2017(e)ko apirilakren 13(a) 12:00

Bizkaiko Foru Aldundiak hilabete batean 440 dei baino gehiago jaso ditu abegi-familia izateari buruzko informazioa eskatuz

Gizarte Ekintzako Saila

Urte honetan egin diren hitzaldi informatiboetara 159 lagun joan dira eta horietariko 26 lagunek etxean ume bati abegi egiteko balorazio eta prestakuntza prozesua hasteko eskatu dute. Hala ere, beharra etengabea da eta oraindik ere familia gehiago behar dira. Isabel Sánchez Robles: “Bizkaiak agerian utzi du berriz ere lurralde solidarioa eta eskuzabala dela, pertsonekin konprometituta dagoena”. Bizkaiko Foru Aldundiaren Familia-harrerako programarekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia hauxe da: 944.470.737.

"Sehaska hutsak" kanpaina

Bizkaiko Foru Aldundiak aurreko martxoa hasieran martxan jarritako "sehaska hutsak" kanpainari esker bat-batean gora egin dute abegi-familia izateko informazioa eskatzeko eskaerek. Hala, hilabete batean bakarrik 440 dei baino gehiago jaso dira. Umeen foru Zerbitzuak jasotako dei guztiei erantzuna eman die, estatuko leku ezberdinetatik jaso direnei baita ere. Era berean, dei horiek familia-harrerari buruzko kanpaina berriaren lelo honen bitartez egindako deiari erantzuna emateko egin ziren: "Benetan ez zaizula sartzen sehaska bat etxean?".

Gizarte Ekintzako foru diputatuak, Isabel Sánchez Roblesek, Bizkaiko biztanleek emandako erantzuna eskertu du, hauxe baieztatuz: "beste behin ere beraien eskuzabaltasuna adierazi digute.  Bizkaia lurralde solidarioa da, pertsonekin konprometituta dagoena, arbuioz begiratzen ez duena eta inor atzean uzten ez duena". Nahiz eta onartu duen kanpaina "bereziki ondo" funtzionatzen ari dela komunikabideen eta sare sozialen bitartez, Sánchez Roblesek nabarmendu du foru kanpainak ez duela eperik ezarri, eta beraz, "oraindik ere pertsona eta familia gehiagok interesa erakustea espero dugu adingabeei etxeetan abegi egiteko, beharra etengabea baita".

Gizarte Ekintza Saileko Umeen Zerbitzuak orain aldundiko tutoretzapeko zentroetan bizi diren adingabeei abegi egiteari buruz informazioa eskatzeko 480 dei baino gehiago jaso ditu urte honetan. Dei horietatik guztietatik 445 familia-harrerako kanpaina berria aurkeztu eta gero jaso dira. Kanpaina horretako leloa hauxe da: "Benetan ez zaizula sartzen sehaska bat etxean?". Kanpaina benetan kalean islatu zen Bilbo erdialdeko puntu ezberdinetan bost sehaska ezarri zirenean.  Hilabete batean lortutako erregistro hori 2016 osoan zehar jasotako dei guztiak baino gehiago da, epe horretan 199 dei jaso baitziren.

Jasotako deien % 76 Bilbo Handia eskualdetik egin ziren, eta horietatik erdia baino gehiago Bilboko bizilagunek egin zituzten. Bizkaiko hiriburutik jasotako deien atzetik Ezkerraldeko eta Eskuinaldeko deiak egon dira ehunekoetan.

Foru Aldundiaren familia-harrerako kanpainak Bizkaitik kanpo egindako deiak ere jaso ditu, besteak beste leku hauetatik: Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa lurraldeetatik, inguruko probintzietatik, besteak beste Kantabria, Errioxa eta Burgostik eta urrutiagoko eskualdeetatik, hala nola Madril, Bartzelona, Valentzia, Mallorca, Tenerife, Cáceres, Salamanca, Valladolid, Sevilla, Cádiz, Córdoba edo Málagatik. Argentinatik ere jaso da dei bat. Umeen foru Zerbitzuak ia guztiei erantzun die, baita estatuko leku ezberdinetatik egin direnei ere, eta azken horiek bakoitzari dagokion administrazioaren familia-harrerako programetara bideratu ditu.

Horren ondorioz, behin-behinean 159 lagun joan dira egindako hitzaldi informatiboetara, eta horietatik 26 familiak eskatu dute etxean ume bati abegi egiten dioten familien sareko parte izateko ezinbestekoa den balorazio eta prestakuntza prozesua hastea.

Gaur egun Bizkaiko familietan bizi diren 314 ume eta nerabe: 214 familia zabalean (aitona-amonekin eta osaba-izebekin, nagusiki) eta gainerakoak (ehun inguru), berriz, zuzenekoa ez den familia batekin. Gizarte Ekintzako diputatuak, Isabel Sánchez Roblesek, gogorarazi du une honetan 450 adingabe daudela Aldundiko tutoretzapeko zentroetan. "Haurtzaro normalizatu bat disfrutatzen ari ez diren ume eta nerabeak, behar beste baino gehiago sufritu dutenak: bakardadea, aldaketa bortitzak, beldurra eta ziurgabetasun asko". "Etxe batean, familia batean abegi egitean eskaini egiten zaie, zaindu egiten dira, zain egoten da, ulertu egiten da, baina batez ere laguntza behar duen ume edo nerabe bati laguntza hori emateko aukera erabiltzen da" ondorioztatu du.

Hurrengo hitzaldi informatiboak honako egunetan izango dira: apirilaren 25ean, asteartean, euskaraz; maiatzaren 30ean, asteartean, gaztelaniaz, eta ekainaren 13an, asteartean , gaztelaniaz.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Familia-harrerako programarekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia eta helbide elektronikoa hauek dira: 944 470 737 / acogimientofamiliar@bizkaia.eus. Horrez gain, aldundiaren webgunearen bitartez ere harremanetan jartzeko aukera dago: www.bizkaia.eus.


Bideoak


Audioak