Berriak
2026(e)ko azaroaren 09(a) 14:01
73 miliotik gora euskara, kultura eta kirola Bizkaiko gizarte-kohesiorako tresna gisa indartzeko
Euskara, Kultura eta Kirol Saila
Kontuak lau arlotan banatzen dira: euskara, 8.932.000 eurorekin; kultura eta ondarea, 47.485.400 eurorekin; kirola, 11.538.000 eurorekin, eta zerbitzu orokorrak, 5.140.600 eurorekin
Aurrekontuen batzrodea
Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak gaur aurkeztu du, Bilbon, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan egindako batzordean, 2027rako aurrekontua, 73.096.000 eurokoa, aurreko urtean baino % 3,86 handiagoa.
Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak adierazi duenez, «euskaran, kulturan eta kirolean inbertitzea Bizkaiaren etorkizunean inbertitzea da». Eta gaineratu duenez, «ez dira hiru politika bereizi, baizik eta hiru tresna estrategiko Bizkaia kohesionatuagoa, aktiboagoa, inklusiboagoa eta bere identitatearekin konprometituagoa eraikitzeko».
Arloka, aurrekontua honela banatzen da: euskararako 8.932.000 euro; kultura eta ondarerako 47.485.400 euro; kirolerako 11.538.000 euro, eta zerbitzu orokorretarako, 5.140.600 euro.
Euskara publiko berriei hurbiltzea
Bizkaiko Foru Aldundiak Administrazioa euskalduntzearen aldeko apustuari eusten dio, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, baita eremu digitalean eta informazioaren, enpresaren eta aisialdiaren eremuetan euskararen erabilera bultzatzekoari ere.
Hainbat esparrutan gure hizkuntza erabiltzera bideratutako partiden artean, aisialdirako 3.824.000 euro eta ingurune digitalerako 940.000 euro daude. Zenbateko horiei 440.000 euro gehitzen zaizkie eremu sozioekonomikorako, 70.000 euro gazteen hizkuntza-erabilerarako eta 55.000 euro euskarak kirolean presentzia izan dezan. Administrazioaren eremuan, barneko euskara-planetarako 550.000 euro egongo dira.
Bestalde, toki-administrazioetako hizkuntza-planetarako eta administrazio horiek euskararen erabilera-foroetan parte hartzeko 894.000 euroko zuzkidura egongo da. Aurrekontuak, halaber, bizkaiera hainbat erakunderen bidez sustatzeko laguntzak jasotzen ditu, 447.000 euro guztira, eta euskaraz ekoizteko laguntzak, 110.000 euro.
Aurreikusitako proiektuen artean, gainera, «Zu ere euskaldun» dago, migratzaileei euskara hurbiltzera bideratua, eta, printzipioz, 30.000 euroko partida izango duena.
Kultura-sorkuntza eta ondarea bultzatzea
Kulturan eta ondarean, 47.485.400 euroko zuzkidura aurreikusten da, eta horren barruan, kultura-proiektuetarako, arte-sorkuntzarako, ondarearen kontserbaziorako eta museoetarako partidak daude. Zenbateko horretatik, 2.118.000 euro lurraldean egingo diren kultura-lankidetza eta -proiektuei dagozkie.
Arte-sorkuntzari dagokionez, bikaintasunerako laguntzek 670.222 euroko zuzkidura izango dute. Arte eszenikoak eta arte plastikoak sustatzeko partidak 235.000 eta 200.000 eurokoak izango dira, hurrenez hurren, eta tokiko talentuaren nazioartekotzerako, berriz, 325.000 euro egongo dira.
Ondarearen arloan, 2.665.000 euro aurreikusten dira industria-, arte-, arkeologia- edo etnografia-ondarerako eta Foru Agiritegirako. Arlo horretan, halaber, 1.511.000 euro ere badaude gizarte-hezkuntzako programetarako eta ekipamenduetarako.
Bizkaiko museoen sareak hartuko du arlo horretako beste partida bat, 24.715.000 euroko zuzkidura izango duena.
Kirol inklusiboagoa eta pluralagoa
Arrizabalagak adierazi zuen Bizkaiak Kirolur urtea ospatu duela, Kirolaren Europako Lurralde izendatu ondoren. Azaldu zuenez, ariketa honek, tartean sartutako eragile guztien eskutik garatutakoak, lurraldeko kirol-sarea indartu du, eta kirol-etorkizunaren oinarriak ezartzea ahalbidetuko du.
11.538.000 euroko zuzkidurarekin, 2027rako kirol-aurrekontuak aurreko urteko helburu orokorrei eusten die, pertsona guztientzako aukerak dituen kirol-sistema ireki bat helburutzat hartuta.
Kirolaren arloak 810.000 euro bideratuko ditu kirol-sisteman emakumeen presentzia aktiboa finantzatzera, eta 35.000 euro eremu horretan euskararen erabilera sustatzera. Teknikarien prestakuntza ere aurreikusten du, eta 150.000 euro baino gehiago kirol egokiturako.
Eskola Kirola programak apustu nagusietako bat izaten jarraituko du, 3.033.000 euroko partidarekin eta kirol-plazak eta -modalitateak handitzeko aurreikuspenarekin.
Zerbitzu orokorrak: 5,1 milioi euro
Azkenik, kontuek 5.140.600 euro gorde dituzte sailaren jarduerari euskarria ematen dioten zerbitzu orokorretarako. Partida honetan sartzen dira izapidetze administratiboa, kontrol juridiko eta ekonomikoa, langileen kudeaketa eta kontratazioa eta aplikazio informatikoak, Foru Plan Informatikoaren bidez.
este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp