2025(e)ko ekainakren 24(a) 13:00

Aldundiak indarkeria matxistaren biktimei ematen dien arreta hobetu nahi du ATE MOREA programaren bidez

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Inklusio Zuzendaritzaren zerbitzu berri horrek zuzeneko arreta eskainiko du uztailaren 15etik, aldez aurretik bideratu beharrik gabe, administrazio-prozesua errazagoa izan dadin. Talde profesional bat arduratuko da Bizkaia osoan arreta emateaz, oinarria Bilbon jarrita eta emakumea ardatz duen ikuspegiarekin, hainbat ordutegi eta hizkuntzatan. 2024an soilik, Bizkaiko foru zerbitzuek indarkeria matxistaren biktima diren 3.360 emakume artatu zituzten, eta horrek agerian uzten du arazoak bere horretan irauten duela, eta detekzioa eta arreta fase goiztiarretan indartu behar direla.

Laespada: "ATE MOREA tresnak aukera emango digu esku-hartzearen lehen urratsa indartzeko."

Bizkaiko Foru Aldundiak Ate Morea programa abiatuko du uztailaren 15ean. Baliabide berri horrek berehalako arreta profesionala emango die indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei. Babes-sistema publikorako lehen sarbide gisa sortu den zerbitzua da, eta ez du aldez aurreko izapiderik egin edota beste erakunde batzuetatik bideratu beharrik izango.

Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Saileko Gizarteratze Zuzendaritzak bultzatuta, Ate Moreak arreta espezializatua eskainiko du prozesuaren hasierako bertako faseetatik, bigarren mailako biktimizazioa murrizteko eta laguntza ziurra, hurbila eta enpatikoa bermatzeko.

Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasuneko foru diputatu Teresa Laespadak, Bizkaiko Batzar Nagusien Batzordearen aurrean hitz egin duenean, azpimarratu du garrantzitsua dela horrelako baliabide bat izatea emakume batek laguntza eskatzeko lehen urratsa ematen duenetik: ATE MOREA hasieratik laguntza profesionala ematen duen zerbitzua da, lehen unetik bertatik esku-hartze publikoaren erantzuna integralagoa, koordinatuagoa eta biktimen beharrekiko sentikorragoa izateko beharrak justifikatuta.

Laespadak argi utzi du, gainera, zerbitzuak zeregin estrategikoa duela, askotan konplexua den sistema batean ibiltzen laguntzeko: ATE MOREA funtsezko pieza da eta horrela aurkezten dugu. Baliabideen sistema konplexuan ibiltzea errazten duen kontaktu profesionalaren lehen puntu gisa dihardu. Ikuspegi profesionala duenez, arreta kualifikatua bermatzen du errekuperazio-prozesuaren etapa kritiko batean.

Eta, amaitzeko, lortu nahi den inpaktuaren ikuspegi argia eman du: ATE MOREA tresnak aukera emango digu esku-hartzearen lehen urratsa indartzeko, eta horrela ziurtatuko du emakume bakar bat ere ez dela bakarrik sentituko indarkeria matxista gainditzeko bide zailean. Horrez gain, bermatu egingo du guztiek eskuratuko dituztela beharrezko baliabide eta prestazio espezializatuak ahalik eta baldintza onenetan.

Zuzeneko arreta, baldintzarik eta betebeharrik gabe

Zerbitzurako sarbidea erabat librea eta zuzena izango da, eta ez da erroldatu, administrazioan erregularizatu edota aldez aurreko salaketarik egin beharrik egongo. Norberaren ekimenez aktibatu ahal izango da, edo honako zerbitzu hauetatik bideratuta: Osakidetza, Ertzaintza, Justizia, Hezkuntza, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak edo beste sistema publiko batzuk.

ATE MOREA indarkeria matxistako edozein egoeratan dauden 14 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago. Indarkeria jasan dutela oraindik erabat aitortu ez dutenek edo prozesu formalik hasi ez dutenek ere eskuratu ahal izango dute zerbitzua; horrela, lehenengo kontaktutik bertatik bermatuko da pertsona ardatza duen esku-hartzea dela.

Lantaldea esku-hartze psikosozialean eta juridikoan prestakuntza duten sei profesionalek osatuko dute, indarkeria matxistan eta krisi-egoeran arreta ematen espezializatuta daudenak. Bilbon izango dute oinarri operatiboa, baina emakume bakoitzarentzat egokiena den lekura hurbilduko dira, arreta pertsonalizatua bermatzeko.

Zerbitzu eskuragarria, hainbat ordutegi eta hizkuntzatan

Baliabideak ordutegi jarraituan funtzionatuko du, laguntza eskatzen duten emakumeen errealitatera egokitzeko diseinatuta baitago.

Zerbitzuak erabiltzaile guztien hizkuntza-sarbidea bermatuko du, eta arreta euskaraz, gaztelaniaz, zein beste hizkuntza batzuetan emateko egokitutako itzulpen-sistema profesionala egongo da. Horrela, emakume migratuei edo hizkuntza-oztopoak dituztenei arreta emango zaie, eta hizkuntza ez da izango laguntza eskatzeko oztopo.

Lau fasetan egituratutako eredua

Ate Morean egiten den esku-hartzeak lau fase progresibo ditu, emakume bakoitzaren erritmora eta inguruabarretara egokitzen direnak:

  • Hasierako harrera entzute aktiboan oinarritzen da, epairik adierazi edota baldintzarik jarri gabe.
  • Aurretiazko balorazio bat, premia larriak, balizko arriskuak edo lehentasunezko deribazioak identifikatzeko.
  • Laguntza emozionala, soziala eta juridikoa, bai krisi-egoeretan, bai izapideen edo prozesuen kudeaketan.
  • Jarraipen pertsonalizatua prozesua amaitu arte, emakumea bere kabuz jarraitzeko seguru sentitzen den arte bideratuta eta lagunduta.

Eredu horren helburua da emakumeak ahalduntzea, haien autoestimua indartzea eta emakumeei laguntzea, erritmorik eta erabakirik ezarri gabe, betiere haien ongizatea eta hautatzeko gaitasuna lehenetsiz.

Erakundeen arteko koordinazioa eta foru konpromisoa

Ate Morea Indarkeria matxistaren biktimei arreta hobea emateko erakundeen arteko III. akordioaren barruan dago, eta honako foru baliabide nagusi hauekin koordinatuta jardungo du: SATEVI, ESNATU, SFUS, BLZ, gizarte-zerbitzuak eta hirugarren sektoreko erakundeak.

2024an, Bizkaiko foru zerbitzuek indarkeria matxistaren biktima diren 3.360 emakume artatu zituzten, eta horrek agerian uzten du arazoaren garrantzia eta lehen faseetatik esku-hartzea indartzeko beharra.

Programa pilotu bat, etengabeko ebaluazioarekin eta foru finantzaketa osoarekin

Programa, hasiera batean, proiektu pilotu gisa ezarriko da, eta urte eta erdiko iraupena izango du, 2026ko abenduaren 31ra arte. Hiru hilean behin egingo dira ebaluazioak, eragina, irisgarritasuna, efikazia eta gainerako babes-sistemarekiko koordinazioa neurtzeko.

Zerbitzuak 350.000 euroko urteko aurrekontua du, eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen du osorik. Programaren webgune ofiziala garatzen ari da gaur egun, eta datozen asteetan aktibatuko dira zuzeneko harremanetarako kanalak.

Informazio gehiagorako: www.atemorea.org


Bideoak