Aldundiaren logotipoa

Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Hizkuntzak


logotipo Observatorio Violencia de Género en Bizkaia logotipo Diputación Foral de Bizkaia logotipo Diputación Foral de Bizkaia logotipo Diputación Foral de Bizkaia
BGIB BULETINA 48. zk., 2018 martxoa
 
 
HASIERA BEHATOKIA TRESNAK SAREAN KONTUAN HARTU
 gaiak
Irudiaren autoretza: Natalia Arrieta eta Rosa Basoa
Emakumeen Topalekuak Bizkaian. Ermua: Emakumeen Topalekuaren 15. Urteurrena

Jarduera ugari egiten dira emakumeen etxeetan, hala nola topaketak, informazioa ematea, dokumentazioa biltzea, prestakuntza eta aholkularitza juridikoa ematea, arreta psikologikoa, sozializazioa, jardueren arteko bateratzea edo uztartzea, laneratzea, ahalduntzea, feminismoa, emakumeen eskubideak eta aisia ezagutzea eta aldarrikatzea. Udal-administrazioek zabaldutako bost etxe daude Bizkaian, hain zuzen, herri hauetan: Ermuan, Balmasedan, Basaurin, Durangon eta Ondarroan. 

Ermuako EMAKUMEEN TOPALEKUAK15. urteurrena bete berri du, 2003ko martxoaren 6an abiatu baitzuen bere jarduna. "Etxetik kalera. Emakumeen Topalekua: 15 urte eta askoz ere gehiago!" leloa erabiliz,  zenbait jarduera egin zituen, eta horien artean nabarmentzekoa World Kafe parte-hartzaile bat izan zen. Topalekuak orain arte egindako ibilbidea aztertu eta etorkizunerako erronkak aurreikusi zituzten. Horrekin batera, iritziak eta proposamenak biltzeko kanpaina egin zuten, urteurreneko postalak jarrita udalaren bost eraikinetan.

Zerbitzu eta programa asko eskaintzen ditu topalekuak, askotariko informaziotik hasi eta genero-indarkeriaren prebentzio, arreta eta babeseraino.  Horien artean, ahalduntze-eskola, arreta psikologikoa, aholkularitza juridikoa, elkartzeko lekuen eskaintza, elkartze-jarduerak egiteko laguntza eta aisialdi programa dira erabiltzaileek gehien eskatutako beste baliabideetako batzuk. Urtean 2.000 informazio-eskaera inguru egiten dira.

   

Hamabost urtean egindako lanaren balantzea egiteko unea iritsita, nabarmendu behar da Ermuko Topalekua erreferente bat dela gaur egun, bai EAEn gerora ireki diren emakumeen etxeentzat, bai herritar guztientzat. Gainera, bete egin ditu abiatzean bere buruari jarri zizkion helburu gehienak, eta denetariko emakumeek parte hartzea lortu du.

Aurrera begira, martxan dauden programek jarraitzeaz eta haiek berritzeaz gain, honako nahi hauek ere baditu topalekuak: bere burua gehiago ezagutaraztea (batez ere inplikazio txikiena duten kolektiboen artean), parte-hartze aktiboa sustatzea, sexu-dibertsitatea bistaratzea, transfeminismoa lantzea, erresilientzia lantzea, emakume feministen erregistroa egiteko eta aitortzeko prozesuari ekitea, emakume feministen aztarnen transmisioa bultzatzea eta gizonen inplikazioa handitzea.

Balmasedako EMAKUMEAREN ETXEA 2004an ireki zen. Funtzio askotarako prestatutako eraikin batean du egoitza, eta hainbat jarduera egiten dira han: arretari lotutakoak dira batzuk (doako aholkularitza ematen zaie emakumeei familia-gaietan, genero-indarkeria egoeretan laguntzen zaie, orientazio psikologikoa ematen zaie familia-arazoak dituzten emakumeei eta haien seme-alabei); informatiboak beste batzuk (intereseko gai askori buruzkoak); emakumeen okupazio-formakuntza ematen da; eta jolasak, aisialdiko jarduerak eta kirolak ere eskaintzen dira, sozializaziorako bide, nork bere burua ezagutzeko modua eta osasuna hobetzeko bitartekoa diren aldetik.

   

Aholkularitza juridikoak, ikastaroek, tailerrek eta hitzaldiek dute eskaera handiena zentroan, eta, urtero, 1.000 erabiltzaile inguruk parte hartzen dute jarduera horietan.

MARIENEA, Basauriko Emakumeen Etxea 2012an ireki zen. Lokal horretan eskaintzen dira Berdintasun Sailaren eta Emakumeentzako Informazio Zentroaren baliabideak ere (haren bidez, indarkeria matxistaren biktima izandakoei aholkularitza juridikoa eta psikologikoa ematen zaie; emakumeen eskubideei buruzko informazioa eskaintzen da; eta aholkularitza jasotzen dute etxeko langileei); sexu-informazioari buruzko bulegoa ere badago, eta hezkuntzari eta kulturari buruzko beste baliabide batzuk ere bai. Era berean, zenbait talde feministaren egoitza da.

Ahalduntze-eskola, Emakumeentzako Informazioa Zentroa eta sexu-informaziorako bulegoa dira jende gehien hartzen dituzten zerbitzuak (urtero 600 pertsona inguruk erabiltzen dituzte).

   

ANDRAGUNEA 2009an inauguratu zen, mugimendu feministak eskatuta eta Durangoko Udalak bultzatuta. Berdintasunari buruzko informazioa eta aholkularitza nahi duten gizon-emakumeei nahiz mota guztietako erakunde, elkarte eta taldeei dago zuzendua. Hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: esate baterako, informazio-puntua (besteak beste, emakumeen eskubideei, amatasunari eta genero-indarkeriari lotutako orientazioa eta aholkularitza eskaintzen du), dokumentazio-puntua, ahalduntze-eskola, haurtzaindegi bat, elkartegintza sustatzeko gunea eta era askotako kultura-jardueren programak.

Baliabide guzti horiek harrera oso ona dute herriko emakumeen artean. Ere berean, bertaratutakoei buruzko datuek erakusten dute ahalduntze eskolak urtero eskaintzen duen programak garrantzia handia duela. Ireki zenetik, urtez urte gehitu da Andragunean parte hartzen dutenen kopurua. 2009-2010ean 129 erabiltzaile zituen, eta kopuru hori ia lau aldiz handiago da 2017-2018an.

   

ETXELILA EMAKUMIN TOPALEKUA. Ondarroako Udal Berdintasun Kontseiluak, 2007. urtean, emakumeentzako topaleku bat sortzeari ekin zion, Emakumeen Udal Kontseiluak 1999. urtean abiatu zuen ekimen baten harira. Topalekuaren helburua da elkartzeko leku fisiko bat ematea emakumeei, eztabaidak eta hausnarketak egin ditzaten; hau da, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko borrokarako leku erreferentziala izatea nahi da.

Emakumeen mugimendua eta mugimendu feminista dira protagonistak Etxelilan. Ahalduntze-eskola, liburutegi feminista eta hezkidetzarako gunea biltzen ditu topaleku horrek. Bi jarduera bereizgarri ere baditu: alde batetik, arte-ekoizpenerako gela du, kolektibo feministaren aldarrikapenak artearen bidez zabaltzera dagoena bideratua; bestetik, kudeaketa-sistema propioa du.

   

Ondarroako Udalak eta herri horretako emakumeen elkarteek (Boga-Boga, Uxu-Ondarroako emakumeen taldea, 7 Emakume en movimiento eta Andrabanda feminista) batera kudeatzen dute Etxelila topagune feminista, eta berdintasunaren aldeko jarduerak antolatzeko asmoa duten taldeei, elkarteei edo pertsonei irekia dago.


Topaleku gehienetan, espazio bakar batean berdintasunari lotutako zenbait baliabide biltzen dira. Horrek, emakumeen aurkako indarkeriaren biktima direnei arreta hobea eskaintzen laguntzen du, errazago hautematen eta bideratzen direlako kasuak. Prozesuetan laguntzea, koordinatzea eta osoko arreta eskaintzea ere errazagoa da.

Herrietako emakumeen etxeak harremanetarako leku egonkorrak dira, eta eragile ezberdinen artean koordinatuta lan egiteko plataformak; haiei esker, errazagoa da elkartzea, beste jardueren berri izatea eta emakumeek herriko bizitzan parte hartzea. Topaleku guztiek elkarrengana gerturatzen dituzte udalak eta emakumeen elkarteak edo berdintasunaren aldeko gainerako erakundeak; eta, aldi berean, errazagoa da genero-zeharkakotasuna herriko jardueran.