Maiatzean amaiera eman zaio Behatokiak urtero egin ohi duen datu-bilketarako prozesuari, eta horren helburua, era askotako informazioa jasotzea da: emakumeen aurkako indarkeria-egoeretan (etxeko tratu txarrak eta sexu-indarkeria) arreta eskaintzeko Bizkaian dauden baliabideei buruz, baliabide horien ezaugarriei buruz (helburuak, sarbidea, arreta eskaintzeko egutegia eta ordutegia...), aurreko ekitaldian arreta jaso duten pertsonekin loturik (emakumeak, adin txikikoak) erregistratu diren datuei buruz, edota toki-erakundeek emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna erdiesteko bidean aurrera egiteko garatzen dituzten tresnei buruz.
Behatokiak bihotz-bihotzez eskertu nahi du berri-emaileek erakutsi duten inplikazioa eta interesa, eta oso bereziki, udaletako toki-erakundeena, horien laguntzarik gabe ezinezkoa izango baitzen datuak erdiestea eta lortutako emaitzak lantzea, Lurraldean arreta egiteko eta laguntza emateko ditugun baliabideei buruzko informazioa ezagutarazteko ahalegin horretan.
Etxeko tratu txarren eta sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta egiteko baliabideak 2015
Udal-mailako gizarte-arretari dagokionez, garrantzitsua da azpimarratzea 2015ean gizarte-baliabideen bolumena iazkoaren antzeko kopuruetan mantendu dela. Berritasun modura bi baliabide aipatu behar dira, lehenago jardueratik kanpo geratu baziren ere orain berriro eskuragarri daudenak: Urduñako laguntza psikologikoarena eta Balmasedako aholkularitza juridikoarena, biak ere horiei dagozkien udalen esku.
Oro har, etxeko tratu txarren eta/edo sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta egiteko udal-baliabideek eskaintzen duten estaldurari ere bere horretan eutsi zaio, asteko arreta-orduei edo dagoen plaza-kopuruari dagokienez.
Azpimarratzekoa da laguntza psikologikoaren baliabidea etengabe zabaltzen joan dela Bizkaiko Foru Aldundia; hala, 2015ean 120 arreta-ordu gehiago eskaintzen dira astean, eta guztira 669 ordu dira eskaintzen direnak. Alde batetik, ekainaren 1ean, zerbitzua deszentralizatu egin da beste puntu batean, hots, Arratiako Mankomunitatean, eta astean 7 arreta-ordu eskaintzen dira bertan. Horrekin batera, programa zabaldu egin da eta, hala, 99 arreta-ordu gehiago eskaintzen dira astean Bilbon, 7 arreta-ordu gehiago Durangon eta deszentralizatutako 7 arreta-ordu gehiago Markina-Xemeinen.

Iturria: Baliabideen Atlasa BGIB 2015
Berdintasunaren aldeko tresnak Bizkaiko udaletako toki-erakundeetan
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna erdiestearren aurrera egiteko dauden udal-tresnen artetik azpimarratzekoa da udaletako eta mankomunitateetako Berdintasunaren aldeko Planen kopuruak nolako bilakaera izan duen denboran zehar. Toki-erakundeek Behatokiari eskaini dioten informazioaren arabera1, 2014 eta 2015 artean, lau udalerrik (Alonsotegi, Berriatua, Lemoa eta Markina-Xemein) tresna hau eskuratu dute eta zortzi udalerrik eguneratu dituzte beren planak, horien edizio berriak prestatuz. Hala egin dute Lekeitiok, Orozkok, Ortuellak eta Urduñak, horiek guztiek beren planen bigarren edizioa argitaratu baitute; Barakaldok, Gernika-Lumok eta Ugao-Miraballesek, berriz, hirugarrena egin dute; eta Bilbokoa, azkenik, berdintasunaren aldeko udal-planaren laugarren edizioa da. Horrela, gaur egun Bizkaiko 60 udalerrik dute emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunaren aldeko Plan bat.
Gainera, azkeneko urte hauetan, berdintasunaren aldeko plan mankomunatuak ere garatu dira, eta Bizkaiko 9 mankomunitateetatik 6k dagoeneko badute tresna hori. Hori dela eta, udalerri batzuek, batetik, beren udal-plana dute, eta bestetik, udal gisa partaide diren mankomunitatearen plana ere bai.
Informazio hori, eta halaber, etxeko tratu txarren biktima diren emakumeei arreta hobetzeko udal- nahiz eskualde-mailako protokoloen egoera (egun 29 daude martxan, horietatik 5 mankomunitateetan, eta beste 2 prestakuntza-prozesuan aurkitzen dira) grafikoki adierazten da Bizkaiko Herrialde Historikoaren mapan, Baliabideen Atlasean2.

Iturria: Baliabideen Atlasa BGIB 2015
Udal-mailan berdintasuna lantzeko beste tresna batzuei dagokienez, nabarmentzekoa da berdintasunaren aldeko udal-ordenantzek izan duten bilakaera. Toki-erakundeek eskainitako informazioaren arabera, Bizkaiko Herrialde Historikoan 6 ordenantza ditugu indarrean (Arratiako Mankomunitatea, Barrika, Plentzia, Lemoiz, Urduliz eta Urduña) eta 10 gehiago ditugu prestakuntza-prozesuan (Uribe-Kostako Mankomunitatea, Berango, Sopela, Gorliz, Sestao, Ermua, Bedia, Abadiño, Ondarroa eta Gueñes).
Beste alde batetik, datu-bilketarako prozesuan hirigintza-antolamenduaren alorrean egindako lanei buruzko informazioa ere jasotzen da. Gaur egun, 25 udalerrik eta mankomunitate 1ek dute eremu honekin erlazionatutako tresnaren bat, eta horien artean, modu heterogeneo batez, besteak beste, genero-ikuspegiarekin egindako hiri-diagnostikoak, “hiri debekatuaren mapak” edo “puntu beltzen mapak” eta hirigintza-antolamendurako planak ditugu genero-ikuspegiari eskainitako atal batekin.
Behatokiaren Baliabideen Mapan udal-tresna hauetarako guztietarako (planak, protokoloak, ordenantzak, diagnostikoak eta abar) sarbidea jasotzen da, pdf formatuan dauden agiri horiek kontsultatu eta deskargatu ahal izan daitezen. 2015. urtean hasitako bilketa-prozesu hori amaitu ondoren, toki-erakundeek Behatokiari helarazi dizkioten azken edizioen agiriak gehitu dira Mapa horretan.
Bizkaiko emakumeen aurkako indarkeria-egoeretan arreta eskaintzeko baliabideei buruzko tresnetarako sarbidea:
• Baliabideen mapa
• Baliabideen atlasa
• "Etxeko indarkeriaren eta sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko foru-baliabideak eta udalerrietako eta mankomunitateetako baliabideak: Harrera, Aholkularitza Juridikoa, Laguntza Psikologikoa, Familietan Esku Hartzeko Programa Espezializatuaz, Familia Elkarguneak eta Laguntza Sozialeko Agenteen Sarea” 2015 Katalogoa
Beste dokumentu interesgarri batzuk:
• Erakundeen arteko II. Akordioa, etxeko tratu txarrak eta sexu-indarkeria jasaten duten emakumeei laguntza hobea emateko
1 Eskainitako informazioa 2015eko maiatzekoa da.
2 Baliabideen Atlasean, Berdintasunaren aldeko Planei eta Koordinazio Protokoloei buruzko informazioa, hurrenez hurren, Gizarte Eremuaren barruan “Planak” eta “Koordinazioa” ataletan jasotzen da.