Berriak

2026(e)ko azaroaren 09(a) 16:36

Bizkaiko Foru Aldundiak 99 milioi euro bideratuko ditu Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren 2027ko aurrekontura

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Aurrekontu horretan aurreikusten da tokiko erakundeei laguntzea, lurralde-kohesioa bultzatzeko, baliabideen erabilera arduratsu eta eraginkorra sustatzea eta foru-suhiltzaileen zerbitzuan inbertsio berriak egitea. Era berean, 43 milioi euro bideratuko dira Digitalizazio eta Herritarrenganako Laguntza programara, 100 bat plazako enplegu publikoko eskaintza batera eta metroaren Matiko-Irauregi 4. linearako eta Metro Bilbao modernizatzeko proiekturako lehen diru-izendapenetara.

Batzar Nagusiak

Ager Izagirre Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru-diputatuak agerraldia egin du Bizkaiko Batzar Nagusietan bere sailaren 2027rako aurrekontua aurkezteko. Aurten, 98,8 milioi euro jasoko dituzte, aurreko ekitaldian baino % 10,42 gehiago.

Izagirrek, bere hitz-hartzean, hurrengo ekitaldirako aurreikusitako partida eta jarduera nagusiak xehakatu ditu. Toki-erakundeentzako sostengua, zerbitzu publikoen modernizazioa eta herritarrenganako laguntza izango dituzte ardatz nagusiak. Aurrekontuan halaber sartzen dira Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko inbertsioak, herritarren parte-hartzea sustatzeko neurriak eta enplegu publikoarekin lotutako jarduerak. Orobat jasotzen dira bi mugikortasun-proiektutarako lehen diru-izendapenak eta maiatzeko foru-hauteskundeak antolatzeko behar diren baliabideak.

Udalerrientzako sostengua eta lurralde-kohesioa

Bizkaiko Foru Aldundiak 10,9 milioi euro bideratuko ditu BiscayTIK Fundaziora, zeinak toki-erakundeen modernizazioan lan egiten baitu, azpiegitura teknologikoak, administrazio elektronikoko soluzioak eta digitalizazio-prozesuak garatuz.

3,7 milioi euro jarriko dira toki-erakundeei aholkularitza emateko programan. Haietatik, 3 milioi 7.500 biztanle edo gutxiagoko udalerrientzako laguntzetara joango dira, eskumen lokaleko azpiegitura eta zerbitzu publikoetan inbertsioak egiteko. 2027tik aurrera, Urduñako toki-erakunde txikiek ere parte hartu ahal izango dute.

Beste 450.000 euro Herri Txiki, Aukera Handi eskualde-programara bideratuko dira. Programa horrek proiektuak abian dauzka Mungialdean, Busturialdean eta Lea-Artibain, eta datorren urtean eskualde berri batera hedatzea aurreikusten du.

Sailak, halaber, beste proiektu batzuk sustatzen jarraituko du, hala nola GovTech Bizkaia, zeina honako hauetan zentratzen baita: zerbitzu publikoei aplikatutako berrikuntza irekia, BiscayTIKek udalei ematen dizkien zerbitzuetako hobekuntzak eta aldundiaren, foru-entitateen eta toki-erakundeen zibersegurtasuna indartzeko jarduna.

Suhiltzaile-zerbitzua

Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak (PSSZ) 5 milioi euro jasoko ditu 2027an bere beharrizanak estaltzeko. 1,68 milioi bideratuko ditu hainbat inbertsiotara; besteak beste, zerbitzuaren parkeak hobetzera, energia berriztagarrien eta jasangarritasunaren planarekin jarraitzera eta norbera babesteko ekipamendu eta ekipoak erostera.

Digitalizazioa eta herritarrenganako laguntza

Digitalizazio eta Herritarreganako Laguntza programak 42,8 milioi euro jasoko ditu. Saila programa horretaz baliatzen da, foru-plan informatikoaren eta gobernamendu onaren eta gardentasunaren programekin batera, aldundiaren eta foru-erakundeen digitalizazioan aurrera egiteko, Lantik, Zugaztel eta BiscayTIK sozietate publikoen laguntzarekin.

Aurreikusitako jardueren artean honako hauek daude: estrategia digitaletik eratorritako proiektuak, herritarrentzako arreta omnikanaleko hobekuntzak, eta pertsonei eta enpresei zuzendutako babes eta sustapen digitaleko ekimenak.

Herritarrenganako laguntzaren arloan, 2027rako aurreikusita dago Gertu bulego berriak irekitzea Bilboko Done Bikendi plazan eta Getxon.

Herritarren parte-hartzea eta toki-erakundeekiko harremana

Sailak, Herritarren eta Gizarte Partaidetzaren Foru Plana gauzatzen jarraitze aldera, neurriak ezarriko ditu eztabaida-foroak bultzatzeko, besteak beste, eta tokiko erakundeei ume eta nerabeen kontseiluak abian jartzen laguntzeko.

400.000 euroko partida bat mantentzen da toki-erakundeentzako dirulaguntzetarako, herritarren eta gizartearen partaidetza-proiektuak prestatu daitezen jasangarritasunarekin, herritarrekiko harreman digitalekin eta partaidetza-organoak sortu edo hobetzearekin lotuta.

Gainera, 250.000 euro bideratuko dira Bizkaia Gara proiektura, zeina boluntariotza bidezko aktibazio sozialean zentratzen baita.

Enplegu publikoa eta mugikortasun-proiektuak

Aurrekontuak 100 bat plazako enplegu publikoko eskaintza baten deialdia aurreikusten du.

Era berean, 3,7 milioi euro bereizi dira maiatzeko foru-hauteskundeak antolatzeko, foru aldundiaren eskumena baita.

Mugikortasunaren arloan, kontuek diru-izendapenak jasotzen dituzte bi proiektu hauen hasiera-lanetarako: 1,7 milioi euro metroaren Matiko-Irauregi 4. linearako eta 1,4 milioi euro Metro Bilbao modernizatzeko proiekturako. 2.0.

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp