2017(e)ko ekainakren 20(a) 14:25

Aldundiak 851.000 euroko eskualdeko lau hitzarmen sinatu ditu gazteen prestakuntza eta enplegua sustatzeko

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Hitzarmenak Arratia, Durangaldea, Ezkerraldea eta Txorierriko eskualdeetako 31 udalerritan garatuko dira. Horrela, apirilean Busturialdea, Enkarterri, Lea-Artibai, Meatzaldea, Mungialdea eta Nerbioi-Ibaizabal eskualdeetarako onetsitako sei hitzarmenekin bat egingo dute. Guztiak 2019. urtera arte egongo dira indarrean.

Bizkaiko Foru Aldundiak gaur egindako Gobernu Kontseiluan eskualdeko lau lankidetza-hitzarmen onetsi ditu. Guztiak daude gazteei lotuta, eta, guztira, 851.053 euro biltzen dituzte. Horri esker, Arratia, Durangaldea, Ezkerraldea eta Txorierriko 31 udalerrik eskualdeetako gazteen artean prestakuntzari, enpleguari eta ekintzailetzari lotutako ekintzak bultzatuko dituzte 2019. urtera arte. Horrela, 2016. urtean sinatutako konpromisoa berrituko da Gaztedi Bizkaia 2020 foru-programaren barruan.

Lau hitzarmenek bat egin dute apirilean Busturialdea, Enkarterri, Lea-Artibai, Meatzaldea, Mungialdea eta Nerbioi-Ibaizabal eskualdeetarako onetsitako beste sei hitzarmenekin, eta, hortaz, lurralde osoa barne hartzeko aurreikusitako 12 hitzarmenetatik 10 egin dira.

Funtsen banaketa honela egingo da:

  • "Gaztedi Arratia" programan 150.528 euro kudeatuko dira. Hain zuzen ere, Arratiako Udalen Mankomunitatea eta Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa eta Zeanuriko udalak barne hartzen ditu.
  • "Gaztedi Durangaldea" programak 224.700 euro izango ditu, eta, hain zuzen ere, Abadiño, Amorebieta-Etxano, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Garai, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria eta Zaldibar barne hartzen ditu.
  • "Gaztedi Ezkerraldea" programaren barruan Barakaldo, Portugalete, Santurtzi eta Sestao udalerriak egongo dira, eta 246.400 euro izango ditu.
  • "Gaztedi Txorierri" programan Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatea eta Derio, Erandio, Larrabetzu, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudio udalerriak egongo dira, eta 229.425 euro kudeatuko ditu.

Gazteen urtea

Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi du 2017. urtea gazteen urtea izango dela, "Bizkaia Goazen Gazteak" lelopean. Ildo horretan, Aldundiak une honetan baditu tresna sendotu batzuk, eta horietako bat da "Gaztedi Bizkaia 2020" foru-estrategia. Haren bidez, Foru Erakundeak lurraldeko gazteria-politikak koordinatzen ditu, eta tokiko eremuan gazteei zuzendutako jarduketa integralak sustatzen ditu.

Europako politikekin bat egiten du, eta 8 jarduketa-eremu ditu: hezkuntza eta prestakuntza, enplegua eta ekintzailetza, gizarte esku-hartzea, osasuna eta ongizatea, kultura eta sormena, gizartearekiko konpromisoa, parte-hartzea eta nazioartekotzea.

Hain zuzen ere, sinatutako eskualdeko lankidetza-hitzarmenetan lehenesten dira, alde batetik, hezkuntza eta prestakuntza, eta beste alde batetik, enplegua eta ekintzailetza. Xedea da gazteei kalitate oneko prestakuntza eskaintzea, aldi berean, lan-merkatuko joeretara egokitzen dena, baina, betiere, beste alderdi batzuk alde batera utzi gabe, hala nola gizartearekiko konpromisoa, osasuna eta haiei eragiten dizkieten politika publikoak lantzeko eta ebaluatzeko prozesuan parte-hartzea.


Bideoak


Audioak