| gaiak |
 |
| Elkarrizketa José Francisco Capacés Sala AVEPAko Etika Batzordearen Koordinatzailearekin |
José Francisco Capacés Sala, albaitari jardulea animalia txikien klinikan 1980tik, beste ardurak beste, Madrilgo Alfonso X el Sabio Unibertsitateko Etika eta Deontologia irakaslea izan da. Bere ibilbidean zehar prestakuntza eta dibulgazio lan handia egin du animalien ongizateei buruzko hitzaldiak emanez nahiz liburuetako atalak eta artikuluak idatziz. Orain AVEPAko (Animalia Txikien Espainiako Albaitarien Elkartea) Etika Batzordearen koordinatzailea eta Madrilgo Albaitarien Elkargoko Etika eta Lanbide Integritate Batzordeko kidea da. Haren ustez, genero eta etxeko indarkeriaren eta animaliekiko tratu txarren arteko lotura aztertu eta oso kontuan hartu beharko litzateke, biktima guztientzat ekartzen dituen lotura eta ondorio ugariengatik. |
Genero eta etxeko indarkeria eta animaliekiko tratu txarrak: Zein dira haien arteko loturak?
Ikerkuntza zientifikoan eta froga klinikoetan jasotako ebidentziek iradokitzen dute badirela erlazioak, loturak deituko ditugunak, ume, emakume eta adineko pertsona kalteberekiko (ezinduak, zaharrak…) gehiegikerien eta animaliekiko gehiegikerien artean. Lotura horiek hobeki ezagutzea lagungarria izan daiteke biktimak babesteko, pertsonak izan nahiz animaliak izan, eta haien ongizatea bultzatzeko.
Indarkeria dagoen etxeetan, animaliak erabiliak izaten dira eta tratu txarrak jasan ohi dituzte, “beldurra” eta “mehatxua” eragiteko etxeko adingabeei, emakumeei eta adinekoei. Helburua, batez ere, biktimaren gaineko “boterea” eta “menderatzea” gauzatzea da, txantajearen bidez. Batzuetan, emakumeak ihes egin ahal izan du, baina haren bikotekideak etxean geratu den animalia gaizki tratatzen du, haren itzulera behartzeko edo alde egin izanagatik andrea zigortzeko. Animalia bat etxean edukitzeak emakumea etxean gehiago egotea ekarri ohi du, eta tratu txarren arriskuak areagotzen dira. |
|
 |
Animaliekiko tratu txarren eta genero indarkeriaren arteko loturak neurtzeko eta kuantifikatzeko gauza ez bagara, ez dugu lortuko arazo horiei konponbide irudimentsurik ematerik |
Albaitaritza kontsultategiak egoera horiei antzemateko lekuak izan daitezke?
Inork ez du zalantzan jartzen “afektibotasun loturak” sortzen direnik etxeko pertsonen eta beraiekin bizi diren maskoten artean. Lotura horien eraginez negar egiten dute eta “pena” sentitzen dute animaliak gaixotzen edo hiltzen direnean. Askotan haien mina gure kontsultetan arintzen dute, eta kexatzen dira beren inguruko hurbilenek ere ez dietela ulertzen pena hori. Genero indarkeriaren biktima diren emakume askok beren mina ezkutatzen badute ingurukoen aurrean, ez ulertuak edo errudunak sentiaraziko dieten beldur direlako, nola komunikatuko dute beren animaliagatik sufritzen duten mina, hura ere erasotua denean, beraiek jasan behar duten tratu txarren aurrekari moduan?
Genero indarkeriaren kasuan, animalia gaizki tratatzen duen pertsona familiako gainerakoak gaizki tratatzen dituen pertsona bera da. Erasotzailea gehienetan ahozko gehiegikeriekin hasten da, ondoren gauzak botaz edo joz jarraitzen du, eta indarkeriaren maila igotzen da maskota gaizki tratatzen duenean, azkenik emakume edo seme-alaben aurkako indarkeriazko ekintzak egin arte. Animaliekiko tratu txarrak erasotzailea indarkeriarekin “sozializatzen” du, eta familiako kideekiko ekintza krudelak errazten ditu.
Zein dira identifikatzeko bide nagusiak?
Animaliekiko Tratu Txarren Behatokiaren arabera www.observatoriomaltratoanimal.es, animalien jabeen, zaintzaileen edo arduradunen inguruko adierazlerik ohikoenek deskribatzen dute egoera multzo bat, tartean egoten direla animaliaren osasun ikuskaritza eskasetik animaliekiko portaera krudelak salatzen dituzten adingabekoen presentziaraino, besteak beste. Adierazle fisiko zehatzak eta portaeraren adierazleak ere jasotzen dira. |
Baliabiderik ba al dute indarkeria mota honen susmoaren aurrean ekiteko?
Animalia batekiko tratu txarrak susmatzen direnean, eta ondorioz familiako beste kideengana edo emakumeengana zabaldu daitezkeela susmatzen denean, lehenik eta behin zuhurtasunez jokatu behar dugu eta ez aurreratu ondoriorik edo balio-juzkurik. Egiten jakiteak izan behar du nagusi gure jardueran. Ezinbestekoa da kasua behar bezala dokumentatzeko tresna egokiak eskura izatea eta lortutako frogak zaintzea, gure salaketak azkenean nahi dugun emaitza arrakastatsua lortu dezan. Protokoloak falta dira halako kasuak atzeman eta jakinarazi behar direnerako, ez dugu argi norengana jo behar dugu, autoritateen aurrean gure izena emanda salatzeak nahi ez ditugun egoera txarrak ekartzen ahal dizkigulako, eta salaketa anonimoek ondorio eskasa dutelako. Kasua behar bezala dokumentatua eta frogak behar bezala zainduta jo izan ohi dugu animalien babeserako elkarteen zuzenbide departamentuetara, SEPRONARA, udaltzaingora, epaitegira edo fiskaltzara. Ziurtasun falta handia dugu biktimen alde duen eraginkortasunari buruz, eta beldur izaten gara gure ekintzagatik zailtasunak izango ote dituzten, nahiz eta legez eta deontologia aldetik bete beharrekoa den. |
|
 |
Animalia bat etxean edukitzeak emakumea etxean gehiago egotea ekarri ohi du, eta tratu txarren arriskuak areagotzen dira |
Zure ustez zein dira egoera horiei modu egokian aurre egiteko albaitaritzaren eremuan dauden zailtasunik handienak…?
Egitateen lekuko zuzenak bagara horiek salatzera eta dokumentatzera behartzen gaituzten irizpide deontologiko eta legezkoez gain, beste hainbeste irizpide badira, elkarren aurka jokatu ahal dutenak, edo gure erabakiak baldintzatu edo zaildu ditzaketenak. Gehien aurkitzen ditugunak hauek izaten dira:
- Biktimen segurtasuna, pertsonena nahiz animaliena, konprometitzeko beldurra.
- Gehiegikeria atzemateko dugun gaitasunean konfiantzarik ez izatea.
- Gure salaketak balio eskasa izango duela uste izatea.
- Gatazka etikoa lanbide-sekretua dela-eta.
- Arrisku pertsonala, gure buruarentzat, lankideentzat edo lanbidearentzat.
Zein tresna mota beharko lirateke esku-hartzea errazteko eta zein eragile inplikatuko lituzke?
Genero indarkeriaren eta animaliekiko tratu txarren arteko loturarekin lanean diharduten herrialde batzuetan egiten ari diren zenbait ekintza proposatzen ditut:
- Informazioa partekatzeko (komunikazio trukaketak) protokoloak sortu behar dira, gizarte zerbitzuak, albaitaritza erakundeak, umeen babeserako elkarteak, animalien babes-erakundeak, emakumeen aldeko erakundeak eta polizia estamentuak elkar lotuz.
- Umeekin, emakumeekin eta animaliekin lanean ari diren profesionalentzako konferentziak eta mintegiak antolatzea, egon daitezkeen loturak eta ekintza praktikoak aztertzeko.
- Animaliekiko tratu txarren gaineko eta genero nahiz etxeko indarkeriarekiko loturen gaineko ikerketak bultzatzea eta albaitaritzako nahiz osasunaren inguruko beste lanbide batzuetako ikasleak kontzeptu hauetara hurbiltzea.
- Indarkeria giroko etxeetatik ateratzen diren animalientzako behin-behineko aterpeak sortzea, biktimei beren etxeak ahalik eta lasterren uzteko aukera emateko, han geratzen diren animaliekiko tratu txarren beldurrik gabe.
- Diziplinarteko talde edo agentzia bat sortzea lotura horien inguruan ohartarazteko eta lan-sare moduan jarduteko ikerketan, ideien eta proiektuen trukaketan eta genero indarkeriaren arazo handi honi konponbide irudimentsuak emateko lanean.
- Animaliekiko tratu txarren eta genero indarkeriaren arteko loturak neurtzeko eta kuantifikatzeko gauza ez bagara, ez dugu lortuko arazo horiei konponbide irudimentsurik ematerik. Horregatik, oso garrantzitsua da gizarte zerbitzuetara jotzen duten emakume biktimei egiten zaizkien galdetegietan haien animaliei buruzko galdera zuzenak eta zeharkakoak jasotzea. Datuak argigarriak izango dira eta informazio prebentiboa izango dugu indarkeriaren biktima diren edo izan daitezkeen emakume horiei laguntzeko, animaliekiko tratu txarren zantzurik antzematen badugu, beraientzat hutsala bada ere.
Zure ustez, nola aztertu eta definitu behar da albaitaritza lanbidearen eginkizuna, genero indarkeriak eskatzen duen diziplinarteko erantzuna emateko?
Gure interesa eta kezka zabaldu ditugun profesionalak izanik, gure ekarpena egin behar dugu hurbilpen irudimentsuak aurkitzeko indarkeriaren tratamenduan, animalien zaintzatik harago. Gizarteari hainbesteko kaltea eragiten dion genero indarkeriari aurre egiteko aurkezten zaizkigun aukerak hauek dira:
- Lehen mailako eginkizuna izatea animaliekiko tratu txarren ikerketan eta dokumentazioan, lekuko adituak garen aldetik eta beste indarkeria mota batzuen begirale garen aldetik.
- Erantzuteko diziplinarteko taldeetako partaide izanik, animaliak eta haien familiak tratu txarretatik babesteko programak sortzen laguntzea.
- Gizarte laguntzaren profesionalei prestakuntza eman eta haiekin batera aritzen garelarik, animaliekiko tratu txarrak ezagutzea erraztuz, genero indarkeriaren aurreko adierazlea izan daitekeen aldetik.
- Arriskuko populazioei orientabidea eskaini eta ohartarazten dieten programetan parte hartuz, animalia horiei behin-behineko aterpea emanez.
Zure ustez, zein dira orientabide baliagarriak indarkeria kasuen arretan ari diren profesionalentzat (gizarte, polizia, osasun alorrean…), familiaren animalien inguruan?
Animaliei buruzko galdera zuzenak eta zeharkakoak jaso behar dira haien protokoloetan, eta adi egon behar da eta galdetu maskotei ematen zaien tratuen inguruan, haien balorazioetan sartzeko. Informazio horrek datu baliagarriak eman ditzake familiaren funtzionamenduari buruz eta etxeko indarkeriari buruz. |
Umeek eta gazteek animaliekiko duten portaerari buruzko galderak jaso behar dira, gehiegikeria eta indarkeria dauden kasuen balorazioetan. Suposiziorik egin gabe, kontuan izan behar da, ume batek behin eta berriro animaliei min eragiten dienean, gehiegikeriaren biktima izan daitekeela edo indarkeria giroan bizi dela.
Genero indarkeriaren biktimen segurtasunerako eta babesteko programek etxeko animalien segurtasunerako neurriak ere jaso beharko lituzkete.
Animaliekiko tratu txarra inoiz ez da huskeriatzat jo behar. Garaiz sumatzen bada, indarkeriazko espirala hautsi ahalko da, eta maitasuna, babesa eta esperantza aurkitu beharrean izu-ikara eta indarkeria isilik pairatzen duten animalien eta gainerako biktimen bizitza salbatu ahalko da. |
|
 |
Genero indarkeriaren biktimen segurtasunerako eta babesteko programek etxeko animalien segurtasunerako neurriak ere jaso beharko lituzkete |
AVEPArako sarbidea
|
|