Azaroaren 25eko kanpaina: Beldur Barik! 2011
Urtarrila heldu da, eta bada garaia 2011ko Beldur Barik! kanpainaren balantzea egiteko. Berdinsarearen (EUDELen) ekimena da kanpaina, eta Emakunderekin, Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako Zuzendaritzarekin eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiekin elkarlanean antolatu dute, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskal Irrati Telebistaren laguntzaz.
Gazteen artean berdintasun-, errespetu-, autonomia- eta askatasun-printzipioak, arduren banaketa eta emakumeen aurkako indarkeriaren gaitzespena sustatze aldera, erakunde arteko kanpaina bat sortu zen 2009an: gizartea eraldatzen lagundu nahi duten 12 eta 26 urte arteko EAEko gazteak elkartzeko gune bat. Horretarako, artegintzan parte hartzen dute gazteek eta, arte mota guztien bitartez (bideoaren, argazkilaritzaren, musikaren., poesiaren, eskulturaren, dantzaren, animazioaren, antzerkiaren, diseinuaren, instalazioen, kontzeptuen, gogoeten... bitartez), gizon-emakumeen arteko berdintasunik ezaren aurkako jarrera adierazten dute.
Beldur Barik! 2011
|
Erakunde arteko kanpaina hau gizartea eraldatzen lagundu nahi duten 12 eta 26 urte arteko gazteak elkartzeko gune bat da. Horretarako, artegintzan parte hartzen dute gazteek eta, arte mota guztien bitartez, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik ezaren aurkako jarrera adierazten dute
|
Kanpainaren oinarrizko helburua da emakumeen (bereziki, gazteen) aurkako indarkeriaren adierazpen guztiei aurrea hartzea eta, horretarako, indarkeria sexista zer den jakiteko eta indarkeria sexistarik dagoen antzemateko tresnak eta baliabideak ematea emakumeei; era berean, kanpainaren xedea da jarrera sexisten aurkako prebentzioa lantzea gizonekin, eta gizonak eraso sexisten aurka esku hartzera bultzatzea. Bada, horrez gainera, 2011ko kanpainaren helburua izan da Beldur Barik! kanpaina gazteak indarkeria sexistaren aurka kontzientziatzeko eta trebatzeko ekimenak sortzeko/dinamizatzeko giltzatzat finkatzea.
Horretarako, ekimenaren diseinuak beste zenbait helburu hartu ditu kontuan: ikastetxeek gehiago parte har dezaten eta hezkuntza-munduko kide guztiek (bereziki, ikasleek) programatutako jardueretan parte har dezaten bultzatzea; udalek tokiko ekimenak gara ditzaten bultzatzea; sentsibilizazio-jarduerak antolatzea lurraldeko hiru campusetan; eta gazteak kanpainara erakartzea, Beldur Barik! webgunearen eta sare sozialen bitartez kanpainan parte har dezaten bultzatuz.
Programaren barruan finkatutako jarduerak arrakastatsuak izan dira: Beldur Barik! Jarrera sariketa; Aurretopaketak, EHUn; Topaketa, Donostiako Emakumeen Etxean; Beldur Barik! webgunearen sorrera eta sare sozialen erabilera; kanpaina komunikabideen bitartez zabaltzeko sustapena; puntu lilaren erakusketa publikoa eta pribatua; kanpainako heziketa-materialaren ostatatzea webgunean; eta adierazpen instituzionala. Sariketari dagokionez, lau kategoria izan dira: lehenengo kategoriako sariketa 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzat zen, eta saria 1.000 eurokoa zen; bigarren kategoriako sariketa 18 eta 26 urte bitarteko gazteentzat zen, eta saria 1.000 eurokoa zen; herri-sariketa aurreko bi kategorietako gazteentzat zen, eta saria, 300 eurokoa, webguneko boto-emaileek eman zuten; eta tokian tokiko sariketa udalek ebatzi behar zuten, eta interesgarriak iruditzen zitzaizkien lanak nahi adinako zenbatekoaz saritu.
2011ko kanpainaren balantzea
|
Parte-hartze handia izan da ikastetxeetan, eta azaroaren 25a prestakuntzaren curriculumean sartu dela ikusi dugu
|
Alde kuantitatibotik, hona hemen zenbait zifra, ondorioak ateratzen laguntzeko: 16 udalerrik eta mankomunitate batek sustatu dute tokiko Beldur Barik! sariketa, parte-hartzaileek 254 lan aurkeztu dituzte, eta unibertsitateko 430 ikasle inguruk hartu dute parte Aurretopaketetan. Parte-hartzaileei dagokienez, 56 udalerritakoak ziren, eta 297 neskak ziren, eta 119, mutilak; gainera, 52 gaztek taldeka aurkeztu dituzte lanak, eta beste batzuek ikus-entzunezko sorkariak aurkeztu dituzte.
Alde kualitatibotik, berriz, hona hemen kanpainaren zenbait emaitza nabarmengarri, labur-labur:
- Epe luzeko estrategia egiaztatu dugu, eta prozesuari eman diogu lehentasuna unean unekoari baino gehiago.
- Sare sozialak erabiltzeari esker, errazagoa izan da gazteekin zuzeneko harremana izatea.
- Parte-hartzaileen kopuruak gora egin du.
- Sariketara aurkeztutako lanak kalitate artistikodunak ziren.
- Parte-hartze handia izan da ikastetxeetan, eta azaroaren 25a prestakuntzaren curriculumean sartu dela ikusi dugu.
- Puntu lila (emakumeen kontrako indarkeriaren gaitzespenaren sinboloa) esparru publikoan eta pribatuan zabaldu da.
- Kanpainako heziketa-materiala erabili da gazteekin gune informaletan eta akademikoetan lan egiteko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak kudeatuta irakasleentzat egindako prestakuntza-saioak oinarri hartuta.
- Beldur Barik! kanpainari eta azaroaren 25eko kanpainari buruzko informazioa eskatu duten Berdinsaretik kanpoko udalerrien kopuruak gora egin du.
Webgunera sartzeko: http://www.beldurbarik.org/
|