2015(e)ko ekainakren 03(a) 14:30

ALDUNDIA POZIK AZALDU DA AUZITEGI GORENAK BAIEZTATU EGIN DUELAKO ELEKTRIZITATEAREN BANAKETAREN TRIBUTAZIOARI BURUZKO BERE IRITZIA

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Auzitegi Gorenak ezetsi egin du Nafarroako Foru Komunitateak aurkeztu zuen errekurtsoa eta Bizkaiko Ogasunak elektrizitatearen banaketaren tributazioaren arloan defendatu dituen irizpideak zuzenak direla baieztatu du. Epai honek sektore honetan aplikagarria den arautegiaren beharrezko segurtasun juridikoa zuzkitzen du. Berri ezin hobea da mota horretako enpresek Bizkaiko eta EAE osoko Ogasunetan zerga-bilketa garrantzitsua sortarazten dutelako.

Bizkaiko Foru Aldundiak atzo arratsaldean jaso zuen Auzitegi Gorenaren 2015eko maiatzaren 26ko Epaiaren jakinarazpena; epai hori Nafarroako Foru Komunitateak zerga egoitza Bizkaian duen  elektrizitatea banatzeko enpresa baten tributazioa aldaraztea erreklamatuz aurkeztu zuen 328/14 administrazioarekiko auzi-errekurtsoan eman da.

Bizkaiko Foru Aldundia Nafarroako Foru Komunitateak Auzitegi Gorenean aurkeztu zuen errekurtsoaren asmoen aurka azaldu zen, hain zuzen ere beti defendatu izan delako elektrizitatea garraiatzen eta banatzen duten enpresek euren zerga egoitzan ordaindu behar dituztela jarduera horren zergak, izan ere garraio jarduera bat delako.

Hala Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Itunean nola Nafarroako Foru Komunitateko Ekonomia Hitzarmenean ezarri da garraioaren arloko zerbitzuak   erakunde horren zerga egoitza dagoen lurraldean kokatutzat jo behar direla (aztergai den kasu zehatz honetan, Bizkaian) Sozietateen gaineko Zergaren eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren tributazioaren ondoreetarako.

Gatazka hau planteatu arte zergen arloko administrazio guztiek era baketsuan onartzen zuten konexio-puntu hori, era berean,  energia elektrikoaren eta gas naturalaren garraio eta banaketa zerbitzuetan aplikatu behar dena, berariazko arautegian ezarrita dagoenarekin bat datozen garraio zerbitzuak direlako.

Horren ondorioz Nafarroako Foru Komunitateak Bizkaiko Foru Ogasunarengana jo zuen energia elektrikoaren garraioari Ekonomia Itunean aplikatzen zaion irizpidea ez aplikatzeko erreklamatuz, euren ustez garraio berezia delako.   Kasu honetan argudio moduan esan zuten  ondasun higiezin baten zerbitzu gehigarria dela (banaketa sarea), tributazioaren ondoreetarako beste konexio-puntu bat aplikatzen duena. Horregatik  Bizkaiko Ogasunari irizpide berri horren  arabera elektrizitatea banatzeko enpresa horri dagokionez  Nafarroako Ogasunarenak diren zenbatekoak igortzeko erreklamatu zion.

Bizkaiko Foru Aldundiak ezetsi egin zituen Nafarroako Foru Komunitatearen asmoak, bere iritziz ez datozelako ez Ekonomia Itunarekin eta ez Ekonomia Hitzarmenarekin bat,  garraio zerbitzuetarako ezarri den araua argia delako bi legezko testuetan eta ez dagoelako funtsezko arrazoirik enpresa horiek ematen duten zerbitzua garraioaren arloko zerbitzutzat ez jotzeko.  Ildo horretatik, adierazi behar da, teknizismo juridikoak gaindituta, nabarmena dela elektrizitatea kontsumitzen den tokia ez den beste baten sortzen dela eta, beraz, derrigorrez garraiatu behar dela.

Berri bikaina Bizkaia eta EAErentzat

Auzitegi Gorenak, atzo ezagutzera eman duen epai horretan, erabat egiten du bat Bizkaiko Foru Aldundiak defendatu dituen irizpideekin, eta onetsi egiten du elektrizitatea garraiatzeko eta banatzeko zerbitzuak berariaz garraioaren arloko zerbitzuak direla  eta Ekonomia Itunean horiekiko ezarri den irizpidea oso argia dela, eta erakundearen zerga egoitzari dagokion Ogasunean ordaindu behar dituztela zergak.

Hori ez ezik, Auzitegi Gorenak bere epaian kostuak ezarri dizkio Nafarroako Foru Komunitateari, hala enpresa demandatuari nola Bizkaiko Foru Aldundia ordaindu behar dizkionak, alegia.

Bizkaiko Foru Aldundiarentzat Auzitegi Nagusiaren epaia  benetan berri ona da  eta azpimarratu egin behar da mota honetako enpresek Bizkaiko zerga-bilketari dagokionez duten garrantzi ekonomikoa  eta, ondorioz,  baita beste bi Foru Aldundientzat eta Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzarentzat ere.