen zenbakietatik, argitalpenaren helburua zen poesia, arte plastikoak eta gogoeta kritikoa bateratzeko gune izatea, eta benetako abangoardiako laborategi bihurtu zen. Ez zen poesia zabaltzera mugatu, baizik eta ilustrazioak, tipografia zainduak eta garai hartarako berritzaileak ziren proposamen bisualak txertatu zituen. Alde horretatik, aldizkariak edukiaren berri zabaltzen zuen baina, horrez gain, objektu artistiko bat zen berez. Hitzaren eta irudiaren arteko elkarrizketa horri esker, bat egin zuen Europako korronte abangoardistekin, eta literatura-argitalpenaren mugak birdefinitzen lagundu zuen.