Berriak
2026(e)ko abuztuakren 17(a) 10:30
Bizkaiak etxeTIC sendotu du etxean zaintzeko erreferentziazko laguntza-zerbitzu gisa, laguntza, orientazio eta segurtasun handiagoarekin
Gizarte Ekintzako Saila
Bizkaiko Foru Aldundiaren doako zerbitzuak laguntza ematen die mendekotasuna duten 3.304 pertsonari eta 3.116 zaintzaileri, banakako arretaren, jarraipenaren, prestakuntzaren eta laguntza malguen bidez.
etxeTIC zerbitzuaren erabiltzaileetako bat
Amaia Antxustegi: "etxeTIC zerbitzuan parte hartzen dutenek esaten digutena da garrantzitsuena: gehiago lagunduak, entzunak eta seguruago sentitzen direla"
Etxean zaintzeak babesa, orientazioa eta laguntza eskatzen ditu. Hori da erabiltzaileek, zaintzaileek eta familiek etxeTIC zerbitzuari aitortzen dioten ekarpena. Zerbitzu hori Bizkaiko Foru Aldundiaren doako zerbitzua da, mendekotasuna duten pertsonei etxean jarraitzen laguntzeko. Zerbitzuan parte hartzen dutenek euren eguneroko bizitzan zuzeneko eragina duten alderdi oso zehatzak nabarmentzen dituzte: norbaitek entzuten diela sentitzea, erreferentziazko profesional bat izatea, orientazioa jasotzea, laguntza malguak izatea eta Aldundia etxe bakoitzean sortzen diren premietatik gertu dagoela jakitea. Hurbiltasun horretatik, etxeTIC erreferentziazko baliabide gisa finkatu da mendekotasun-egoeran dauden pertsonei eta haien zaintzaileei laguntzeko, banakako arretaren, arreta prebentiboaren eta etxe bakoitzaren errealitateari lotutako laguntzaren bidez.
Bizkaiko Foru Aldundiak sortu du etxeTIC, eta Gizarte Ekintza Sailak kudeatzen du. Zerbitzu hori mendekotasuna duten adin guztietako pertsonei eta haien zaintzaileei zuzenduta dago. Helburua da laguntza behar dutenen eta zaintzen dutenen bizi-kalitatea hobetzea, erantzukidetasuna sustatzea, zaintzaileen gainkarga murriztea eta mendekotasuna duen pertsona egoitza batean ez sartzea edo sarrera hori atzeratzea pertsonak bere etxean jarraitu nahi badu.
Gaur egun, Bizkaian, etxeTIC zerbitzuak laguntza ematen die 3.304 erabiltzaileri (1.401 gizon eta 1.903 emakume) eta 3.116 zaintzaileri (999 gizon eta 2.117 emakume). Erabiltzaileen % 70 inguruk 65 urte baino gehiago baditu ere, zerbitzuak txikitatik ere artatzen ditu mendekotasun-egoeran dauden pertsonak, eta horrek erakusten du askotariko errealitate pertsonalak eta familiarrak daudela.
Bizkaian, etxeTIC sareak erreferentziazko zentroak ditu hainbat eskualde eta udalerritan, hala nola Bilbon, Etxebarrin, Zallan, Ondarroan, Ugao-Miraballesen, Leioan, Sestaon, Abanto-Zierbenan, Mungian eta Basaurin. Zentro horiek aukera ematen dute aurrez aurreko arreta eta laguntza telematikoa (etxetik) konbinatzeko, honako hauen bidez: laguntza-gailu teknologikoak (tabletak), plan pertsonalizatuak, zaintzaileentzako prestakuntza espezifikoak, historia pertsonala eta balioena lantzea, atseden-zerbitzuetara bideratzea eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako eta haien zaintzaileentzako laguntzen jarraipena egitea.
Teknologia zerbitzu horren parte da, eta hortik datoz TIC siglak, baina beti zaintzaren eta laguntzaren logikatik. Tabletak erabiltzaile bakoitzaren premien eta lehentasunen arabera konfiguratzen dira, eta aukera ematen dute laguntza sozial, fisiko, psikologiko eta teknologikoko programetara sartzeko, bai eta alderdi hauei buruzko informazio garrantzitsua biltzeko ere: errutinak, lehentasunak, bizi-historia, ohiturak edo pertsonari kezka eragiten dioten alderdiak. Informazio horrek laguntzen du etxe bakoitza hobeto ezagutzen eta pertsona bakoitzari egokitutako arreta ematen.
Balorazioak
Zerbitzuan parte hartzen duten pertsonen artean jasotako balorazioak bereziki positiboak dira zerbitzuaren laguntzak, jarduera egokituak, atsedenerako programak, teknologia edo adingabe eta gazteentzako proposamen espezifikoak modu aktiboagoan erabiltzen dituztenen artean. Zerbitzua modu presentzialean erabili ohi ez duten pertsonek ere positiboki baloratzen dituzte alderdi hauek: aldizkako harremana, etxe bakoitzaren jarraipena eta beren egoeraren gaineko etengabeko ardura. Kasu guztietan, laguntza-lana elementu balioetsienetako bat da.
Alderdi nabarmenen artean, hauek daude: etxeTIC zerbitzuko kudeatzaileen eta profesionalen eskuragarritasuna eta ahalegina, entzute aktiboa, hurbiltasuna, laguntzen malgutasuna eta programak pertsona eta familia bakoitzaren benetako beharretara egokitzea. Zaintzaile askorentzat, etxeTIC zerbitzua laguntza-gune egonkor bat eskura izatea da, eta bertara jo dezakete zalantzak, mendekotasun-egoeraren aldaketak, akidura-uneak edo ziurgabetasun handiagoko egoerak agertzen direnean.
Plan pertsonalizatuak
Zerbitzuaren elementu bereizgarrietako bat etxeko zainketen ekosistemari laguntzeko planak dira. Orain arte, 3.300 plan pertsonalizatu egin dira, mendekotasun-egoeran dagoen pertsonaren eta zaintzailearen errealitatea jasotzen dutenak: haien gustuak, lehentasunak, premiak, indarguneak, gaitasunak eta beharrezko laguntzak. Plan horiek ez dira dokumentu itxiak, tresna malguak baizik, eta pixkanaka berrikusten eta elikatzen dira, pertsona bakoitza hobeto ezagutzen den eta zaintza-egoerak eboluzionatzen duen heinean.
Plan pertsonalizatu horiek lau laguntza-eremu handi biltzen dituzte: soziala, fisikoa, psikologikoa eta teknologikoa. Jarduera hauek hartzen dituzte barnean: ariketa, estimulazio kognitiboa, irakurketa, prestakuntza, aisia, zaintzak hobetzeko jarraibideak, mugikortasuna errazteko gomendioak, etxea eta eguneroko bizitzako jarduerak egokitzeko orientazioa, baita komunitateko baliabideei eta inguruko agenda sozial eta kulturalari buruzko informazioa ere. Horren guztiaren helburua da pertsona bakoitzak, ahal duen neurrian, bere errutinei, lehentasunei, loturei eta bizi-proiektuari eutsi ahal izatea.
Zaintzaileak
Zaintzaileei emandako laguntza da etxeTIC zerbitzuan hoberen baloratzen diren ardatzetako bat. Zaintzaileek adierazten dute garrantzitsua dela lagunduko dien norbait badela sentitzea, informazioa edo orientazioa behar dutenean nora jo dezaketen jakitea eta erreferentziazko profesional hurbil bat izatea. Zerbitzuak, besteak beste, honako hauek eskaintzen ditu: prestakuntza presentziala eta telematikoa, laguntza emozionala, harremanetarako guneak, talde-jarduerak eta etxeko zaintzak hobeto antolatzeko laguntza.
EtxeTIC zerbitzuak zaintzaileengan duen eragina hainbat esparrutan islatzen da. Arlo emozionalean, segurtasuna ematen du, erreferentziazko profesional bat eta bertara joan daitekeen zentro bat daudela jakitean. Arlo psikologikoan, bizipenak partekatzeak tentsioa arintzen eta zaintzei beste ikuspegi batetik begiratzen laguntzen du. Arlo fisikoan eta harremanetan, talde-jarduerek parte-hartzea, jarduera eta espazio propioak sortzea errazten dute. Gainera, krisialdietan, zerbitzuak begirada profesionala eskaintzen du, egoera ordenatzen eta hurrengo urratsak orientatzen laguntzeko.
EtxeTIC zerbitzuaren balorazio altuak, beraz, indartu egiten du Bizkaiko Foru Aldundiak egiten duen apustua, betiere zaintza-eredu hurbilago, prebentiboago eta pertsonalizatuago baten alde. Eredu horrek zaintzaileen ezinbesteko zeregina aitortzen du, familiei laguntzen die mendekotasun-prozesuaren etapa guztietan, eta erdigunean jartzen ditu pertsona bakoitzaren nahiak, lehentasunak eta bizi-proiektua.