Berdintasun Saileko arduradun gisa duzun esperientzia kontuan hartuta, zer ekimen da zuretzat aipagarria eraginkorra izateagatik, emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez?
Ugao udalerri txiki bat da, eta lau mila biztanle baino gehixeago besterik ez du. Hala eta guztiz ere, horren tamainak ez dio eragotzi 2000. urteaz geroztik emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko borrokan konpromiso batzuk hartzea. Aurten Ugao Udaleko emakumeen eta gizonen arteko Aukera Berdintasunaren aldeko III. Plana onetsi da.
Udaleko Berdintasunaren alorrean egiten diren jarduera guztien helburuetako bat, hain zuzen ere, etxeko tratu txarren nahiz sexu-erasoen ondorioz gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan edo egoeran dauden emakumeak gizarteratzea izan da betidanik.
Funtsezkoa da arazo horren inguruan sentsibilizatzeko eta etxeko indarkeria eta sexu-erasoak prebenitzeko jarduera batzuk egitea, eskuragarri dauden baliabideen inguruko informazioa zabalduz.
Eta horri begira, Udaleko sail guztiek (Gizarte Gaiak, Udaltzaingoa eta Berdintasun Saila) etengabeko koordinazioan lan egiten dute hainbat gizarte-eragilerekin, hala nola udal elkarteak, baina baita Eudel eta Eusko Jaurlaritzarekin ere, Osakidetzaren, Emakunderen eta Hezkuntza Sailaren bitartez.
Zuen ustez, arazo horri arreta emateko zer arlotan areagotu behar dira ahalegin publikoak eskubide-urratze horren kontra borroka egiteko?
Beharrezkoa da eremu desberdinen arteko ekintza koordinatuekin aurrera jarraitzea, bai prebentzioaren helburuak erdiesteko eta bai indarkeriaren biktima izan diren emakumeei laguntza eskaintzeko ere.
Gazteen heziketan esku hartzen duten profesionalei proposatu behar zaie ikasleekin prebentzio-jarduera batzuk egiteko, emakumeen aurkako indarkeriarekin loturiko gai batzuen inguruan.
Aurrerapausoak egin behar dira emakumeen sektore horrekin egiten diren esku-hartzeak hobetzeko eta biztanleria horri zuzeneko arreta egiten dioten erakunde desberdinetako arduradunak sentsibilizatzeko, emakumeei beharrezko laguntza eta babesa, baita behar izan dezaketen aholkularitza juridikoa ere, eskaini diezaieten.