Aldundiaren logotipoa

Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Hizkuntzak

Logo del Observatorio

Buletina BGIB
2011eko Abendua | 23. Zenbakia


Hasiera   |   Gaiak   |   Behatokia   |   Tresnak   |   Sarean   |   Kontuan hartu

 BEHATOKIA 

Behatokiaren Irudiak Pilar Ardanza Uribarren, Gizarte Ekintzako Foru Diputatua

Pilar Ardanza Uribarren Elorrion jaio zen, 1957ko urriaren 13an. Zuzenbidean lizentziatua, Deustuko Unibertsitatean, Durangon hasi zuen karrera politikoa: lehenengo, zinegotzi izan zen, 1983-1989 aldian; ondoren, alkate izan zen, 1989-2003 urteen arteko legegintzaldian.

2003. urtean, Herri Administrazioaren Saileko Lurralde Ekintzako zuzendari, 2009. urtean, berriz, Garraio eta Hirigintzako foru diputatu eta 2011. urtean, Gizarte Ekintzako foru diputatua izendatu zuten.

Gizarte Ekintzako Saileko diputatu kargua hartu duzu, zer nabarmenduko zenuke Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailaren egoeraz?

Bizkaiko gizartearentzat urte zailak izan dira azken hauek; izan ere, mundu osoan dagoen krisialdi ekonomikoak bereziki eragin die ahulenei, hau da, adinekoei eta beharrizan eta zailtasunak dituztenei. Gizarte Ekintza Sailak bere apustuari eutsi dio kolektibo horiei laguntzeko politikak egiteko, eta, horretarako, baliabide berriak sortu ditu, besteak beste, egoitza-plaza gehiago eta laguntza-programa berriak. Gure errealitate ekonomikoak eragina du guregan, eta horrek kezkatu egiten gaitu. Hori dela eta, Aldundiaren aurrekontuen % 50 baino gehiago pertsonei zuzenduta dago. Izan ere, garrantzitsuena pertsonak dira.

Zein ondorio ateratzen duzu zure ibilbide politikotik (Durangoko alkatea, Lurralde Ekintzako zuzendaria, Garraio eta Hirigintza Saileko foru diputatua...)? Esperientzia horiek baliagarriak dira gaur duzun kargurako?

Jakina, aitortu behar dut mundu berri bat ireki zaidala begien aurrean,  azken hil hauetan etengabe aritu behar izan dudala ikasten, eta ikasteko prozesu hori abiadura handiz egin behar izan dudala. Baina, hala ere, nire taldeak lagundu dit ingurua hobeto ikusten, gizarte ekintzako gaiek behar duten sentiberatasunaz; orain, esaterako, ondo dakit zein egoeratan dauden mendetasuna duen pertsona bat zaintzen duten familiak, zelan dauden desgaitasuna duen seme-alaba bat zaindu behar dutenak eta zelan dauden gizarteratzeko zailtasunak dituztenak.

Alkate nintzela, nire egitekoaren zati bat zen herriko pertsonen arazoak konpontzea; hori, batzuetan, galdu egiten da Aldundiaren moduko erakunde batean lan egiten denean. Hala ere, azken urte erdi honetan, berriro ere topo egin dut gizarte-problematikarekin, hezur-mamizko pertsona konkretuen arazoekin, eta gure lana da pertsona horiei erantzuna ematea.

Egiaztatu duzu genero-zeharkakotasuna sartzen ari dela toki zein foru administrazioen politika publikoetan?

“2010eko zifrak” txostena aurkezpena zela eta, konturatu naiz benetan zelako ahaleginak egin behar diren laguntza ematen duten erakundeetan emakume biktimekin eginiko jarduerei buruzko datuak ezagutzeko, dauden baliabideei buruzko informazio eguneratu eta osoa izateko, azken urteotan izandako eboluzioa aztertzeko, eta hobekuntzarako gomendioak emateko”

Aspalditik dabil Bizkaiko Foru Aldundia berdintasunaren aldeko jarduerak egiten; hala ere, esan dezakegu 2000. urtean salto kualitatibo bat gertatu zela, Berdintasunerako Unitatea sortuta eta Berdintasunerako I. Plana (2000-2003) abiarazita. Ondorioz, nabarmen geratu da plana tresna eraginkorra eta  behar-beharrezkoa dela.

2008. urtean, Bizkaiko Foru Aldundiak Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako III. Foru Plana (2009-2011) sortu zuen. Orain, Berdintasunerako IV. Foru Plana egiten ari gara; plan horrek hurrengo hiru urteetako jarduerak gidatuko ditu.

Galderara itzuliz, esan behar dut zeharkakotasuna bermatuta dagoela egituran, hiru batzorde hauei esker:

  • Sailen arteko batzordea, maila politikoan; neu naiz batzordeko burua, eta zuzendari mailako pertsonak dira batzordeko kideak (sail bakoitzeko bat).
  • Berdintasun Taldea, sail guztietako teknikariek osatua (sail bakoitzeko bat).
  • Sailen barruko unitateak, unitate bat Bizkaiko Foru Aldundiko sail bakoitzean.

Organo horietan oinarritzen da Aldundiak berdintasunarekin duen konpromiso estrukturala, eta aitortu behar dut konpromiso hori gauzatzea ez litzateke posible izango Aldundia osatzen duten pertsona guztien konpromisoa ez balego. Hemendik, eskerrak eman nahi dizkiet, zinez, konpromiso horrengatik.

Orain, Berdintasunerako Zuzendaritza Nagusia Gizarte Ekintza Sailaren barruan dago. Zein aldaketa ekarri duen erabaki horrek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean?

Gizarte Ekintza Sailari atxikitzeak ez dakar aldaketarik printzipioetan eta helburuetan, ez eta Berdintasunerako Zuzendaritza berriaren jardun-lerroak ere, aurretik ondo finkatuta baitaude. Beraz, jarduteko oinarrizko printzipioak emakumeen eta gizonen eskubide eta aukeren berdintasuna eta unibertsaltasuna izango dira oraindik ere, Bizkaian zein mundu osoan, edozein dela ere pertsonen jatorria, kultura edo identitate sexuala.

Zeharkakotasunak jarraituko du Zuzendaritzaren idearioa eta lan-tresna izaten. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko politikan hala da dagoeneko, eta hala izaten jarraituko du, legeak ezartzen duelako eta konbentzituta gaudelako.

Oraingo eginkizunak hartu aurretik, bazenuen Bizkaiko Genero Indarkeriaren Behatokiak egindako lanaren berri?

“Hau da oraingo erronka nagusia: herritar guztiek behar sozial guztiak betetzen dituztela bermatzea. Horretarako, hirugarren sektorearekin eta beste administrazio batzuekin (udalak eta Eusko Jaurlaritza) egiten dugun elkarlana areagotu egin behar dugu”

Bai, gogoan dut, batez ere, erakunde batzuek egindako lana 100 informazio-iturri baino gehiagotatik datuak jasotzeko (hainbat mailatan: udalerrietan, mankomunitateetan, epaitegietan, polizian...); baina, aurten ezagutu dut zehazki zein izan den Behatokiak egindako lana. Orain dela hilabete gutxi, “2010eko zifrak” txostena aurkezteko aukera izan dut; orduantxe konturatu naiz benetan zelako ahaleginak egin behar diren laguntza ematen duten erakundeetan emakume biktimekin eginiko jarduerei buruzko datuak ezagutzeko, dauden baliabideei buruzko informazio eguneratu eta osoa izateko, azken urteotan izandako eboluzioa aztertzeko, eta hobekuntzarako gomendioak emateko.

Lorpen horiek, zalantza barik, inplikatutako eragile askoren emaitza dira, baina baita Bizkaiko Foru Aldundiaren lidergoaren emaitza ere; izan ere, Aldundiak baliabide materialak eta giza baliabideak jartzen ditu Behatokiko erakunde guztien lana koordinatzeko —Osoko Bilkuran zein Adierazleen Lantaldean—, aurrez lortutako helburuak lor daitezen eta emakumeen aurkako indarkeria desager dadin.

Oro har, zeintzuk dira Gizarte Ekintza Sailaren erronkak agintaldi honetarako?

Gizarte Ekintza Sailak 726 milioi euro baino gehiago ditu 2012. urteko aurrekontuan: Aldundiak inbertituko dituen bi euroko bat pertsonei zuzenduta egongo da. Beraz, pertsonen aldeko apustu irmoa da, eta, krisialdian gauden arren, indarrean dirau.

Hau da oraingo erronka nagusia: herritar guztiek behar sozial guztiak betetzen dituztela bermatzea. Horretarako, hirugarren sektorearekin eta beste administrazio batzuekin (udalak eta Eusko Jaurlaritza) egiten dugun elkarlana areagotu egin behar dugu. Labur esanda, Gizarte Ekintza Sailak lanean jarraituko du Bizkaia lurralde solidarioa eta kohesionatua izan dadin.

Igo
Hasierako horrialdera itzuli


Buletin elektroniko hau gure datu-basean zaudelako jasotzen duzu.
Ez baduzu berriro jasotzea, .

Copyright © 2005. BIZKAIKO GENERO INDARKERIAREN BEHATOKIA.