GIZARTE-LAGUNTZA OSOA
Bizkaiko Foru Aldundiaren Larrialdiko Harrera Zerbitzuak 162 pertsona hartu zituen 2017an: 90 emakume, beraien 70 seme-alaba (adin txikikoak ziren 69) eta 2 pertsona heldu. Baliabide horretan 15 egun eman zituzten, batez beste. Urte guztietako datuak erkatuz gero, ikusten da batez besteko egonaldiak goranzko joera izan duela, egonaldi-denbora laukoiztu arte (bost egunetako egonaldiak egiten ziren 2004an, eta 21 egunekoak egin ziren 2014an). Gorazko joera horrek erakusten du egoera zailak iristen direla zerbitzura eta sistemak zailtasunak dituela kasuak beste erakunde edo arreta-alorretako egoitza-zerbitzu batzuetara bideratzeko.
Guztira, 62 pertsona hartu zituzten Aldundiaren egonaldi ertain eta luzeko zentroetan, 33 emakume eta 29 adin txikiko. Urtean sartu dira erabiltzaile horietako 19, eta denbora-saileko kopururik handiena berdindu da, beraz.
Bizkaiko Foru Aldundiko gizarteratzeko eta laneratzeko egoitza-baliabideak 20 pertsona hartu zituen (2016an hartutako kopuru bera): bederatzi emakume eta horien 11 seme-alaba (10 adin txikikoak ziren).
Bizkaiko harrera-baliabideen mapa osatzeko, udal-mailako 19 baliabide espezifiko nabarmentzen dira emakumeen aurkako indarkeriaren alorrean. Baliabide horiek 11 erakundek ematen dituzte eta 99 plaza batzen dituzte guztien artean.
Baliabide gehienek kasuren bat izaten dute urtero; 2017. urtean, 11 erakunde horietako bederatzik 107 pertsona hartu zituzten guztien artean (51 emakumen beren 54 seme-alabekin eta 2 pertsona heldu). Kopurua antzekoa izan da azken hamarkadan, ia urtero iristen baita edo gainditzen baitu kopuruak ehun pertsonako langa. Pertsona gehienak Bilboko Udalaren (% 45) eta Barakaldoko Udalaren (% 29) baliabideetan biltzen dira.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Aholkularitza Juridikoak emakumeen 412 kasu berri hartu zituen, eta horien ia erdiak etxean eragindako tratu txarrak (% 40,5) edo sexu-indarkeria (% 4,6) pairatu izanagatik joan ziren baliabide horretara. Datuek 2017an adierazten dute 16 emakume erabiltzaile berri erregistratu direla bi indarkeria mota horietakoaren batean (6 erabiltzaile ziren 2005. urtean).
Bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria-kasuak dira gehienak (2016an baino % 41 gehiago). Foru-zerbitzuak hartutako kasuen kopuruak gora egin du 2005. urteaz geroztik.

Iturria: BFAko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko Departamentuak emandako datuetan oinarrituta.
Foru-aldundiaren baliabide horrez gainera, bizkaitarrek, 2017an, prozesu aurreko aholkularitza juridikorako zerbitzuak izan dituzte dituzte 20 udalerritan eta 7 mankomunitatetan. Urtez urte eutsi zaio eskaintza horri, eta agerikoa da, beraz, toki-erakundeek estaldura iraunkorra ematen dutela arlo horretan. Udal-baliabide horiek emandako datuek adierazten dute guztiek hartu dituztela etxean eragindako tratu txarren kasuak eta sexu-indarkeriaren alorreko kasuak hartu dituztela hamar baliabidek.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Arreta Psikologikoko Zerbitzuak hartu ditu, beste urte batez, herritar gehien: 1.711 pertsona, 2016an baino % 1,4 gehiago. Emakumeak ziren hartutako pertsonen % 90 baino gehiago. Guztira, 1.500 emakume heldu eta neska gazte hartu dituzte etxean pairatutako tratu txarren eta/edo sexu-indarkeriaren biktima izan ondoren.

Iturria: BFAko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko Departamentuak emandako datuetan oinarrituta.
Zerbitzu espezializatu horren eskaerak goera egin du hamarkada horretan guztian, eta zerbitzuak, denbora horretan, deszentralizatu egin ditu egiturak eta handitu egin du zerbitzu-ordutegia.
Bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria-kasuak dira gehienak. Urtean zehar, 49 emakumek abiatu dute terapia bat programan, indarkeria mota horren ondorioz (23 izan ziren 2006an).
Zerbitzuak zazpi arreta-puntu ditu Bizkaian; beraz, estaldura zabala ematen du eta hori da gero eta udalerri gehiagotako pertsonak hartzearen arrazoia. Bizkaiko 65 udalerritako emakumeak hartu ditu zerbitzuak 2017an, inoizko herri-kopururik handiena.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Emakumeen aurkako indarkerian espezializatutako esku-hartze programak laguntza psikosoziala ematen die tratu txarren eragilea bizi den etxean dauden edo etxe horretara bueltatzen diren emakumeei (eta beren seme-alaba adin txikikoei), eta programa horrek 171 pertsona hartu zituen iaz (98 emakume eta 73 adin txikiko). Zerbitzua abian jarri ondotik lehen aldiz, behera egin du hartutako pertsonen kopuruak, aurreko urtearekiko (zortzi emakume gutxiago hartu dira, eta behera egin du hartutako adinagabekoen kopuruak ere). Programa 2006an jarri zen abian, eta urtetik urtera beti handitu da hartutako pertsonen guztizko kopurua.
Urteko lehen datuen aurrerapena eman du Genero Indarkeriaren biktima diren adingabeen familian esku hartzeko programak, 2017. urtean izan dituen lehen erabiltzaileen berri emateko. Guztira, 19 familiatako pertsonak dira: 24 adingabeko (aitarekiko babes-agindua dute % 25ek), 18 emakume (babes-agindua dute % 83k), 4 aita erasotzaile eta 6 senide.
Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei telefono bidezko arreta (900 840 111) emateko zerbitzuak 1.380 dei jaso zituen Bizkaitik: 115 dei hilean (2016an baino % 22 gutxiago). Indarkeriaren biktima diren emakumeak dira deitzen duten pertsonen % 68; gertuko pertsonak edo senideak % 27; eta profesionalak % 5. Nabarmentzekoa da gertuko pertsonek eta senideek izan duten gorakada zerbitzuaren 11 urte hauetan: 2017. urteko datuak (255 senide edo gertuko pertsona) 2,5 aldiz handiagoa da, 2006. urtekoa baino (103).
Etxebizitzarako laguntzei begiratuta, genero-indarkeriaren biktima izan diren emakumeen 441 espediente erregitratu ditu Etxebide zerbitzuak 2017ko abenduaren 31n, aurreko urtean baino % 25 gehiago. Alokairuko etxebizitzen esleipendun izan dira 35 emakume (39 izan ziren 2016an); horietako gehienak senideekin edo beste pertsona batzuekin bizi dira, eta 59 pertsona gehiago dira, beraz, neurri horien onuradun (seme-alabak eta/edo egungo bikotekidea).
Guztira, laguntza ekonomikoen (1/2004 Lege Organikoaren 27. art.) 132 eskaera hartu dira, aurreko urtean baino sei gehiago. Erdia baino gehiago onetsi dira (% 58). Diru-zenbateko handiena jasotzen duten onuradunen bolumena eta proportzioa inoizko handienak izan dira 2017. urtean, hau da ezaugarri astungarriak dituztenena, bai familia-ardurak dituztelako (seme-alabak edo senideak dituztelako ardurapean), bai desgaitasuna dutelako (beraiek eta beren ardurapeko pertsonek).
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, genero-indarkeriaren biktima izan diren 398 emakume izan dira enplegu-eskatzaile; horietako gehienek DSBE errenta jasotzen dute (% 96k).
POLIZIA-ESPARRUA
Ertzaintzak, 2017. urtean, emakumeen 2.768 biktimizazio* erregistratu ditu emakumeen aurkako indarkeria-kasuetan (2016an baino % 7,2 gehiago). Kopuru horrek 46,60 biktimizazio-tasa dakar, 10.000 emakumeko.
Kasuen % 75 bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriaren ondoriozkoak dira; familia barneko indarkeriari dagozkio kasuen % 19; eta sexu-askatasunaren kontrako delituen ondoriozkoa da gainerako % 6a. Biktimizazioen igoera beretsua izan da hiru indarkeria mota horietan.

OHARRA: Tasa 10.000 emakumeko.
Iturria: Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren datuetan oinarrituta.
Urtero gertatzen den moduan, ia udalerri guztietan izan dira biktimizazioak, kasuren bat izan baita Bizkaiko 83 udalerritan (112 udalerri ditu, guztira). Herritarren % 99 bizi da udalerri horietan. Kasu gehienak, 100 kasuetatik 67, hamar udalerri handienetan gertatu dira (25.000 biztanletik gorakoetan), hartzen duten biztanleen bolumenarekiko korrespondentzian. Hala ere, udalerri horietako bakoitzaren egoera zehatzari begiratuz gero, askotariko egoerak ikusten dira, eta 10.000 emakumeko tasek alde handiak erakusten dituzte batetik bestera (aldea hiru aldiz handiagoa da kasu batzuetan).
Emakumeek emakumeen aurkako indarkeriaren ondorioz izandako biktimizazioen bilakaera gorakorra izan da aldi horretan. Datu handiena 2014. urtean zenbatu zen, 2.900 kasura gerturatu baitzen biktimizazioen kopurua. Kopuruak behera egin du hurrengo bi urteetan, eta gora berriz ere 2017an. Inoizko kopururik handienetako da iazkoa.

Iturria: Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren datuetan oinarrituta.
ESPARRU JUDIZIALA
Bizkaiko epaitegietan egindako prozesu judizialak aztertuta, guztira 2.926 salaketa jarri dira 2017. urtean, hau da, zortzi salaketa eguneko. Biktimek jarri zituzten demanda gehien (% 71), eta polizia-atestatua izan zen haiek jartzeko bide nagusia (% 68).
Guztira, 473 babes-aginduren tramitazioa abiatu zen, 2016an baino % 22 gehiago. Horien % 43 onetsi egin ziren, eta ezetsi % 57.

Iturria: Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren datuetan oinarrituta.
Bizkaian adingabekoak babesteko neurri judizialak aztertuta, erasozaileak bere seme-alaba adingabekoen gainean duen zaintza eta jagoletza eten da 2017. urtean (hori da biktima izan den emakumea babesteko aginduaren neurrietako bat).
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren datuek adierazten dute esparru horretan 243 neurri judizial ezarri direla 2005. urteaz geroztik: % 46 zaintza eta jagoletza etetetekoak izan dira; % 31 adingabekoak babestekoak, arriskurik edo kalterik izan ez dezaten; % 21 bisita-erregimena etetekoak; eta gainerako % 2a guraso-ahala etetekoa (bost aldiz hartu da neurria). Babes-aginduetako neurriak izan dira horien % 93.
Bizkaian, epaitegietatik bideratutako Familia Elkargune guztiek hartu zituzten babes-aginduen onuradun ziren amen seme-alaba adingabekoak. Bilboko familia-elkarguneak 139 adingabeko hartu zituen (zerbitzu horrek hartutako kasu guztien % 34); Barakaldoko Udalak kudeatutako zerbitzuak 34 adingabeko hartu zituen (kasu guztien % 44); eta Portugaleteko Udalak kudeatutakoak 28 adingabe (% 26). Bilbon eta Barakaldon 2016. urtean baino zazpi adingabeko gehiago hartu dira, eta kopuru bera hartu dute Portugaleten.
Zerbitzu horiek gainbegiratutako bisitak egitea erabaki dute Bilboko familia-elkargunean hartu diren kasuen erdietan (% 49). Kopurua apalagoa izan da Barakaldon (% 47) eta sei puntu murritzagoa Portugaleten (% 43). Neurri bakoitzaren erabilera kopuruari begiratuta, trukea izan da neurri nagusia Portugaleten (% 57) eta Barakaldon (% 53), baina jardueren % 22 izan dira Bilbon. Bilboko familia-elkargunean, gainbegiratu gabeko bisitak izan dira neurrien % 29, baina beste bi familia-elkargune horietan ez da horrelako neurririk erabaki.
OSASUN-ESPARRUA
Larrialdietako zerbitzuek Bizkaian hauteman dituzten genero-indarkeriako kasuen kopurua antzekoa izan da aurreko urtearekin alderatuta; izan ere, 297 kasu hauteman dira, 2016an baino hiru gutxiago. Bilbao-Basurto egitura integratuak (% 56) eta San Eloy ospitaleak (% 26) izan dituzte kasu gehien osasun-sisteman.
Lehen mailako arretan 255 kasu hauteman ziren iazko urte osoan, aurreko urtean baino % 8 gutxiago (23 kasu gutxiago hauteman dira). Osasun-erakundeei begiratuta, alde handiak izan dira hautemandako kasuetan. Barrualde-Galdakao egiturak integratuak izan ditu ematza onenak: Bizkaian lehen arretan hauteman diren kasuen % 47. Haren atzetik dator Bilbao-Basurto egitura, % 20arekin.
|