2026ko udako monografiak

Golondrinas / Bernardo Atxaga; egilearen itzulpena

Golondrinas Enarak jatorrizko euskarazko liburuaren gaztelaniazko itzulpena da. Lan horretan, Bernardo Atxagak bere literatura-unibertsoan hainbatetan agertzen diren gai batzuk garatzen ditu: oroimenaren esplorazioa, identitatea eta denboraren igarotzea. Eta horretarako, itxurazko prosa soila eta oso sinbolikoa erabiltzen du. Egunerokoa eta poetikoa elkartu eta kontakizun bat sortzen dute, zeinak irakurketa gogoetatsua egitera eramaten gaituen.

Enarak, hegazti migratzaile nagusiak, joan-etorriaren eta itzuleraren metaforak dira. Atxagak, sinbolo horretatik abiatuta, narrazio bat egiten du, eta, bertan, begirada haurtzarora, galerara eta oroitzapenen iraunkortasunera zuzentzen da. Atxagaren beste obra batzuetan bezala, natura ez da apaingarri hutsa, baizik eta erresonantzia emozional eta kulturalez betetako espazioa.

Itxuraz bereziak diren egoeren bitartez, Atxagak memoria partekatua ekartzen digu gogora. Lantzen dituen gaiak unibertsalak dira irakurlearentzat, adibidez, errotzea, galera eta denboraren igarotzea.

Bernardo Atxaga Joseba Irazu Garmendiaren goitizena da (Asteasu, Gipuzkoa, 1951), eta euskal narratiba garaikidearen adierazle nagusietako bat da. Atxaga hirurogeita hamarreko hamarkadan hasi zen argitaratzen, euskal literatura berritze-prozesu batean zegoenean. Hasierako testuetatik, euskara literatur sorkuntza modernoaren eremuan kokatzeko asmo argia erakutsi zuen. Obabakoak liburuarekin(1988) ospea lortu eta Narratibako Sari Nazionala eskuratu zuen. Obra hori hizkuntza askotara itzuli zen eta nazioarteko erreferente bihurtu zen.

Euskal literaturan izan duen eragina eztabaidaezina da; izan ere, hari esker irakurleen kopurua handitu da, argitaletxeen merkatuan euskararen presentzia sendotu da eta euskal literatura Europako mapa kulturalean kokatuta geratu da. Euskaltzaindiako kidea da, eta egindako lanagatik sari eta goraipamen ugari jaso ditu.

Zazpigarren gizona: Europako langile migranteen bizipenak irudiz eta hitzez / John Berger eta Jean Mohr ; Itzultzailea: Iñigo Roque Eguzkitza

Lan hori jatorriz ingelesez argitaratu zen 1975ean, eta Katakrak argitaletxearen euskarazko itzulpenarekin (Zazpigarren gizona), oraindik irakurleei interesa sortzen jarraitzen duela berresteni da. Iñigo Roque Eguzkitza lanaren itzultzaileak azpimarratzen duenez, harrigarria da liburua gaurkotasun handikoa izatea, migrazioari eta desberdintasunari buruzko eztabaiden testuinguruan.

Zazpigarren gizona lan hibridoa da: saiakera, kronika eta argazki-dokumentala. Bertan, John Berger idazleak eta Jean Mohr argazkilariak zentzuz eta sentsibilitatez lantzen dute XX. mendeko Europako langile migratzaileen esperientziaren gaia. Ohiko azterlan soziologikoa baino gehiago, liburua deserrotzeari, esplotazioari eta duintasunari buruzko hausnarketa humanista da.

Izenburuak estatistika adierazgarri bat jartzen du agerian: garai hartan, mendebaldeko Europan zazpi langiletik bat etorkina zen.  Hala ere, liburuak ez du fenomenoa kuantifikatzen soilik; haren dohain handiena da ahotsa eta aurpegia ipintzea askotan zenbaki inpertsonal hutsak besterik ez den errealitate bati. Narrazio-zatien, lekukotzen, aipuen eta analisien bidez, egileak testu-mosaiko bat osatzen du, eta hura irakurtzean, migrazioa bizi-prozesu konplexu gisa ikusten dugu, espektatibaz, sakrifizioz eta kontraesanez beteta.

Jean Mohrren zuri-beltzeko argazkiek ez dute ilustrazio huts gisa funtzionatzen, testuaren funtsezko kontrapuntu gisa baizik. Irudiek aurpegiak, keinuak eta espazioak erakusten dituzte, zintzotasunez, eta horrela, Bergerren diskurtsoak oihartzun zabalagoa lortzen du. Hitzak eta irudiak, elkarrekin, narratiba bikoitza eraikitzen dute, eta horrek irakurlearen enpatia areagotu eta lanaren dimentsio etikoa indartzen du.

Gainera, Zazpigarren gizonak lanak migrazioaren eragin psikologikoa aztertzen du: oroimina, familia-zatiketa, betiereko behin-behinekotasunaren sentsazioa. Migratzailea bi munduren artean bizi den pertsona gisa agertzen da, bete-betean izan gabe mundu horietako bakar bateko kidea. Ildo horretan, obrak bere testuinguru espezifikoa gainditu eta dimentsio unibertsala hartzen du.

Hondoaz galde: biderako sintesiak I / Jon Sarasua eta Mikel Artola

Hondoaz galde. Biderako sintesiak pentsamendu-liburu bat da, hausnarketa filosofikoaren, kontzientzia historikoaren eta orainarekiko konpromisoaren artekoa. Lan honetan, Jon Sarasuak eta Mikel Artolak proposamen bat egiten dute, kultura-, politika- eta zibilizazio-ziurgabetasunaren garaian gure ikuspegia bideratzeko. Orientazio intelektualeko mapa bat da, eta sakonetik pentsatzera eramaten gaitu, hau da, esperientziaren eta tradizioaren geruza sakonetatik.

Obraren ezaugarri nabarmenetako bat laburbiltzeko borondatea da. Gaur egungo jakintzaren zatiketaren aurrean, egileak pentsaera-tradizio desberdinen artean zubiak ezartzen saiatzen dira: filosofia, antropologia,

teologia, soziologia eta euskal kulturaren esperientzia.

Gaur egungo funtsezko gaiak lantzen dituzten zatietatik abiatuta eraikitzen da liburua: mendebaldeko gizarteetako zentzu-krisialdia, identitate kolektiboen eraldaketa, aurrerapenaren mugak (termino ekonomikoetan soilik ulertuta) eta gutxiengoen kulturen ahultasuna mundu globalizatu batean. Egileek ez dituzte erantzun itxiak eskaini nahi; galderak egiten dituzte irakurleak etenaldi bat egin eta berraztertzeko errealitatea ulertzeko kasuak.

Hondoaz galde bere dimentsio etikoagatik nabarmentzen da. Egileek iradokitzen dute egungo krisia ez dela soilik ekonomikoa edo politikoa, baizik eta bizi-orientazioko krisi bat, batez ere. Obraren beste ardatz bat euskal kulturari buruzko hausnarketa da. Sarasuak eta Artolak euskara eta euskal nortasuna aztertzen dute, baina ez errealitate itxi edo esentzialista gisa, baizik eta indar globalek tentsionatutako prozesu biziak bezala. Ikuspegi horretatik, norberaren kultura gai unibertsalei buruz pentsatzeko laborategi bihurtzen da: belaunaldien arteko transmisioa, gutxiengoen hizkuntzen zaurgarritasuna, irekitasunaren eta kontserbazioaren arteko oreka. Ildo horretan, liburuak toki-mailakoa gainditzen du, sustraiak galdu gabe.

Neskatxa maite: 25 mujeres que la música vasca no debería olvidar / Elena López Aguirre

Neskatxa maite saiakerak euskal musikaren historian funtsezkoak izan diren 25 emakumeren memoria berreskuratu eta aldarrikatzen du. Elena López Aguirre musikan espezializatutako kazetariak informazioaren zorroztasuna zabalkundearekin uztartzen du, istorio horietara hurbiltzea errazteko. Egileak, ibilbideak zerrendatzeaz gain, musika-kanonaren berrikuspen kritikoa proposatzen du.

Obrak musikaren garaiak eta estiloak azaltzen ditu, Euskadiko emakumeen musikagintzaren aberastasunaren eta aniztasunaren erakusgarri, esaterako, musika klasikoko interpreteak, artista garaikideak eta kultura-eraberritzeko funtsezko figurak.

Obra euskal musikaren ohiko kontakizunaz harago doa, eta izen ezagunen eta hain ezagunak ez direnen arteko oreka mantentzen du.

Neskatxa maite obrak euskal musikaren kontakizunaren gabezia historiko bat konpontzen laguntzen du. Obrak sakon aztertu ez arren, abiapuntu gisa oso baliotsua da, arlo horretan emakumeek izan duten eginkizuna ezagutzeko.

Haiek danak sorginak = Todas ellas brujas / Bego Antón; testuak: Alice Markham-Cantor, Amaia Nagusia Pimoulier, Bego Antón; euskarazko itzulpena: María Ramos Salgado

Haiek danak sorginak euskarazko eta gaztelaniazko saiakera bisuala da, Bego Antón argazkilari bilbotarrak hamar urte baino gehiagoan garatu duen proiektuaren emaitza. Lan horrek sorginaren figura aztertzen du gaur egungo ikuspegitik, baina Euskal Herriaren historian sakon errotuta. Euskal paisaiak funtsezko zeregina du obran: ez da atze-oihal hutsa; tradizioa, mitoa eta historia gurutzatzen diren espazio sinbolikoa da.

Proiektuaren abiapuntua, neurri handi batean, sorginkeria egitea leporatu zitzaien eta Inkisizioaren aurrean aitortzera behartu zituzten emakumeen benetako testigantzak dira, eta horrek memoria historikoaren, nortasun kulturalaren eta begirada artistikoaren arteko bidegurutze bereziki indartsu batean kokatzen du obra. Lan horren lorpen handienetako bat da gai izan dela beldurra, errepresioa eta gizarte-kontrola ezaugarri dituzten kontakizun historiko horiek eta sorginaren irudiaren egungo berrinterpretazioak lotzeko. Aitorpen inkisitorialek ezagutzera eman dituzte ustezko magia-jarduerak, baina ez hori bakarrik: garai hartako gizarteak arauek ezarritakotik kanpo ziharduten emakumeen inguruan imajinario bat nola sortu zuen ere erakutsi digute. Proiektuak ikuspegi feminista argia du; izan ere, sorginak ez ditu figura gaizto gisa berrinterpretatzen, baizik eta desberdinak izateagatik baztertutako emakume gisa. Aitorpen inkisitorialak ikuspegi garaikide batetik berreskuratzen ditu obrak, eta zalantzan jartzen ditu zapalkuntza-mekanismo historikoak. Sorginari beste esanahi bat ematea proposatzen du, eta erresistentziaren eta autonomiaren ikurtzat hartzen ditu.

Ensayos de un buscador espiritual / Ralph Waldo Emerson; itzultzailea: Silvia Moreno Parrado

Ensayos de un buscador espiritual obrak Ralph Waldo Emersonen funtsezko testuetako zenbait biltzen ditu. XIX. mendeko Estatu Batuetako transzendentalismoko pentsalari nagusietako bat da egilea. Bere obran, gizakiaren izaerari, espiritualtasunari, egiari eta gizabanakoak unibertsoarekin duen harremanari buruzko funtsezko gaiak aztertzen ditu, ikuspegi introspektibo eta filosofiko sakonarekin.

Emersonek proposatzen duena da egia ez dagoela kanpoko erakunde, tradizio edo agintarietan, baizik eta intuizio pertsonalean eta gizabanakoaren zuzeneko esperientzian. Esate baterako, Autosuficiencia saiakeran, defendatzen du pertsona orok bere barne-ahotsean konfiantza izan behar duela, baita hark arau sozialen kontrakoa dioenean ere. Jarrera hori oso askatzailea da, baina baita desafiatzailea ere, norberaren bidearen erantzukizun osoa nork bere gain hartzea baitakar. Nabarmendu beharreko beste alderdi bat da natura errebelazio espiritualaren iturri gisa ikusten duela. Emersonen ustez, mundu naturalarekiko kontaktuak aukera ematen dio gizabanakoari absolutura iristeko; natura, ingurune fisiko bat ez ezik, espiritu unibertsalaren isla ere bada.