Aldundiaren logotipoa

Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Hizkuntzak


logotipo Observatorio Violencia de Género en Bizkaia logotipo Diputación Foral de Bizkaia
BGIB BULETINA 52. zk., 2019 ekaina
 
 
HASIERA GAIAK BEHATOKIA TRESNAK KONTUAN HARTU
 beste behatokiekin sarean
GRAFICA
Animaliekiko Indarkeriaren Behatokia eta VioPet Programa
Emakumeenganako indarkeriaren beste Behatoki batzuekin gogoeta egiten dugu, egiten duten lanari buruz eta esku-hartzeak eta neurriak bideratzeko errealitatearen datuen bilketak eta analisiak duten garrantziari buruz.

Ale honetan partaide berezia dugu, Animaliekiko Indarkeriaren Behatokia (OVHA), hain zuzen ere, genero edo/eta etxeko indarkeriaren eta giro horretan familiaren parte diren animaliek jasaten dituzten tratu txarren arteko lotura aztertu ahal izateko. Núria Querol Doktoreak, Behatokiaren zuzendaria denak, erakunde horren ekarpena azaltzen digu, bai genero indarkeriaren egoeren alderdi horren ezagutzari dagokionez, bai kasu horietarako VioPet programak eratzen duen berariazko arretari dagokionez.  

Zer lorpen eta ekarpen nabarmentzen dira Behatokiaren jardueran genero edo/eta etxeko indarkeriaren eta arazo hori duten familien parte diren animaliekiko tratu txarren arteko loturari dagokionez?

Behatokiak bere jarduketa-ildo desberdinetatik ekarpen txikiak egitea lortu du:

  • Hitzarmena sinatu du Bartzelonako Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatearekin, irakaskuntza eta ikerkuntza jarduerak egiteko hainbat CEU, graduondo nahiz masterretan. Animalienganako Indarkeriari buruzko Nazioarteko 1. Kongresua ere egin genuen 2018ko martxoan, Bartzelonako Unibertsitateko Jokaera Kriminalaren Profilatze eta Analizatze Masterrak antolatutako Ikerkuntza eta Profilatze Kriminalaren Jardunaldien 3. ekitaldiaren baitan.

  •  “Animal Cruelty as a Gateway Crime” proiektua NSA (National Sheriff’s Association) eta COPS (Community Oriented Policing Service) AEBetako Justizia Departamentuko erakundeekin lankidetzan, Segurtasun Indar eta Gorputzen (FFCCS) entrenamendua hobetzeko helburuz, pertsonen arteko indarkeria eta animaliekiko tratu txarrak aurrez aurre dituzteneko kasuetarako.

  • NSA-FBIren NIBRS (National Incident-Based Reporting System) eta animaliekiko tratu txarrei buruzko Lan-taldeko kide gisa gaztelerara ekarri dugu gune hau FBIren datuen bilketa eta analisi kriminologikoa.

  • SAF-T programa aintzindariaren Zuzendaritza Batzordeko kide garen aldetik, dagoeneko 150 harrera etxe ditugu AEB, Kanada, Herbehereak, Zeelanda Berria eta Espainian, animaliak emakumeekin aterpetzeko aukera ematen dutenak. Era berean, AEBetan, 2018ko abenduan, PAWS (Pets and Women Safety Act (1), genero indarkeriaren biktimak eta animaliak babesteko arautegia onartzea lortu dugu.

Zer erakusten dute lotura horri buruzko ikerketek? Ba al dugu datu estatistikorik edo analisi kualitatiborik genero indarkeriak maskotengan nahiz landetxeko animaliengan ondorio duen kasuen inguruan? Zer behar da alderdi hori hobeto ezagutzeko?

Lehenik eta behin argi izan behar dugu animaliekiko tratu txar motaren bat antzeman orduko ekin egin behar diogula (legez zigor eta administrazio debekua du) eta alarma-zantzua dela, testuingurua eta biktimarioa ikertzera eraman behar gaituena. Azterketa ugari ditugu, ezagunenak: FBIren arabera, erailketak sailean egin dituztenen % 46k animaliak hil zituzten nerabezaroan, eta indarkeriaren biktimak izan direlako harrera etxeetan aterpetuta dauden emakumeen % 86k beren animaliek tratu txarrak jasan dituztela adierazi dute (Ascione et al.)    -Gure azterketan kopurua % 94ra iristen da tratu txar psikologikoa kontuan izan genuelako (Querol, et al.)-. Badira desberdintasunak animaliei hiri nahiz landa inguruetan ematen zaien tratuan, baina landa inguruetan ere emakumeek beren animaliekiko atxikimendua sentitzen dute, eta hitzarmena sinatuta dugu animalien bi santutegirekin, inoiz harrera berezi horiek behar baditugu ere.

 

Abegi etxeetan dauden emakumeen % 86k beren animaliekiko tratu txarrak izan direla adierazi dute

Alderdi hori hobeto ezagutzeko behar adina baliabide ekonomiko behar ditugu, lagin kualitatibo eta kuantitatibo nahikoa lortzeko, eta kasu batean esku-hartzen duten askotariko eragileen lankidetza ere bai.

Animalienganako Indarkeriaren Behatokiak koordinatzen du VioPet programa. Zein beharrari erantzuten dio programa honek? Nola eramaten da aurrera?

AEBetan emakumeen % 59-69k premiazko aterpetzeari edo harrera etxeari uko egiten ziotela ikusten hasi ziren. Arrazoia galdetu zieten eta haiek esan zutenez, beren laguntzako animaliak sartzea debekatzen zenez, nahiago izaten zuten kalean lo egin, autoan, edonon, animaliarengandik bereizi baino lehen, zenbait kasutan animaliak bizia salbatu zielako, erasoa jasan zutenean. Arrisku handiko biktimak segurtasun neurririk gabe izateak alerta eman zien aditu batzuei eta Distritoko Fiskalen Elkarteko Allie Philipsek SAF-T programa sortu zuen (bertako zuzendaritza batzordeko kidea da VioPet), bertan jasoz jardunbide onen gida bat, emakumeak hartzeko etxeek animaliak aterpetzeko espazio bat egokitu zezaten. Espainian dagoeneko hiru udalek betetzen dituzte premisa horiek: Langreo, Oviedo eta Zaragoza, eta beste zenbaitek premisa horiek onartzeko konpromisoa hartu dute (Sant Cugat del Vallés, Arrecife, Ripollet).

Kaso baten sarrera etor daiteke emakumearengandik berarengandik, gizarte zerbitzuetatik, Babes elkarte batetik, Segurtasun indarretatik… Osasun arlotik ere iristen zaizkigu kasuak, Gurutze Gorria, Biktimaren Arretako Telefonoa; genero indarkeriako kasuak antzematen dituzten erakunde guztietatik.


Gaur-gaurkoz, zein da ekimen horren irismena? Nolako entitateek bat egiten dute programarekin?

VioPet Espainia osora iristen da, baina honezkero ordezkaritzak ditugu Amerika Latinoan eta AEBetan ere. Eta SAF-T Australia, Kanada eta Herbeheretara ere iristen da. Atxiki diren erakundeak askotarikoak dira, besteak beste, gizarte zerbitzuak, albaitaritza zentroak, harrerako baliabideak, segurtasun indarrak, animalien babes elkarteak…

 

Uko egiten zioten premiazko aterpeari edo harrera etxeari (…)Beren laguntzako animaliak sartzea debekatzen zenez, nahiago izaten zuten kalean lo egin, autoan, edonon, animaliarengandik bereizi baino lehen, zenbait kasutan animaliak bizia salbatu zielako, eraso batean

Ze urrats eman beharko lituzke genero indarkeriako kasuen arreta hobetzeko baliabide hau eskaini nahiko lukeen erakunde batek, VioPet programari atxikitzeko?   

Onena da elkar ezagutzeko elkarrizketa bat izatea eta era berean, atxikitzeko inprimakia betetzea, bertan adieraziz zer eskaini ahal duen baliabideak eta nola lagundu dezakegun guk. Atxikitzeko inprimaki bakoitza norberaren inguruabarretara egokitzen saiatzen gara, beti ere Datuen Babeserako Legea betetzen dela bermatuz.

Behatokiak eta VioPet programak proposatzen dute modu sistematikoan aintzat hartzea gizakia-animalia lotura genero indarkeriaren kasuetan, eta animalientzako harrerako baliabide bat eskaintzea. Beste proposamen bat da genero indarkeria klabean ikustea animaliekiko tratu txarren arrazoia emazteari nahiz seme-alabei min psikologikoa eragitea deneko kasuak. Informazio hau zabaldu ahal duzu…?

Gure ikerketetan hauteman dugu animaliekiko tratu txarrak, eta tratu txarren mehatxu hutsak berak ere, sufrimendu psikologiko handia eragiten diela emakume nahiz umeei. Animaliari berari minik ematen ez bazaio ere, derrigortze/mehatxatze mota bat da, animalia baliatzeko era bat, dagoeneko genero indarkeria gisa zigortuta dagoena AEBetako zazpi estatutan eta orain indarrean sartu berri den arauan ‘Domestic Abuse (Scotland) Act 2018’(2019/04/01etik). Animalien kontrako tratu txarrak egongo balira, kasuren batean peritatu dugun bezala, delitu bi izango lirateke: animalien kontrako tratu txarrak eta genero indarkeria.

  Animalia batekiko tratu txarra/mehatxua jasotzea modu sistematikoan arriskuaren adierazle gisa eta haren baloraziorako

Hobetzeko bestelako proposamenik…?

Formakuntza etengabea, edozein arlotan bezala! Ikusi dugu, baita ere, emakumeak, umeak eta animaliak lehen unetik babesleku berean elkarrekin egon ahal izateak errekuperazioa laguntzen duela, instituzioen biktimizazioa gutxitzen duela eta biktima guztiak segurtasunean mantentzen dituela. Funtsezko laburpena izango litzateke formakuntza etengabea, eta batez ere, sarean lan egitea eta kontsulta egitea edozein zalantza izanez gero.

Zer neurri ekar ditzakegu ikuspegi honetatik lanean denbora gehiago daramaten herrialdeetatik?

Lehenik eta behin, animalia batekiko tratu txarra eta mehatxua jasotzea modu sistematikoan arriskuaren adierazle gisa eta haren baloraziorako. Babesteko aginduetan animaliak ere jasotzea, haren sarrera baimentzea premiazko baliabideetara, harrera etxeetara... eta tratu txarra edo tratu txarraren mehatxua, genero indarkeriaren testuinguruan gertatzen denean, genero indarkeriatzat hartzea. Ezinbestekoa da, baita ere, bio-psiko-sozial ikuspegia eta AEBetan dauden ikerlan, esperientzia eta jurisprudentziaren arabera, esaterako, komunikatzeko eta esku-hartzeko betebeharra, eta alderantziz, etxe batean animalien tratu txarrak antzeman eta pertsona kalteberak bizi direneko kasuetan. Guk gure aldetik, zera ikusi dugu, tratu txarrak hartu dituzten animaliek portaera arazoak izan ditzakete, batez ere fobia, antsietatea eta beldurra, gizakiaren irudiaren aurrean. Horregatik, lankidetza ezarri dugu hezitzaile talde batekin, emakumearen samina arintzeko eta animaliaren bizi-kalitatea hobetzeko.

 

(1) Azkenik aldaketa gehiagorekin eta beste izen batekin onartu zen: Agriculture Improvement Act of 2018

 

Babesteko aginduetan animaliak ere jasotzea, haren sarrera baimentzea premiazko baliabideetara, harrera etxeetara... eta tratu txarra edo tratu txarraren mehatxua genero indarkeriaren testuinguruan genero indarkeriatzat hartzea

Sarbidea Animalienganako Indarkeriaren Behatokia (OVHA) eta VioPet Programa

Dokumentu eta programetarako sarbidea:

Animal Cruelty as a Gateway Crime
FBI 2017 Txostena
Sheltering Animals & Families Together (SAF-T)TM Programa
Ascione, Weber and Wood, The abuse of animals and domestic violence: a national survey of shelters for women who are battered