Aldundiaren logotipoa

Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Hizkuntzak

Logo del Observatorio

Buletina BGIB
2015eko Iraila | 38. Zenbakia


 GAIAK

Genero-indarkeriaren eraginpean dauden adingabeak: zer berritasun daude azken lege-aldaketen ondoren? Argi-itzalak

Autoretza: María Concepción Torres Díaz

Zuzenbide Konstituzionaleko irakasle da Alacanteko Unibertsitatean eta Tratu Txarrak eta Genero Indarkeria ikastaroetako eta Masterreko irakasle (UHUN). Abokatua. Agenda Pública gunearen Aholkularitza Kontseilu Editorialeko (AKE) kide eta analista. Eskolak ematen ditu Abokatutzako Unibertsitate Masterrean (AU), Administrazio Kudeaketako Unibertsitate Masterrean (AU) eta Unibertsitateko Adituaren Graduondoko ikastaroan, ‘Educar en la No Violencia: Acoso, ciberacoso, bullying, abuso’ izenekoan (UHUN). Gaur egun, Zuzenbide Konstituzionaleko Sare Feministaren idazkari da, baita Alacanteko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Emakumeen Eskubideei buruzko Unibertsitateko Mintegiko kide eta Politika Feministaren Forumeko kide ere.

Gaien Irudiak

Uztailean (23an eta 29an, hurrenez hurren) Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) 8/2015 Lege Organikoa (uztailaren 22koa, haur eta nerabeak babesteko sistema aldatzeko dena)1 eta 26/2015 Legea (uztailaren 28koa, haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzeko dena)2.argitaratu ziren. Bi arau horiek 2013ko apirilaren 5eko Ministro Kontseiluan onartutako 2013-2016 Haur eta nerabeei buruzko II. Planeanfn iragarri ziren. Bi arau horiek abuztuaren 12an eta 19an, hurrenez hurren, jarri ziren indarrean eta honako hauek aldatzen dituzte, besteak beste: Kode Zibila; Adingabekoen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoa (aurrerantzean eta aukeran ABJLO); urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea, Prozedura Zibilarena; urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoa, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzkoa, eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzkoa; Mendekotasun-egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeko eta haientzako laguntza sustatzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legea; Pazientearen autonomiari eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrei dagokiena, eta abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa, Genero-indarkeriaren aurkako babes osorako neurriei buruzkoa eta abar.

Aipatutako arauek haurrak eta nerabeak babestearen alorrean aipatzen dituzten bestelako alderdi nabarmenak alde batera utzi gabe, egia da araudi berriaren zati handi bat genero-indarkeriarekin eta, bereziki, adingabeak indarkeria mota horren zuzeneko biktimatzat hartzearekin lotuta dagoela. Ildo beretik, Adingabekoen babes juridikoari buruzko Lege Organikoan egindako aldaketak nabarmendu behar dira, Lege horretan hainbat esapide mugatu egin baitira kontzeptualki, esate baterako 'adingabearen goragoko interesa'4; izan ere, esapide horiek interpretazio desberdinak izan ditzaketen nolabaiteko zehaztugabetasuna zuten eta interpretazio hori beti ez zetorren bat adingabeen mesederako –zentzu zorrotzean– (jurisprudentzia-eraikuntza gorabehera). Era beran, aitortzen da adingabeek entzunak izateko eskubidea dutela5. Argi dago adingabeen eskubidea aitortzearen ikuspegitik begiratuta, nolabaiteko garrantzia duten arauen aurrean gaudela. Alderdi hori ez da eragingabea azkenaldi honetan izan diren eta adingabeei eragin dieten hileta matxisten arabera. Ez dugu ahaztu behar genero-indarkeria hedatuta dagoen indarkeria dela, eta, ildo horretan, emakumearen (bikotekidea edo bikotekide ohia Genero-indarkeriaren aurkako babes osorako neurriei buruzko Lege Organikoaren arabera) aurkako indarkeria den arren, beste pertsona batzuk ere izan daitezke erasoen biktimak, eta, bereziki, seme-alabak, biktimaren gainean egiten den kontrol horretan instrumentalizatzen baitira. Ildo horretan, CEDAWaren Batzordeak (NBE) González Carreroren6 kasuan Espainiari egindako kondena aipatu behar da, genero-indarkeriaren kasu argi bat izan arren Espainiak ez zuelako 'behar bezalako arretaz' jardun; izan ere, genero-indarkeria dela medio aita zigortuta egon arren Espainiak ez zuen adingabearen arrisku-egoera aztertu aitari bisiten araubidea eman zitzaionean. (Gogora dezagun haurra bere aitak erail zuela bisiten araubidea betetzen ari zenean, nahiz eta amak 30 salaketa baino gehiago jarri zituen eta salaketa horietan adierazi zuen bere alaba arriskuan jartzen zela bisitak zainduak eta/edo babestuak ez baziren).

Nolanahi ere, genero-indarkeriaren alorrean egindako aldaketak azkar irakurtzen badira, a priori ez dago ezer esatekorik, baina egia da lasaiago irakurtzen badira eta aldaketa horiek praktikara eramaten badira, zalantza batzuk sorrarazten dituztela. Izan ere, itxura batean eman lezake Genero-indarkeriaren aurkako babes osorako neurriei buruzko Lege Organikoak (aurreko erregulazioan) ez zituela babesten indarkeria matxistaren eraginpeko adingabeak, baina hori ez dator bat errealitatearekin –alde batera utzi gabe adingabe horiek biktimatzat hartzea anbiguo samarra zela, Lege horren Zioen Azalpenean zuzeneko edo zeharkako biktima gisa ulertzen direlako7. Nolanahi ere, adingabeen babes eskasarekiko arazoa arauaren aplikazio praktikoaren eremuan kokatu da arauan hitzez hitz esaten den horretan kokatu ordez –nahiz eta lotura argia den–, eta zirkunstantzia horrek agerian uzten du arau hori gauzatzeko eta emakumeen eta –kasu honetan– adingabeen eskubideak bermatzeko ardura duten operadore juridikoek prestakuntza eta espezializazio hobea izatearen aldeko apustu irmo eta sendoa egiteko premia dagoela. Izan ere, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren baitako Etxeko eta Genero Indarkeriaren kontrako Behatokiaren datuen arabera, ikus daiteke erreparoa ematen diela guraso-ahala edo bisiten araubidea eta abar eteteko neurriak hartzeak. Eta horren ondorioz, pentsa dezakegu imajinario kolektiboan oraindik ere bizirik dirauela ideia honek: bateragarria izan daiteke genero-indarkeriagatiko erasotzailea izatea eta familiako guraso on izatea. Beraz, arestian aipatu dudanaren arabera, estrictu sensu ez gaude legearen edukiaren inguruko arazo baten aurrean, baizik eta araua aplikatzearen eta interpretatzearen inguruko arazo baten aurrean, azken batean, arauzko eraginkortasunaren inguruko arazo baten aurrean. Baina azter dezagun zatika: Zer aldaketa egin dira genero-indarkeriaren alorrean? Eta zein dira foroa praktikan jartzean sor daitezkeen eragozpenak?

Bada, genero-indarkeriaren alorrean, uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoak Genero-indarkeriaren aurkako babes osorako neurriei buruzko Lege Organikoaren 1. artikuluaren 2. atala aldatu du. Funtsezko artikulua da indarkeria mota horren kontzeptualizazioaren ikuspegitik. Aipatutako aginduaren egungo erregulazioa honela geratu da:

“2. Lege honen bidez babes-neurri osoak ezarri dira, eta neurri horien helburua da halako indarkeria prebenitu, zehatu eta ezabatzea, eta indarkeria horren biktimei –emakumeei, haien babespean, edo zaintza eta jagoletzaren mende dauden seme-alaba adingabeei– babesa ematea”.

Genero-indarkeriaren aurkako babes osorako neurriei buruzko Lege Organikoan aldatu diren beste aginduak honako hauek dira: 61. artikuluaren 2. paragrafoa, 65. artikulua eta 66. artikulua. 61. artikuluaren 2. paragrafoari dagokionez, honela geratzen da:

“2. Genero-indarkeriarekin zerikusia duten prozedura guztietan, epaile eskudunak, ofizioz edo biktimek, biktimen seme-alabek, biktimekin bizi diren pertsonek edo biktimen zaintza edo jagoletzaren mende dauden pertsonek, Fiskaltzak edo biktimen arreta- eta harrera-zerbitzuen Administrazioek hala eskatuta, edozein kasutan erabaki beharko du kapitulu honetan jasotako kautela- eta ziurtatze-neurrien egokitasuna, neurri horien epea ezarriz, eta, bidezkoa bada, beharrezkoak diren neurri osagarriak”.

Kasu honetan berritasuna azken zatian dago, non zehazten den kautela- eta ziurtatze-neurriei buruz epaileak erabaki beharko duela neurri horien epea eta egokitasuna, eta, beharrezkoa bada, behar diren neurri osagarriak.

Genero-indarkeriaren aurkako babes osorako neurriei buruzko Lege Organikoaren 65. eta 66. artikuluei dagokienez, hau da, adingabeen gaineko guraso-ahala edo zaintza etetearekin eta bisiten araubidea, egonaldia, harremana edo komunikazioa etetearekin lotuta dauden artikuluei dagokienez, adierazi behar da legegileak egindako aldaketak ez direla oso handiak. Izan ere, aurreko erregulazioan bezalaxe, eta eraginpeko adingabeak zuzeneko biktimatzat hartzen diren arren, berriz ere epaileak erabaki beharko du bidezkoa ote den guraso-ahala, zaintza edo bisiten araubidea, egonaldia eta/edo harremana edo komunikazioa etetea. Gakoa 'ahal izango du' aditzean dago, aditz horrek epaileari ematen baitio azken hitza. Orain, galdera honako hau izango litzateke: Zein da, beraz, berrikuntza? Bada, berrikuntza bi agindu horietan sartzen den bigarren paragrafoan dago. 65. artikuluari dagokionez, bigarren paragrafoa honela geratzen da hitzez hitz:

“Epaileak haiek etetea erabakitzen ez badu, erabaki beharko du nola gauzatuko den adingabeen guraso-ahala, eta, hala badagokio, zaintza eta jagoletza, harrera, babesa, kuradoretza edo egitatezko zaintza. Era berean, adingabeen eta emakumearen segurtasuna, osotasuna eta susperraldia bermatzeko behar diren neurriak hartuko ditu eta neurri horien bilakaerari buruzko aldizkako jarraipena egingo du”.

Bisiten araubideari, egonaldiari, harremanari edo komunikazioari buruz termino berak azaltzen dira 88. artikuluaren bigarren paragrafoan. Ikusten da, beraz, legean adingabeak genero-indarkeriaren zuzeneko biktimatzat hartzeak ez dakarrela berarekin –inondik inora– guraso-ahala edo jagoletza, bisiten araubidea, egonaldia, harremana edo komunikazioa automatikoki etetea. Adingabeen babesaren ikuspegitik begiratuta, arauaren arauzko eraginkortasuna honako alderdi hauen araberakoa izango da: genero-indarkeria egiaztatzea –egoitza judizialean– eta epaileak egiten duen balioespena; epaileak, gainera, kautela- eta ziurtatze-neurriei buruzko erabakia hartu beharko du, baita neurri horien indarraldiari buruzkoa, neurri horiek betetzeko araubideari buruzkoa eta, hala badagokio, neurri osagarriei buruzkoa ere. Alabaina, zer gertatzen da guraso-ahala, zaintza eta jagoletza, bisiten araubidea eta abar etetea erabakitzen ez bada? Kasu horretan epaileak adierazi beharko du nola egikarituko diren eta zer neurri diren beharrezkoak adingabeen segurtasuna eta osotasuna bermatzeko. Puntu horretara iritsita, komenigarria da mota horretako delituetan biltzen diren frogatzeko zailtasunak ez ezik, biktima askok aurkeztutako salaketari eustearen inguruan izaten dituzten zalantzak ere nabarmendu eta azpimarratzea. Era berean, komenigarria da nabarmentzea Botere Judizialari erreparoa ematen diola genero-indarkeriaren kasuetan neurri mota hori hartzeak. Beraz, ikusi beharko da zein den erregulazio berriaren aplikazio praktikoa.

Honaino iritsita, komenigarria da adingabeak babesteko neurriekin lotutako bestelako kritikak egitea. Izan ere, araututako neurriak salaketaren mende daude. Nolanahi ere, zer gertatzen da biktimak salaketarik jartzen ez duenean eta bide zibilari ekiten dionean bere indarkeria-egoeratik ateratzeko? Gogora dezagun Kode Zibilean banantzearen eta dibortzioaren arloan izandako aldaketak ez ziela (edo ez diela) batere mesederik egin indarkeria pairatzen duten emakumeei; izan ere, aldaketa horren ondorioz banantzeko eta/edo dibortziatzeko kausak egiaztatzeko aukera kendu egin zen. Aipatutako aldaketa hori 1981eko erregulazioa ordeztu zuen uztailaren 8ko 15/2005 Legean hasi zen eta Lege horren helburu bakarra ezkontza-haustura arintzea eta/edo erraztea zen. Kausa horiek, askotan, indarkeria matxistaren benetako egoerak ezkutatzen zituzten. Hortaz, ikusten da era horretan ikusezin bihurtzen indarkeriazko egoerak, eta 'gatazkatzat' hartzen direla eta babesaren eta zaintzaren alorrean ez ezik, bisiten araubidearen alorrean ere adingabeen gainean hartutako neurriak neutralizatu egiten direla.

Aurreko guztia azaldu ondoren, lehentasunezko zaintza partekatuari8 buruz etorkizunean egingo den erregulazioaren gaineko kritika batzuk egin behar dira. Kasu horretan, eztabaida okerrak saihesteko, sendotuz joan diren betekizun jurisprudentzialak (Konstituzio Auzitegiaren 2014ko apirilaren 29ko Epaia) eduki behar dira kontuan. Betekizun horien artean honako hau aipatu behar da: gutxienez gurasoetako batek eskatu behar du zaintza partekatua (egokiena bi gurasoek eskatzea izango litzateke). Betekizun horretaz gain, egoitza judizialean balioetsi daitezkeen beste betekizun batzuk aipa daitezke, hala nola: gurasoek adingabeekin aurretik izandako harreman mota; adingabeek adierazitako nahiak (entzunak izateko eskubidea); seme-alaba kopurua; gurasoek seme-alabei dagokienez dituzten betebeharrak betetzea; elkarrekiko errespetua harreman pertsonaletan; legez eskatzen diren txostenen emaitza, baita adingabeen ‘goragoko interesa’ maxima bermatuko duen beste edozein alderdi eta/edo zirkunstantzia oro ere. Hortaz, eta horrelaxe zehazten du Auzitegi Gorenak, Kode Zibilaren egungo 92. artikulua beti favor filii figurari, hau da,adingabeen interesari lehentasuna emateko moduan interpretatu behar da beti, bereziki zaintza partekatuaren aukera lehenesten bada; horregatik ondoriozta daiteke interes hori lehenetsi arren, horrek ez duela esan nahi epaileak erabateko askatasuna duenik nahi duena erabakitzeko.

Balioetsi behar diren betekizunen artean, 'adingabeen goragoko interesera' ez ezik adingabeek entzuteko duten eskubidera ere jotzeak esan nahi du uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoaren bitartez egindako aldaketak kontuan hartu eta ahotara ekarri behar direla. Adibide gisa, nabarmendu behar da –nahiz eta gai horretan sakontzeko asmorik ez izan– 'goragoko interesa' kontzeptua taxutzeko hiru dimentsio erabili behar direla: eskubide subjektiboa, izaera interpretatzailearen printzipioa eta berme prozesala. Argi dago adingabeen goragoko interesa mugatzeak eta adingabeek entzunak izateko duten eskubidea aitortzeak –gure ordenamendu juridikoan estrictu sensu berrikuntza ez diren arren– kontuan hartu behar diren balioespen-irizpideak sartzen dituztela, genero-indarkeriaren kasuetan garrantzi handia dutelako. Izan ere, egia da zaintza partekatua debekatuta dagoela indarkeria mota horretako kasuetan, baina beti ez da salaketara jotzen (bide zibila aukeratzen da indarkeria-egoeratik ateratzeko) eta salaketa jarri ondoren beti ez da lortzen indarkeria-egoera egiaztatzea. Beraz, positiboa da adingabeen goragoko interesa modu independentean balioestea, baita adingabeek entzunak izateko duten eskubidea baliatzea ere.

Nolanahi ere –eta amaitzeko–, esan behar dugu genero-indarkeriaren eraginpean dauden adingabeak babesteko alorrean hobekuntzak daudela sumatzen den arren (aipatutako aldaketa batzuetan ikusten dira hobekuntza horiek), oraindik ere puntu batzuk nahasgarriak direla. Alde batetik, aipatu behar da genero-indarkeriari heltzeko kontzeptuzko esparrua indargabetzeko arrisku handia dagoela. Ildo horretan, harrigarria da legegileak objekziorik ez egitea adingabeak indarkeria mota horren zuzeneko biktimatzat hartzeari (gai horri buruz ez dugu ezer esatekorik), baina objekzioa egitea Genero-indarkeriaren aurkako babes osorako neurriei buruzko Lege Organikoaren 1. artikuluaren 2. atalaren aldaketaren bitartez. Agindu hori funtsezkoa da indarkeria mota hori interpretatzeko ikuspegi epistemologikotik/kontzeptualetik begiratuta, nagusi den paradigmarekiko kritikoa delako. Adibidez, diskriminatzeko modu gisa, desberdintasunaren indarkeriazko adierazpena gisa eta emakumeen giza eskubideak urratzeko modu gisa. Bestalde, ikusten da legegileak tentu handiz jokatu duela –aztertu behar diren bermeak alde batera utzi gabe– genero-indarkeriaren kasuetan guraso-ahala, zaintza edo bisiten araubidea eta abar automatikoki etetea erabakitzeko garaian. Ildo horretan, badirudi legegileak ahaztu egiten duela adingabeek pairatzen duten manipulazioa eta instrumentalizazioa eta indarkeria pairatzen duten emakumeek bizi duten biktimizazioa erasotzailearekiko lotura guztiak ezin dituztelako behin betiko eten.

Aipatutako aginduak praktikara eramatea eta agindu horiek dituzten ondorioak ikusteke daude oraindik, baina ematen du legegintza-jardun 'lampedusiarra'9 izango dela, hau da, aldatu eta/edo eraldatu egingo da, baina denak berdin jarraituko du.

Twitter: @ConcepTorres
Website: http://www.juristconcep.com

 


1 Uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoa (haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzeko dena) honako url helbide honetan kontsulta daiteke: https://www.boe.es/diario_boe/txt.php?id=BOE-A-2015-8222 (Kontsulta-data: 2015/08/10).
2 Uztailaren 28ko 26/2015 Lege (haur eta nerabeen babes-sistema aldatzeko dena) honako url helbide honetan kontsulta daiteke: https://www.boe.es/diario_boe/txt.php?id=BOE-A-2015-8470 (Kontsulta-data: 2015/08/10).
3 II Plan de Infancia y Adolescencia 2013-2016 dokumentua honako url helbide honetan kontsulta daiteke: http://www.lamoncloa.gob.es/espana/eh14/social/Documents/PENIA_2013-2016.pdf (Kontsulta-data: 2015/08/10)
4 Ikus Adingabekoen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoaren 2. artikuluaren testu berria, uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoa aldatu ondoren.
5 Ikus Adingabekoen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoaren 9. artikulua, uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoak egindako aldaketaren ondoren sartutakoa.
6 González Carrero kasuari dagokionez, ikus TORRES DÍAZ, MC.: “¿Es España diligente en la lucha contra la violencia de género?, eldiario.es webgunerako Agenda Públican linean dagoen artikulua (Argitaratze-data: 2014/09/03) Honako url helbide honetan kontsulta daiteke: http://www.eldiario.es/agendapublica/impacto_social/Espana-diligente-lucha-violencia-genero_0_299220575.html (Kontsulta-data: 2015/08/10).
7 Genero-indarkeriaren aurkako babes osorako neurriei buruzko Lege Organikoak –II. atalaren amaieran– honako hau esaten du hitzez hitz: “Emakumearen aurkako indarkeria-egoerek eragina dute, berebat, euren familia-ingurunean dauden adingabekoengan, indarkeria horren zuzeneko nahiz zeharkako biktima direlako. Legeak adingabeko horiek ere babestu ditu, euren eskubideak babesteaz gain, emakumeari begira hartutako babes-neurriak eragingarritasunez bermatzeko”.
8 Zaintza partekatuari buruz ikus TORRES DIAZ, MC.: “¿De qué hablamos cuando hablamos de custodia compartida?”, eldiario.es webgunerako Agenda Públican linean dagoen artikulua (Argitaratze-data: 2015/02/12) Honako url helbide honetan kontsulta daiteke: http://www.eldiario.es/agendapublica/impacto_social/hablamos-custodia-compartida_0_355915428.html (Kontsulta-data: 2015/08/08).
9 Adiera hori politika-zientzietan erabiltzen da eta haren bitartez II Gattopardo de Giuseppe Tomasi di Lampedusa eleberri italiarrari keinutxo bat egiten zaio.

adingabeen eskubidea aitortzearen ikuspegitik begiratuta, nolabaiteko garrantzia duten arauen aurrean gaudela

imajinario kolektiboan oraindik ere bizirik dirauela ideia honek: bateragarria izan daiteke genero-indarkeriagatiko erasotzailea izatea eta familiako guraso on izatea

legegileak tentu handiz jokatu duela –aztertugenero-indarkeriaren kasuetan guraso-ahala, zaintza edo bisiten araubidea eta abar automatikoki etetea erabakitzeko garaian


 

Subir
Hasierako horrialdera itzuli


Buletinari gai berriak gehitzeko.
Buletin elektroniko hau gure datu-basean zaudelako jasotzen duzu.
Ez baduzu berriro jasotzea,

Copyright © BIZKAIKO GENERO INDARKERIAREN BEHATOKIA.