Giza Eskubideak 2025

Aurten, 2025ean, Nazio Batuen (NBEren) sorreraren 80. urteurrena dugu; beraz, legatuari, lorpenei eta erronkei buruz hausnartu behar dugu, aurrean baitauka etengabe aldatzen ari den testuinguru global bat. 1945etik, sortu egunetik bertatik, NBE izan da bakearen, nazioarteko segurtasunaren, giza eskubideen eta garapen jasangarriaren funtsezko eragile sustatzailea.

Aurrean daukagu mundu-mailako agertoki konplexu bat. Ezin dugu alde batera utzi zeinen tragikoa den egoera globala. Ezin diegu ez ikusia egin munduko toki bateko baino gehiagotako eskubide-urraketa beldurgarriei, esate baterako, Gazan ikusi berri dugun genozidioari, edo Libanoko edo Ukrainako egoerari... Eta ezin ditugu ahaztu hauek ere: Yemen, Sudan, Afganistan edo Siria. Zerrenda horri beste toki asko gehitu diezazkiokegu, bertan armen logika basatiak agintzen baitu indarrez.

Bestalde, komeni da ez ahaztea gatazka armaturik gabeko herrialdeetan ere urratzen direla eskubideak munduaren luze-zabal osoan. Gogoan izan behar ditugu eskubide eta askatasunen urraketa pairatzen duten emakume eta neska afganiarrak, irandarrak, somaliarrak eta beste milioika emakume; izan ere, ezin dute erabakirik ere hartu beren gorputzen gainean, beste batzuek erabakitzen dutelako.

Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundian, berretsi nahi dugu hartu dugun konpromisoa sistema multilateralaren eta nazioarteko zuzenbidearen defentsan. Izan ere, giza eskubideen esparruan, oraindik da 1948ko adierazpen unibertsala erreferente unibertsala.

Abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Eguna dugu mundu osoan, mundu-mailako konpromiso iraultzaile handienetako bat ospatzeko: Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala. Agiri historiko horrek sendotu ditu pertsona orok gizaki gisa dituen eskubide besterenezinak, edozein dela ere arraza, kolorea, erlijioa, sexua, hizkuntza, iritzi politikoa edo beste edozein iritzi, jatorri nazionala edo soziala, maila ekonomikoa, jaiotzakoa edo beste edozein egoera.

Nazio Batuen Biltzar Orokorrak 1948ko abenduaren 10ean aldarrikatu zuen adierazpen hori, Parisen, eta mundu osoan babestu beharreko oinarrizko giza eskubideak ezarri zituen lehen aldiz.

«Herri eta nazio guztien lorpen-arau komuna» denez, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala proiektu globala da nazioarteko, nazioko eta tokiko lege eta politiketarako, eta funtsezko zutabea ere bada Garapen Jasangarrirako 2030 Agendan.

Adierazpen hori oinarrizko gida da guretzat. Irmo iraun behar dugu intolerantziaren gorakadaren kontra, eta eraiki behar dugun etorkizun horretan duintasuna, segurtasuna, justizia eta denontzako giza eskubideak izan behar dira nagusi.

Ideal hori lortzen saiatu behar dugu, amore eman gabe. Hori dela eta, sentsibilizazio-kanpaina honen bidez, aldarrikatu nahi dugu Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala indarrean dagoela eta legitimoa dela.

Kanpainak gogoraraziko digunez, ezinbestekoa da giza eskubideak lehenengo lekuan jartzea beti, askatasunei eraso egiten dietenean, burugabekeria bortitza agertzen denean, armen hizkuntza darabiltenean, eta lortutako eskubideak desagerrarazi nahi dituzten pertsonak agertzen direnean.

Argi eta garbi diogu: Gaur, inoiz baino gehiago, babes ditzagun giza eskubideak.

EZ DA JOLASTEN GIZA ESKUBIDEEKIN

  • Askakatasunen aurkako erasoen aurrean
  • Zentzugabekeria bortitzaren eta armen hizkuntzaren aurrean
  • Gure eskubideak ezabatu nahi dituztenen aurrean

Giza eskubideak lehenik

#GizaEskubideakBeti

Kartela: EZ DA JOLASTEN GIZA ESKUBIDEEKIN