| tresnak |
 |
Behatokiaren gomendioen difusiorako praktika lokalak: Ermuako koordinazio interinstituzionaleko esperientzia
|
2017. urtean, Bizkaiko Foru Aldundiak, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren bitartez, Bizkaiko emakumeen aurkako indarkeria-gaietan erakundeen jarduna hobetzeko proposamenen eta gomendioen III. Txostena argitaratu zuen. Begoña Fernández Alcalde, Ermuko Udaleko Berdintasun Teknikariak, BGIB Buletinari jakinarazi dizkio dokumentua zabaltzeko prozesuan ematen ari diren urratsak. |
Udaleko Berdintasun Sailak hainbat bilera egin ditu beste udal arlo batzuetako ordezkariekin, Gomendioak zabaltzeko asmoz. Zer sailek hartu dute parte informazio-saioetan?
Batez ere Gizarte Zerbitzuek. Bertan izan dira, halaber, Ermua-Mallabia OHLko langileak (hezkuntza-arloa). Herritarren Segurtasunekoari ere (Udaltzaingoa) egin zaio deialdia, baina agenda-arazoak direla tarteko, ezin izan dugu saioa egin.
Udal arloez gainera, Osasun Zentroko profesionalekin ere egin genuen informazio-saioa, Ermuko anbulatorioan. Izan ere, era honetako indarkeriari aurre egin behar izaten dioten emakumeen arreta hobetzeko erakundeen arteko I. Protokoloko partaideak dira. Hala, osasun-arloa da arazoa hautemateko eta esku hartzeko arlo garrantzitsuenetako bat, eta, horrenbestez, prestakuntza eta informazioa funtsezkoak dira. |
|
 |
Gune interesgarria da emakumeen aurkako indarkeriari buruz hitz egiteko, eta modu kolektiboan horri buruz pentsatzeko; azken batean, gizarte-arazo bat baita, modu koordinatuan eta baliabideekin landu beharrekoa |
Orain artean, ikuspegi kuantitatiboari erreparatuz, zenbat tokiko ordezkarik parte hartu dute deialdietan? Teknikariak eta politikariak zenbatuta.
Saioak teknikariei zuzendu zaizkie soilik. Gizarte Zerbitzuetako eta Hezkuntzako langileentzat egindako saioan 10 pertsonak parte hartu zuten. Mediku eta erizainei zuzendutakoan, berriz, 25 pertsona inguruk. |
Azaletik azalduta, zer-nolako aztergaien zerrenda duzue bileretan?
Proposatutako aztergaien zerrendaren hasieran, BGIBren, bere jardueraren eta funtzionamenduaren, osatzen dituen dokumentuen eta prozesuen laburpen txiki bat egiten da. Ondoren, esku hartzeko arlo espezifiko bakoitzerako Gomendioei buruzko informazioa ematen da. Eta, azkenik, gaiari buruz jendeak dituen zalantzak edo/eta galderak entzun eta argitzen dira.
Zer-nolako erantzuna eman dute parte-hartzaileek?
Oso erantzun positiboa: kasu askotan, Behatokia bera badenik ere ez dute jakiten, eta, horrenbestez, ez dituzte ezagutzen hango funtzioak eta zereginak.
Gainera, gune interesgarria da emakumeen aurkako indarkeriari buruz hitz egiteko, eta modu kolektiboan horri buruz pentsatzeko; azken batean, gizarte-arazo bat baita, modu koordinatuan eta baliabideekin landu beharrekoa.
|
|
 |
Osasun-arloko langileek, oro har, ez dituzte ezagutzen Gomendio horiek, eta zailtasunak izaten dituzte euren lanean zeharkakotasuna eta genero-ikuspegia txertatzeko |
Zer arlotan aurreikusten dira zailtasun handiagoak Gomendioak abian jartzeko?
Osasun-arloko langileek, oro har, ez dituzte ezagutzen Gomendio horiek, eta zailtasunak izaten dituzte euren lanean zeharkakotasuna eta genero-ikuspegia txertatzeko. Bestalde, datuak ez dira modu sistematikoan biltzen (batzuetan, denborarik ez dagoelako); eta, beraz, ez zaio inolako lehentasunik ematen zeregin garrantzitsu horri. Isilpekotasun-aginduari egiten zaizkion interpretazio guztien auzia ere arazoak sortzen dituen ezaugarria da.
Topaketetan ateratako ondorioen arabera, deitutako arloek jardun-konpromisoak onartzeko aldeko jarrera dutela sumatu al duzu?
Aldeko jarrera izan dugu kasu gehienetan, nahiz eta kritikarik ere izan den. Izan ere, argi dago langileen agendak nahiko beteta daudela, eta zaila da maila teknikotik konpromiso gehiagori heltzea, non eta ez dagoen hori erraztuko duen bestelako konpromisorik: politikoa edo era guztietako baliabideak emango dituena. |
III. Gomendioak zabaltzearena, beraz, Genero-indarkeriaren eta sexu-erasoen biktimak diren emakumeei arreta hobetzeko erakundeen arteko Jardun eta Koordinaziorako 2012ko I. Protokoloan txertatuta dago?
Halaxe da, bai. Eta hori kontuan hartu beharko da berorren ebaluazioa egitean; aurten eskuen artean dugun lana da.
Gainera, BGIBren lantalde teknikoko partaide naizen aldetik, ezinbestekoa iruditzen zait Gomendioenaren pareko dokumentua osatu ondoren, lanketa-prozesu konplexua izan duena hain zuzen, dokumentua zabaltzea, eta bertan egiten diren hobekuntza-proposamenen aplikazio-mailari jarraipen bat egitea. Uste dut Behatokitik bertatik indartu behar dela alderdi hori.
|
|
 |
Ezinbestekoa iruditzen zait Gomendioak zabaltzea, eta hobekuntza-proposamenen aplikazio-mailari jarraipena egitea |
Dokumentura sartzeko:
Bizkaiko Lurralde Historiko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Gaineko
Erakundeen Jokabideari Buruzko Gomendioak eta Hobetzeko Proposamenak III. Txostena
|
|