saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Informazioa


www.bizkaia.eus/guregida


Errenta 19: Ogasunak 432 milioi euro itzuliko dizkie 398.000 zergaduni maiatzaren 4tik aurrera

Maiatzaren 4an, Bizkaiko Foru Ogasunak 2019ko ekitaldiko Errenta eta Ondare kanpaina hasiko du, eta ostegun honetan, apirilaren 2an, martxan jarriko ditu telefono bidezko arreta-zerbitzua, Errenta Etxean proposamenak bidaltzeko zerbitzua eta www.bizkaia.eus/errenta web-orria. Halaber, aurreko urteetan bezala, zerbitzu presentziala ere eskainiko du, eta, maiatzaren 4an bertan ezin bada hasi ere, bi hilabetez eskainiko du aitorpenak banku-erakundeetan egiteko zerbitzua. Aurrez aurreko arreta-zerbitzuak amaitzen direnean amaituko da kanpaina. Zergadunen likideziari laguntzeko, kanpainaren lehenengo egunetan hasiko da Foru Ogasuna itzulketak egiten; 432 milioi euro, guztira. Ogasunari ordaintzeko diren aitorpenen 376 milioiak kanpainaren azken egunean kobratuko dira. Aurtengo kanpainaren berritasunak dira Ogasunak aurretik hitzordua eskatzeko sistema aktibatuko duela bere bulegoetan zerbitzua emateko, eta Bak gako bat lortzeko aukera emango diela zergadunei, izapideak on line egin ahal izateko, modu seguruan, Foru Aldundiaren bulegoetara joan beharrik gabe.

Errenta 19

Bizkaiko Foru Ogasunak martxan jarri ditu 2019ko ekitaldiko errenta-aitorpena aurkezteko prozesuan herritarrei laguntza emateko lehen zerbitzuak, eta apirilaren 2tik aurrera funtzionamenduan egongo dira 94.608.3000 telefonoa eta www.bizkaia.eus/errenta web-orria, non zergadunak Errenta Etxean edo Errenta Web proposamenik izango duen kontsultatu ahal duen. Egun horretan hasiko da Ogasuna lehenengo aitorpen-zirriborroak bidaltzen. Hamar zergadunetik seiri eskaintzen die aukera hori. Lehenik eta behin, zergadunaren aldeko emaitza duten Errenta Etxean proposamenak bidaliko dira, eta, hala, kanpainaren hasieran, hau da, maiatzeko lehenengo hastean, Ogasuna lehen itzulketak egiten hasi ahalko da.

COVID-19 birusak eragindako osasun-larrialdiko egoeraren ondorioz, oraindik ezin da zehaztu noiz aktibatuko diren aurrez aurreko arreta-zerbitzuak Foru Ogasunaren bulegoetan, Aldundiaren Gertu bulegoetan eta banku-erakundeen bulegoetan. Edonola ere, zerbitzu presentzial horiek gutxienez bi hilabetez eskainiko dira, aurreko urteetan bezala, eta zerbitzu horiek emateari uzten zaionean amaituko da Errenta eta Ondare kanpaina.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kanpainaren emaitzei buruzko aurreikuspenak

Errenta 19 kanpainan, Foru Ogasunak aurreikusten du 580.409 aitorpen izapidetzea; haietatik 397.669 -% 68- itzultzekoak izango dira eta, guztira, 431.675.300 euro itzuliko dira. Hau da, bataz beste 1.085 euro itzuliko dira. Bestalde, 182.740 aitorpen izango dira Ogasunari dirua ordaintzeko, eta, aitorpen bakoitzeko 2.056 euro, batez beste; guztira, 375.675.300 euro. 2019ko ekitaldiko errenta-kanpainaren azken emaitza -56,0 milioi euro izango da foru-diruzaintzarako. Kasu bietan, 2018ko errenta-kanpainan lortutako emaitzen oso antzekoak dira zifrak.

Ogasuna maiatzeko lehenengo astean hasiko da zergadunaren aldeko emaitza duten aitorpenei dagokiena itzultzen. Ordaintzekoak diren aitorpenen zenbatekoa, berriz, kanpainaren azken egunean kobratuko da, eta, ordainketa zatikatua aukeratzen bada, bigarren ordainketa azaroaren 10ean egingo da.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztu behar dute 20.000 eurotik gorako laneko errentak dituzten pertsonek eta/edo 1.600 eurotik gorako kapitalaren etekin gordin eta ondare-irabaziak dituzten pertsonek. Halaber, aitorpena aurkeztu beharko dute jarduera ekonomikoen etekinak lortzen dituzten pertsona guztiek.

Kenkari sozialen aplikazioari buruzko aurreikuspenak

Foru Ogasunaren aurreikuspenen arabera, Errenta 19 kanpainan, Bizkaiko zergadunek 608 milioi euroren baino gehiagoren onura izango dute Bizkaiko PFEZari buruzko Foru Arauan ezarritako kenkari sozialak direla eta. Hauek dira kenkari bakoitzari buruzko aurreikuspenak:

Ohiko etxebizitza

172.000 zergadunek ohiko etxebizitzan inbertsioa egitearen ondoriozko kenkaria aplikatuko dute: guztira, 159 milioi euro. Beste 39.000 zergadunek ohiko etxebizitza errentan hartzeagatiko kenkaria aplikatuko dute: guztira, 41 milioi euro.

Ondorengoak

219.800 zergadunek 140.000 milioi euro deduzituko dituzte. 63.000 zergadunek 6 urtetik beherako ondorengoei dagokien kenkaria aplikatu ahal izango dute: guztira, 15,3 milioi euro.

65 urtetik gorakoak

112.000 zergadunek 68,8 milioi euro deduzituko dituzte.

Desgaitasuna

67.300 zergadunek aplikatu ahal izango dute kenkari hau: guztira, 75 milioi euro.

Halaber, 174.000 zergadunek BGAE, pentsio-plan eta mutualitateetara egindako ekarpenen ondoriozko kenkariak aplikatuko dituzte: guztira, 109 milioi euro.

Ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkezteko kanpainari buruzko aurreikuspenak

Maiatzaren 4tik aurrera, ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkezteko kanpaina egingo da ere, eta Foru Ogasunak ez du espero alde handirik izatea iazko kanpainarekin alderatuta. Guztira, 7.500 aitorpen lirateke, eta emaitza, berriz, 74 milioi euro.

Ondarearen gaineko aitorpena aurkeztu behar dute autolikidazioaren ondorioz zerga ordaindu behar duten zergadunek edo, ordaindu behar ez badute ere, bi milioi eurotik gorako ondarea duten zergadunek, baita testamentu-ahalordea baliatzearen zain dauden jarauntsiek ere.

Ondarearen gaineko zergaren aitorpena Internet bidez aurkeztu behar da nahitaez, eta zerga honen autolikidazioa aurkeztu behar duten pertsonek ere bide horretatik izapidetu behar dute errenta. Epea maiatzaren 4an hasiko da, eta errenta-kanpaina amaitzen denean amaituko da.

Foru Ogasunak zergadunari laguntzeko eskaintzen dituen zerbitzuak

Zergadunei pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren likidazioa egiteko betebeharra betetzen laguntzeko, Foru Ogasunak martxan jarriko ditu, berriro ere, laguntza emateko eta aitorpenak egiteko zerbitzuak. Horrez gainera, zerbitzu berri bat eskainiko du zergadunei Bak gakoa lortzen laguntzeko. Zerbitzu horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan eta, zehazki, Foru Ogasunarekin egiten diren izapideetan bitarteko elektronikoak erabiltzea sustatu nahi du.

Errenta Etxean eta Errenta Web.

Ogasunak berak egindako 342.156 aitorpen-proposamen bidaliko ditu. Haietatik, 225.277 dirua itzultzeko izango dira (berdeak) eta 116.879, berriz, ordaintzeko (urdinak). Proposamenok onartu, baztertu edo aldatu egin behar dira, telefonoz, Internet bidez edo Ogasuneko bulegoetan. Itzultzekoak diren Errenta Etxean proposamenen kasuan, zergadunak ez du proposamena onartu behar ados egonez gero, Ogasunak automatikoki itzuliko baitio dirua kanpainaren lehen egunetan.

Aitorpenak Internet bidez aurkezteko zerbitzua.

Aurreko urteetako esperientzia kontuan hartuta, Ogasunak aurreikusita dauka 196.000-198.000 aitorpen inguru egingo direla www.bizkaia.eus/errenta web-orrian eskuratu daitezkeen datu fiskalak deskargatzeko zerbitzua eta laguntza-programa erabilita. Halaber, ondarearen gaineko zergaren 7.5000 aitorpenak Internet bidez aurkeztu beharko dira nahitaez.

Web-orrian aukera dago Errenta Etxean edo Errenta Web proposamenak aldatu eta onartzeko edo baztertzeko ere. Errenta- eta ondare-aitorpenetarako behar den informazio guztia ere ematen du, jakina.

Lurralde osoko finantza-bulegoetan aitorpena doan egiteko zerbitzua.

Foru Ogasunak hitzarmen bat dauka sei finantza-erakunderekin (Kutxabank, BBVA, Banco Sabadell, Santander, Laboral Kutxa eta Caixabank) eta, horren bidez, aitorpena egiteko doako zerbitzu bat eskaintzen zaie zergadunei 300 bulegotan baino gehiagotan. Horretarako, beharrezkoa da aurretik ordua eskatzea. Zerbitzu hori ahal den bezain laster aktibatuko da eta, aurreko urteetan bezala, bi hilabetez eskainiko da. Aurreko kanpainetako datuak ikusita, aurreikuspena da 110.000-112.000 aitorpen inguru egin eta aurkezteko erabiliko dela zerbitzu hau.

Telefono bidezko arreta.

94.608.3000 errenta-telefonoan, errentari buruzko kontsultak erantzuten dira, astelehenetik ostiralera, 8:30etik 19:00etara. Horrez gainera, Errenta Etxean proposamenei dagozkien izapideak egin daitezke telefono horren bidez, besteak beste proposamenak onartzea edo baztertzea eta Ogasunak bidalitako proposamenei buruzko aldaketak proposatzea. Telefono hori gaur, astelehena, martxoak 30, aktibatu da, errenta-kanpaina amaitu arte egongo da aktibatuta.

Aurrez aurreko arreta hamar bulegotan.

Ahal den bezain laster, zergadunei aurrez aurreko arreta eskainiko zaie Bizkaiko Foru Ogasunaren bulegoetan (Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Bilbo, Getxo, Mungia eta Portugalete) eta Foru Aldundiaren arreta integraleko Gertu bulegoetan (Bermeo, Durango eta Gernika-Lumo).

Aurrez aurreko arreta horretarako, hitzordua eskatu beharko da aurretik, web-orriaren bidez edo telefonoz, Ogasunaren bulegoetan zain egotea saihesteko. Halaber, Foru Ogasunak ezarritako aurretik hitzordua eskatzeko sistema berri honen helburua da joan-etorriak ekiditea Ogasunaren bulegoetara joan gabe egin ahal diren izapideetan.

Bak gakoa lortzeko laguntza

Bak gako erraz bat da, NANaren edo AIZaren zenbakiak eta pasahitz batek osatzen baitute; pertsonala eta besterenezina da, eta titularrari Interneten modu seguruan identifikatzeko aukera ematen dio. Errenta-kanpaina honetan, Foru Ogasunak laguntza eskainiko die bizkaitarrei Bak gakoa lortzeko, aukera ematen baitu zenbait izapide -besteak beste, Ogasunarekin zerikusia duten guztiak- Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan egiteko. 2021ean, ezinbestekoa izango da Bak gakoa edo identifikazio digitalerako beste bitarteko bat erabiltzea errenta-aitorpena Internet bidez aurkezteko. Bak gakoa leku hauetan aktibatu ahal da:

Errentaren web-orrian, apirilaren 6tik aurrera etxeetara bidaliko den errenta gakoa erabilita. Horrez gainera, Errenta Etxean proposamena jasotzen dutenek proposamenarekin batera jasoko duten pasahitza erabilita aktibatu ahal izango dute Bak gakoa.

Banku-erakundeetan. Aitorpenak egiteko zerbitzua erabiltzen duten pertsonei ere emango zaie Bak gakoa aktibatzeko aukera.

Oharra

Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.

Itzuli