Azken urte hauetan gure jokatzeko modua eta jendartean harremanak egiteko modua aldatu dituen iraultzarik egon baldin bada, hori sare sozialak dira. Eguneroko bizitzan esku-eskura ditugun teknologia berriak gure bizitzako protagonista bilakatu dira, edozein espazio eta unetan berehala konektatzeko ahalmena dugulako smartphoneei esker. Edozein tokitan komunikatzeko, gainerako pertsonei buruz beste modu batera lortuko ez genukeen informazioa eskuratzeko baina, baita ere, geure egonezinak uxatzeko aukera ematen diguten tresna horiek aldaketa handia ekarri dute eta, jakina, aldaketa horrek gizarte-harremanei ere eragin die.
Horrexegatik, azken urte hauetan, genero-indarkeriak neurrigabeki zabaltzeko eremu bat topatu du sarean. Berehalako elkarrizketarako aplikazioek (whatsapp modukoek) istant batean ematen digute bikotekidearen edo bikotekide ohiaren konexio-egoerari buruzko informazioa: halako unean konektatu da azken aldiz, linean da, irakurri du mezua, -ez du erantzun-. Horrela, beste pertsona hori egiten ari denari buruzko interpretazioek areagotu egiten dituzte arazoak, eta modu ez naturalean eraikitako harreman batean, jelosiak eta xantaiek muturreraino eraman ditzakete arazo horiek. Sare sozialek (Facebook, Twitter edo Instagramek esaterako), egoera eta argazkien bitartez, gure kontaktuen zerrendak eta espresioak agerian utz ditzakete, eta gerta daiteke halako jokabide batzuk ez errespetatzea, eragotzi nahi izatea edo gaitzestea. “Nor dira zure lagunak sare sozialetan?”, “zergatik igo duzu argazki hori?”, “zergatik egin duzu iruzkin hori?”, edo “ ez dut zuk berarekin gehiago hitz egitea nahi”; horrelako mezuak, batzuetan, kontrolpeko harreman baten hasiera izaten dira eta bikotearen berezko espazioa mugatzen dute. Ligeetarako sareek “flirtak” edo lige bila dabiltzan pertsonak topatzeko aukera ematen dute, eta horiek ere konpromisoaren gaineko segurtasun-eza areagotu dezakete.
Halere, eta gainerako pertsonei buruzko informazioa ezagutzeko egun ditugun baliabide eta aukerak erruz ugaritu diren arren, horiek eragiten dituzten gatazkak eta arazoak ez dira sortu teknologia berrien ondorioz.
Horrela, mugikorra eskuan dugula, bikotekidearen argazkietan zer arropa daraman, zer lagun dituen, zer iruzkin jaso dituen jakin dezakegu; baina hura jabetzapean hartu nahi izateko botoia jelosiak sakatzen du. Bikotekidearen lagunei, konexio-orduei eta gizarte-harremanei buruzko informazioa ikusgarri dira sarean, baina haren askatasuna mugatzen duen botoia jabetasuna da. Emakumeen profiletan ikus daitezkeen argazki eta poseak, bikotekideak izan nahiz ligeak izan, irudi bat ala beste bat erakuts dezakete, baina iraintzera eta umiliatzera bultzatzen duen botoia sexismoa eta emakumeak gauza bihurtzeko joera dira.
Alde horretatik ez da aldaketarik igartzen, ez dago aurrerapausorik, eta belaunaldi gazteei dagokienez, gero eta nabarmenagoa da emakumeen, beren gorputzaren, beren irudiaren, beren harremanen eta beren askatasunaren aurkako jokabide sexista eta bortizkeriazkoa.
Izan ere, zenbait azterlanek berretsi dutenez, kontrola genero-indarkeriatzat har daiteke, bikote gazteetan ohikoa, eta aldi berean, “normaltzat eta ekidinezintzat” jotzen da kontrol hori. Horrelako jokabideak normaltasunez ikusteak eragotzi egiten du, kasu askotan, kaltegarri edo murriztaile bihur daitekeen harreman baten laguntza-dei gisa identifikatzea, baina horrez gain, nesken kasuan, maitasunaren edo atxikimenduaren adierazpenekin nahasten dituzte maizegi. Horregatik, neska gazte askok ez dute hain garbi ikusten defendatu beharreko eremu propio bat eduki beharra, galtzerik ez daukaten eremu propio bat edukitzea, lantzen jarraitu eta bikotekide bat izatearekin bateragarri egin behar luketena. Eta zenbait mutil gaztek oraindik ere uste dute beren bikotekideek gauza guztiak bazterrean utzi beharko lituzketela berengatik, eta era horretan, bikote-harremanen eredu tradizional eta sexista iraunarazten dute, “zu nirea zara” esaldi erromantikotzat hartuz, eta ez aurre egin beharreko posesibotasunaren etsenplutzat.
Badirudi oso gutxi aldatu garela bikoteen eredu sozialei nahiz kulturalei eta bikotea ulertzeko moduei dagokienez; berdintasunezko harremanean oinarrituak behar lukete, askatasunean eta nor bere erabakien jabe izanik, lotzen, behartzen eta mugatzen gaituen kartzela bilakatu gabe. Maizago azpimarratu beharko genuke bikotekidearenganako kontrola eta jabetasuna indarkeria-moduak direla, eta espazio birtualean gertatu arren ere, mina, eragozpenak eta oinazea eragiten dituztela.
Baina arriskua are handiagoa da, emakumeek jendartean pairatzen duten beste indarkeria-modu batzuk ikusteko aukera eskaintzen digutelako sare sozialek. Eduki erotikoak haren baimenik gabe ezagutaraziz sarean umiliaraztea, edo eduki horiek ezagutarazteko mehatxuaz xantaia egitea ere indarkeria birtualaren beste adibide batzuk dira, eta gero eta maizago gertatzen dira gazteen artean; horrek nabarmen uzten du oraindik ere bizirik dagoela moral bikoitz bat eta emakumeak errudun egiten dituen sexualitate tradizional bat. Horrela, sarean egiten diren jazarpen edo irain publiko askoren atzean gazteek ezartzen dituzten harremanak daudela ikus dezakegu (zurrumurruak sortzea, beren harremanei buruzko txutxu-mutxuak, sexu-jokabideengatik egindako irain eta umiliazioak...).
Azken urte hauetan, indarkeria birtualaren adibide hauek izen desberdinak hartu dituzte: Cyberbullying (berdinen arteko jazarpena), stalking (profilak eta edukiak zelatatzea), sexting (eduki erotikoak edo sexualak bidaltzea, argazkiak edo bideoak esaterako) eta sextortsioa edo mendekuzko pornoa (eduki erotikoen bidezko xantaia eta baimenik gabeko argitalpena). Hala eta guztiz ere, indarkeria-modu hauek, kontzeptu teknologiko batetik ikusiak diren arren, gutxiespena eta intolerantzia dute sustraian, alegia, indarkeria-moduak dira berez –dei diezaiegun, beraz, jazarpen eta umiliazio, hobeto ulertzearren–, online eta offline eremuak batera harturik, horiek ez dituztelako ondorio “birtualak” bakarrik, baizik eta ondorio errealak, inondik ere.
Alde horretatik, indarkeria hauen atzean sarritan ezkutatuta dagoen osagai sexistaren gainean jarri behar dugu arreta, ez delako beti aipatzen, eta bereziki: nesken aurka jaurtitzen diren “mari-purtzil” bezalako irainetan, dauzkaten harremanengatik; lesbiana, gay, bisexual edo transexualei egindako irainetan, beren sexu-orientabide edo sexu-nortasunagatik; neskak objektu sexy gisa ikusteko joeran, haien argazkiak salerosketa-gai bihurtuz eta haien askatasuna kontrolpean edukiz; eta horren guztiaren erantzule ez dira teknologiak soilik, baizik eta, batez ere, irainak egiten, sailkatzen eta etiketak jartzen dituen kultura sexista hori.
Eta geure eginkizuna da, sare sozialak eta Internet hain eremu zabala izanda, horrelako jokabideak ezagutzera ematea eta salatzea, eta halaber, jazarpena eta indarkeria eteteko geure laguntza eskaintzea.