Aldundiaren logotipoa

Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Hizkuntzak

Logo del Observatorio

Buletina BGIB
2013ko Abendua | 31. Zenbakia


 GAIAK

Tratu txarrak ematen dituzten gizonak eta berauen aita-eginkizuna: arriskuak eta erronkak

Autoretza: Raúl Lizana Zamudio

Raúl Lizana Zamudio. Psikologoa. Psikopatologiako masterra eta psikoterapeuta aditua bikoteko genero-indarkeriaren arloan. Duela 18 urtetik hona profesionalen hezitzaile eta gainikuslea da alor horretan.

Egun, Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea da Haur eta Gazteen Psikopatologia Masterrean; halaber, bikoteko genero-indarkeriaren biktima diren neskatoen eta mutikoen arloa hamar urtean baino gehiagoan ikertzen jarduten du, gai hori ikuspegi terapeutikotik begiratuta.

Gaien Irudiak

Azken urteotan, bikotekideen artean gertatzen den genero-indarkeriaren beste biktima batzuk ere badirela ohartu gara: egoera hori jasaten duten seme-alabak.

Testuinguru horretan, beren bikotekideei tratu txarrak ematen dizkieten gizonen aita-eginkizuna edo rola gutxitan begiratu eta aztertu izan da. Egia esan, gaur egun badakigu gizon batek emakume bati (ama bati) tratu txarrak ematen dizkionean, semea edo alaba izutu egiten dela eta oinaze eta min (trauma) handia jasaten duela. Atsekabe horrek hainbat eta hainbat ondore ekartzen dizkie seme-alabei. Horrela, ume txiki batzuek maizetan arazoak dituztela ikusten dugu, bai arlo afektiboan (herstura, depresio-sintomak, trauma-ondoko estresa eta abar) eta bai gizarte-arloan ere (isolamendua, gizarte-gaitzespena, loturei eusteko arazoak eta abar). Ezagumen eta ikaskuntza alorretan ere ikusten dugu umeok arazoak izaten dituztela sarri askotan ezagumen-trebetasunak garatzeko, edota problema ugari izaten dituztela arreta, kontzentrazio eta ikaskuntza arloetan. Era berean, sinesteei eta baloreei dagokienez ere, abusuzko ideia sexistak sortuko dira, eta ideia horiek baliozkotzat joko dira munduari begiratzerakoan; gainera, ideia horiekin batera segurtasun-faltaren sentsazio izugarria izan ohi da. Osasun fisikoak ere kalteak jasoko ditu, nerbio-sistema desorekatu egiten baita (etengabeko alerta-egoera) eta sintoma psikosomatikoak agertzen baitira (askotariko minak).

Egoera kezkagarri horrek argi erakusten digu oso arriskutsua dela tratu txarrak ematen dituen aitaren figura. Hala ere, arazoa sakonkiro aztertzen badugu oraindik ere haur horientzat arriskugarriak diren elementu gehiago aurkituko ditugu, eta elementu horiek indarkeria jasan hutsa baino askozaz zuzenekoagoak dira. Tratu txarrak maizetan ematen dituzten gizonek umeak amaren kontra jartzen ahalegintzen dira, eta haurrei nahasmendu handia sorrarazten diete; umeak berekin bat egiteko manipulatzen dituzte, haurrek ere amari tratu txarrak eman diezazkioten (eta are, umeek ama zelatatuz ere). Aitak indarkeriazko gertaera bat nahita ikustera behartu ditzake umeak, edota zigortu egin ditzake (modu psikologikoan edo fisikoan), emakumearenganako errepresalia gisa eta familia osoarenganako kontrolari euste aldera. Aita horien % 50ak tratu txar fisikoak emango dizkie seme-alabei, eta % 4-10ak bortxatu egiten ditu sexu-arloan.

Zenbait aldiz, amek, beren adoreari eta jasotzen duten laguntzari esker, tratu txarren emailearekiko banaketa (aldi baterakoa edo behin betikoa) ezartzea lortzen dute, seme-alabak haren eraginpetik babesteko. Dena den, tratu txarrak ematen dituzten gizonen jazarpena ez da amaitzen. Aita-rola ganoraz egikaritzeko gai ez badira ere, bisitak ematen zaizkie. Bisita horietan, umeek zenbait arrisku-egoera jasaten dituzte, eta horrek larriagotu egiten ditu ordura arteko sintomak, trauma sakonkiago iraunaraztea eragiteaz gain. Besteak beste, amaren gaineko kritikak, irainak, akusazioak eta mehatxuak entzun behar izaten dituzte. Bisitaldi horietan, aita horiek hazkuntza arduragabe, autoritario, zurrun eta zabarra ematen diete beren seme-alabei, eta ez dizkiete behar dituzten zainketa egokiak ematen, halako moldez non haurrak beti egoten baitira aitaren ikaraz eta beldurrez. Halako kasuetan, erraz agertzen dira tratu txar fisikoak, psikologikoak edo/eta sexualak, eta are, umeek aitaren bikotekide berriarekin indarkeria-gertaerak ikusi ahal izatea ere gertatzen da sarritan. Horrek guztiak, noski, haurren trauma areagotzen du. Gauzak horrela, tratu txar horiek jasan beharrez eta (amaren) babesik gabe, maiz askotan ondokoa gertatzen dela ikus dezakegu: umeek beren bizitzan indarkeriazko rola ikastea eta errepikatzea. Rol hori, tamalez, helduaroan isla daiteke, eta bikotekidearekin izango diren harremanen arlora ere eroan daiteke. Egoera hori zeharo etsigarria da, eta ondorio logiko batera garamatza: tratu txarren emailea ezin daiteke aita ona izan.

Zorigaitzez, errealitate hori gorabehera, amek ezin dituzte aitenganako bisitaldiak murritzarazi; gainera, emakumeok ikusten dute aitek laguntza handia izaten dutela beren “guraso-eskubideak” zaintzeko. Amek umeak babestu egin behar direla behin eta berriro adierazi arren, tratu txarren emaileek esaten dute mutikoak eta neskatoak balizko “Guraso-Alienazioaren Sindrome” —GAS1— faltsuaren (edo antzeko egoeraren baten) eraginpean daudela. Sarri askotan, argudio hori ematen da amak ‘nakar’ agertzen direla adierazteko, eta horrela, tratu txarrak ematen dituen aitari arrazoia emateko. Larriena da ezen, halako argudioak, tratu txar emaileek eragindako kalteen berri ez dakitenek mahai gainean jartzen dituztenak, aita horiei jagoletza partekatua emateko aukera ere kontuan hartzeko baliatzen direla, eta hori geroz eta maizago gertatzen da, batik bat estatu espainiarreko lurralde ezberdinetan arautuberri den legeria aplikatuz gero.

Argi eduki behar dugu kalte eta arrisku handiak dakartzala, berez, umeek tratu txarrak ematen dituzten gizonekin harremanak izateak, eta hori bezain argi eduki behar dugu haurrok babestu egin behar ditugula. Badakigu, jakin, gurasoek eta seme-alabek harreman seguruak izateko gurasoek prozesu terapeutiko sendoan murgildu behar dutena, beren jokabidea zehatz-mehatz aztertze aldera. Horri esker, aita batzuek uko egin diezaiokete beren harreman afektiboetan tratu txarrak erabiltzeari, eta hainbestez, eragindako kalteak konpontzeko bidea izan daiteke hori, aldi berean. Gizarte honetako kide legez, betebeharra dugu guraso horiei prozesu hori gauzatu dezatela eskatzea, haurrak babesten ditugula bermatzeko. Osterantzean, bete beharra dugu, baita, seme-alaba horiek harreman mingarri horietatik gordetzea ere. Horretarako, gure gizartea eta gure erakundeek ere hausnarketa-prozesua jorratu behar dute, gizon horiek haurrengan eragiten dituzten kalteez jabetzeko eta tratu txar horiek irauteko erraztasunak (bisitaldiak, jagoletzak eta abar) inoiz ere ez emateko.

Testu honetan azaltzen diren ideia batzuek horretarako balioko al dute.

Gehiago jakiteko:

“A mí también me duele. Niños y niñas víctimas de la violencia de género en la pareja”. Gedisa Ed. www.raullizana.com

 
 


1 Termino horrek neskatoei eta mutikoei amak, ustez, “burua jan” egin diela ulertarazten du. Ideia hori zalantzan jarri dute psikologiaren arloko zenbait profesionalek, uste baitute G.A.S. hori asmakari azientifiko bat dela, haurrenganako sexu-abusuak eta beste tratu txar batzuk mozorrotzeko erabiltzen dena. Psikiatriako Mundu Elkarteak, Amerikako Medikuntza Elkarteak, Osasunaren Mundu Erakundeak eta Amerikako Psikiatria Elkarteak -adimen-nahasmenduak diagnostikatzeko esku-liburu estatistikoa argitaratzen duenak- adierazi dutenez, G.A.S. sindromea ez da ez kontzeptu medikoa ez klinikoa, eta horrenbestez, mundu mailan diagnostiko psikopatologiko profesionala kategorizatzen duten bi erakunde nagusiek (CIE-10ek eta DSMk), egunera arte behintzat, gaitzetsi egin dute sindromeen zerrendaren barruan sartzea. Hainbestez, hagitz garrantzizkoa da kontzeptu horrekin ez nahastea, bai eta hori ez onartzea ere familiekin lan profesionala burutzen ari garenean.

“Tratu txarrak ematen dituzten gizonen jazarpena ez da amaitzen. Aita-rola ganoraz egikaritzeko gai ez badira ere, bisitak ematen zaizkie”

“Bisitaldi horietan, aita horiek hazkuntza arduragabe, autoritario, zurrun eta zabarra ematen diete beren seme-alabei, eta ez dizkiete behar dituzten zainketa egokiak ematen, halako moldez non haurrak beti egoten baitira aitaren ikaraz eta beldurrez”

“Amek umeak babestu egin behar direla behin eta berriro adierazi arren, tratu txarren emaileek esaten dute mutikoak eta neskatoak balizko “Guraso-Alienazioaren Sindrome” —GAS— faltsuaren eraginpean daudela”

“Gurasoek eta seme-alabek harreman seguruak izateko gurasoek prozesu terapeutiko sendoan murgildu behar dutena, beren jokabidea zehatz-mehatz aztertze aldera”

Subir
Hasierako horrialdera itzuli


Buletinari gai berriak gehitzeko.
Buletin elektroniko hau gure datu-basean zaudelako jasotzen duzu.
Ez baduzu berriro jasotzea,

Copyright © 2005. BIZKAIKO GENERO INDARKERIAREN BEHATOKIA.