Aldundiaren logotipoa

Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Hizkuntzak


logotipo Observatorio Violencia de Género en Bizkaia logotipo Diputación Foral de Bizkaia logotipo Diputación Foral de Bizkaia logotipo Diputación Foral de Bizkaia
BGIB BULETINA 46. zk., 2017 abendua
 
 
HASIERA BEHATOKIA TRESNAK SAREAN KONTUAN HARTU
 gaiak
Genero indarkeriaren inguruko estatu ituna. Bizkaiko genero-indarkeriaren arloko fiskal eskuorde Laura Hernándezi elkarrizketa

2016ko azaroan, Kongresuak legez besteko proposamen bat onartu zuen, Berdintasun Batzordearen barruan azpibatzorde bat sortzeko, genero-indarkeriaren aurkako estatu-itun bat lortze aldera
Azpibatzorde horretan, hainbat arlo profesional, instituzional eta sozialetako 66 adituren gogoetak eta gomendioak jaso ziren. Itunean 1.000 milioi euroko aurrekontu-sail bat onartu da, 2022. urtera arte, bai eta autonomia-erkidegoetara eta toki-erakundeetara bideratuko diren urteko aurrekontu-sailak ere.
Uztailaren 28an, ituna abian jartzeko, gai horren ikuspegiari, diagnostikoari, neurriei eta ekarpen indibidualei buruzko abiapuntu-dokumentua onartu zen, gehiengoz. 2017ko abuztuaren 3an, Gorte Nagusietako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Markatutako jarduera-ardatzak hurrengo koadroan adierazten dira:

 
  1. Sentsibilizazioa eta prebentzioa.   
  2. Erantzun instituzionala hobetzea.   
  3. Biktimentzako arreta, laguntza eta babesa hobetzea.
  4. Adingabeak artatzea eta babestea.
  5. Esku hartzen duten eragile guztien prestakuntza bultzatzea.   
  6. Estatistiken jarraipena egitea.   
  7. Administrazio publikoentzako eta beste erakunde batzuentzako gomendioak.
  8. Emakumeen aurkako beste indarkeria mota batzuk artatzea eta agerian jartzea.
  9. Konpromiso ekonomikoa.   
  10. Itunaren jarraipena egitea.
 

 “Erantzun instituzionala hobetzea” eta “Biktimentzako arreta, laguntza eta babesa hobetzea” ataletan, 35 neurri espezifiko jaso dira Justiziaren esparrurako, bai eta beste 12 ere gainerako jarduera-ardatzetan, horiek ere esparru judizialari lotuak.

Gai horiei buruz galdetu diogu Laura Francisca Hernández Cordero andreari. Izan ere, Bizkaiko Genero Indarkeriaren arloko fiskal eskuordea denez, ondo daki zer egoerari aurre egin behar dion Fiskaltzak arlo horretan.

Zure esperientziaren arabera, zein dira Fiskaltzak genero-indarkeriako egoeretan arreta egokiena emateko dituen arazo nagusiak?

Gehienetan gertatzen den bezala, giza baliabiderik eta baliabide materialik eza da arazo nagusia. Giza baliabideei dagokienez, gertatzen ari dena da epaitegi espezializatuak gero eta ardura gehiago hartzen ari direla beren gain. Esate baterako, 2015ean azken lege-erreforma egin zenez geroztik, emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegien eskumenekoa da, batetik, bai kondena bai kautela-neurriak hautsi izanagatiko delituen berri izatea, besteak beste, baina horrek ez du ekarri ez epaitegi-kopurua handitzea ez fiskal gehiago egotea ere, eta, beraz, epaitegiak gainezka daude eta indarkeria-gaietarako fiskalek ere lan-karga handiagoa dute, eta, gainera, Fiskaltzan ere ez da handitu indarkeria-gaietara esleitutako funtzionarioen kopurua ere –bi bakarrik Bizkaiko Fiskaltza Probintzialean–, eta argi dago ez direla nahikoa Bizkai osoan –Barakaldoko eta Balmasedako barruti judizialetan izan ezik– indarkeriarekin lotutako prozesu guztiak erregistratzeko. Eta arazo horrek gora egingo du nabarmen, baldin eta, estatu-itunean jasotzen den bezala, indarkeriaren arloko epaitegien eskumenekoak diren delituek gora egiten badute. 


Eta baliabide materialei dagokienez, gure erkidegoan ditugun baliabideengatik zorionekoak garela esan badezakegu ere, indarkeriaren arloko epaitegietako instalazioek gabeziak dituzte oraindik, ez baitute indarkeriaren biktimak artatzeko beharko litzatekeen tamaina, batez ere adingabeak ere tartean daudenean, indarkeriaren arloko epaitegietan ez baitago haientzako moduko instalazio egokirik. Bilbon, zehazki, Fiskaltzaren beraren soilaru bereko gela batean egoten dira auzipetuak, deklaratzeko zain dauden bitartean.

 

Zenbaitetan, nolabait “babesik gabe” egon daitezke biktimak, “makineria judizialaren” beraren dinamikagatik

Itunean nabarmendutako neurrietako bat, Estatuko Fiskaltza Nagusiak gomendatua hori ere, arlo honekin zerikusia duten profesional guztien prestakuntza sustatzea da. Zein da egungo egoera?

Genero-indarkeriaren arloko profesionalen prestakuntza dela-eta, esan beharra dago Estatuko Fiskaltza Nagusiak, abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa indarrean sartu zenetik, urtero egiten duela prestakuntza-jarduera bat, “Emakumeen aurkako indarkeriaren arloan jarduten duten profesionalentzako jardunaldiak”, probintzia guztietan genero-indarkeriaren alorreko fiskal eskuordeentzat, eta barrutietako fiskalei nahiz Ceuta eta Melillako hiri autonomoetakoei ere zabaldua. Jardunaldi horietan, legea aplikatzeko zer arazo eta zailtasun dauden eztabaidatzen da, eta hortik urteko ondorioak ateratzen dira, fiskalek jarraitu beharreko ildoak adierazteko. Beraz, dagozkien fiskal eskuordeei eta fiskalburuei helarazten zaizkie, Fiskaltzako pertsonaleko kide guztien artean zabaldu ditzaten.

Urteroko mintegi horiez gain, Estatuko Fiskaltza Nagusiak genero-indarkeriaren alorrean egindako jarraibideak, kontsultak eta zirkularrak ere nabarmendu behar dira, bai eta Salako Fiskaltzak kasu jakinetan erabakitako ildoak ere.

 

Genero-indarkeriako kasuak auzipetu behar direnean, arazo handi batekin egiten dugu topo: biktimek (deklaratzeko) dispentsarako eskubideari heldu ahal izatea

Ituna garatzeko oinarrizko txostenean, hartutako zenbait neurri direla-eta, eta gai horretan esperientzia duten profesionalen ekarpenak direla-eta, ondorioztatzen da gaur egun biktimek aukera gutxi dutela prozesuetan parte hartzeko, hau da, delituaren lekuko gisa baino ez dutela jarduten. Zure ustez, garatu al daiteke neurririk eta jardunbiderik, Fiskaltzarekiko harremanetan presentzia eta parte-hartze handiagoa izan dezaten?

Bizkaian, eta iruditzen zait erkidego osoan ere berdin gertatzen dela, biktimak ez dira lekuko hutsak, zuzeneko parte-hartzea baitute prozesuan. Biktimak, salaketa jartzen duten unetik, genero-indarkerian espezializatutako abokatu batek artatzen ditu, eta haren bidez, prozesuaren nondik norako guztien berri izaten dute. Eta frogak egitea proposa eta eska dezakete, bai eta helegiteak jarri ere.

Era berean, Biktimaren Estatutua indarrean sartzearekin, hartu beharreko erabakiek biktimarengan eraginik badute, biktima jakinaren gainean jarri behar dela eskatzen du Fiskaltzak.

Aurrekoa alde batera utzita, eta lehen aipatutako gabezia horiek direla-eta, hain zuzen, egia da zenbaitetan nolabait “babesik gabe” egon daitezkeela biktimak, “makineria judizialaren” beraren dinamikagatik.

Duela gutxi onartu da genero-indarkeriaren eraginpean dauden adingabeak zuzeneko biktimatzat hartzea. Zer eragin eta inplikazio ditu horrek? Eta zer-nolako eragina du Fiskaltzak adingabe horiei eman beharreko babesean?

Fiskaltzak babes osoa eman die beti adingabeei, erakundea den aldetik beti jardun baitu adingabea babesten eta haren interes gorena kontuan hartuta. Horren arabera, emakumeen aurkako indarkeriako prozesu batean haurrak tartean direnean, neurriak hartu behar dira adingabearen interes goren hori bermatzeko; esate baterako, elkarguneetan bisitak zainduta egitea, horren beharra ikusiz gero, edo bisitak etetea. Eta adingabeen aurkako delituren bat egin izanaren zantzurik badago, kautelazko neurriak hartu behar dira, eta adingabeengana hurbiltzea eta haiekin komunikatzea debekatu. Horretarako, prozesuan esku hartzen da, defendatzaile judizial bat izendatuta, gurasoekiko interes gatazka egon daitekeenean.

Bestalde –eta lehendik ere hala jokatzen zen–, ahal dela, adingabeak prozesu judizialean zuzenean ez sartzen saiatzen gara. Horretarako, talde psikosozialeko kideen bitartez egiten dira deklarazioak, aurrez eratutako frogaren jarduna erabiliz. Froga horiek eratzeko, inplikatutako alde guztiek hartzen dute parte, baina adingabeek ez dute beren gurasoekin zuzeneko harremana izaten, aipatutako profesional horren bitartez egiten baita, eta horretarako egokitutako gela batean.

Gainera, arau orokor gisa, egoeraren batean tratu txarrak ohikoak direla ikusiz gero, Osoko Balorazio Forentseko Unitate batek familia-unitate osoa aztertzen du, egoera horrek familia-unitateko kide bakoitzarengan zer-nolako eragina duen zehaztu ahal izateko.

Itunean, legeak jasotzen dituen tipoetatik (bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aurkako indarkeria) harago joan eta genero-indarkeriaren kontzeptua beste tipo penal batzuetara zabalduko dela erabaki da, tartean direla sexu-indarkeria, sexu-jazarpena, emakumeen genitalen mutilazioa, emakumeen sexu-esplotaziorako salerosketa, behartuta ezkonaraztea, etab. Zer behar planteatzen dira Fiskaltzaren jardunaren inguruan, kasu horiei behar bezala erantzun ahal izateko?

Gaur egun legeak jasotzen dituen tipoetatik harago joan eta genero-indarkeriaren kontzeptua beste tipo penal batzuetara zabaltzeak berekin ekarri beharko luke, ezinbestean, giza baliabideak ere zabaldu behar izatea, denei behar bezala erantzun ahal izateko. Indarkeriaren alorreko epaitegiek beren gain funtzio gehiago hartzeak esan nahi du epaitegien kopurua handitu beharko litzatekeela, ezinbestean, eta, beraz, baita indarkeriaren arloari atxikitako fiskalen kopurua nahiz indarkeriaren arloko zerbitzuari atxikitako fiskaltzako funtzionarioen kopurua ere, eta horrekin batera, egin beharko litzatekeena ez da gainezka dagoen lan-karga hori berriro banatzea, baizik eta bi kasuetan pertsonaleko kideen kopurua handitzea.

 

Ahal dela, adingabeak prozesu judizialean zuzenean ez sartzen saiatzen gara

Amaitzeko, ba al dago genero-indarkeriari lotutako beste arazorik berrikusteke, Justizia Administrazioaren esparruan? Zein nabarmenduko zenuke?

Genero-indarkeriako kasuak auzipetu behar direnean, arazo handi batekin egiten dugu topo: biktimek (deklaratzeko) dispentsarako eskubideari heldu ahal izatea, Prozedura Zibilaren Legearen 416 artikuluan oinarrituta. Horrek ondorio bat dakar: batzuetan, biktimaren deklaraziorik ezean, ezin izaten da prozesuarekin aurrera egin, funtsezko froga baita hori. Arazo hori agerian jarri da estatu-ituna egiteko agerraldietan; besteak beste, genero-indarkeriaren arlorako sala-fiskal eskuorde Pilar Martín Nájeraren agerraldian, genero-indarkeriako kasuetan dispentsa hori aplikatzeko modua aldatzearen alde agertu baitzen.

 

 

Gaur egun legeak jasotzen dituen tipoetatik harago joan eta genero-indarkeriaren kontzeptua beste tipo penal batzuetara zabaltzeak berekin ekarriko luke, ezinbestean, giza baliabideak ere zabaldu behar izatea, denei behar bezala erantzun ahal izateko

Dokumentua, hemen eskuragarri
Genero-indarkeriaren alorrerako estatu-itun bat egiteko Berdintasun Batzordearen barruan sortutako azpibatzordearen txostena