Berdintasuneko arduradun gisa izan duzun esperientziaren arabera, ezagutzen dituzun edo jakitera eman dizkizuten ekimenen artetik zein nabarmenduko zenituzke emakumeen aurkako indarkeriaren alorrean eraginkorrak izan direlako?
Uste dut ildo horretan hartutako ekimen guztiak onak direla, baina askotan ez dira nahikoak. Txorierriren kasuan, Mankomunitateko Berdintasun Arloan prebentziorako sentsibilizazioa azpimarratzen dugu batez ere. Batetik, gazteekin lan egiten dugu institutuan, gaztelekuetan eta gazteguneetan, eta bestetik, haurrekin ludoteketan eta ikastetxeetan, betiere udalerri bakoitzaren zirkunstantziak kontuan izanik, udalerri batzuetan besteetan baino sakonkiago lan egiten baita.
Emakumeekin oro har ere lantzen dugu prebentzioa, baina beste ikuspegi batzuetatik, genero-indarkeriaren identifikazioan eta haren arrazoi, ondorio eta eraginetan jarriz ñabardura.
Herritarren inplikazioa ere oso puntu garrantzitsua da, eta pixkanaka, urtetik urtera, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokan jende gehiago konprometitzea lortzen ari gara.
Problematika hori aintzat hartzen den zer sailetan indartu behar dira eskubideen urraketa horri aurre egiteko ahalegin publikoak?
Lehen esan dudan bezala, egiten diren ahalegin guztiak ez dira nahikoak, eta uste dut lan handiagoa egin behar dela irakaskuntza-esparruan prebentziorako, eta era berean indarkeria jasan duten edo jasaten ari diren emakumeei ematen zaien arreta eta haien seme-alabei ematen zaien laguntza hobetu egin behar dira.
Ildo horretan, funtsezkoa da inplikatuta dauden agente guztiekin koordinatzea eta guztion ahaleginak batzea.
Amaitzeko, adierazi nahi nuke lantzen ari garen eremu honetan egin beharreko jardun eta ekimen guztiak berdintasunaren eta batez ere feminismoaren ikuspuntutik egin beharko liratekeela.