www.bizkaia.eus/guregida


Zerga-kontsulta


  
Data

17.11.2022

Erreferentzia

Fakturatzeko betebeharrak. PFEZ. Etxebizitza alokatzea, hiru anai-arreben titulartasuna enpresa bateko langileei, gelaka.

Galdera

Hiru anai-arrebek gurasoen etxebizitza hartu dute oinordetzan, eta enpresa bati alokatu diote, gelaka, langileek bizitzeko erabil dezaten. Alokairua bitartekari batek kudeatzen du, eta hiru anai-arrebei fakturatzen die bere zerbitzuak emateagatik. Zera jakin nahi dute:1) Langileen alokairua ordaintzen duen enpresari faktura bat egiteko ondasun erkidego gisa eratu behar dute, edo beren izenekin eta IFZrekin egin dezaketen, alokairu-kontratua sinatzean egin zuten moduan, bakoitzak, bere partaidetzarekiko proportzioan alokairuagatik jasotzen dituzten sarrerak aitortzeko, kontuan hartuz jarduera balio erantsiaren gaineko zergatik salbuetsita daudela. Egingo duten fakturaren edukia, zehazki, alokatutako higiezinaren hiru jabeek sinatu behar duten.2) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ondorioetarako kengarria den higiezinaren alokairua kudeatzen duen bitartekariak egiten duen faktura.

Ebazpena

Fakturatzeko betebeharrak. Lehendabizi, hauxe dakar Kode Zibilaren 392. artikuluak: "Erkidegoa dago gauza edo eskubide baten jabetza pertsona bat baino gehiagoren esku dagoenean modu banaezinean. Kontraturik edo xedapen berezirik izan ezean, titulu honen aginduek arautuko dute erkidegoa". Beraz, gauza edo eskubide baten jabetza pertsona batek baino gehiago badute, proindibisoan, ondasun-erkidegoa dagoela hartuko da, formalki eratu ez bada ere. Hau da, jabetza proindibisoan dagoen ondasun higiezin bat badago, ondasun-erkidegoa dago. Bestalde, Zergei buruzko martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arau Orokorreko 34.3. artikuluan (ZFAO) hauxe ezarri da: "(...) 3. Zergapekoak izango dira (hala ezartzen den foru arauetan) jarauntsi banatugabeak, ondasun erkidegoak eta, nortasun juridikorik ez dutela, ekonomi batasuna edo ondare bereizia osatzen duten eta zergapetu ahal diren gainerako erakundeak. (...)". Aurrekoaz gain, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Arauko 84. artikuluan aurreikusitakoa bete behar da. Horren arabera: "Zergaren subjektu pasiboak honako hauek izango dira: 1. Enpresaburu edo profesional izanik, zergapeko ondasun-emateak edo zerbitzuak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, hurrengo zenbakietan xedatutako kasuetan izan ezik. (...) Hiru. Subjektu pasibotzat hartzen dira jaraunspen banatugabeak, ondasun-erkidegoak eta nortasun juridikorik izan ez arren zergagai diren batasun ekonomikoa edo ondare banandu izaera duten gainontzeko entitateak, baldin eta Zergari lotzen zaizkion eragiketak burutzen badituzte". Horrenbestez, balio erantsiaren gaineko zergaren eremuan, subjektu pasibotzat hartzen dira jaraunspen banatugabeak, ondasun-erkidegoak eta nortasun juridikorik izan ez arren zergagai diren batasun ekonomikoa edo ondare banandu izaera duten gainontzeko entitateak, baldin eta berauek zergari lotzen zaizkion eragiketak gauzatzen badituzte. Hortaz, ondasun-erkidego edo nortasun juridikorik gabeko erakunde propioa zergaren subjektu pasibo izateko, berak garatu beharko du enpresa- edo lanbide-jarduera, eta ez haren kideek. Baldintza hauek bete behar dira, beraz: jarduera horretan egiten diren eragiketak erakundeak edo erkidegoak berak egitea; eragiketen arriskua berak hartzea, zuzenean eta bereizketarik gabe, eta ez beraren kideek; eta dena delako jarduerari buruzko araudi substantiboak aukera ematea ezaugarri horiek dituen erakunde edo erkidego baten bitartez jardun ahal izateko. Jarduerari dagozkion berezko eragiketak erakundeko kideek eginda, erakundearen ordez beraiek enpresa-ondorioak onartzen dituztenean, ezin daiteke uler erakundea zergaren subjektu pasibo denik. Baliabideak batera antolatu eta eragiketak galdu-gordean batera onartzen direnean, ordea, erakundea bera (sozietate zibila, ondasun-erkidegoa, etab.) da balio erantsiaren gaineko zergaren subjektu pasiboa. Hala balitz, komenigarria da gogoratzea Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arau Orokorraren (ZFAO) hirugarren xedapen gehigarriak hauxe ezartzen duela: "1. Pertsona fisiko eta juridiko guztiek eta foru arau honen 34. artikuluko 3. zenbakian aipatzen dinen nortasun juridikorik gabeko entitateek identifikazio fiskaleko zenbakia eduki behar dute zergen arloko harremanetarako edo zerga-ondorioak sortzen dituztenetarako. Tributu-administrazioak emango du identifikazio fiskaleko zenbakia, ofizioz edo interesdunak eskatuta. Pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko erakundeek identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzea eskatu beharko diote Bizkaiko Foru Aldundiari bere helbide fiskala Bizkaiko Lurralde Historikoan badago. (...)". Horrela, erkidegoak, besteak beste, norberaren identifikazio fiskaleko zenbakia eskatuko du bere fakturetarako. Bizkaiko Foru Aldundiaren urtarrilaren 22ko 4/2013 Foru Dekretuko 2. artikuluak, fakturazio-betebeharrei buruzko Araudia onesten duenak, hauxe ezartzen du: "1. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Legearen 164.Bat.3. artikuluarekin bat etorriz, enpresaburu edo profesionalek faktura eta fakturaren kopia luzatu behar dituzte beren jardueran ari direlarik egiten dituzten ondasun-emate eta zerbitzuengatik, baita zergaren kargapean ez daudenengatik eta salbuetsiengatik ere. Araudi honetan ezartzen den moduan bete beharko da eginbehar hori, eta salbuespenak bertan ezarritakoak baizik ez dira izango. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide berezietako batean dauden enpresari eta profesionalek ere betebehar hori izango dute. (...) 2. Hurrengo eragiketa hauetan faktura eta fakturaren kopia luzatu behar dira: a) Hartzailea enpresaburua edo profesionala bada eta halakotzat jarduten badu, eragiketa egiten duen enpresaburuak edo profesionalak duen zerga-ordainketaren araubidea edozein delarik ere, baita hartzaileak edozein eskubide erabiltzeko exijituriko beste edozein. (...)". Eta Fakturazio Erregelamenduaren 3. artikuluaren arabera: "1. Ez da faktura egin behar izango ondoren adieraziko diren eragiketak direla eta, (araudi honetako 2. artikuluko 2. zenbakian aipatutako kasuetan izan ezik): a) Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Arauko 20. artikuluan ezarritakoaren indarrez zerga horretatik salbuetsita dauden eragiketa, ondorengo 2. zenbakian adierazitako eragiketak izan ezik. Hala ere, zerga horri buruzko foru arauko 20. Bat artikulu-zatiko 2., 3., 4., 5., 15., 20., 22., 24., 25. eta 28. zenbakiekin bat etorrita zerga horretatik salbuetsita dauden eragiketetan faktura egin beharko da". Beraz, gelen errentariak eskatzen badu, dagokion faktura egin beharko da. Fakturaren edukia dela-eta Fakturazioari buruzko Araudiaren 6. artikuluak dio, sinadura ez, baina honako hau barne hartzen duela: "c) Faktura egin behar duenaren zein eragiketen hartzailearen izen-abizenak edo izena. d) Europar Batasuneko edozein Estatu kideren eskumeneko Zerga Administrazioak emandako identifikazio fiskaleko zenbakia, faktura egin behar duenaren eragiketa egin duenarena". Jarduerari dagozkion berezko eragiketak erakundeko kideek eginda, erakundearen ordez beraiek enpresa-ondorioak onartzen dituztenean, jabekide bakoitzak egin behar du dagokion faktura, bere identifikazio fiskaleko zenbakiarekin. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga. Kontsultatzen duen ondasun erkidegoak jasotzen dituen diru-sarreren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eremuko tratamenduari dagokionez, lehenik eta behin Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren (PFEZFA) 29. artikulua aplikatu behar da. Horren arabera: "1. Kapitalaren etekin osotzat onura nahiz kontraprestazio guztiak hartuko dira (diruzkoak nahiz gauzazkoak izan) baldin eta zuzenean edo zeharka zergadunaren titulartasunpeko ondare elementu, ondasun nahiz eskubideetatik badatoz eta zergadunak egiten dituen jarduera ekonomikoei loturik ez badaude. Nolanahi ere, ondare irabazi edo galera gisa zergak ordainduko dituzte ondare elementuen titulartasuna eskualdatzearen ondoriozko errentak, foru arau horrek kapitalaren etekintzat jotzen ez baditu salbu. (...) 3. Nolanahi ere, kapilaren errentamendu bezala sartuko dira: a)Landa- zein hiri-ondasun higiezinetatik datozen etekinak, zergadunak egindako ekonomia-jarduerei afektatuta ez badaude. (...)". Bestetik, PFEZFAren 30. artikuluak honako hau dio: "1. Higiezinen kapitalaren higiezinaren etekin osotzat hartuko dira ondasun higiezin hiritar nahiz landatarrak edota horien gaineko eskubide errealak lagatzetik datozen etekinak, eta barne hartuta egongo dira ondasun horiek errentan edo azpierrentan ematetik edota erabiltzeko edo gozatzeko eskubide edo ahalmenak lagatzetik datozen etekin guztiak, horien izena edo izaera edozein izanik ere". 2. Etekin oso gisa konputatuko da erabili edo lupertzeko eskubidearen edo ahalmenaren eraketaren errentari, azpierrentari, lagapen-hartzaile edo onuradunak kontzeptu guztiengatik ordaindutako zenbatekoa; zenbateko horren barruan egongo da, halakorik lortuz gero, higiezinarekin batera lagatako ondasunei dagokien zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kanpoan utzita. (...)". Bestalde PFEZFAren 31. artikuluan hauxe ezarri da: "Kapital higiezinaren etekin garbia kalkulatzeko, hurrengo artikuluan aipatzen diren kontzeptuak gutxitu behar zaizkie etekin osoei". Aurreko guztiarekin bat, ondasun higiezinak alokatzearen ondoriozko errentak kapital higiezinaren etekinak dira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarako, betiere jarduera ekonomikoei buruzko etekinen kalifikazioa jasotzeko PFEZFAk 24. artikuluko 3. idatz-zatian xedatutako baldintzak betetzen ez badira. Nolanahi ere, ekonomia-jardueren etekintzat hartzeko, ondasunen erkidegoak pertsona bat erabili beharko luke lan-kontratuarekin lanaldi osoan, eta bere arduraldia esklusiboki errentamendua kudeatzera bideratu beharko litzateke (itxuraz, hori hemen ez da gertatzen). Pertsona fisikoen, ondasun-erkidegoen edo sozietate zibilen eremuko tributazioari dagokionez, PFEZFA aplikatu behar da, hain zuzen ere 11. artikulua. Hau adierazten du: "1. Sozietate zibilen (nortasun juridikoa izan zein ez), jaraunspen banatugabeen, ondasun erkidegoen eta Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 34. artikuluko 3. idatz-zatian aipatutako gainerako erakundeen errentak bazkideei, jaraunsleei, erkideei edo partaideei eratxikiko zaizkie, hurrenez hurren, foru arau honetako IV. tituluko VI. kapituluko 2. atalean ezarritakoaren arabera. (...) 3. Errentak eratxikitzeko araubidean dauden entitateak ez dira egongo Sozietateen gaineko Zergaren kargapean. (...)". Puntu honetan, honako hau adierazi behar da, PFEZFAk 53. artikuluan xedatutakoaren arabera: "Foru arau honetako 11. artikuluan aipatzen diren entitateak eta, bereziki, atzerrian eratutako entitateak errenta-esleipenaren araubidean dauden entitatetzat hartuko dira, baldin eta haien izaera juridikoa Espainiako legeen arabera eratutako errenta-esleipenaren araubideko entitateen izaera juridikoaren berdina edo antzekoa bada. Errenta-esleipenaren araubidean dauden entitateen errentak bazkide, oinordeko, erkide edo partaideei esleituko zaizkie, hurrenez hurren, atal honetan ezarritakoaren arabera. (...)". PFEZFAk 54. artikuluan honako hau gaineratu du: "Bazkide, jaraunsle, erkide edo partaideei eratxekitako errenten eratxekipenen araubideko erakundeen errentek bakoitzarentzako jatorrizko jardueraren edo sorburuko iturriaren izaera edukiko dute. (...)". Esleitu daiteke errenta kalkulatzeko moduari lotuta, PFEZFAk 55. artikuluan honako hau dio: "1. Bazkide, jaraunsle, erkide edo partaide bakoitzari eratxiki edo esleitu beharreko errenta kalkulatzeko arau hauek aplikatuko dira: 1. Errentak zerga honen arauen arabera zehaztuko dira, eta honako berezitasun hauetan ez dira aplikatuko foru arau honetako 25.4, 30.3 eta 39.3 artikuluetan aurreikusitako integrazio-portzentajeak: (...) 3. Kasu bakoitzean aplika daitezkeen arau edo itunen arabera eratxikiko zaizkie errentak bazkide, oinordeko, erkide edo partaideei, eta Zerga Administrazioak ez badu arau edo itun horien berririk, modu sinesgarrian eduki ere, errentok zati berdinetan eratxikiko zaizkie. 4. Errenta-eratxikipenaren araubidean dagoen entitate horretako kideak zerga honen zergadunak direnean, foru arau honetako 25.4, 30.3 eta 39.3 artikuluetan aurreikusitako integrazio-portzentajeak erabili ahal izango dituzte beren autolikidazioetan. (...)". Kapital higiezinaren etekinak lortutako ondasun-erkidegoaren ondoriozko errentak erkideei esleitu behar zaizkie haiek duten partaidetzaren arabera eta higiezinen errentak direlako; gainera, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren arauak bete. Puntu honetara iritsita, kontuan izan behar da PFEZFAren 32. artikuluak tratamendu ezberdina ematen diela etxebizitzetatik datozen etekinei, batetik, eta kapital higiezineko gainerako etekinei, bestetik, ondoko hau arautzen baitu: "1. Etxebizitzetatik datozen kapital higiezinaren etekinen kasuan, higiezin bakoitzeko lortutako etekin osoen % 20ko hobaria aplikatuko da. Era berean, kengarritzat hartuko da, soilik, etekinak sortzen dituzten ondasunak, eskubideak edo erabilera- nahiz luperketa-ahalmenak erosteko, birgaitzeko edo hobetzeko inbertitu diren besteren kapitalen interesen zenbatekoa, bai eta gainerako finantzaketa-gastuak ere. Hobariaren eta gastuaren baturak ez du ekarriko, ondasun higiezin bakoitzerako, etekin garbi negatiborik. Zenbaki honetan jasotakotzat joko dira, soilik, Hiri Errentamenduei buruzko 1994ko azaroaren 24ko 29/1994 Legeko 2. artikuluan aipatzen diren etxebizitzaren errentamendutzat jotakoetatik eratorritako etekinak. 2. Aurreko lerroaldean sartu gabe dauden kapital higiezinaren etekinetan, etekin osoari gastu kengarri hauen zenbatekoa gutxituko zaio: a) Etekinak lortzeko beharrezko diren gastuak, barne sartuta etekinak sortzen dituzten ondasunak, eskubideak edo erabilera nahiz gozamen ahalmenak erosi, birgaitu edo hobetzeko inbertitu diren besteren kapitalen interesen zenbatekoa, eta gainerako finantzaketa gastuak ere bai. b) Etekinen iturria diren ondasunak erabiltzeagatik edo denbora igarotzeagatik horiek jasandako hondamenaren zenbatekoa, arauz zehazten diren baldintzetan. (...) Higiezin bakoitzaren gastu kengarrien baturak ezin du ekarri etekin negatiboa izatea". PFEZFAren 32. artikulua Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiko (PFEZA) 36. artikuluarekin osatu da. Hauxe ezarri da bertan: "Zerga honi dagokionez ondokoak sartu behar dira Zergari buruzko Foru Arauaren 32. artikuluko 1. idatz-zatian aipatzen diren etxebizitzen ondoriozko kapital higiezinaren etekinetan: etxebizitzen edo haien gozamenerako eskubide errealen titularrek Etxebizitza Hutsaren Programa bultzatu eta sustatu duen abenduaren 30eko 316/2002 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz lortzen dituzten etekinak eta Sozietateen gaineko Zergaren arautegian ezarritakoaren arabera etxebizitzak errentatzen dituzten erakundeen araubide berezian dauden sozietateei etxebizitza lagatzen edo alokatzen dietenean lortzen dituztenak". Azkenik, artikulu horiek interpretatuta daude Ogasun Zuzendaritza Nagusiaren apirilaren 1eko 1/2022 Jarraibideak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua eta hura garatzeko xedapenak aplikatzeko zenbait irizpide ezarri dituenak, 6.2 idatz-zatian: "Etxebizitzetatik datozen kapital higiezinaren etekintzat hartzen dira soilik Hiri Errentamenduei buruzko Legearen 2. artikuluan zehaztutako kontratuetatik eratorritakoak. Artikulu horretan hau adierazten da: "1. Etxebizitzaren errentamendutzat hartzen da errentariaren behin betiko etxebizitza beharra asetzeko lehentasuna duten eraikuntza bizigarri bat errentatzea. 2. Etxebizitzen errentamenduari buruzko arauak aplikatuko zaizkie finkarekin batera errentatzen diren altzariei, trastelekuei, garaje-plazei eta gainerako lokal, barrunbe eta zerbitzu guztiei". Horren ondorioz, etxebizitzaren errentamenduak barne hartzen ditu etxebizitzaren ondoko osagarriak, baldin eta etxebizitzarekin batera lagatzen badira eta elementu guztien errentamendua araubide juridiko bakarra duen kontratu batean formalizatzen bada. Zehazki, etxebizitzaren errentamendu kontzeptutik kanpo geratuko dira Hiri-errentamenduari buruzko Legeko 3. artikuluan aipatzen diren etxebizitzaren erabilerak izango ez dituzten errentamendu-kontratuetatik eratorritako etekinak. Artikulu horrekin bat: 1. Etxebizitza gisa ez erabiltzeko errentamendutzat hartzen da, eraikuntza bati egokituz, aurreko artikuluan ezarritakoak ez diren lehentasunezko xedeak dituen errentamendua. 2. Bereziki, halakotzat joko dira denboraldika egin diren hiri-finken errentamenduak, udan zein beste edozein sasoitan, baita finkan industria, merkataritza, eskulangintza, lanbide, jolas, laguntza, kultura edo hezkuntzaren gaineko jarduera bat egiteko gauzatzen direnak ere, errentamenduak egiten dituzten pertsonak edozein direla ere". Etxebizitzen errentamendu-kontratuak, etxebizitza premia iraunkorra asetzen duena maizterra ez bada, Hiri-errentamenduei buruzko Legeko 2. artikuluan adierazitako zentzuan, ez daude abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 32.1 artikuluan araututakoen artean. Horregatik, "Etxebizitza Hutseko Programa" deritzonari heldutako finkak, edo Sozietateen gaineko Zergan etxebizitza-errentamenduan diharduten erakundeen araubide berezian dauden sozietateei errentatutakoak alde batera utzita, ezin dira abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 32.1 artikuluan sartu sozietate edo pertsona juridikoei errentatutako etxebizitzen kasuak, etxebizitza horiek partikularrei ostatu emateko erabiltzen badira ere. Onura publikokotzat deklaratutako fundazioek eta elkarteek ezin bazaizkie atxiki sozietateen gaineko zergaren higiezinak alokatzeko jarduera kualifikatua duten erakundeen araubide bereziari, eta horren arrazoi bakarra bada irabazi-asmorik gabeko entitateen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien zerga-araubideari buruzko martxoaren 20ko 4/2019 Foru Arauan aurreikusitako araubide bereziari atxikita daudela, fundazio eta elkarte horiek esku hartzen duten errentamenduek higiezinak alokatzeko jarduera kualifikatua duten erakunde horien kalifikazio bera izango dute errentatzaileentzat, bai eta zerga-oinarrian integratzeko araubide bera ere. Beraz, etxebizitza-premia iraunkorra estaltzeko errentamendu gisa kalifikatu ahal izango dira, higiezinak alokatzeko jarduera kualifikatua duten erakundeen baldintza berberetan. Logelen errentamenduaren ondoriozko errendimenduak abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 32. artikuluaren 1. apartatuan sar daitezke, baldin eta goian aipatutako Hiri Errentamenduen Legearen 2. artikuluan jasotako baldintzak betetzen badira. Hain zuzen ere, gela horien xede nagusia errentariaren etxebizitza-premia iraunkorra asetzea bada eta errentatzaileak ostatu edo ostalaritza jarduerei dagokien zerbitzurik ematen ez badu". Aurreko guztiarekin bat etorriz, "etxebizitza hutsaren programan" dauden finken kasuak bazter utzita, eta higiezinen errentamenduko jarduera kualifikatua duten erakundeen Sozietateen gaineko Zergaren araubide berezia duten sozietateei alokatutakoak izan ezik, etxebizitzaren errentamenduak soilik dira Hiri errentamenduen azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 2. artikuluan hala definitzen direnak, hau da, errentariaren (eta, izatekotan, haren senideen edo hurbileko pertsonen) etxebizitza-premia iraunkorra asetzeko helburu nagusia duen eraikuntza bizigarri batean egiten direnak. Kasu honetan, higiezin honen errentamenduaren destino nagusia ez da errentariaren etxebizitza-premia iraunkorra asetzea, errentaria pertsona juridiko bat baita (bere izaeraren ondorioz etxebizitza-premiarik ez daukana). Errentariak beste bati lagako dio. Horrela, kontuan izanik kontsultako eragiketa Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza hutsetako programetatik kanpo dagoela, eta erakunde errentariak ez daukala higiezinak errentatzeko kualifikatutako jarduera egiten duten erakundeen Sozietateen gaineko Zergako araubide berezia, ondorioztatu behar dugu galderako errentak ezin direla kalifikatu etxebizitzetatik datozen kapital higiezineko etekin gisa, baizik eta PFEZFAren 32. artikuluko 2. idatz-zatian aipatzen den etekin-tratamendua eman behar zaiela. Horrek esan nahi du: a) lehenik eta behin, etekin horiek zergaren zerga-oinarri orokorrean integratu eta konpentsatuko dira, eta PFEZFAren 75. artikuluan ezarritako eskalaren aplikaziotik ateratzen den zerga-tasarekin zergapetuko dira (PFEZFAren 61. artikuluan -errenta-motak-, 62. artikuluan -errenta orokorra-, 63. artikuluan -aurrezpenaren errenta- eta 64. artikuluan -errenten integrazioa eta konpentsazioa- xedatutakoarekin bat etorriz); eta b) bigarrenik, etekin osoetatik PFEZFAren 32.2 artikuluan aipatutako gastuak kendu ahalko dira (etekinak eskuratzeko behar diren gastuak, eta etekin horien jatorria diren ondasunen narriaduraren zenbatekoa, ondasunok erabiltzearen ondorioz edo denboraren ondorioz narriatzen direnean), baina partida horien kenketak ezin du etekin negatiborik ekarri higiezin bakoitzerako. Zehazki, gastu horiek PFEZAren 37 eta 38. artikuluetan zehaztuta daude. Haietako lehenak (37. artikuluak alegia) hauxe dakar: "Zergari buruzko Foru Arauko 32. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako kasuetan ondokoak hartuko dira gastu kengarritzat etekin garbia kalkulatzeko: etekinak lortzeko egin behar izan diren gastu guztiak; erabilerak eta denboraren joanak etekinen iturburu diren ondasunetan edo eskubideetan egindako narriaduraren zenbatekoa. Dena den, ondasun higiezin bakoitzeko, gastu kengarrien baturak ezin du ekarri etekin garbia negatiboa izatea. Bereziki, aurreko lerrokadan aipatutako gastuen artean sartuko dira honako hauek: a) Etekinen iturburu diren ondasunak edo haiek erabiltzeko edo gozatzeko eskubideak edo ahalmenak eskuratzeko, birgaitzeko edo hobetzeko inbertitutako besteren kapitalen korrituak, eta finantzaketako gainerako gastuak. b) Estatuarenak ez diren zerga eta errekarguak, bai eta Estatuaren tasak eta errekarguak ere, beraien izendapena gorabehera, baldin eta konputatzen diren etekinak edo hauek sortu dituzten ondasunak edo eskubideak kargatzen badituzte eta ez badira zehapenak edo zergen arloko betebeharrak berandu betetzearen ondoriozkoak badira. c) Hirugarrenek, zuzeneko nahi zeharkako kontraprestazio gisa, edo norberaren zerbitzuen ondorioz, sortzen dituzten diru kopuruak, hala nola administrazio, jagoletza, atezaintzakoak zein antzekoak. d) Errentamendua, azpierrentamendua edo eskubideen lagapena edo eraketa formalizatzeko egiten diren gastuak, eta ondasunen, eskubideen edo etekinen inguruko defentsa juridikoak eragiten dituenak. Horri dagokionez, honako hauek hartuko dira horrelako gastutzat: - Ondasun materialen erabilera arrunta mantentzearren aldian-aldian egiten direnak, hala nola, instalazioak margotu, entokatu edo konpontzea. - Elementuak ordeztekoak, berbarako, berokuntzako instalazioak, igogailuak, segurtasun ateak edo beste batzuk. Kontzeptu horrengatik ezin dira kendu ondasunak zabaltzeko edota hobetzeko erabiltzen diren kopuruak. f) Etekinak sortzen dituzten ondasunen edo eskubideen gaineko aseguru kontratuen primak (kontratua erantzukizun zibilekoa, sute asegurukoa, lapurreta asegurukoa, beira apurtzearen aurkako asegurukoa zein antzeko beste mota batekoa izan daiteke). g) Zerbitzu edo horniduretan gastatutako kopuruak. h) Amortizazioetarako erabiltzen diren kopuruak, ondoko artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz". PFEZAko 38. artikuluak honakoa gehitzen du: "1. Zergari buruzko Foru Arauko 32. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako kasuetan kapital higiezinaren etekin garbia zehazteko gastu kengarritzat hartuko dira ondasun higiezina eta berarekin batera lagatako gainerako ondasunak amortizatzeko erabilitako kopuruak, hain zuzen ere ondasunak baldin eta benetako balio-galerari badagozkio. 2. Amortizazioek eraginkortasun baldintza betetzen dute kasu hauetan: a) Ondasun higiezinen kasuan: urtean amortizatutako kopurua ez bada ordaindutako eskuraketa-kostuaren % 3 baino gehiago (eskuraketa-kostuan ez da sartu behar lurraren kostua). Lurzoruaren balioa ezagutzen ez denean, urte bakoitzeko lurzoruaren eta eraikuntzaren katastro-balioen artean ordaindutako eskuratze-kostua hainbanatuta kalkulatuko da. b) Ondasun higigarriak, urtebete baino aldi luzeagoan erabil daitezkeenak, higiezinarekin batera lagatzen direnean, baldin eta urtean ordaindutakoa ez bada eskuraketa-kostuei Sozietateen gaineko Zergaren araudian aipatzen diren gehieneko amortizazioaldietako gutxieneko koefizienteak aplikatzearen emaitzako zenbatekoa baino gehiago. (...) 4. Egiten diren amortizazio guztien baturak ezin du inoiz ondasun edo eskubide bakoitzaren truk ordaindutako eskuraketa balioa". Beraz, azken finean, kontsulta egiten duten erkideek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean adierazi behar duten etekin osoa errentariarengandik kontzeptu guztiengatik (higiezinarekin batera lagatzen dituen ondasun guztiena barne, izatekotan) jasotzen duten zenbatekoa izango da. Kapital higiezinaren etekin garbia gastuen zenbatekoan etekin osoak gutxitzearen emaitza izango da. Hiri errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 2. artikuluan aipatzen diren etxebizitza-errentamenduez besteko higiezinen errentamenduetatik eratortzen den etekin garbia zehazteko, oro har, diru-sarrerak eskuratzeko behar diren gastu guztien kenkaria egin daiteke, eta zehazki, errentamendua formalizatzeagatik eragindako gastuak, eta bitartekariak egin zuen alokairuaren kudeaketa. Dena den, higiezin bakoitzaren gastu kengarri guztien baturak ezin du ekarri etekin garbia negatiboa izatea. Gauzak horrela, muga hori elementuz elementu zehazten da. Hau da, ez da batzen zergadunak eragiketa mota horrengatik lor ditzakeen etekin guztien zenbateko osoa eta, gero, zenbateko hori oinarri hartuta, ez da muga zehazten: muga hori alokairuaren edo lagapenaren xede den higiezin bakoitzeko ezartzen da. Hemen galdetutako kasuan, horrela kalkulatutako etekin garbia, erkidegoko kide bakoitzaren titulartasunaren ehunekoaren proportzioan egotziko da. Azkenik, informazio-betekizunei dagokienez, PFEZFAren 56. artikuluak honako hau xedatzen du: "1. Errenta-esleipenaren araubidean dauden entitateek aitorpen informatiboa aurkeztu behar dute, erregelamendu bidez ezartzen den edukiarekin. Bazkide, oinordeko, erkide edo partaideei esleitu beharreko errentak adieraziko dira aitorpen horretan, Espainiako lurraldean egoiliarrak izan edo ez.. 2. Aurreko lerroaldean aipatutako informazio-betebehar hori, hauek bete behar dute: batetik, errenta-esleipenaren araubidean dagoen entitatearen ordezkariak, Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arauko 44.3 artikuluan ezartzen denaren arabera; bestetik, atzerrian eratutako entitateen kasuan, zerga honen edo Sozietateen gaineko Zergaren zergadun diren entitate horretako kideek. 3. Errenta-eratxikipenaren araubidean dauden erakundeek beren bazkideei, oinordekoei, erkideei edo partaideei jakinarazi beharko diete zein den erakundearen errenta osoa eta zein den haietako bakoitzari esleitu beharreko errenta, erregelamendu bidez zehazten denaren arabera. 4. Ogasun eta Finantzen foru diputatuak ezarriko ditu artikulu honetan aipatzen den aitorpen informatiboaren eredua, hura aurkezteko epea, lekua eta modua. Manu hori, PFEZEn garatuta dago, eta haren 118. artikuluak hauxe ezartzen du: "1. Errentak esleitzeko araubidean dauden entitateak, jarduera ekonomikoa egiten badute, edo haien errentak urtero 3.000 euro baino gehiagokoak badira, urtero informazio aitorpen bat aurkeztu beharko dute. Hor, beren identifikazio-datuez gain, eta hala badagokie, ordezkariarenak, informazio hau jaso beharko da: a) Bazkideen, oinordeen, komunero edo partaideen identifikazioa, helbide fiskala eta identifikazio fiskaleko zenbakia, Espainiako lurraldean bizi edo ez, zergaldi bakoitzean zehar erakundearen osaeran gerta daitezkeen aldaketak barne. (...) b) Erakundeak lortutako errenten guztizko zenbatekoa eta kide bakoitzari eratxiki dakiokeen errentarena; datu hauek zehaztu behar dira, kasuan kasukoa: 1.a. Errenta-iturri bakoitzaren sarrera osoak eta gastu kengarriak. (...) c) Kenkarien oinarriak. d) Erakundeak jasandako atxikipenen eta konturako sarreren zenbatekoa eta kide bakoitzari eratxiki beharrekoena. e) Urteko negozio bolumenaren zenbateko garbia, azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kontabilitate Plan Orokorraren araberakoa, edo eragiketa bolumenaren zenbatekoa. 2. Errenta-eratxikipenaren araubidean dauden erakundeek idatziz jakinarazi behar diete euren kideei aurreko idatz-zatiko b), c) eta d) letretan aipatutako informazioa. Jakinarazpen hori aurreko 1. idatz-zatian aipatzen den aitorpena aurkezteko epea amaitu eta hilabete igaro baino lehen heldu behar zaie erakundeko kideei. 3. Ogasun eta Finantzen foru diputatuak ezarriko ditu artikulu honetan aipatutako aitorpen informatiboa aurkezteko eredua, epea, tokia eta modua". PFEZFAren 56. artikuluak eta PFEZAren 118. artikuluak aipatzen dituzten datuak jaso behar dira abenduaren 15eko 2229/2017 Foru Aginduak onetsitako errenta-esleipeneko araubideko erakundeek aurkeztu beharreko urteko informazio-adierazpenari lotutako 184 ereduan. Xede horietarako, gogoratu behar dugu Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arau Orokorreko 34. artikuluko 3. idatz-zatian aipatzen diren zergapekoek identifikazio fiskaleko zenbakia eduki behar dute zergen arloko harremanetarako edo zerga ondoreak sortzen dituztenerako. Hori horrela, Bizkaiko Lurralde Historikoaren zerga-betebehar formalak arautzen dituen Bizkaiko Foru Aldundiaren abenduaren 22ko 205/2008 Foru Dekretuan daude garatuta. Haren 17. artikuluak honako hau ezartzen du: "1. Enpresaburu, profesional eta atxikitzaileen zentsuan egon behar dutenek alta aitorpena aurkeztu behar dute. 2. Alta aitorpenean araudi honetako 12 - 16 bitarteko artikuluetan (biak barne) adierazitako datuak agertu behar dira. 3. Halaber, alta-aitorpen horrek xede hauetarako balioko du: a) Behin-behineko edo behin betiko identifikazio fiskaleko zenbakia eskatu, pertsona juridiko edo erakunde eskatzaileak aurreko artikuluko 1. idatz-zatian xedatutakoa aplikatuta enpresaburu, profesional eta atxikitzaileen zentsuko alta aitorpena aurkeztu beharra eduki zein ez. Interesdunak eskatuta edo ofizioz identifikazio fiskaleko zenbakia emateak berekin ekarriko du pertsona edo erakundea zergapekoen zentsuan sartzea. (...)".

Araua

Martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arauko 34. art. eta xedapen gehigarria.Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 29., 30., 31., 32., 53., 54. eta 55. artikuluak.Urtarrilaren 22ko 4/2013 Foru Dekretuaren 2. eta 3. artikuluak.Bizkaiko Foru Aldundiaren 205/2008 Dekretuaren 17. artikulua.

Itzuli