Arau hau aitzindaria da bere administrazio-eremuan, eta foru eskumeneko jarduera orotan genero-ikuspegia eta berdintasunaren helburuak bateratu daitezela arautzen du:
- Bai Gipuzkoako Foru Aldundian eta bai Gipuzkoako Herrialde Historikoko foru-sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetan nahiz entitate laguntzaile pribatuetan ere emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko printzipio gidari nagusiak zein izango diren ezartzen du.
- Bizitzako eremu guztietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko eta bermatzeko, emakumeen aurkako diskriminazio-modu guztiak desagerrarazteko eta dauden oztopoak ezabatzeko neurriak arautzen ditu.
Beraz, emakumeen autonomia sustatzeko eta emakumeen posizio sozial, ekonomiko eta politikoa indartzeko neurriak dira.
Berdintasunaren alorreko foru-antolamenduari dagokionez, helburu horretarako xedatutako departamentuetako unitateekin batera, eta departamentuen arteko koordinaziorako nahiz departamentu barruko koordinaziorako egiturez gain –biak ere arlo politikokoak eta teknikokoak–, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Organoa eratu da, eta horren eginkizunen artean, besteak beste, indarkeria matxistaren aurkako foru-politikaren diseinu, jarraipen eta ebaluaketan koordinazioa Sustatzea dago, politika sozialaren alorrean eskumena duen departamentuarekin batera.
Arauen eta esku-hartzeen esparru desberdinetan, indarkeria matxistaren aurkako borrokarako eta prebentziorako beharrezko neurriak barneratu dira zeharka. Horrela, esate baterako, Informazioaren ekoizpena eta kudeaketari eta barne zein kanpo komunikazioari buruzko 22. Artikuluak bere helburuen artean jasotzen du “Indarkeria matxistaren aurrean erakunde eta gizarte arbuioa zabaltzea”, eta “Lan segurtasunari eta osasunari” buruzko 34. artikuluak, berriz, ondorengo helburu hauetan aurrera egiteko neurriak ezarri beharra aipatzen du:
- Emakume langileei berri ematea 2004ko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoak, genero indarkeriaren aurkako babes osorako neurriei buruzkoak, xedatutako eskubideei buruz.
- Indarkeria matxistaren edozein adierazpen saihestea lan inguruan, eta, horretarako, protokolo bat ezartzea lan esparruan jazarpen sexista edo sexuala izan daitekeen edozein egoera saihesteko, eta egoera horretan laguntza eman, esku hartu eta zigortzeko.
Eta bereziki, INDARKERIA MATXISTARIK GABEKO BIZITZAK V. KAPITULUAren xedea alor horretako foru-jarduerak mugatzea eta arautzea da.
Indarkeria matxista bere adierarik zabalenean definitzen du, egoera estrukturalari eta sistemikoari loturik, sinbolikoa ere barne dela, eta beraz, horren barruan biltzen ditu emakumeei ez ezik, beren sexu-generoagatik sistemak bortxatutako gorputz diren aldetik, gizarte-arauak markatutako estereotipoetatik urruntzen diren beste era batekoei ere min egiteko helburua edo ondorioa duten adierazpen guztiak. Horrela, Foru Arau horretan indarkeria matxistaren barruan sexu-indarkeria sartzen da, baina baita beste batzuk ere, hala nola transfobia, lesbofobia eta homofobia.
Esparru instituzionalak ezartzen du departamentu guztiek konpromisoa dutela indarkeriaren aurkako borrokarako lege-arauak beren jardunaren barruan sartzeko, bai planak, bai programak, bai protokoloak edo bai erabakiak ere, eta beren politiketan zeharka kontuan eduki behar dutela indarkeria matxista bere aldaera eta faktore berezi guztietan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak lagunduta.
Gizarte-politikako departamentu eskudunak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoarekin elkarlanean, indarkeria matxistaren aurkako borrokarako eredu instituzionala ikuspegi feminista batetik antolatzeko erantzukizuna du, eta horri begira, batzorde politiko eta tekniko bat eratuko da.
oru Aldundiak ikerketa, prebentzio, sentsibilizazio, heziketa, arreta eta babesaren alorrean garatzen dituen neurriak berdintasunerako eta genero-indarkeriaren aurkako babeserako legeen jarraibideekin egokitu behar direla azpimarratzen du.
Ikerketaren alorrean, besteak beste, hauek nabarmentzen dira:
- Arrazoiak, adierazpenak eta estrategiak ikuspegi feministatik aztertu daitezela sustatzea.
- Komunikazioa, haurrak, kultura eta gazteriaren alorrean eskumenak dituzten departamentuek edertasun-ereduen eta erlazio afektiboen inguruan eta indarkeria matxista indartzen duen sistema patriarkalaren eta heterosexualaren inguruan iritzi kritikoa sustatu behar dute.
Prebentzioan eta sentsibilizazioan, udal-ekimenak indartzeaz gain eta gizarte-mugimendua sustatzeaz gain, indarkeria matxista bizi duten emakumeen jabekuntzarako prozesu kolektiboak indartu beharra dagoela dio.
Heziketa-neurriak sakontzea ere iradokitzen du, plangintzaren eta esku-hartzeen alorreko profesionalen eta entitate laguntzaileen eskumenak hobetu daitezen.
Arretaren eta babesaren eremuan, berriz, bereziki azpimarragarriak dira ondorengo neurri hauek:
- Programak eta zerbitzuak egituratzeko orduan erabili beharreko ikuspegia jabekuntzarena izango da, eta horrek inplikazio zabalak ditu laguntzaren ikuspegi tradizionalaren aldean.
- Gutxieneko zerbitzu batzuk finkatzen ditu Laguntza sozio-juridikoaren Zerbitzuan, Laguntza psikosozialaren Zerbitzuan eta Harrera eta laguntza psikosozialaren Zerbitzuan, eta era horretan, beharrezko esku-hartzea bermatzen du harreran.
Azkenik, nabarmendu beharra dago Foru Arau horrek erantzukizun eta denbora batzuk finkatzen dituela batzordeak abiarazteko, jarraipena egiteko, ebaluatzeko, berdintasun-politiketarako aurrekontu-zuzkidura erabakitzeko eta generoa kontuan hartuko duten foru-aurrekontu batzuk prestatzeko.