Hainbat administraziok aplikazioak sortu dituzte, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei sentsibilizazio-, informazio- eta laguntza-baliabideak emateko. Kasu batzuetan, prebenitzeko eta kontzientziatzeko izaten dira soilik; beste batzuetan, ordea, harago doaz, tresnak, baliabideei eta laguntza-zerbitzuei buruzko informazioa ematen baitituzte.
Lehen kasuan sartzen dira, besteak beste, “Ligando de buen rollo” bezalako aplikazioak. Aplikazio hori Granadako Diputazioak sortu zuen smartphone eta tabletentzat, nerabeen eta gazteen artean harreman parekideak sustatzeko asmoz:
http://www.dipgra.es/contenidos/ligando-buen-rollo/
“Maitez minduta” aplikazioa ere badago. Komiki formatua du, eta Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak sortu du iPad-ean eta iPhone-an erabiltzeko. Hainbat hizkuntzatan erabil daiteke (euskara barne), eta helburua da nerabeek hasieratik detektatzea genero-indarkeriaren sintomak eta horiek sortzen dituzten jarrerak eta jokabideak:
https://itunes.apple.com/es/app/pillada-por-ti/id484572723?mt=8
“Relación Sana” aplikazioa Murtziako Gobernu Autonomoak sortu du. Aplikazioak honako hauek ditu, besteak beste: arrisku-faktoreen zerrenda bat, autodiagnostikoa egiteko test bat eta tratu txarrak jasanez gero eman behar diren lehen pausoak:
https://itunes.apple.com/es/app/relacion-sana/id579025736?mt=8
Baloraziorik onenak jaso dituztenen artean dago “SMS. Amor 3” izenekoa. Kanariar Gobernuak eta Tenerifeko Udalbatzak sortu dute eta, aplikazio honen bitartez, norberak bikote-harremanen inguruan dituen usteak, estereotipoak eta arriskuak identifika daitezke, era interaktiboan eta gazteen hizkuntza erabiliz:
http://www.gobiernodecanarias.org/icigualdad/inicio/sms-aplicacion/zona_descargas.html
Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak, berriz, “Libres” aplikazioa atera du; bertan, ezagutza orokorrak eta egiaztatze-testaz gain, nork bere burua babesteko baliabideak eta ikus-entzuneko baliabideak ere badaude:
http://appteca.apps4citizens.org/app/libres-1/262
“Enrédate sin machismo” jolasak 3 zailtasun maila ditu eta nerabeen bikote-harremanetan ager daitezkeen kontrol- eta menderatze-adierazle nagusien hautaketa bat egiten du, hala neskentzat nola mutilentzat. Gauzak argiago egon daitezen, bikote-harremanetan gertatzen diren egoerak erabiltzen ditu adibide gisa. Aplikazio hau norbanakoaren kontzientziatik harago doa, irakasleentzako eta hezkuntzako beste eragile batzuentzako plataforma bat ere baitauka: “Píldora de apoyo a la app”:
http://enredatesinmachismo.com/pildora-educativa-de-apoyo-a-la-app/
Djamil Tony Kahale Carrillok, UDIMA – Madrileko Urrutiko Unibertsitateko irakasleak, adierazi duenez, oraindik ez dakigu zenbateraino erabiltzen diren aplikazio hauek, ez eta eraginkorrak diren ala ez, ez baitugu erabiltzaileen iritzirik jaso. Irakasle horrek “El impacto de las Apps en la violencia de género” ikerketa egin du. Ikerketa horrek Cordobako Unibertsitateko Leonor de Guzmán saria irabazi zuen 2013an. Hemen ikus daiteke ikerketa:
http://www.udima.es/es/impacto-app-violencia-genero.html#sthash.kLe7uUFX.dpuf
Horrez gain, aplikazio horietan zenbait plataforma ere sor litezke, harremanetarako, informazioa partekatzeko eta iritzia eta arreta emateko, genero-indarkeriaren aurka esku hartzen duten eta politika-plangintzak egiten dituzten erakundeek eta gainerako eragileek erabil ditzaten. Izan ere, beste gizarte-esparru batzuetan (boluntariotzan, esaterako) badaude halakoak, eta arrakasta izan dute.
Nabarmentzekoa da, halaber, Andaluziako Juntak,V Congreso para el Estudio de la Violencia contra las Mujeres kongresuarenbaitan antolatutako egitasmoa: I. Hackaton. 2014ko azaroan egin zen, eta programazioko 25 espezialista baino gehiago lehiatu ziren bertan, informatikako edo sakelakorako aplikaziorik onena sortzeko, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko eta/edo biktimak babesteko.
“En tu mano” aplikazioak irabazi zuen esperientzia kolektibo hori. Aplikazioak prozesu osoan laguntzen ditu biktimak, tratu txarrak jasotzen dituztela konturatzen direnetik. Ikusezina da, eta bolumenaren botoia sakatuz aktibatzen da. Izuaren botoi bat du, eta horrek biktimak erasoaren unean non dauden lokalizatzeko balio du.
Beste proposamen batzuk ere saritu zituzten, esaterako, diagnostikoan, bideratzean eta arretan babesa emateko tresnak, indarkeria bolumenaren, mugimenduaren eta abarren bidez detektatzen duten sentsoreak…
Azken batean, beharrezkotzat jotzen da horrelako tresnek eskaintzen dituzten aukeren artean genero-indarkeriaren kontrako borroka ere sartzea. Hori bai, denborak esango du ea aplikazio horiek eraginkorrak eta interesgarriak diren ala ez.