Berriak
2026(e)ko azaroaren 05(a) 11:00
Aldundiak foru-sektore publikoaren baliabide elektronikoen erabilerari eta eraldaketa digitalari buruzko foru-arauaren proiektua onetsi du
Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila
Testuak esparru komun bat ezartzen du foru-administrazioaren eraldaketa digitalean aurrera egiteko, eta indartu egiten ditu herritarrek erakunde publikoekiko harremanetan dituzten eskubideak eta bermeak
Bizkaiko Foru Aldundiak Gobernu Kontseiluan onetsi du Bizkaiko foru-sektore publikoaren baliabide elektronikoen erabilerari eta eraldaketa digitalari buruzko foru-arauaren proiektua. Foru-arau honek foru-administrazioaren berrikuntzarako eta eraldaketa digitalerako oinarriak eta araubide orokorra ezarriko ditu; horretarako, estrategikoki txertatuko dira informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.
Testuak zeharkako esparru komun bat planteatzen du foru-sektore publiko osorako, zerbitzu publikoak eta herritarrekiko harremanak hobetzera bideratua, eta pertsonentzako eskubideak eta bermeak ezartzen ditu, bai eta antolaketako zenbait betebehar eta erakundeen bilakaera digitalari laguntzeko zenbait irizpide ere. Era berean, aurrerapausoak ematen ditu zerbitzu publiko proaktiboagoak eta pertsonalizatuagoak lortzeko bidean, erakundeak gai izan daitezen azkarrago eta egokiago erantzuteko herritarren beharrei.
Herritarrek aukeratu ahal izango dute nola jarri harremanetan Administrazioarekin
Proiektuaren elementu nagusietako bat da pertsonen eskubideak indartzea herritarrek baliabide digitalen bidez Administrazioarekin dituzten harremanetarako. Testuak aitortzen du pertsona fisikoek eskubidea dutela aukeratzeko zer kanal erabili nahi duten erakundeekin harremanetan jartzeko, araudiak berak bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra ezartzen duen kasuetan izan ezik.
Kasu horietan, erregulazioak identifikatu egin beharko du zer kolektibo eta prozedurari eragiten dien betebehar horrek, hura eragiten duten inguruabarrak justifikatu beharko ditu eta laguntza-neurri eraginkorrak bermatu beharko ditu. Horrela, arauak proposatzen duen digitalizazioa bateragarria izango da aurrez aurreko nahiz telefono bidezko arretarekin eta laguntza eskainiko beharko die hala behar duten pertsonei.
Proiektuak hauek ere jasotzen ditu: irisgarritasun unibertsala eta kognitiboa, berdintasuna eta diskriminaziorik eza, pribatutasuna diseinutik, gardentasuna, elkarreragingarritasuna, segurtasuna eta hizkuntza-eskubideen bermea, foru-sektore publikoaren eraldaketa digitala bideratu behar duten printzipio baitira horiek guztiak.
Adimen artifiziala bermeekin eta giza ikuskapenarekin
Foru-arauak arreta berezia eskaintzen dio eremu publikoan adimen artifizialeko sistemak eta algoritmoak erabiltzeari. Proiektuak ezartzen du irizpide etikoak bete behar direla adimen artifiziala erabiltzerakoan, pertsonak izan behar dituela ardatz, eta segurtasun-, gardentasun- eta proportzionaltasun-baldintzak bermatu behar dituela.
Aurreikusitako bermeen artean honako hauek daude: sistemen giza ikuskapena eta sistemen auditoria egingo da, eta algoritmoen erregistro publikoa sortuko da. Gainera, ezartzen da adimen artifizialeko sistemak ezingo direla erabili erabaki guztiz autonomoak hartzeko, baldin eta horretarako balorazio subjektiboak egin behar badira edo eskubideen edo interesen banakako haztapena egin behar bada.
Segurtasun handiagoa eta datuen kudeaketa hobea
Proiektuak datuen kudeaketa eta gobernantza ere indartzen ditu, eraldaketa digitalerako elementu estrategiko gisa. Horrekin batera, foru-sektore publikoaren barruan teknologia koordinatzeko mekanismoak proposatzen ditu, bai eta zerbitzuak eta prozesuak diseinatzen direnean irtenbide komunak bultzatzea eta teknologia integratzea ere.
Segurtasuna da araudi berriaren zeharkako beste elementuetako bat. Testuak administrazio digital seguru baterako eskubidea aitortzen du, eta bermeak ezartzen ditu informazioaren osotasunari, konfidentzialtasunari, trazabilitateari, benetakotasunari eta eskuragarritasunari dagokionez, Neurri horiek Segurtasunerako Eskema Nazionalarekin eta Informazioaren Segurtasunerako eta Datu Pertsonalak Babesteko Bizkaiko Foru Aldundiaren Politikarekin lotuta aplikatuko dira
Parte-hartzearekin eta kontrastearekin egindako araua
Proiektua lantzeko lan-prozesu teknikoa eta juridikoa egin da, eta administrazio-zuzenbideko eta eraldaketa digitaleko espezialistek parte hartu dute. Gainera, kontraste-saioak egin dira arduradun publikoekin, eta parte hartzeko gune bat prestatu da gizarte-erakundeentzat eta hirugarren sektorekoentzat.
Jasotako ekarpen nagusiek hauen ingurukoak izan dira: irisgarritasun unibertsala eta kognitiboa, inklusio digitala, eten digitalak murriztea, giza babesa duen kanal anitzeko arreta, eta adimen artifizialaren gardentasunerako eta erabilera arduratsurako bermeak. Era berean, dagozkion kontsulta-, entzunaldi- eta alegazio-izapideak egin zaizkio proiektuari, eta analisi juridikoa egin zaio, aplikatu beharreko arau-esparrura egokitzen dela eta Aldundiak arau hau onartzeko eskumena duela baliozkotzeko.
Proiektua, orain, Bizkaiko Batzar Nagusiei bidaliko zaie , eztabaidatu eta izapidetu dezaten, eta aurreikuspena da 2027. urtearen hasierarako onetsita eta indarrean jartzeko moduan egongo dela. Horrela, arau-esparru berriari esker, foru-sektore publikoak aurrera egin ahal izango du eraldaketa digital integralean, zerbitzu publiko eskuragarriagoak eta pertsonengan zentratuak eskainiz, eta, aldi berean, indartu egingo ditu datuen gobernantza, koordinazio teknologikoa eta adimen artifizialaren zein segurtasun digitalaren erabilerari lotutako bermeak.
este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp