www.bizkaia.eus/guregida


Kontsulta osoa


  
Data

04.10.2022

Erreferentzia

PFEZa. Kenkaria ohiko etxebizitzan inbertitzeagatik. Autokontsumorako instalazio fotovoltaiko baten ziurtagiria.

Galdera

Kontsultagileak bere idazkian jakinarazi duenez, autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat dela-eta ohiko etxebizitzagatiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren inbertsio-kenkaria aplikatu ahal izateko, inbertsio hori egiaztatu behar da IDAEren ziurtagiriarekin (Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren mendeko Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutua). Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoan ziurtagiri horiek Energiaren Euskal Erakundeak ematen ditu, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia Sailari atxikitako erakundeak. Jakin nahi du ea EEEk emandako ziurtagiria justifikazio gisa erabiltzen den etxebizitzan inbertitzeagatiko kenkaria aplikatu ahal izateko.

Ebazpena

Kontsulta honen erantzunak argibideak ematen ditu besterik gabe, eta ez da loteslea Bizkaiko Foru Ogasunarentzat, ez dituelako betetzen Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 85. eta 86. artikuluetan horretarako eskatutako baldintzak. Zehazki, ez dago behar bezala egiaztatuta egindako galderak eragina duenik agertutako alderdiari (eta ez hirugarrenei) legokiokeen zerga-araubidean, -sailkapenean edo -kalifikazioan, zehazki, beste zergadun baten NANa erantsi da, beste foru-lurralde batean egoitza fiskala izan dezakeela dirudiena. Aurkeztutako idazkian egindako galderari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da, hain zuzen ere 87. artikuluan hau dioena: "1. Zergadunek ohiko etxebizitza erosteko zergaldian inbertitu dituzten kopuruen % 18ko kenkaria egin dezakete, haien kargura joan diren erosketa-gastuak barne. Era berean, ohiko etxebizitza erosteko besteren kapitalak erabili badituzte, kapital horiek erabiltzeagatik zergaldian ordaindutako interesen 100eko 18ko kenkaria egin dezakete; horretarako kontuan hartuko dira besteren finantzaketak zergadunari sortutako beste gastuak, zergadunen kargura joan badira. (...) 5. Artikulu honetan jasotako ondorioetarako, berdinetsi egingo dira honako hauek eta ohiko etxebizitzaren erosketa: a) Ohiko etxebizitza birgaitzeko erabili diren diru-kopuruak. (...) 6. Birgaitzetzat hartuko dira jabeak bere ohiko etxebizitzan egindako obrak, baldin eta ebazpen batek jarduketa babestutzat kalifikatu edo aitortu baditu, Eusko Jaurlaritzaren 2002ko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan xedatutakoaren arabera (dekretu hori ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoa da), edo babesteko jarduketatzat kalifikatu badira, 2008ko abenduaren 12ko 2066/2008 Errege Dekretuak edo hura ordezkatzen duten antzeko arauek xedatutakoaren arabera". Artikulu hori garatu egin da Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren (PFEZA) 68. artikuluan: "(...) 5. Birdoikuntzatzat hartuko da jabeak bere ohiko etxebizitzan ondare urbanizatu eta eraikiaren birdoikuntzarako jarduketa babestuei buruzko Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan xedatua dela bide jarduketa babestu kalifikatutako obrak egitea. Halaber, birdoikuntzatzat hartuko dira abenduaren 12ko 2066/2008 Errege Dekretuarekin edo haren ordezko arauekin bat etorriz babesteko moduko jarduketa kalifikatzen direnak. (...)". Hortaz, eremu honetan, besteak beste, birgaitzeko erabilitako zenbatekoak etxebizitza erostearen parekoak dira. PFEZFAren 87. artikuluko 6. zenbakian eta PFEZFAren 87. artikuluaren 5. zenbakian berariaz jaso denez, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak kalifikazio hori eman dienak baino ez dira birgaikuntza obratzat hartuko, Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan xedatutakoaren arabera (eta, bidezkoa bada, abenduaren 12ko 2066/2008 Errege Dekretuaren edo hura ordezten duten antzeko arauen arabera jarduketa babesgarri kalifikatutakoak). Zehazki, ondare urbanizatu eta eraikiaren birgaikuntzarako jarduketa babestuei buruzko Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak hauxe dio 3. artikuluan: "1. Birgaitzeko jarduketek honako helburuetako bat edo batzuk izan ditzakete: a) Eraikuntza-unitateak hirigintzara moldatzea. b) Eraikuntzen egitura edo/eta eraikuntza moldatzea. c) Etxebizitzen bizigarritasun-baldintzak moldatzea. d) Eraikinen era etxebizitzen elementu komun edo pribatiboen akabera orokorra eraikuntza onaren printzipioetara moldatzea. e) Etxebizitzak eta lokalak eta horietarako sarbideak minusbaliotasunen bat duten pertsonentzat egokitzea. (...)". Abenduaren 30eko 317/2002 Dekretu horren 4. artikuluak honako hau gehitu du: "1.- Jarduketak birgaitzeko jarduketa babestutzat joko dira horien titularrak Dekretu honetan eta berori garatzen duen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituenean eta dagokion administrazio-organoak halakotzat jotzen dituenean, kasuan kasu egoki izan daitezkeen finantza-neurriak eta zerga-onurak lortzea ahalbidetzeko. (...)". Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak kalifikatzen ditu birgaitzeko jarduketa babestuak, abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan eta hori garatzen duten xedapenetan ezarritakoa aplikatuz. Hala, obra mota horrengatiko kenkaria aplikatzeari begira, honakoak hartu behar dira aintzat: alde batetik, obrak birgaikuntzarako jarduketa babestu kalifikatuak izatea, Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan xedatutakoaren arabera; eta, bestetik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian horretarako eskatutako gainerako baldintzak betetzea, besteak beste, zergadunaren ohiko etxebizitza izatea PFEZFAren 87.8 artikuluan xedatutakoaren aldetik. Horren ondorioz, birgaikuntzako obratzat jotzen diren bakarrak Eusko Jaurlaritzak abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren arabera jarduketa babestu kalifikatutakoak diren neurrian, zio horrengatik kenkaria aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzak ziurtagiria aurkeztu beharko du, alderdi hori eta babestutako aurrekontuaren zenbatekoa egiaztatzeko. Hala ere, transkribatutako zerga-araudiak birgaitze-obratzat hartzen ditu, halaber, abenduaren 12ko 2.066/2008 Errege Dekretuaren edo hura ordezten duten antzeko arauen arabera jarduketa babesgarri gisa kalifikatu direnak. Ildo horretan, Estatuko 2009-2012 aldirako Etxebizitza eta Birgaitze Plana arautzen duen abenduaren 12ko 2066/2008 Errege Dekretuak jarduketa babestuak arautzen ditu 2. artikuluan, hau adieraziz: "Honako hauek izan daitezke jarduketa babestuak, Errege Dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte: (...) 4. Energia-efizientzia, irisgarritasuna eta energia berriztagarrien erabilera hobetzea, etxebizitzak eta eraikinak sustatzean, birgaitzean edo berritzean. (...)". Ondoren, arestikoari lotuta, martxoaren 9ko 106/2018 Errege Dekretua onartu zen, 2018-2021 aldirako Estatuko Etxebizitza Plana arautzen duena. Gaur egun, ekainaren 29ko 477/2021 Errege Dekretuak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan energia-iturri berriztagarrien bidezko autokontsumoari eta biltegiratzeari eta bizitegi-sektorean sistema tekniko berriztagarriak ezartzeari lotutako pizgarri-programak egikaritzeko autonomia-erkidegoei eta Ceutako eta Melillako hiriei laguntzak zuzenean ematea onartzen duenak, ezartzen ditu energia-iturri berriztagarrien bidezko autokontsumoari eta biltegiratzeari eta bizitegi-sektorean sistema tekniko berriztagarriak ezartzeari lotutako pizgarriak emateko oinarri arautzaileak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Zehazki, 4. pizgarrien programan autokontsumorako instalazioak egitea aipatzen da, energia-iturri berriztagarriekin, bizitegi-sektorean, administrazio publikoetan eta hirugarren sektorean, biltegiratzearekin edo biltegiratzerik gabe. Eremu horretan, autokontsumorako jarduketa fotovoltaikoak eta eolikoak diruz lagun daitezkeela adierazten da. Horretarako, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) kudeatu, egiaztatu eta ziurtatzen ditu programa horiek diruz lagun ditzaketen inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoan, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren 2021eko irailaren 22ko Ebazpenaren bidez. Ebazpen horren bidez, autokontsumoari eta energia-iturri berriztagarriekin biltegiratzeari lotutako pizgarrien programaren oinarri arautzaileak onartu, deitu eta argitaratzen dira, bai eta sistema termiko berriztagarriak ezartzen ere bizitegi-sektorean, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Horren ondorioz, Zuzendaritza Nagusi honek uste du autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak Estatuko araudian ezarritako jarduketa babesgarrietako baten barruan sartzen badira, eta EEEk, instalazio horiei lotutako laguntzak kudeatzeko eta ziurtatzeko ardura duen erakundea den aldetik, benetan jarduketa babestu gisa ziurtatzen baditu, zergadunek ohiko etxebizitzan inbertitzeagatiko kenkaria aplikatu ahal izango dutela instalazio horietan inbertitutako zenbatekoengatik, betiere horretarako gainerako baldintzak betetzen badira.

Araua

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 89. artikulua.

Itzuli