Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Genero eta Etxeko Indarkeriaren aurkako Behatokia atalaren “Bikoteareren edo bikote ohiaren genero-indarkeriaz eta etxeko indarkeriaz 2010ean hildakoei buruzko txostena”
Bikote-harremanean edo bikote-ohiarekikoan heriotza eragin duen indarkeriaren ingurukoak dira Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren (BJKN) Genero eta Etxeko Indarkeriaren aurkako Behatokia atalak urtero aurkezten dituen txostenak; 2010era arte, Kontseiluaren Ikuskaritza Zerbitzuak egiten zituen txostenak.
Genero-indarkeriak eragindako hilketen kausak bideratzen dituzten Epaitegiek emandako informazioa da “Bikoteareren edo bikote ohiaren genero-indarkeriaz eta etxeko indarkeriaz 2010ean hildakoei buruzko txostena” dokumentuaren edukiaren funtsa. Txostenak, organo judizialek emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean duten jokabidea nahiz heriotza eragiten duten zirkunstantziak aztertzea du helburu.
Txostenak bereizi egiten ditu genero-indakeriak eragindako hilketak, non biktimak emakumeak diren, eta etxeko indarkeriak eragindako hilketak, non biktimak gizonezkoak diren. Azterlana luzea izanik, lehen kasuan ateratako ondorio nagusiak izango ditugu hizpide, eta feminizidioaren aurretik hasitako prozedura judizialen sintesia.
|
“Nagusikeria-giroa da emaitzaren iragarlerik handiena —horregatik tipifikatzen dira mehatxuak delitutzat— […] aldez aurretik aurkeztutako salaketen % 70 baino gehiago irain, mehatxu, bultzada eta abarrengatik dela ikusi da”
|
2010ean, bikotearen edo bikote ohiaren esku hildako emakumeen kopurua 73koa izan zen, 2009an baino %32 gehiago. Biktima horien adina, batez beste, 41 urtekoa zen. Horietatik, %62 bertakoak eta %38 atzerritarrak ziren (2009ko proportzio bera). %30k erasotzailearen aurkako salaketak jarri zituen aldez aurretik. Gertaeren lekuari dagokionez, delituen %74 biktimaren etxean gertatu ziren; kasuen %56an arma zuria erabili zen eta %11n, su-arma.
Gertaerak jazo ziren udalerrien tamainari dagokionez, heriotzak udalerri-multzo guztietan gertatu ziren; herririk handienetan (100.000 biztanletik gora) kasuen %51 gertatu zen. %14 inguru 5.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan gertatu zen, baina analisia guztizko populazioa kontuan hartu beharrean emakumeen populazioa kontuan hartuta egiten bada, ehunekoa %23,29ra igotzen da (altuena, 100.001-250.000 biztanle bitarteko udalerrien multzoarekin batera) —2009an ehunekoa %32,73 izan zen— eta agerian geratzen da jazoera gehiago dagoela herri txikienetan.
Ekintza burutu eta gero erasotzaileen jokabideari dagokionez, %18k bere buruaz beste egin zuen —%24k 2009an—, %12k bere burua poliziaren esku utzi zuen —%20k 2009an— eta %46 atxilotu egin zuten delitua egin ostean; atxiloketek %11,5ean egin zuten gora aurreko urtearekin alderatuta. 2010ean atzerritarren populazioa estatuko gizonezkoen populazioaren %12,99 zela kontuan hartuta, erasotzaile atzerritarren multzoa legokiokeena baino dezente handiagoa da, %41 baita beste nazionalitateetako hiltzaileen ehunekoa.
Gertakariak jazo aurretik salaketak jarri zituzten emakumeen ezaugarriei dagokienez, %44 16-35 bitarteko adin-multzokoa zen. Datu hori xehatuta, %57 16-25 urte bitartekoa zen (2009an, ehunekoa %20koa zen). 2009an bezala, 56 urtetik gorako 10 emakumeetako inork ez zuen aldez aurretik salaketarik jarri.
|
Arriskuaren Polizia Balorazioaren Txostenak osatzeko beharra ere baieztatu da, adituen bestelako arrisku-txostenekin ez ezik, genero-indarkerian gaitutako pertsonala duten Auzitegiko Balorazio Osoko Unitateak estatu-mailan ezartzearekin ere
|
Bestalde, feminizidioaren aurretik hasitako prozedura judizialei buruzko kapitulua itxiz, oro har, polizia-etxeetan jarritako salaketak azken indarkeria-gertaerari buruzkoak ziren. Txostenaren arabera, garbi geratzen da hau: “ez da muturreko indarkeria fisikoa heriotza eragiten duena, baizik eta […] nagusikeria-giroa da emaitzaren iragarlerik handiena —horregatik tipifikatzen dira mehatxuak delitutzat— […] aldez aurretik aurkeztutako salaketen % 70 baino gehiago irain, mehatxu, bultzada eta abarrengatik dela ikusi da”.
Hildako 73 emakumeetatik, 22k salaketa jarri zuten azken gertaeraren aurretik, hau da, %30k, 2009ko %31ren aldean. 22 emakume horietatik, 17k babes-neurriak eskatu zituzten, eta 14ri eman zitzaizkien, eskatutako %82ri alegia, eta 13 emakume babes-neurri bat indarrean zegoela hil ziren.
Beren ardurapean adingabeak zituzten hamar amek neurri zibilak (etxebizitza eta haurren zaintza amari ematea, bisita-erregimena eta mantenu-pentsioa ezartzea) eskatu zituzten seme-alabentzat.
Biktimek erakutsi zuten jarrerari dagokionez, 6 prozeduratan emakumeek uko egin zioten salaketa jartzeari. 2 kasutan, salaketa jarri ondoren, uko egin zioten prozesu judizialaren ekintza penal eta zibilekin jarraitzeari. Laburbilduz, salaketa jarri zuten 22 emakumetatik 8k —%36k— prozesua eten zuten (2009an, %47k).
Aldez aurreko eraso fisiko edo hitzezkoen lekuko izan ziren pertsonen jarrerari dagokionez, senitartekoen eta bizilagunen inplikazio eskasa jaso da txostenean.
Prozeduren iraupenari dagokionez, sententzian ebatzi ziren gaietarako 53,14 egun behar izan ziren, 17 artxibatzearekin amaitu zirenetarako, eta 81,6 oraindik amaitu gabeetarako. Era berean, 22 emakume horietatik, 14k abokatuaren laguntza onartu zuten: %63,6k (2009an %53 izan ziren).
|
Genero-indarkeriaren aurkako erakunde arteko koordinazio-protokoloen aplikazioan sakontzen du txostenak
|
Aztertutako 30 prozeduretako 15etan (%50) Arriskuaren Polizia Balorazioaren Txostenak luzatu ziren (2009an espedienteen %26an egin ziren). Hala ere, kalkulu horrek emandako datuak ez ziren bat etorri heriotza-emaitzarekin; horregatik, baieztatu egiten da Arriskuaren Polizia Balorazioaren Txostenak osatzeko beharra, adituen bestelako arrisku-txostenekin ez ezik, genero-indarkerian gaituta dagoen pertsonalarekin Auzitegiko Balorazio Osoko Unitateak estatu-mailan ezartzearekin ere.
Prozedurak amaitzeko moduari dagokionez, hasitako 32 kasuetatik 9tan zigor-sententzia eman zen, 5 kasutan absoluzioa, 8 artxibatu egin ziren, 9 kasutan biktima afera bukatu aurretik hil zen, eta batean erantzukizun kriminala desagertu zen, erasotzailea hil zelako.
Kasuen %50 baino gehiagotan, Babes Aginduaren eskatzaileek neurri sozial, ekonomiko edo laguntzazkoak nahi izan zituzten. Kasuak artxibatzeak edo absoluzioa emateak baliabide hori indarrik gabe utz dezaketenez, eskaera horiek Koordinazio Puntuetara igortzea gomendatzen da, zigor-prozesuaren ondorioak edozein izanik ere biktimei laguntza-neurriak eskaini ahal izateko.
Azkenik, salaketa baino lehen erakundeek izan duten “presentzia urria” jasotzen da; izan ere, 3 emakumeri eskaini zieten laguntza gizarte-zerbitzuek, eta 4 Emakumearen Zentroak edo berdintasun-entitateren batek jaso zituen. Horregatik, genero-indarkeriaren aurka erakunde arteko koordinazio-protokoloak aplikatzeko beharra azpimarratzen du txostenak.
Agiria ikusteko:
“Bikote edo bikote ohiaren genero-indarkeriaz eta etxeko indarkeriaz 2010ean hildakoei buruzko txostena”
|