2017(e)ko ekainakren 03(a) 20:30

Foru Ogasunak errekerimenduak bidali dizkie turismo-pisuak alokatzeagatik lortutako diru-sarrerak aitortzen ez dituzten zergadunei

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Ikuskaritzako langileek egindako lanari esker, ehunka zergadun errentak ezkutatzen ibili direla hauteman da, eta errenten zenbatekoa 10.000 eurokoa izan da batez beste

Foru Ogasuna errekerimenduak bidaltzen hasi da Interneteko plataformen bitartez alokatutako turismo-apartamentuak edo -pisuak alokatuz sortutako diru-sarrerak aitortu ez dituzten 323 zergaduni. Ikuskaritzako langileek lortutako informazioari esker hartu da neurri hori; izan ere, ikusi da Bizkaiko ehunka zergadun mozkinak lortzen ari direla jarduera horren bitartez, eta gehienek ez dutela lortutakoa aitortzen.  Hain zuzen ere, aztertutako kasuen % 85ean Foru Ogasunari errenta hori ezkutatu diote. Batez beste zergadun bakoitzak 10.000 euro inguru ditu aitortu gabe urtean, baina kasu batzuetan urtean 60.000 eurora ere iritsi da zenbatekoa, eta hori kopuru esanguratsua da ezkutuko ekonomian.

Zergadun horien egoera erregularizatze aldera, Foru Ogasunak errekerimendu bat bidaliko die 2014ko eta 2015eko ekitaldietan turismo-apartamentuak alokatuz lortutako mozkinak aitortu ez zituzten 323 jabeei. Dagozkien kuotez gain, dagozkien interesak eta zehapenak eskatuko dizkie.

Gainera, 2016. urteko errentaren kanpaina oraindik amaitu ez denez, errekerimenduetan ez dira azken ekitaldiko kopuruak aipatuko; izan ere, oraindik aukera daukate alokairu horiengatik lortutako mozkinak borondatez aitortzeko. Edonola ere, Foru Ogasunak hauteman du 2016. urtean jarduera horregatik 300 zergadunek baino gehiagok lortu zituztela diru-sarrerak.

Gogoratu beharra dago turismo-apartamentuak edo -pisuak alokatzen direnean Euskadiko Turismo Enpresa eta Establezimenduen Erregistroan erregistratu beharra dagoela. Horrez gain, apartamentua iragartzeko jartzen diren iragarkietan jabeak esleitu zaion identifikazio-zenbakia ipini beharko du. Datuen arabera, Eusko Jaurlaritzaren Turismo eta Ostalaritzako Zuzendaritzan, maiatzaren amaieran, turismo-erabilerarako 360 pisu eta 38 logela zeuden Bizkaian.

Gero eta gehiago hedatzen ari den jarduera bat dela aintzat hartuta, Bizkaiko Foru Ogasunak iruzurraren aurka borrokatzeko 2017. urteko plana indartu du, eta ezkutuko ekonomiaren barruan egindako jarduerak hauteman ahal izateko informazioa lortzeko jarduketak gehitu ditu.