Zerga zuzenak

Sozietateen gaineko Zergak (SZ)

Zerga mota Zuzena
Jasotzailea Foru Aldundia
Zergaduna Pertsona juridikoak
Oinarri ezargarria
  • Zerga-aldian lortutako irabazia izango da, hau da mozkina kontuan hartuko da (sarrerak ken izandako gastuak).
  • Ondare gehikuntzagatik edo ondare-murrizpenagatik lortutako emaitza, hau da, ondarea saltzeagatik izandako sarrerak ken ondare hori erosteko erabilitako dirua.
Oinarriaren murrizpenak Hainbat murrizpen daude. Informazio gehiago Laburpen taulan.
Oinarri likidagarria Oinarri ezargarriari oinarriaren murriztapenak kendu ondorengo kopurua.
Tarifa edoTipoa Oro har, %24; mikroenpresak eta empresa txikiak, %20. Informazio gehiago Laburpen taulan
Kuota Oinarri likidagarriari tarifa edo tipoa aplikatzean ateratzen den kopurua.
Kenkariak Besteak beste, I+G ikerketa eta garapena sustatzea. Informazio gehiago Laburpen taulan.
Ordaindu beharrekoa Kuotari kenkariak kendu ondorengo emaitza.

Sozietateen gaineko Zerga zuzeneko tributua da, izaera pertsonala du. Euskal Autonomia Erkidegoan, Ekonomia Itunean ezarritakoari jarraituz, Foru Aldundiek biltzen dute zerga hori; hots, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek.

Zer zergapetzen du?

Subjektu pasiboek lortutako errenta, mozkina kargatzen du. Merkataritza-sozietateek ordaintzen dute lortu dituzten etekinengatik, eta horien araberakoa da ordaintzen den zenbatekoa.

Nola kalkulatzen da ordaindu beharrekoa?

Pertsona juridikoak zenbat ordaindu behar duten kalkulatu ahal izateko, kontsultatu aurreko taulan hurrengo kontzeptuak: Oinarri ezargarria; Oinarriaren murrizpenak; Oinarri likidagarria; Tarifa edo Tipoa; Kuota; Kuota gutxitzea; Kenkariak; Ordaindu beharrekoa.

Adibidea

Domingo Azpiri enpresak Durangon kokatua dago. Iturgintza-materiala saltzen du eta 60 langile ditu. Honako diru sarrerak eta gastu hauek izan ditu:

  • salgaien erosketak: 115.000 €
  • salgaien salmentak: 308.000 €
  • lansariak eta soldatak: 122.000 €
  • lokal baten salmenta 25.000 €koa izan da. Lokala erosi zutenean 19.000 € kostatu zitzaien.

Ordaindu behar du sozietate gaineko zerga? Zenbat? Eta ondorioz zein izango da zergak ordaindu ondorengo mozkin garbia?

Lehenik mozkinak izan ote dituen aztertu beharko dugu. Horretarako diru sarreren eta gastuen arteko aldea kalkulatu behar. Kasu honetan:

  • Diru sarrerak: 314.000 € (308.000 + 6.000)
  • Gastuak: 237.000 € (115.000 + 122.000)
  • Mozkina: 77.000 € (314.000 - 237.000)
  • Oinarriaren murrizpenik ez duenez, mozkin horri tarifa edo tipoa ezarri beharko zaio. Kasu honetan %24 aplikatu beharko zaio, eta ez % 20, ez baita enpresa txikia (50 langile baino gutxiago dituena).
  • Kuota: 18.480 € ( 77.000 €-ren %24)
  • Ordaindu beharrekoa: 18.480 €
  • Mozkin garbia: 58.520 € (77.000 - 18.480)

Ekin lanari!