Bukatu berri den urtean hainbat lege-erreforma proposatu dira, nagusiki adin txikiko haur eta gazteei eragingo dietenak; komeni da, gure ustez, erreformak indarrean sartu aurretik haiei buruzko gogoetatxo bat labur-labur egitea.
2013ko uztailean, bikotea deusezten edo bikotekideak bereizten edo dibortziatzen direnerako gurasoek seme-alabekiko izan beharreko erantzukidetasunari buruzko Lege Aurreproiektua onartu zuen Ministro Kontseiluak, gizartean hainbeste ika-mika sortu duen zaintza partekatua arautzea helburu hartuta. Beste alde batetik, joan den ekainean, Lege Organiko bat egiteko proposamena aurkeztu zuen Legebiltzarrean Alderdi Sozialistak, adin txikiko seme-alabak genero-indarkeriaren aurrean orain baino are irmoago babesteko.
Gobernuak proposatutako Familia Zuzenbidearen erreformako zioen azalpenei erreparatzen dionak garbi igarriko die haren helburuei: seme-alaben gaineko zaintza normalizatzea eta aiten eta amen egitekoak arautzea, orain arte epaitegi eta tribunaletan ohikoa izan den salpuespentasun-egoera gainditzeko. Adingabeen babes erabatekoa lortzea da erreforma horren xede gorena, seme-alabek gurasoekin harremanak izateko eskubidea betearazten denez gero, baina, hala ere, arauak ez dio zaintza partekatuari lehentasunik ematen, zenbait gizarte-taldek (banandutako gurasoen elkarteek, nagusiki) hala eskatzen zuten arren.
Beste alde batetik, PSOEk proposatu eta Zigor Kodeari, Botere Judizialaren Lege Organikoari, Prozedura Zibilaren Legeari eta Prozedura Kriminalaren Legeari eragingo liekeen lege-erreformak badu beste xede bat, zioen azalpenei erreparaturik argi asko ikus daitekeena: genero-indarkeriak jota bizi diren familietako seme-alabek, kasu asko eta askotan, beren amek pairatu behar izaten dituzten kalte eta arrisku berberak nozitu behar izaten dituztela aldi berean, eta, beraz, maiz askotan errealitate izugarri hori ezkutu samarrean gelditzen den arren, haiek ere indarkeria krudel horren biktima “zuzenak” izaten direnez, gisa horretako kasuetan, epaileek berek ezarri beharko dituztela haur eta gazteen zaintza-, bisita- eta heziketa-erregimenaren gaineko muga guztiak, adingabeen interesak babestea helburu gorentzat hartuta.
Dena dela, bi erreforma-proposamenak adingabeen mesedetan egin badira ere, komeni da praktikan zenbait kontu ondo gogoan hartzea, haiek aplikatzen hasita sor litezkeen kontraesan eta zentzugabekeriak itzuriko badira. Izan ere, oso litekeena da okerrak konpontzen hasi eta haurren bizimodu, osasun eta ongizatearen kaltetan jokatzea.
Aurren-aurrenik, oso kontuan hartu behar dugu kasu askotan zaintza partekatuak ekarri ohi dituen liskar eta gatazkak estu-estu lotuta egoten direla genero-indarkeriarekin, eta horrek ondorio larriak ekarri ohi dituela. Gure praktika profesionalean egunero-egunero egiaztatzen dugu emakume askok ez dutela beren aurkako genero-indarkeria salatzen eta egoera horrretan jarraitzen dutela, eta, are, batzuetan indarkeriak gora ere egiten duela, baita beren bikotekideengandik bereizi ondoren ere. Sarritan beren aurkako mehatxu eta erasoek etenik izaten ez dutenez, emakume asko beldurrez bizi dira, bai haien erasotzaileak zer edo zer egingo dietelakoan, bai, elkarrekin bakarka daudela, aitek seme-alabei min egingo dietelakoan. Horrez gainera, biktima askok ezkutuan gordetzen dute beren aurka bikotekideek edo bikotekide ohiek eginiko eraso asko eta asko, eta, maiz askotan, gainera, seme-alabak zaintzeko gai ez direla ere entzun behar izaten dute zenbait profesionalen aldetik (gizarte-langile, epaitegietako aditu...). Batzuetan, gizarte-zerbitzuek nahiz epaitegietako zerbitzuek ez dute behar bezala jokatzen (eta, alde horretatik, esate baterako, sarritan bitartekari batengana bidaltzen dituzte emakumeak, bi aldeen arteko desoreka guztiz nabarmena den arren). Zenbaitetan, gainera, beren aurka erasoren bat pairatu behar izan duten emakumeek behartuta sinatu behar izan dute beren seme-alabentzat batere aproposa ez zen akordio edo hitzarmenen bat, haien gaineko zaintza betiko galtzeko beldurrez, edo epaileak seme-alabak aitari emango zizkielakoan.
Bistan denez, erasotzaileen konplize modura jokatzen dute zenbaitetan psikologia eta justizia patriarkalak.
Genero-indarkeria eta haurren aurkako tratu txarrak aldi berean jazotzen direla ere garbi gelditu da azken urteotan: gurasoen artean seme-alaben zaintza lortzeko zenbat eta tirabira gehiago sortu, orduan eta arrisku handiagoa izaten dute haurrek indarkeriazko egoeraren bat pairatzeko, indarkeriaren biktima izateko, beren gurasoetako baten aldetik tratu txarrak jasotzeko. Badirudi, adin txikikoen edo indarkeria pairatu behar izaten duten emakumeen segurtasuna bermatu beharrean, politikariek, legeak egiten dituztenean, helduen interesak lehenesten dituztela. Legelari, politikari eta legegileek gurasoen erantzukizun, eskubide eta berdintasunari buruzko erretolikak baztertu beharko lituzkete, eta horren ordez, ondo kontuan hartu beharko lukete ea gurasoek, elkarrengandik banandu aurretik eta banandu ondoren, beren seme-alabak behar bezala zaintzen dituzten, haurren segurtasun, premia eta eskubideak aintzat harturik. Beste edozeren gainetik, adin txikiko haurren segurtasun-premiak lehenetsi eta bermatu behar dira.
Salaketarik ezean, familia barruko indarkeria-egoerak oso gutxitan heltzen dira familia-arloko epaitegietara. Seme-alaben zaintza lortzeko auziak oso korapilatsuak izaten dira, eta gehienetan oso luze jotzen dutenez, sarritan auzibide horiek izaten dira haurren aurkako tratu txarren bide nagusia, eta sistema legal eta judizialak, gainera, zuritu egiten ditu tratu txarrok, ez baita gai izaten ez haien arduradunak agerian uzteko, ez biktima zaurgarrienak babesteko. Horregatik, hain zuzen, zuhur jokatu eta arretaz aztertu behar dira haurrekin lotutako araudi guzti-guztiak. Kontua da, gainera, auzi hau gizarte-arazo bat dela, osasun publikoari dagokion arazo bat, eta beharrezkoa dela, horrenbestez, auzia testuinguruan jarri eta tartean diren alderdi eta eragile guztien zeregina behar bezala aztertzea, gizartean gizon-emakumeen arteko desberdintasunak eta sistema patriarkala bera oinarri dituzten botere-harremanak taxuz ikertuko baditugu. Izan ere, gizartean erro-errotuta dauden botere-harreman horien ondorioz, emakume eta adin txikiko haurren bizitza eta osasuna kolokan jartzen dira etengabe, baita bikotekideen arteko harremana hautsi ostean ere.
Hemen aurkeztu ditugun oharron xedea genero-indarkeriaren konplexutasuna nabarmentzea zen, biktimek nozitu behar izaten dituzten arrisku ugariak azpimarratzea, eta, horrekin batera, botere publikoek arau eta lege egokiak egin eta betearazi behar dituztela ohartaraztea, emakumeen aurkako indarkeriaren fenomeno horri zorrotz eta modu koherentean erantzun eta aurre egiteko.
“Aurren-aurrenik, oso kontuan hartu behar dugu kasu askotan zaintza partekatuak ekarri ohi dituen liskar eta gatazkak estu-estu lotuta egoten direla genero-indarkeriarekin, eta horrek ondorio larriak ekartzen dizkiela adingabeei”
“Sarritan beren aurkako mehatxu eta erasoek etenik izaten ez dutenez, emakume asko beldurrez bizi dira, bai haien erasotzaileak zer edo zer egingo dietelakoan, bai, elkarrekin bakarka daudela, aitek seme-alabei min egingo dietelakoan”
“Legelari, politikari eta legegileek gurasoen erantzukizun, eskubide eta berdintasunari buruzko erretolikak baztertu beharko lituzkete, eta, horren ordez, ondo kontuan hartu beharko lukete ea gurasoek, elkarrengandik banandu aurretik eta banandu ondoren, beren seme-alabak behar bezala zaintzen dituzten, haurren segurtasun, premia eta eskubideak aintzat harturik”
“Desberdintasunak eta sistema patriarkala oinarri dituzten gizon-emakumeen arteko botere-harremanen ondorioz, emakume eta adin txikiko haurren bizitza eta osasuna kolokan jartzen dira etengabe, baita bikotekideen arteko harremana hautsi ostean ere”