Berriak

2024(e)ko otsailakren 14(a) 14:15

Bizkaiko udalerriek 23,27 milioi euro gehiago jasoko dituzte Udalkutxatik eta Gizarte Zerbitzuen Udal Funtsetik

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Finantzetako Lurralde Kontseiluaren bilera gaur, arratsaldeko lehen orduetan, egin da; bilera horretan 2023ko ekitaldia ixteko behin betiko datuak eman dira eta urrian aurreratu ziren likidazio positiboko aurreikuspenak berretsi dira. Finantzetako Lurralde Kontseiluaren bileraren arabera Udalkutxa funtsaren likidazioa udalen aldeko 23,05 milioiko ordainketarekin egiten da, 1.024,01 milioi eurora iritsi arte, aurrekontuan ezarritakoa baino % 2,3 gehiago. Era berean, Gizarte Zerbitzuen funtsa likidatu da; likidazio hau 217.065 euroko ordainketa gehigarriarekin itxi da, 9,64 milioi eurora iritsiz.

Gaur egindako Finantzen Lurralde Kontseilua.

Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluak 2023ko ekitaldiari dagozkion Udalkutxa eta Gizarte Zerbitzuen Udal Finantzaketa foru-funtsak likidatu ditu; likidazio horien  batura 1.033,65 milioi euro izan da, hau da, hasierako aurreikuspenen aldean (1.010,38 milioi euro) udalen aldeko 23,27 milioi eurokoa. Behin betiko kopuruak hobetu egin ditu urrian Finantzetako Lurralde Kontseiluaren aurreko bileran ekitaldia ixteko egindako aurreikuspenak. Bilera hartan hasierako aurreikuspenarekiko 15,70 milioi euroko gehikuntza aurreikusi zen.

Horrela Bizkaiko 113 udalerriek 23.049.949 euroko aparteko zenbatekoa izango dute aurten Udalkutxa Udal Finantzaketarako Funtsaren likidaziotik, eta kopuru hori ekitaldi honetarako aurrekontuan sartutako 1.000.961.179 euroei gehituko zaie. Udalek 2024an izango duten gastu- eta inbertsio-ahalmen handiago hau Bizkaiko zerga itunduek 2023an izandako bilketaren datu onetatik dator; datu horiek Finantzen Euskal Kontseiluaren asteleheneko bileran egiaztatu ziren.

Gainera Bizkaiko udalerriek hasiera batean Gizarte Zerbitzuen Funtserako kalkulatutakoa (9.426.206 euro) baino  217.065 euro gehiago izango dituzte.

Aldi baterako kargak

Finantzetako Lurralde Kontseiluak 10.619.121,21 euroko gastua baimendu du, Bizkaiko kreditu- eta energia-erakundeen aldi baterako kargen emaitzan udalek duten partaidetzari dagokiona; munta hori 2023ko maiatzeko eta abenduko kupotik deskontu gisa jasotako zenbatekoaren % 39,66ri dagokio.  Partaidetza hau behin-behinekoa da, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiona erregularizatu ondoren likidatuko baita.

Udal-finantzaketa berrikustea

Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak,  Ager Izagirrek, bileran azaldu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak udal finantziazioa berrikusteko prozesuarekin jarraitzeko konpromisoa hartu du. Ondore horretarako beharrezko laguntza teknikoa kontratatzeko izapideak egiten ari dira. Era berean, EUDEL, Euskadiko Udalen Elkarteari Udal Finantzaketarako Batzorde Mistoan izango dituen ordezkariak izendatzeko eskatuko zaio eta, ildo beretik, baita arloen araberako ordezkari teknikoak izendatzeko ere.  Udal eta foru ordezkariak zehaztu ondoren, Batzorde Misto hori eta dagozkion batzorde teknikoak eratu eta abian jarriko dira.

Usansolo

Finantzetako Lurralde Kontseiluak lehen aldiz sartu du Usansolo udal-finantzaketarako foru-funtsei buruzko gaietan. Usansolo, udalerri moduan inskribatu zenetik, Bizkaiko Lurralde Historikoko 113. udalerria da. Ondorio guztietarako Bizkaiko udal-finantzaketaren sisteman sartu da, autonomia-printzipioari eta finantza-nahikotasunari jarraiki.

Finantzetako Lurralde Kontseiluari dagokionez

Finantzetako Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko partaidetza- eta koordinazio-organoa da eta bere zeregin nagusiak udal-finantzaketa banatzea eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia-, finantza- eta aurrekontu-jarduera koordinatzea dira.

Kontseiluak hamar kide ditu; horietako bost Bizkaiko Foru Aldundikoak dira: Ager Izagirre, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua eta, gaurko bileran, Kontseiluko burua; Amaia Antxustegi, Gizarte Ekintzako diputatua; Arantza Atutxa, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatua; Itxaso Berrojalbiz, Ogasun eta Finantzen diputatua; eta Gemma Martínez,  Ogasun eta Finantza Saileko Aholkularitza eta Zerga Politikako zuzendariordea. Horiei gehitu behar zaizkie Eudel, Euskadiko Udalen Elkartearen izenean parte hartzen duten bost kideak: Marta Ajuria,  Bilboko Udaleko zinegotzia;  Juan Carlos Abascal, Ermuko alkatea;  Mikel Urrutia, Abadiñoko alkatea;   Ainhoa Salterain, Amorebieta-Etxanoko alkatea, eta Garbiñe Sáinz de Buruaga,  Ispasterko alkatea.