Tokiko erakundeetan lan egiten duten gizarte-zerbitzuetako profesionalek eta berdintasunerako teknikariek azaldu digute zer irizten dioten Bizkaian dauden genero-indarkeriaren aurkako zerbitzuei eta izandako esperientziei.
Laura Pintok, Galdakaoko Udaleko Aukera Berdintasunen Arloko berdintasun-teknikariak, bere ikuspuntuaren berri eman dio BGIBren buletinari.
Berdintasunerako teknikaria zarela kontuan hartuta, ezagutzen dituzun ekimenetatik, zein dira eraginkorrak emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko?
Laguntzari dagokionez, udalerri askotan dauden baliabideak eta zerbitzuak aipatuko nituzke noski, emakume askok izaten dituzten indarkeria-egoerei aurre egitea bultzatzen baitute. Laguntza psikologikoa, ahokularitza juridikoa, gizarte-laguntza, prestazio ekonomikoak eta abar daude hor, jakina.
Bereziki aipagarriak dira erakunde arteko koordinazio-protokoloak, baliabide horiek eta beste batzuk optimizatzea ahalbidetzen dutenak.
Hainbat erakunde egiten ari den sentsibilizazio-lana ere oso eraginkorra dela uste dut. Izan ere, horri esker, indarkeria matxista arazo pribatutzat jotzetik guztiona den arazo sozialtzat hartzera igarotzen ari da jendartea eta, hori horrela, elkartasunez jokatzen hastera.
Azkenik, gazteenei zuzenduta lantzen ari diren prebentzio-programen garrantzia aipatu nahi nuke.
Zure ustez, zer eremu sendotu behar dituzte erakunde publikoek eskubideen urraketa horri aurre egiteko?
Ahalegin handiagoa aipatutako alor guztietan egin behar da. Dena den, bat nabarmendu edo lehenestekotan, alde batetik, nerabe eta gazteei zuzendutako prebentziorako programak eta interbentzioak bultzatzea azpimarratuko nuke, etapa horietan harremanak bestea menperatzean eta kontrolatzean oinarritzen baitira askotan eta, bestetik, indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntza emateko prozesuan parte hartzen duten sailen arteko koordinazioa hobetzea, laguntza osoa eskaintze aldera, razionalagoa eta indibidualizatuagoa izan dadin.
|