Behatokiak genero-indarkeriaren biktima diren haurrei buruzko txostena onartu zuen 2011n. Handik eratorrita sortu diren baliabideei eta aplikatu diren neurriei (arlo judizialean, gizarte-zerbitzuetan, hezkuntzan, osasunean…) buruzko zer balorazio egiten duzue?
2015ean, genero-indarkeriaren zuzeneko biktimatzat sartu ziren adingabeak 1/2004 Legeko 1. artikuluan, Haurren Babeserako Legearen bidez. Indarkeriaren biktima-aitortza horri esker (izan norbere azalean edo emakume biktimen seme-alabak direlako), beste lan-lerro bat hasi da, eta haren bidez emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten garrantziari buruzko sentsibilizazio-lana egiten da nerabeen eta gazteen artean.
Gaur egun, emakumeen eta haien seme-alaba adingabeen eskura dauden baliabide autonomikoei buruzko informazioa biltzen ari gara. Informazio horrek aukera emango du adingabeek babes-aldetik eta existitzen diren baliabideen eskuragarritasun-aldetik duten egoera ezagutzeko.
Azkenik, konfiantza eduki behar da; hau da, pentsatu behar dugu estatu-ituneko neurriak garatuz joan ahala, adingabeentzako laguntza- eta babes-baliabideak sortzen eta indartzen joango direla arlo judizialean, hezkuntzan, osasunean eta arlo sozialean.
Gaur egungo egoera ikusita eta erakundeak esku artean dituen datuak kontuan hartuta, zer proposamenen alde lan egiteak du lehentasuna?
Emakumeak eta haien seme-alabak genero-indarkeria egoeratik ateratzeko konponbide bila aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugula jabetuz, genero-indarkeriari buruzko estatu-itun bat egin da. 214 jardun-neurri biltzen ditu hurrengo bost urteetarako. Horien artean daude aipatutako helburu hori modu eraginkorrean gauzatzeko egin beharreko erreforma nagusiak nahiz nazioarteko erakundeen, Nazio Batuen eta Europako Kontseiluaren gomendioak. |