Berriak

2024(e)ko urtarrilakren 16(a) 13:30

Aldundiak Bizkaiko udalerriak bildu ditu larrialdiei eta babes zibilari buruzko topaketen ziklo batean

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Gaur Basaurin egin den lehen bileraren ondoren, urtarrilean beste batzuk egingo dira, Portugaleten eta Markina-Xemeinen. 35 udalerrik baieztatu dute hiru barne-mailako topaketetariko batean parte hartuko dutela. Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ere parte hartuko du. Prestakuntza-topaketa horien bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak udalerriek larrialdi-egoeren aurrean eman beharreko erantzuna indartu nahi du, eta babes zibilaren kudeaketa hobetu, egoera kritikoei eraginkortasunez aurre egiteko tresnei buruzko ezagutzak emanez.

Lehen bilera gaur izan da Basauriko Udaletxean.

Bizkaiko Foru Aldundiko Larrialdien Zuzendaritza Nagusiak hiru topaketa antolatu ditu lurraldeko alkateentzat, babes zibilaren kudeaketarekin lotutako erantzukizunei heltzeko. «Udalerriak, larrialdiak eta babes zibila. Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman duen lekua» izenburupean, saio horien helburua da udaletako arduradunak ahalduntzea, eta, horretarako, eremu erabakigarri horretan legez dituzten ahalmenei eta erantzukizunei buruzko ezagutza zehatzak eskainiko zaizkie, pertsonen bizitza, bitartekoak eta ingurumena arriskuan jar dezaketen larrialdi-egoerei eraginkortasunez aurre egin ahal izan diezaieten.

Babes zibila eraginkortasunez kudeatzeko, zehatz-mehatz ezagutu behar da zer eskumen dagokion erakunde bakoitzari, bereziki eremu hauetan: udalerriak, lurraldea eta autonomia-erkidegoa. Zeregin horren konplexutasunaz jabetuta, Foru Aldundiak prestakuntza-ekintza hau antolatu du, eta gai hauek landuko dira: legeria, erakundeen eskumenak eta udalerriei Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman dagozkien eginkizunak. Ezusteko egoeretarako prestatuta egotearen garrantzia nabarmenduko da.

Prestakuntza-saioak Basaurin, Portugaleten eta Markina-Xemeinen

Udalerrietako ordezkarien parte-hartzea errazteko, Foru Erakundeak hiru topaketa antolatu ditu hiru egun eta kokalekutan. 35 udalerrik baieztatu dute haietakoren batean parte hartu dutela.

Basaurin egin da lehen saioa, gaur goizean, eta bertan izan dira herri horretako udaleko arduradunak, bai eta Arantzazu, Etxebarri, Derio, Larrabetzu eta Ugao-Miraballesko arduradunak ere.

Hurrengo deialdiak hauek dira: urtarrilaren 23an, Portugaleten, eta urtarrilaren 30ean, Markina-Xemeinen.