Elkarrizketa María Naredo Molero andreari (Argituz Giza Eskubideen aldeko Elkartea)
María Naredo Molero andrea zuzenbidean lizentziatua da; hainbat urtez emakumeen eskubideen defentsako abokatu lanetan jardun eta gero, 1998. urteaz geroztik emakumeen eta giza eskubideen aurkako indarkeriari buruzko ikerketak egiten dihardu. 2003 eta 2006 artean Amnistia Internacional erakundearen “Emakumeen aurkako indarkeria gehiagorik ez” kanpaina koordinatu zuen Espainian.
2004. urtetik indarkeria matxistaren aurkako lege eta politika publikoak monitorizatzeko ikerketak eta txostenak egiten dihardu.
Argituz Elkarteko kidea da 2011. urtetik, eta “Genero-indarkeria atzean uzteko ibilbideetan sortutako beharrizanak, oztopoak eta jardun egokiak, Arabako landa-inguruneko emakumeen esperientzian oinarrituta” azterlana koordinatzen aritu da. Arabako Foru Aldundiak finantzatu du lan hori eta 2012an eman da argitara.
Hauek izan dira ikerketaren helburu behinenak: Arabako udalerri txikietan bizi diren emakumeek arretaren, babesaren eta justiziaren alorretan dituzten beharrizanak eta eskariak zehaztasun handiagoz jakitea, eta, ezkutuko indarkeria hobeto ulertuz, genero-indarkeria atzemateko mekanismoak hobetzea.
“Genero-indarkeria atzean uzteko ibilbideetan sortutako beharrizanak, oztopoak eta jardun egokiak, Arabako landa-inguruneko emakumeen esperientzian oinarrituta” azterlanerako elkarrizketatutako emakumeak bat datoz zaila dela indarkeriaren aurreko babes-neurriak eta norberaren intimitatea behar bezala uztartzea.
Genero-indarkeria gatazka publikoa dela jada onartuta, fenomenoa modu okerrean eremu pribatura mugatzen zenean bezain zorrotza da oraindik ere kontrol soziala?
Azterlanaren ondorioetako bat da elkarrizketatutako emakumeek (3.000 biztanletik beherako Arabako udalerrietan bizi diren 20 emakume) oztopo erantsi batzuk dituztela indarkeria matxista atzean uzteko. Indarkeria matxista oraindik ere ez da giza eskubideen urraketatzat hartzen. Indarkeria fisikoko kasu nabarmenenetan izan ezik, oraindik ere ohikoa da harreman intimoetako genero-indarkeria arazo pribatutzat hartzea; areago, “emakumeak” bikote-harremanean porrot egin izanaren adierazletzat hartzen da zenbaitetan. Ikuspegi horretatik, bizilagunen arteko harreman estuen ingurumaria, denek denen berri jakitea, besteek “esango dutenaren kezka” oztopo erantsi bihurtzen dira emakumeentzat indarkeria atzean uzteko eta laguntza eskatzeko.
Ikerketaren arabera hamabi oztopo daude indarkeria atzean uzteko: indarkeria batez ere psikologikoa pairatzen ari direla ez aitortzea, osasun-arretaren kalitatean dauden gorabeherak, koordinazio eskasa, pobretze ekonomikoa, harrera-zerbitzuak baliatzeko zailtasuna, polizien edo ordezkari judizialen tratu desegokia…
Tratu txarren eragileari zaion beldurra ez al da oztopotzat hartzen?
|
“Emakumeak indarkeriatik ateratzea atzera dezaketen faktoreen artean erabakigarriak dira, besteak beste, erruduntasun-sentipena edo indarkeriazko harremana normalizatzea”
|
Bai, hain zuzen zenbait emakumek indarkeria atzean uzteko oztopotzat jotzen dute bikote-harremana hautsiz gero edo erasoak salatuz gero erasotzaileak izan dezakeen erreakzioa. Zehazki, erasotzaileek emakumeak beren ondoan atxikitzeko eragiten dituzten hiru mehatxu-mota dokumentatu ditugu. Lehena, banaketa dela-eta emakumea kaltetuta atera daitekeela seme-alabekiko harremanean (umeen zaintza galtzeko beldurra). Bigarrena, banaketa edo salaketaren ondoren, indarkeria are handiagoa, eraso are gogorragoa jasateko beldurra, are baita haren eskuetan hiltzekoa ere. Eta, hirugarrenik, zenbait emakumek indarkeriazko harremanetik ateratzeko oztopotzat hartzen dute erasotzaileek beren buruaz beste egiteko mehatxua beteko ote duten beldurra.
Alabaina, azpimarratzekoa da beldurra, nahiz eta oztopo garrantzitsua izan, ez dela beste zenbait faktore bezain erabakigarria emakumeek indarkeria atzean uzteko erabakia atzeratzeko; badira arrazoi erabakigarriagoak, hala nola erruduntasuna edo indarkeriazko harremana normalizatzea.
13. ondorioaren harira (Biktimen seme-alaben eskubideak modu eraginkorrean babestea eta eskubide ekonomikoak bermatzea), dokumentuan honako hau gomendatzen da:
Epaitegiek jabetu egin beharko lukete arau-hauste horiek zer eragin duten emakume biktimengan eta haien seme-alabengan, eta neurri eraginkorragoak ezarri beharko lituzkete seme-alaben eskubideak babesteko eta erasotzaileek umeekiko dituzten betebeharrak derrigorrez betetzeko.
Alde horretatik, bikotekideen edo bikotekide ohien aurka indarkeria eragin dutenek erreferentziazko zer eginkizun izan dezakete beren seme-alaben bizitzan?
Nabarmena da generoko erasotzaile bat ezin dela erreferentzia ona izan seme-alabentzat. Azterlanean nabarmen geratzen da indarkeria matxistak min izugarria egiten diela familian indarkeria hori jasaten duten haurrei, eta kritikatu egiten da itxura batean erasotzaile eta, aldi berean, aita ona izan daitekeela premisatzat hartzen duen jardun judizial jakin hori. Era berean, egiaztatu dugu behin emakumeek indarkeriazko harremanari amaiera ematea erabakitzen dutelarik, zenbait erasotzailek geratzen zaien azken loturaren bidez eragiten dituztela bestelako indarkeriak; seme-alaben bidez, alegia.
|
“Jardun judizial jakin baten arabera, itxuraz, pertsona bat izan daiteke erasotzailea eta aita ona, aldi berean, eta azterlanean kritikatu egiten da jardun hori”
|
Esaten dugunean epaitegiek behartu egin beharko lituzketela erasotzaileak beren seme-alabekiko dituzten betebeharrak betetzera, mantenu-pentsioak ez ordaintzeaz ari gara, besteak beste; izan ere, indarkeria (ekonomiko) matxista eragiteko beste modu bat da hori. Elkarrizketatutako emakumeek jakinarazi digute pobretze-prozesuak jasan dituztela banaketaren ondoren. Gutxi batzuek baino ez dute jasotzen beren bikotekide ohien mantenu-pentsioa haurrak mantentzeko. Hori horrela izanik ere, dokumentatutako kasu guztietan nabarmentzekoa da epaitegien pasibotasuna urraketa horien aurrean. Itxura batean, gainera, mantenu-pentsioa ez ordaintzea ez da hartzen genero-indarkeriaren estrategia horren adierazpidetzat.
Sistema patriarkalean oinarritutako emakumeen aurkako tratu txarren aurrean, prebentzioa eta arreta osoa… dira funtsezkoak. Baina, bada goragoko mailarik, zer edo zer sakonagorik gizarteon eskuetatik kanpo?
|
“Argituz Elkarteak nazioarteko estandarrak baliatzen ditu Euskadin indarkeria matxistaren aurkako arauak eta politika publikoak aztertzeko”
|
Nire iritziz, funtsezkoa da definitzea zer ulertzen dugun indarkeria matxistaren prebentziotzat. Kontzientziazio-ekimenekin eta eskolatik hasitako hezkuntza-jarduerekin lotu ohi da kontzeptu hori, baina uste dut harago joan beharko genukeela. Elkarrizketatutako emakumeen kontakizunak entzunda, nabarmena da indarkeria matxistaren sustraiak eta indarkeria horrek gizarte patriarkaletan duen eginkizunaren erroak oso konplexuak direla. Elkarrizketatutako emakume gehienen arabera, eraso mota horiek normalizatzea izan da indarkeriatik ateratzeko oztopo nagusia, eta, beraz, horrek berak garbi asko adierazten du zeinen garrantzitsua den indarkeria matxistaren osagai sinbolikoa jorratzea. Gure gizarteen erronka da modu irmoan lan egitea, gure esku dauden baliabide guztiekin, azaleko geruzak ez ezik tipularen bihotza eraldatzeko. Eta horretarako, beharrezkoa da balio politikoak, ekonomikoak, sozialak, familia-ereduak eta maitasun-ereduak auzitan jartzea, horien bidez baitirau indarrean emakumeak zokoratzen dituen rol, espazio eta aukeren banaketa baztertzaileak.
Erabakiak hartzen diren foroetan giza eskubideak finkatze aldera Argituz elkarteak eginiko ekarpen eraginkorrak zein izan dira?
Giza eskubideen aldeko nazioarteko tresnen arabera, agintari publikoek indarkeria matxistaren aurkako arauak eta neurriak sustatu behar dituzte, eta, horrez gain, bermatu egin behar dute neurri eta arau horiek eraginkorrak direla emakumeen eskubideak egiaz babesteko. Gizarte zibileko elkarteen funtsezko zereginetako bat da erakunde publikoek “eskubideak egi bihurtzeko” duten betebeharra egiaz betetzen dutela zaintzea eta egiaztatzea.
Argituz Elkarteak, giza eskubideen aldeko erakundea den aldetik, nazioarteko estandarrak baliatzen ditu Euskadin indarkeria matxistaren aurkako arauak eta politika publikoak aztertzeko. Gainera, zaintza lan horretan funtsezkoa iruditzen zaigu indarkeria matxista jasan duten emakumeak “eskubideen titular” direla onartzea eta aitortzea. Eta haien ahotsak ispilutzat hartzea zer bideri jarraitu behar diogun zehaztasun osoz jakiteko eta, orobat, ezabatu beharreko jardun txarrak eta oztopoak identifikatzeko.
Agiria ikusteko:
“Genero-indarkeria atzean uzteko ibilbideetan sortutako beharrizanak, oztopoak eta jardun egokiak, Arabako landa-inguruneko emakumeen esperientzian oinarrituta”
|