Aldundiaren logotipoa

Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Hizkuntzak


logotipo Observatorio Violencia de Género en Bizkaia logotipo Diputación Foral de Bizkaia
BGIB BULETINA 48. zk., 2018 martxoa
 
 
HASIERA GAIAK BEHATOKIA TRESNAK KONTUAN HARTU
 beste behatokiekin sarean
GRAFICA
Etxeko eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokia (Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia)
Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko beste behatoki batzuen lana ezagutu eta haiekin batera gogoeta egiten dugu esku-hartzeak eta neurriak bideratu ahal izateko errealitateari buruzko datuak biltzeak eta aztertzeak duen garrantziari buruz.

Ale honetan, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Etxeko eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiaren parte-hartzea izan dugu. 2002an sortu zen, indarkeria horiek Justizia Administraziotik lantzeko. Behatoki horretako lehendakaria den Angela Carmona Vergararekin eta Berdintasun eta Genero Indarkeriaren Unitateko buru den Cristina Fabré Rosellen laguntzarekin ezagutuko dugu erakundearen lana noraino iristen den eta zer ekarpen egiten dion errealitateari buruzko gure ezagutzari.  

Behatokiaren jardueraren eta produktuen artetik, emakumeen aurkako indarkeria ezagutarazteari lotutako zein lorpen edo ekarpen nabarmenduko zenituzke?

Eratze-dokumentuan finkatutako helburuei lotuta dago Behatokiaren baliagarritasuna:

  • Estatistika judizialetatik ateratako datuak biltzen eta aztertzen ditu; esaterako, salaketa-kopurua, babes-aginduak, sententziak, biktimak…
  • Erantzun judizialari buruzko analisiak, azterketak eta ikerketak sustatzen ditu.
  • Genero-indarkeriaren bilakaerari buruzko ondorioak ateratzen ditu eta aholkuak ematen ditu. 
  • Etxeko indarkeriaren eta genero-indarkeriaren aurka gehien nabarmendu den pertsonaren, erakundearen edo elkartearen lana aitortzeko sariak ematen ditu urtero.
  • Eta, batez ere, tresna bat da kide diren erakundeen koordinazioa hobetzeko eta Justizia Administraziotik etxeko indarkeria eta genero-indarkeria desagerrarazteko proposatutako egitasmoak lantzeko.
 

“Lorpenak: erantzun judiziala hobetzea; biktimen babeserako mekanismoen hobekuntza sustatzea; uste okerrak alboratzen eta erantzun judiziala hobetzen lagunduko duten emakumeen aurkako indarkeriari buruzko azterketa eta txostenak sustatzea...”

Hauek dira, laburbilduz, helburu nagusiei lotuta bost urte hauetan izandako lorpenetako batzuk:

1. Erantzun judiziala hobetzea

Gehitu egin dira espezializatutako organo judizialak, eta Botere Judizialaren Lege Organikoaren erreforma sustatu da, espezializatutako aurretiazko prestakuntza sartzeko emakumearen aurkako indarkeriari buruzko eskumenak dituzten organoetan. Era berean, kongresuak antolatuz, eragile juridiko guztien prestakuntza sustatu da. Karrera judizialeko kideei eta genero-indarkeria desagerrarazteko lan egiten duten gainerako profesionalei zuzendutako Genero-indarkeriaren aurkako jardun judizialaren irizpideen gida egin eta eguneratu da. Gidaren bidez, jurisdikzio-organoei lagundu nahi zaie eguneroko eginkizunak betetzen. Kasu batzuetan, sozializazio-prozesuan ikasitako estereotipoak egoitza judizialetako jokabideetatik desagerrarazteko nola jokatu erakusteko irizpideak eskaintzen ditu, eta legedia interpretatzeen dutenak genero-indarkeriaren fenomenora gerturatzen ditu. Jurisprudentziako irizpideak bateratzen ditu, eta genero-ikuspegia arauak interpretatzeko irizpide moduan txertatzen du. 

2. Biktimen babeserako mekanismoen hobekuntza sustatzea

Behatokiak intentsitate handiz lan egin du arriskuen baloraziorako protokolo ezberdinen nahiz jarraipen-sistemen eta kontrolerako gailu telematikoen erabileraren berri emateko, haiek ezartzeko eta ebaluatzeko. Horretarako, informazio-jarduerak antolatu ditu, oharrak atera, galdetegiak bidali eta abar.

3. Erakundeen arteko koordinazioa hobetzen laguntzea

Behatokia beti ahalegindu izan da erakundeen arteko koordinazioa sustatzen; izan ere, jabetzen da kolaborazio hori ezinbestekoa dela genero-indarkeriaren aurka irmo borroka egiteko. Protokoloak idazten eta ezartzen modu aktiboan parte hartzeaz gain, estatu-mailako erkidego-mailako nahiz tokian tokiko zenbait protokolo ere sinatu edota hedatu ditu.

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Estatuko Behatokiko kide da gure behatokia, eta Protokoloaren Jarraipen Batzordeak antolatutako bileretan parte hartzen du, genero-indarkeriari lotutako urruntze-neurriak betetzen direla bermatzeko gailu telematikoen bidez egiten den jarraipenari buruzko gaietan.

4. Etxeko indarkeria eta genero-indarkeria desagerrarazteko borrokan egindako lana ikusaraztea eta hedatzea

Sentsibilizazio- eta hedapen-jarduerak sustatzen ahalegindu da Behatokia. Horien artean, nabarmentzekoa da etxeko indarkeria eta genero-indarkeria desagerrarazteko lana aitortzeko urtero banatzen den saria.

5. Uste okerrak alboratzen eta erantzun judiziala hobetzen lagunduko duten emakumeen aurkako indarkeriari buruzko azterketak eta txostenak sustatzea

Urteko txostenak egin ditu Behatokiak. Txosten horiek genero-indarkeriaren fenomenoa eta haren ondorioak aztertzen laguntzen dute, baita erantzun instituzionala eta judiziala hobetzeko aholkuak sortzen ere.

Azterketa horietatik ateratzen diren ondorioak.

Bikotekideen edo bikotekide ohien artean gauzatutako homizidio edota hilketei buruz zinpekoen epaimahaiek eta probintzia-auzitegiek emandako sententzien analisia izeneko urteko txostenari dagokionez, ondorioek ziurtatu zuten genero-indarkeria zegoela gertaera kriminal horien funtsean, eta aukera eman zuen gizartean barneratutako zenbait uste oker indargabetzeko; esaterako, heriotza eragin zuten eraso gehienak edari alkoholdunen edo drogen kontsumoak baldintzatutakoak izan zirela edo buruko nahasmenduek baldintzatutakoak.

Etxeko indarkeriaren eta genero-indarkeriaren eremuan hildakoak urteko txostenak, berriz, Justizia Administrazioak salaketa-kasuetan edo heriotzaren aurreko ofiziozko jardunean emandako erantzunak gehiago eta hobeto ezagutzen laguntzen du, baita zorigaiztoko amaiera horren aurretik ematen diren zenbait zirkunstantzia ezagutzen ere.

Urteko txosten gehiago ere baditugu. Datu estatistiko judizialak, Genero Indarkeriaren aurkako Osoko Babeserako Neurrien 1/2004 Lege Organikoa aplikatuz izeneko txostenak  estatistika judizialetan oinarritzen dira genero-indarkeriak maila judizialean dituen intzidentzia, prebalentzia eta joerak aztertzeko. Erregistratutako gaiei, babes-aginduei, hartutako kautela-neurriei, auzipetutako pertsonei eta prozedurak amaitzeko moduari buruzko datuak biltzen dituzte.

 

“Agerian geratu da emakumeek salaketa faltsuak egiten dituztela arrazoitzeak ez duela funtsik, aztertutako ebazpenen %0,4 kasutan soilik egin baitzen salatzailearen lekukotzaren aurka”

Horrez gain, Osoko Legearen aplikazioari buruzko aldizkako azterketak ere egin dira. Genero-indarkeriaren aurkako osoko legeak probintzia-auzitegien eskutik izandako aplikazioari buruzko azterketa da horietako bat (2009an eta 2014an).
2014ko txostenean ia 500 sententzia aztertu ziren, eta hauek dira ateratako ondorio eta gomendio nagusiak: alde batetik, beharrezko ikusten da osoko legeak 1. artikuluan ezartzen duen elementu subjektiboa edo helburu-elementua kentzea, hau da, ez izatea beharrezkoa emakumea mendean hartzeko borondatea egon dela frogatzea; bestetik, agerian geratu da emakumeek salaketa faltsuak egiten dituztela arrazoitzeak ez duela funtsik, aztertutako ebazpenen %0,4 kasutan soilik egin baitzen salatzailearen lekukotzaren aurka. Absoluzioa emateko motiborik ohikoena aski proba ez egotea izaten da, soilik biktimaren aitorpen egozgarria egotea, kanpoko berrespenik gabe -73 sententziatan gertatu zen hori, absoluzioa ematen zuten sententzien %40,1ean-. 
Aztertutako sententzietan, genero-indarkeriari lotutako bi sexu-erasotan soilik agertzen da zaintzapeko askatasunaren neurria. Zaintzapeko askatasuna kautela-neurri moduan ezarri ahal izateko lege-erreforma bat egiteko zer aukera dauden aztertzearen alde daude adituak, uste baitute neurri horrek, urruntze-aginduarekin batera, biktimek duten arriskua gutxitzea ekarriko lukeela.

Datu-bilketari esker lortu den ezagutzak (salaketetatik, babes-aginduetatik, sententzietatik…) eta estatistika-txostenek izan al dute lege aldetik ondoriorik edo eraginik beste eremu batzuetako esku-hartzean?

Behatokiaren helburuetako bat lege-aldaketak sustatzea da, legeak eraginkorragoak izan daitezen.

Etxeko indarkerian eta genero-indarkerian adituak direnen talde bat ere badu Behatokiak. Emakumeen aurkako indarkeriaren arloan eskumenak dituzten organoetako magistratuek osatzen dute. Talde horrek laguntzen eta aholkatzen du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia arlo horretan. Horrez gain, legeak ezartzeko dauden arazo teknikoak eta praktikoak aztertzen ditu, lege horiek eraginkorrago egiteko. Helburu horrekin, zenbait lege-erreforma sustatu ditu. Hauek dira taldeak egindako txostenetako batzuk: Genero-indarkeriaren aurkako osoko babeserako neurriei buruzko 1/2004 lege organikoaren aplikazioan, araudi prozesalean, funtsean edo araudi organikoan hautemandako  arazo teknikoei buruzko txostena, eta haiek lantzeko lege-erreformarako iradokizuna eta Etxeko eta genero-indarkeriako aditu taldearen txostena Zigor Kodeko azaroaren 23ko 10/1995 lege organikoa aldatzen duen lege organikoaren aurreproiektuari buruz. 
 

“Behatokiaren helburuetako bat lege-aldaketak sustatzea da, legeak eraginkorragoak izan daitezen”

Behatokiko lehendakaritzak proposatuta, organo judizialak eta haietako titularrak espezializatzeko helburua duten zenbait neurri jaso ditu Parlamentuak.  Alabaina, genero-indarkeriaren aurkako estatu-itunaren harira egin dira azken proposamenak. Behatokiak, hari atxikitako adituen taldearen bidez, neurri-sorta bat prestatu du. Genero-indarkeriaren aurkako borrokan aurrera egiteko neurriak dira, eta Kongresuko eta Senatuko berdintasun-batzordeek egindako bi txostenetan sartu dira. 


Zein dira erakundearen egoera hobetzeari begira dituzuen erronkak?

 

“Une hauetan, erronka batek du lehentasuna: genero-indarkeriaren aurkako estatu-ituna ezartzeko lan egiteak”

Bat baino gehiago ditugu, baina, une hauetan, batek du lehentasuna: genero-indarkeriaren aurkako estatu-ituna ezartzeko lan egiteak. Horren harira, proposamen bat egin da, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko zerbitzuek, bakoitzak bere eskumenen baitan, ituneko neurriak betetzeko aukera izan dezaten. Neurri hauek nabarmentzen dira:

  • Genero-indarkeriaren biktima direnen babesa eraginkorra izan dadin lan egitea, epaitegietan eta udaletan dauden protokoloak aztertzearen bidez, epaitegien eta autonomia-erkidegoetako nahiz udaletako gizarte-zerbitzuen arteko komunikazioaren bidez, eta koordinazio-puntuen bidez.
  • Arlo honi buruzko jardunbide judizial egokien gida eguneratzea, gai berriei buruzko azterketak eta gomendioak sartzeko; esaterako, genero-arrazoiei lotutako astungarria aplikatzea;  “gurutzatutako salaketa” delakoaren trataera eta erabilera aztertzea; eragile judizialei guraso-alienazio sindromea delakoaren esanahia ezagutaraziz organo judizialek sindrome hori kontuan hartzea ekiditea; eta, azkenik, seme-alaben zaintzari buruzko erabakia hartu behar denean, indarkeria-gertaerak kontuan hartzea eta biktimaren edo seme-alaben eskubideak eta segurtasuna inondik inora ez jartzea arriskuan.
  • Zigor-arloko epaitegien espezializazioa indartzea eta karrera judizialeko kideen prestakuntza espezializatua hobetzea, genero-ikuspegia sartuz.
  • Balizko irregulartasunen instituzional edo judizialen bat dagoenean, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta profesionalei kexak egiteko aukera erraztea, ikertzeko. Biktimari espedienteen egoerari buruzko informazioa ematea, eta kasua artxibatzen bada, zergatik itxi den azaltzea, eta, dagokionean, ondoren datozen neurriak hartzea.

Sistema judizialari eta gaur egungo egoerari lotuta, zein dira Behatokiak bere lana garatzeko eta zabaltzeko dituen zailtasunak?

Istanbulgo Hitzarmenaren berrespena dela eta, jardun-eremua zabaldu behar du Behatokiak; hau da, hitzarmen horretan zehaztutako indarkeria-modu guztiak landu behar ditu. Horrek, besteak beste, estatistika judizialak egokitzea eskatzen du, emakumeen aurkako indarkeria-modu guztien datuak biltzeko;  indarkeria-modu “berri” horiei buruzko txostenak eta ikerketak egin behar dira; eta adina, urritasuna eta zaurgarritasuna eragin dezaketen beste faktore batzuei buruzko aldagaiak ere sartu behar dira estatistika-buletinetan. Horrek aldaketa dakar ez bakarrik “genero-indarkeria” moduan ulertzen den kontzeptuan, baizik eta eskumen eta erronka gehiago ditugu, eta aldaketa horietara egokitzeak sentsibilizazio, prestakuntza eta ezagutza aldetik ahalegin handiagoa eskatzen du. 

 

“Istanbulgo Hitzarmenean zehaztutako indarkeria-modu guztiak landu behar ditu Behatokiak"

Etxeko eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokia (BJKN)ren web orrialdea