Genero-indarkeriaren arriskua presaz ebaluatzeko protokolo mediko-forentsea, Justizia Ministerioarena
Genero Indarkeriarako Gobernu Ordezkaritzak eskatuta, Justizia Ministerioak tresna hau aurkeztu du berriki, Lege Medikuntzako Institutuetako Ebaluazio Forentse Osorako Unitateetan diharduten talde profesional forentseek abian jar dezaten.
Genero Indarkeriarako Gobernu Ordezkaritzak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Estatuko Fiskaltza Nagusiak, Barne Ministerioak eta Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak genero-indarkeriaren arriskua presaz ebaluatzeko protokolo mediko-forentsea argitaratzea hitzartu dute.
Presa ezaugarria genero-indarkeriaren arriskuaren ebaluazio mediko-forentserako dekalogoan dago azalduta, eta dekalogo hori Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Etxe eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokira eraman zen 2011ko martxoaren 8an, 5. puntuan gomendatzen baitu arriskuaren ebaluazioa presaz egitea —72 orduan baino gutxiagoan—, edo programatuta (hartuta dauden babes-neurriak berrikusteko).
|
Genero-indarkeriaren arriskuaren ebaluazio mediko-forentserako dekalogoko 5. puntua: arriskuaren ebaluazioa presaz egitea —72 orduan baino gutxiagoan—, edo programatuta (hartuta dauden babes-neurriak berrikusteko)
|
Protokoloa aplikatzeko metodologian urrats hauek kateatzen dira: informazio-iturriak ikertzea, besteak beste: erasotzaileari egindako elkarrizketa eta miaketa, biktimari egindako elkarrizketa eta miaketa, eginbide judizialak eta atestatu polizial osoa, erasotzailearen dokumentazio medikoa eta psikiatrikoa, hala nola lekukoekin egindako elkarrizketak (senideak, adiskideak…); egituratutako iritzi kliniko batean oinarritutako ebaluazioa: erasotzaileak eragindako generokoaz besteko indarkeriaren aurrekariei buruzko txostenak, erasotzaileak azken urtean izandako lan-egoera eta egoera sentimentala, haren buru-osasuna, bikotekidearen aurkako indarkeriaren historia, oraingo erasoaren ebaluazioa eta biktimaren zaurgarritasuna; proba osagarriak, hala nola: Bikotekidearen aurka Indarkeria Larria izateko Arriskuaren Iragarpen Eskala —Enrique Echeburúa, Pedro J. Amor, Ismael Loinaz eta Paz de Corral-ek proposatua (2010)— erabiltzea, bai eta “Erabilera-gida: bikote-harremanean indarkeria larria gertatzeko arriskuaren ebaluazioa”erabiltzea ere, bertan jarraibideak ematen baitira informazioa 20 itemen bidez biltzeko:

|
Protokoloa aplikatzeko metodologian urrats hauek kateatzen dira: informazio-iturrien ikerketa; ebaluazioa, egituratutako iritzi kliniko batean oinarrituta; proba osagarriak; genero-indarkeriaren arriskuari buruzko ebaluazio mediko-forentsea; eta txosten mediko-forentsea
|
Aurreko urratsen osagarri, genero-indarkeriaren arriskuaren ebaluazio mediko-forentsea egiten da; hau da, arrisku txikia, ertaina ala larria dagoen erabakitzen da, arrisku handia ondorioztatzeko aukera ematen duten adierazle batzuen arabera neurtuta (erasotzailearen ideiagintza suizida edo bere burua hiltzeko saioa, homizidio-saioak, su-armen erabilera edo oso lesio larriak eragitea, indarkeria zenbait bikotekiderekin…). Urrats honetan, indarkeria-arriskua ondorengoengana eta mendeko beste pertsona batzuengana ere hedatzea prebenituko da.
Protokoloak, azkenik, txosten mediko-forentsea egitea hartzen du barruan, eta, horretarako, gomendagarria da dokumentu estandar bat erabiltzea, hurrengo hauei buruzko informazioa jaso lezakeena: txostenaren xedea; erabilitako materialak eta metodologia; aurrekari medikuak eta psikiatrikoak; arrisku-faktoreen egituratutako iritzi klinikoa; proba osagarrien emaitzak; kontsidero mediko-forentseak; eta ondorio mediko-forentseak.
Agiria ikusteko:
Genero-indarkeriaren arriskua premiaz ebaluatzeko protokolo mediko-forentsea, Justizia Ministerioarena
|