Aldundiaren logotipoa

Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Hizkuntzak


logotipo Observatorio Violencia de Género en Bizkaia logotipo Diputación Foral de Bizkaia logotipo Diputación Foral de Bizkaia
BGIB BULETINA 48. zk., 2018 martxoa
 
 
HASIERA GAIAK SAREAN KONTUAN HARTU
 behatokia
Elkarrizketa Eskola Inklusiboko aholkulari María Luisa Jaussi Nievari, Berritzegune Nagusian

María Luisa Jaussi Nievak, Berritzegune Nagusiko Ikaskuntza Komunitateen programako laguntzailea izateaz gain, Ikasle Ijitoen Eskolatzea Hobetzeko Taldeari laguntzen dio Eskola Inklusiboaren barnean. Gomendioen III. txostena dela eta, hezkuntza-arloan genero-indarkeria lantzearekin zerikusia duten kontuei buruz aritu gara harekin.


Hezkuntza-arloarekin zerikusia duen genero-indarkeriaren prebentziorako zenbait gomendio ematen ditu Behatokiak, behe-beheko adinetatik hasi eta helduen hezkuntzara arte. Tartean daude hauek: berdintasuna eta hezkidetza sustatzeko proposamenak; heziketa afektibo eta sexualerako programak; eta gazteei eta nerabeei egoera horiek identifikatzen, saihesten eta halako egoeretan nola jokatu jakiten laguntzeko tresnak. Eskola inklusiboak gai horri buruzko zer jarduera garatu ditu?

Jarduketa-ildo horiek guztiak lantzeko estrategiak jarri dira ikastetxeen eta Berritzeguneen esku.Ildo horiek hezkidetza-proiektuen bidez gauzatzeko deialdiak egin dira.Proiektu ofizialak dituzten eta eremukako mintegietan parte hartzen duten ikastetxe gehienek (guztira 375, hots, % 30 baino gehiago) diagnostikoak, sentsibilizazio-ekintzak, prestakuntza-saioak eta abar egin dituzte, pixkanaka beren ikastetxeak eraldatzeko erabakiak hartu dituzte, bide desberdinei ekin diete… Baina den-denak daude prozesuan.

Proiektu integralen beste deialdi espezifiko bat ere egon da ikastetxe horientzat (7 publiko eta 3 itundu). Bertan, eremuaren araberako Berritzegunearen aholkularitza, segimendua, Berritzegune Nagusiaren prestakuntza eta ISEI-IVEIren eta Ikuskaritzaren segimendua izan dute.Irakasle erdiari dagokion ordu-kreditua izan dute 3 ikasturtetan zehar.

 

“Ikastetxeen % 87k hezkidetzako arduradun bat izendatu dute, eta % 75ek Ordezkaritza Organo Goreneko berdintasun-ordezkari bat”

Tutoretzetan lan hau lantzeko proposamenak egin dira eta materiala zabaldu da orientazio-plataformaren bidez.

Tailerrak eta prestakuntzak antolatzen dira ikastetxeetan, haiek eskatuta; oro har, administrazio desberdinen diru-laguntza jasotzen duten erakundeek antolatzen dituzte.

Hezkidetzaren inguruko PREST GARA deialdiaren esparruan, 2013/14 ikasturtetik 59 ikastaro egin dira, eta 1.000 irakaslek baino gehiagok hartu dute parte.

Ikastaro hauetan ekindako gaien artean, genero-indarkeriaren aurkako prebentzioari, Bigarren Hezkuntzako heziketa afektibo sexualari, OOGetan hezkidetza eta genero biolentziaren prebentzioari, gizonak, berdintasuna eta maskulinitateari edo genero-indarkeriaren prebentzio-sozializazioari buruzko edukiak eman dira.

 

“Ikusi da ikastetxeetan berdintasuna lantzen jarraitu behar dela”

Zehazki genero-indarkeriaren prebentzioari dagokionez:

  • Mintegietan lantzeko prestakuntza-modulu bat egin da.
  • Materialak berrikusi eta eskaini dira.
  • Ikaskuntza-komunitateetako ikastetxeen sarean lantalde bat egin da alderdi hori lantzeko.
  • Emakundek Beldur Barik programa sustatu du eta Nahikorekin jarraitu du (berdintasunetik).Biak ikastetxeei zuzenduta daude.Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek parte hartu ohi dute Beldur Barik kanpainetan, eta Lehen Hezkuntzako batzuek Nahiko kanpainan.
  • Berdinduren, Arartekoaren, LGTTB kolektiboen, sindikatu batzuen eta Hezkuntza Ministerioaren materialak eskaini dira.
  • Gida bat egin da hezkuntza-komunitateari laguntzeko genero-indarkeriaren adierazpen desberdinak ulertzen, detekzio goiztiarrerako mekanismoak edukitzen eta indarkeria-tipologia bakoitzera egokitutako jarduketa-prozedurak ezartzen. Erabilgarria da, halaber, hezkuntza- eta prebentzio-neurriei buruzko jarraibideak emateko.
HHEri dagokionez, zuzendaritza taldeen eta orientatzaileen mintegietan landu da.Horrez gain, HHEko zentro guztiei zuzendutako prestakuntza antolatu da.


Harrera ona al dute hezkidetzari buruzko ekimenek? Zer emaitza izaten dituzte?

Nahiz eta daturik ez egon eta emaitzak balioesteko denbora nahikoa pasatu ez den, ondoren aurkezten ditugun parte-hartze datuen arabera, harrera ona izan dutela pentsatzen dugu:

  • 203 ikastetxe publikok eta 69 itunduk hartu dute parte deialdi guztietan.
  • 492 pertsonak hartu dute parte Ordezkaritza Organo * Gorenetako ordezkariei zuzendutako prestakuntzetan.
  • 422 profesionalek hartu dute parte eremukako mintegietan.
  • Irakasleen % 60k hartu dute parte hezkidetzarekin lotutako jardueraren batean.Ikastetxeen % 30ek jaso dute prestakuntza espezifikoa.
  • Ikastetxeen % 87k hezkidetzako arduradun bat izendatu dute, eta % 75ek Ordezkaritza Organo Goreneko berdintasun-ordezkari bat.
 

“Kultura guztietan familiek nahi dute eskolak espazio seguruak izan daitezela beren seme-alabentzat, indarkeriarik gabeko espazioak”

Eremukako mintegietan eta Ikaskuntza Komunitateetako zentroetan parte hartzen duten ia ikastetxe guztiek berdintasuneko edo hezkidetzako batzorde mistoen bidez funtzionatzen dute, edo bestela, genero-ikuspegidun bizikidetza-behatokiak dituzte. Alabaina, ez dugu ezagutzen gainerako ikastetxeen datua.

Planaren segimendu-batzordeetan eta mintegietan eginiko balorazioen arabera, ikusi da ikastetxeetan berdintasuna lantzen jarraitu behar dela (hizkuntza ez-sexistaren erabilera, denbora eta espazioen banaketa, material ez-sexistak, joera sexistarik gabeko orientazio akademiko-profesionala, itxaropenak, filmetako sexismoaren analisia, aldizkariak, iragarkiak...).Beharrezkoa da hezkuntza-komunitate osora zabaltzea.Zalantzarik gabe, arlo horretan lan egiten jarraitu behar da.


Genero-indarkeria prebenitzeko sistemei dagokienez, kultura desberdinetako ikasleek berezko dituzten desberdintasunak oztopo edo abantaila dira?

Ez dira oztopo; izan ere, kultura guztietan familiek nahi dute eskolak espazio seguruak izan daitezela beren seme-alabentzat, indarkeriarik gabeko espazioak.


Zer prozedurari jarraitzen diete ikastetxeek haur edo neskatoen kontrako genero-indarkeriako kasuak hautematen dituztenean ikastetxeko instalazioetan?

Ez dago genero-indarkeriarentzako protokolo espezifikorik; Eskola-jazarpen kasuetan ikastetxeetan jarduteko EAEko gida erabiltzen da. Ildo horretan, Bizikasi ekimena jarri da abian.

Bizikasi eskola-jazarpenaren kontrako eta bizikidetza positiboaren aldeko ekimen bat da, eta EAEko hezkuntza-sisteman ezarriko da. Eskola-proiektu hori hiru urtez gauzatuko da, modu antolatuan, egokituan eta ikasle guztiei zuzendutako hezkuntza-neurrien paradigma batetik abiatuta.

 

“Bizikasiren bidez, ikasleekin batera gaitasun sozioemozionalak garatzeko egindako lana indartuko da”

Ekimenak gure ikastetxeetan gerta daitezkeen jazarpen-kasuak prebenitzeko eta goiz hautemateko esku-hartze sistemiko eta integral bat du oinarri. Halaber, ikastetxeko bizikidetza positiboa hobetzea eta ikasleen gaitasun prosozialak sustatzea izango du xede.

Ikasleekin batera gaitasun sozioemozionalak garatzeko egindako lana indartuko da (enpatia, asertibotasuna, pentsamendu kritikoa, beren jokabideen ondorioen ebaluazioa eta IKTen erabilera okerretik beren buruak babesteko mekanismoen garapena), hezkuntza-prozesuan parte hartzen duten guztiak inplikatuz: irakasleak, familiak eta irakasle ez diren langileak.

Plan hau zeharka eta diziplinartean gauzatuko da ikastetxeetan, baina Tutoretza Plan bat (banakakoa eta taldekoa) izango du muinean, sistematikoa eta integrala, Ikastetxeko Bizikidetza Planarekin lotura izango duena. Plan horren helburu nagusia izango da ikasleei elkarrekin bizitzen ikasteko tresnak ematea.

Ekimenaren azken xedea da ikastetxea garapen pertsonal eta sozialerako hezkuntza-espazio bat izatea, eta hezkuntza-komunitateko kide guztiek, ezagutzaren eta etengabeko konpromiso partekatu baten bidez, ikastetxea ingurune seguru bihurtzea, bizikidetza positiboa ahalbidetuz eta jazarpen-egoerarik toleratu gabe.

 

“Gero eta ikerlan gehiagok erakusten dute genero-indarkeria txiki-txikitatik ikasten dela”


Adingabeek ezer esaten ez badute, zer tresna erabil litezke familia-esparruan genero-indarkeriaren biktima direla agerian jartzeko?

Oraindik ez dago halako tresnarik, baina garatu egin behar dira.


Basauriko Soloarte IPI ikastetxea Haur Hezkuntzatik genero-indarkeria prebenitzeko gauzatzen ari den ekimenaren izaera berritzailearen esanahia.

Oro har, genero-indarkeriak nerabezaroarekin lotura duela uste da.Alabaina, gero eta ikerlan gehiagok erakusten dute txiki-txikitatik ikasten dela.Ikerlaneko gomendioei jarraituz, zenbait ikastetxek, hala nola Soloarte IPIk, ekimena ikasgeletan aplikatzeari ekin diote.Hala, lan egiten dute etapa horretan inolako indarkeriarik tolera ez dadin; izan ere, halako indarkeria-kasuak ez dira “haurren gauzak”. Horri esker, haurrek txiki-txikitatik ikasten dute ez biktima ez erasotzaile izaten, abusatzen edo inposatzen duenari solidarioki aurre egiten eta biktima defendatzen.Halaber, ikasten dute isiltasunaren legea hautsi behar dela, salatzen duena ez dela salatia, ausarta baizik, eta lagunak ondo tratatzen gaituzten haiek direla; azken finean, ikasten dute indarkeriak ez duela beren harremanen parte izan behar.

 

“Txiki-txikitatik ikasten dute ez biktima ez erasotzaile izaten, abusatzen edo inposatzen duenari solidarioki aurre egiten eta biktima defendatzen”

* Eskola-elkarteko kideen partaidetza-organoa Euskal Eskola Publikoko ikastetxeen gobernuan, eta beroni dagokio eskola-bizitzarako funtsezkoak diren erabakiak hartzea, eta ikastetxearen autonomi esparruan, ikastetxearen ihardueraren azken erantzulea da.