Berriak

2023(e)ko abenduakren 14(a) 12:15

Aldundiak hiru milioi euro erabiliko ditu 2024an Bizkaiko udalerri txikien azpiegiturak finantzatzeko

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Laguntza hauen oinarri arautzaileak ezartzeko Gobernu Kontseiluak onetsi duen foru dekretua datorren urtarrilaren 1ean ipiniko da indarrean. 7.500 biztanle edo gutxiago dauden udalerriek eskatu ahal izango dute laguntza. Udalek 2024ko otsailaren 16ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak.

Leixuri Arrizabalaga eta Arantza Atutxa, prentsaurrekoan

Bizkaiko Foru Aldundiak hiru milioi euro erabiliko ditu 2024an biztanle gutxien dauden Bizkaiko udalerrietako azpiegituretako inbertsioak finantzatzeko. Gobernu Kontseiluak laguntza-deialdi honen oinarriak ezartzen dituen foru dekretua onetsi du. Horren arabera, laguntza eskatu ahal izango dute 7.500 biztanle edo gutxiago dauden udalerriek honako obra hauek egiteko, besteak beste: eraikinak berriztatu; espazioak oinezkoentzako moldatu; herriko bideak eta aparkaleku publikoak egin eta zolatu; ekipamendu publikoak edo hornidurako azpiegiturak estali; irisgarritasuna hobetu.

Banaketa bi tartetan egingo da: bi milioi euro 1.200 biztanle edo gutxiagoko udalerrietako obrak finantzatzeko eta milioi bat euro 7.500 biztanle arteko gainerako udalerritarako. Lehenengo tarteko udalerriei gehienez 60.000 euroko aurrekontua onartuko zaie dirulaguntzarako eta gainerakoei 100.000 eurokoa.

Jarduera jasangarriak baino ez dira onartuko dirulaguntzarako, hain zuzen ere udalaren etorkizuneko egoera ekonomiko-finantzarioa arriskuan jartzen ez dutenak. Horregatik, laguntza eskatzen duten udalek dirulaguntza jasoko duen azpiegiturak hurrengo hiru urteetan eragin litzakeen gastu berrien finantzabideen justifikazioa aurkeztu beharko dute.

Laguntza eskatzeko epealdia foru dekretua indarrean ipintzen denean hasiko da, urtarrilaren 1ean, eta 2024ko otsailaren 16an amaituko da.

Dirulaguntza jasotzen duten jarduketek amaituta egon beharko dute 2024ko abenduaren 31rako.

Laguntza hauek toki erakundeei, batez ere txikienei, laguntzeko sortutako partida baten barruan daude. Bizkaian 7.500 biztanletik beherako 86 udalerri daude.


Bideoak