Aldundiaren logotipoa

Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Hizkuntzak

Logo del Observatorio

Buletina BGIB
2013ko Martxoa | 28. Zenbakia


Hasiera  |   Gaiak  |   Behatokia   |   Tresnak  |   Sarean  |   Kontuan hartu

 BEHATOKIA 

Behatokiaren Irudiak Parte-hartzezko hiri-diagnostikoak: Elkarrizketa Ane Alonso Méndez andreari (Hiria Kolektiboa)

Bizkaiko Lurralde Historikoan genero-ikuspegia aintzat hartzen duten Hiri-diagnostikoak edota debekatutako hiriaren mapak dituzten tokiko erakundeei buruzko informazioa sartuko du Genero Indarkeriaren Behatokiak Genero-indarkeriaren arloko baliabideen mapa web-tresnan. Hala erabaki du Behatokiak 2013. urterako plangintzan.

Horren ondorioz, datuak biltzeko urteroko prozesuan horri buruzko galdera bat gehituko da Bizkaiko udalerri eta mankomunitateei bidali ohi zaien galdetegian.

Egokiera baliatuz, aldizkariak Ane Alonso HiriaKolektiboko kideari egindako elkarrizketa ekarri dugu hona. Alonsok parte-hartzezko hiri-diagnostikoen arloan egiten du lan eta horri buruz dihardu elkarrizketa honetan ere.

Ane Alonso andrea arkitektoa da Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoaren aldetik, eta HiriaKolektiboko ikerketa eta lantaldeko kidea, Amaia Albeniz andrearekin, Oihane Ruiz andrearekin eta Koldo Telleria jaunarekin batera. Hirigintzaren esparruan genero-ikuspegia aintzat hartzea eta parte-hartzezko tresnak diseinatzea da talde horren eginkizuna, modu horretara hirigintza herritar guztiengana gerturatzeko eta bereziki emakumeengana.

Gizonezkoek eta emakumezkoek hiriguneetan okupatzen dituzten eremuak.

Gizarteak aurrera egiten duen heinean duela gutxira arte nagusi izan diren topikoak ez dira hain modu argian berritzen. Hala ere, oraindik ezin dugu esan gizonezkoek eta emakumezkoek eremu berak erabiltzen ditugunik, ez eta baldintza beretan ere.

Zaintzarekin lotutako eremuak (ikastetxeetako atariak, jolastokiak, azokak, ekipamendu sanitarioak edo asistentziakoak) oraindik ere emakumeek betetzen dituzte gehienbat: emakumeak dira leku horietako langile eta erabiltzaile gehienak. Gizonezkoen presentzia, aldiz, nabarmenagoa da ordezkaritza, erakunde eta ekoizpenarekin loturiko eremuetan. Horietan, oraindik ere, indarrean da genero-rolen araberako banaketa.

Mugikortasuna da eremu publikoak erabiltzeko beste modu bat, eta horri loturik ere nabarmenak dira aldeak. Aski da autobus batera igotzea jabetzeko garraio publikoa erabiltzen duten gehienak emakumeak direla; eta, aldiz, autobus horretako leihotik begira jarriz gero, ohartuko gara ibilgailu pribatuetako gidari gehienak gizonezkoak direla.

Sexuaren arabera batzuek eta besteek egindako eskariak aintzat hartuta, gizonezkoek udalerriak hobetzeko ideiatzat ulertzen dutena eta emakumezkoek ulertzen dutena oso bestelakoa da eduki eta kopuru aldetik?

Emakumezkoen eskarien xedea da espazio publikoaren, hezkuntzako eta osasun zein asistentzia arloko ekipamenduen kalitatea hobetzea; azken batean, zaintzarekin loturiko eremuen kalitatea hobetzea. Baita garraio publikoarena ere, kontuan hartuta, gainera, funtsean beren ardurapean dauden kolektiboek erabiltzen dutela garraio publikoa: adingabeek eta helduek.

Gure proiektuetan batez ere emakumeekin eta generoaren ikuspegitik egiten dugu lan; hori dela eta, gizonezkoen eskariak ez ditugu hain identifikatuta. Gizon heldua, osasuntsua, motordun ibilgailuan dabilena, ekonomia-baliabideak dituena eta familia-ardurarik ez duena hartzen badugu aintzat, seguru asko bere eskarien xedea izango da ibilgailuaren erabilera erraztea, aparkatzeko eta lantokietara iristeko arazoak konpontzeko.

Parte-hartzezko hiri-diagnostikoak egiteko tailerrak ematen dituzuenean, HiriaKolektiboak bideratzen du herritarren eta tokiko administrazioko teknikarien ikuspegia, ala bi talde horiek dira ohiko beharrizanen aldean bestelako beharrak, behar osagarriak edo alternatiboak adierazten dituztenak (parametro hauetan biltzen diren beharrizanak: Irisgarritasuna, Mugikortasuna eta Mendekotasuna, Segurtasuna eta Emakumeen ordezkaritza hiriko arkitekturan eta ekipamenduan)?

Parte-hartzezko lan hori elkarrekikoa da beti: informazioa eta jakintza ematen diogu elkarri, guk haiei eta haiek guri.

HK-k jakintza teorikoa ematen du, genero-ikuspegiaren printzipio eta oinarriei buruzkoa, eta horiek hirigintzan nola aplikatu irakasten du, gizarte kontsumistak eragindako indibidualismoaren gainetik guztion ondasun kolektiboak babesteko kontzientzia zabalduz. Tresnak ematen ditu hirietako egoerak ikusarazteko, aztertzeko eta alderatzeko, eta, modu horretara, kritika eraikitzailea eginez udalerrietako egunerokoan hobekuntzak sustatzeko eta egiteko.

“Hainbat faktorek eragiten du ingurune bat (ez) segurutzat hautematea: lekua begiradaz kontrolatu ezinak, horri loturik ingurunearen beraren kokapenak eta diseinuak, jarraipen urbanorik ez izateak edota funtzio bakarreko espazioek”

Herritarrek eta teknikariek jakintza espezifikoa eta zehatza ematen dute, toki horien erabiltzaile diren aldetik eskuratutako esperientzian oinarrituta, baita beren iritzia eta balorazioa ere, lekuak beren beharrizan eta eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren aintzat hartuta. Prozesuan parte hartzen duten pertsonen ekarpen subjektiboei esker eta landa-lanari esker aukera dugu udalerrien diagnostiko zehatza egiteko, generoaren ikuspegitik nabarmentzekoak diren alderdiak aintzat hartuta: mugikortasuna, ekipamendu kolektiboak eta eremu publikoak, eta horiei loturik, beste bi alderdi: segurtasuna eta ordezkaritza sinbolikoa.

Segurtasuna. Zergatik daude (oraindik ere) paraje osasungaitzak, argiztatu gabeak, abandonatuak edo egoera txarrean, begiradaz kontrolatu ezin direnak…? Dirua, administrazioaren utzikeria, herritarren arduragabekeria… zein da horren arrazoia?

Hainbat faktorek eragiten du ingurune bat (ez) segurutzat hautematea: lekua begiradaz kontrolatu ezinak, horri loturik ingurunearen beraren kokapenak eta diseinuak, jarraipen urbanorik ez izateak edota funtzio bakarreko espazioak izateak (erabilera bakarrekoak ordutegi jakin batean: merkataritza-zentroak, industria-poligonoak, kirol-hiriak…). Ezaugarri horiek dituzten espazioak egotea diseinatzen dituzten talde profesionalen ardura da, baita horiek baimentzen dituen administrazioarena ere.

Itxurak, lekuaren egoerak ere eragin zuzena du segurtasun (ezaren) pertzepzioan. Horiek mantentzeko lana administrazioaren ardura da, baina, era berean, baita erabiltzen duten herritarrena ere, guztion esku baitago eremu publikoak modu egokian erabiltzea. Kasu bakan batzuetan, herritarrak edo talde jakin batzuk dira leku bat egoera txarrean egotearen erantzule.

Hainbat arrazoi direla medio irauten dute horrelako arazoek konpondu gabe: batzuetan horiek hobetzeko obren kostu ekonomikoa izaten da, bestetan administrazio batzuen eta besteen eskumen arazoa. Gaude, ordea, gehien-gehienetan borondate kontua dela. Leku baten funtzionamendua edo pertzepzioa konpontzeko edo hobetzeko aski da esku-hartze hori lehentasunen artean jartzea.

Era berean, ingurunea zehazteko eta kudeatzeko lanetan herritarrak partaide egitea da bermerik onena. Parte-hartzezko prozesuek ardura handiagoa sortzen dute herritarren artean eremu publikoak erabiltzeko eta zaintzeko, eta kontzientzia kolektiboa sortzen dute, funtsezkoa gure herriak, auzoak eta inguruak geure sentitzeko, gureak direla eta zaindu egin behar ditugula ohartzeko.

Nola bideratu “Bizikidetasuna”, “komunitate bateko kide izatearen sentimendua” eta “genero-ikuspegia” nozioak hirian emakumeen bizi-baldintzak zuzentzeko?

Azken-azkenean hauek dira genero-ikuspegia aplikatzearen helburuak: leku bateko biztanleen bizi-kalitatea hobetzea eta gizarte-kohesioa lortzea, hiri-ingurunean bizikidetza hobea izateko.

“Generoaren ikuspegiak balioan jartzen du eguneroko bizimodua eta ugaltze-lana, ekoizpen-lanari ematen zaion gehiegizko balioaren aurrean”

Generoaren ikuspegiak balioan jartzen du eguneroko bizimodua eta ugaltze-lana, ekoizpen-lanari ematen zaion gehiegizko balioaren aurrean. Genero-ikuspegia aplikatzeko moduak ugari dira: “kapitala pilatzeaz” aritu ordez “giza kapitalaz” aritzea; lan (ordainduaz) jardun beharrean bizitzaz jardutea; autoa hiriaren erdigune hartu ordez pertsonak hartzea; “hiritar eredu” bakar baten ordez hiritar askotariko, anitz eta aldakorrez hitz egitea…  Modu horretara, hiri atseginagoak eta abegitsuagoak egingo ditugu, eta hiri horietan errazagoa izango da egunerokoan egiten ditugun eginkizunak egitea, beste pertsonekin (berdinekin eta desberdinekin) harremanak izatea, eta loturak sortzea, sareak ehuntzea, komunitatearekin identifikatzea, espazio publikoan elkarrekin bizitzea, gatazkak kudeatzen ikastea…

Identitate-sentimendua eta komunitateko kide izateko sentimendua indartsuak diren inguruneetan eta gizartearen kohesioa nabarmena den tokietan, bizimodua askoz errazagoa eta atseginagoa da guztientzat, bizitzaren etapa guztietan.

Bizkaiko Lurralde Historikoan genero-ikuspegia aintzat hartzen duen Hiri-diagnostikoa edota Hiri debekatuaren mapa duten udalerriak eta mankomunitateak



Igo
Hasierako horrialdera itzuli


Buletin elektroniko hau gure datu-basean zaudelako jasotzen duzu.
Ez baduzu berriro jasotzea, .

Copyright © 2005. BIZKAIKO GENERO INDARKERIAREN BEHATOKIA.