www.bizkaia.eus/guregida


KONTSULTA 2022/04/12


  
Data

12.04.2022

Erreferentzia

PFEZ. Epai judizial irmo baten ondoren zor diren kopuruak kobratzeko akordioa.

Galdera

Kontsultagilea duela zenbait urte bere enpresarekin gatazka kolektibo bat duen langilea da. Gizarte-arloko epaitegiak haren aldeko epaia eman zuen 2018ko urtarrilaren 8an, eta urte bereko apirilaren 24an, epai hori berretsi zuen Euskal Herriko Justizia Auzitegi Gorenak. Geroago, 2019. Urtean, enpresak kasazioko-errekurtsoa aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean, eta ez zuen onartu errekurtso horren izapidetzea. Horren ondorioz, 2016. eta 2017. urteetako soldatak osorik kobratzeko eskubidea irabazita, kopuruak banan-banan erreklamatzeari ekin zion. Ekarritako datuen arabera, 2021eko irailean, kontsultagileak 7.122, 97 euro kobratuko ditu, eta horietatik, erdia gutxi gorabehera 2016. urtetik zor diotena da. Gainerako erdia 2017. urtekoa da. Jakin nahi du zer ekitaldiri egotzi behar zaizkion kontsultagileak, 2021. Urtean bere enpresarekin lortutako akordioaren arabera, Euskal Herriko Auzitegi Gorenaren epaiak ezarritako kopuruak kobratzeko jasoko dituen errentak.

Ebazpena

Kontsulta-idazkian egindako galderari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da; hain zuzen ere, 15. artikulua. Hau xedatzen du: "Lanaren etekinak dira zergadunaren lan pertsonalak edo beraren lan-harremanek edo estatutu-harremanek zuzenean zein zeharka sortzen dituzten kontraprestazio eta onura guztiak, jarduera ekonomikoen etekinak ez beste guztiak. (...)". Hauxe erantsi du PFEZFAko 16. artikuluak: "Besteak beste, honako hauek izango dira diruzko lan etekinak: a) Soldatak eta lansariak. (...)". Aurkeztutako datuen arabera, kontsultagileak kopuru jakin bat kobratuko du 2021. urtean, jaso gabe geratutako soldata gisa, ebazpen judizialaren bidez kobratzeko zeudenak. Kontsultagileak 2021. Urtean kobratzeko dituen soldata horiek, lanaren etekintzat hartzen dira, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ondorioetarako. Kontsultagileak 2021. urtean jasotako errenten aldi baterako egozpenari dagokionez, PFEZFAren 57. artikuluak honela dio: "1. Oro har, eta foru arau honetan ezarritakoaren kalterik gabe, zergaren oinarrian jaso behar diren errentak zehazten dituzten sarrerak zein gastuak sarrera-gastuok sortu diren zergaldiari egotziko zaizkio, haiek ordaindu edo kobratu diren unea beste bat izan arren. Bereziki, irizpide hauek aplikatuko dira: a) Lanaren eta kapitalaren etekinak jasotzaileari galdatzen zaizkion zergaldiari egotziko zaizkio. (...) 2. Erregela bereziak: a) Errenta osoa edo haren zati bat ordaindu ez bada, hura jasotzeko eskubiderik dagoen edo haren kopurua zenbatekoa den epai bidez ebatzi gabe dagoelako, ordaindu gabeko zenbatekoak epaia irmo bihurtzen den zergaldiari egotziko zaizkio. b) Zergadunari ezin egotz dakizkiokeen inguruabar frogatuen ondorioz lanaren etekinak eska daitezkeen zergaldian barik beste batean jasotzen direnean, zergaldi horri egotziko zaizkio; hala denean, autolikidazio osagarria egingo da, eta ez da egongo ez berandutza-korriturik ez errekargurik. Aurreko a) letran ezarritako inguruabarrak gertatzen direnean, etekinak epailearen ebazpena irmo bihurtzen den zergaldian eskatu ahal izango dira. Aurreko lerroaldean aipatzen den autolikidazioa, aipaturiko etekinak jasotzen diren egunaren eta zerga honen hurrengo autolikidazioa egiteko epearen barne egin beharko da. (...)". Gainera, Ogasun Zuzendaritza Nagusiaren apirilaren 1eko 1/2022 Jarraibidearen 10.1 atalaren bidez ezarri ziren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua aplikatzeko irizpide batzuk eta hura garatzeko xedapenak. Honako hau argitu zuen: "10.1 (...) Horri buruz, ulertu behar da sarrera edo gastu bat galdagarria dela hartzekodunak bere zordunari zorra ordaintzeko eskatu ahal dion unean edo, modu korrelatiboan, zordunak zor duena ordaindu behar duen egunean. Aldi-egozketarako irizpide hori bai sarrerei bai gastuei aplikatzen zaie". Beste alde batetik, aipatutako Jarraibidearen 10.3. puntuak hauxe argitu zuen: "«a) Errenta osoa edo haren zati bat ordaindu ez bada, hura jasotzeko eskubiderik dagoen edo haren kopurua zenbatekoa den epai bidez ebatzi gabe dagoelako, ordaindu gabeko zenbatekoak epaia irmo bihurtzen den zergaldiari egotziko zaizkio». Jasotzeko eskubide bat edo zenbatekoa berresten duen epai-ebazpenen ondorioz jasotzen diren errentak ebazpena irmo bihurtzen den zergaldiari egotziko zaizkio. Epailearen ebazpenerako jarritako auziaren muina errenta bat jasotzeko eskubidea edo haren zenbatekoa izan behar da. Beraz, errenta ordaintzen ez denean ezin da aplikatu erregela berezi hau. Eskubide baten aintzatespenak inguruabar euretan egon arren auzibidean esku hartu ez duten talde bereko zergadunak ukitzen baditu, errentak aurreko irizpide bera kontuan hartuta egotziko dira, hau da, aintzatespena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtzen den zergaldiari. Denbora-egozpenerako araubide hau lanaren etekinei aplikatuko zaie, are hainbat ekitalditan lortzen direnean ere. Hala gertatzen denean, etekin horiek bi edo bost urte baino aldi luzeagoan sortu badira eta aldian-aldian lortu ez badira, abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 19.2 artikuluan ezarritako integrazio-ehunekoak aplikatuko dira. Baldin eta enplegatuari ezin egotz dakizkiokeen inguruabarren ondorioz lanaren etekinak ebazpena irmo bihurtzen den ekitaldian barik beste batean jasotzen badira, jasotakoan egotziko dira, Zergaren Foru Arauak 57.2.b) artikuluan xedatzen duena aplikatuz. Arau horiek eurak aplikatzen dira kobratzeko eskubidea ebazpen administratibo baten zain dagoenean ere". Ondorioz, oro har, laneko etekinak hartzaileak exijitzekoak dituen zergaldian egozten dira. Hori dela eta, errenta bat galdagarria dela ulertu behar da hartzekodunak zordunari hura ordaintzeko erreklamatu ahal dion unean (edo, modu korrelatiboan, zorduna zorra ordaintzera behartua izan daitekeen unean), kasu bakoitzean aplika daitezkeen arau edo itunen arabera. Hala ere, jasotzeko eskubidearen ezarpena ebazpen judizialaren zain egoteagatik ordaindu gabeko errentak, edo haien zenbatekoa, ebazpen judiziala irmoa den zergaldiari egotziko zaio, eta horren bidez, haiek kobratzeko eskubidea onartuko zaio. Bestela, zenbatekoa finkatuko da. Hala eta guztiz ere, eztabaida judizialaren gaia zor diren zenbatekoak ordaindu ez izana bada (eta ez halako zenbatekoak kobratzeko eskubidea edo zenbateko horien kopurua) erregela berezi hori ezin da aplikatu; hala gertatuz gero, zenbateko horiek, irizpide orokorren arabera dagokion ekitaldiari egotziko zaizkio (exijitu beharreko ekitaldiari, lanaren etekinei dagokienez). Gainera, zergadunari ezin egotz dakizkiokeen inguruabar arrazoituengatik, lanaren etekinak galdagarriak diren edo haiek jasotzeko eskubidea, edo haien zenbatekoa, ezartzen duen epailearen ebazpena irmo bihurtzen den ez beste zergaldietan jasotzen direnean, zergaldi horiei (errenta galdagarria gertatu, edo ebazpena irmo bihurtzen den zergaldiei, kasuan kasu) egotziko zaizkie, autolikidazioaren (urtearen arabera) edo aitorpen osagarriaren bidez, zehapenik ez interesik ez errekargurik gabe. Halako kasuetan, egozpena etekin hori kobratzen den dataren eta zergaren autolikidaziorako hurrengo epearen amaieraren artean dagoen epean egin behar dira autolikidazioak edo aitorpen osagarriak. Proposatutako kasuan, kontsultagileak orduan jaso gabeko lanaren etekin batzuen aurrean gaude, ematen duenez, horiek kobratzeko eskubidearen ezarpena ebazpen judizialaren zain daudelako. Horrela, etekin horiek, irekitako prozesu judizialari amaiera eman zion, eta langileari dagozkion zenbatekoak kobratzeko eskubidea aitortu zion ebazpena irmo bihurtu den ekitaldiari egotzi behar zaizkio. Aurkeztutako idazkian aurkezten diren, eta Zuzendaritza Nagusi honek egiaztatu dituen datuen arabera, kontsultagileak lan egiten duen enpresaren eta haren langileen arteko gatazka kolektiboaren prozesu judizialean zenbait instantziapean erori da. Lehenengoa, Gizarte-arloko Epaitegian jarritako eskean, 2018ko urtarrilaren 8an epaia eman zuena. Bigarrena, Euskal Herriko Auzitegi Gorenean jarritako errekurtsoa, aurreko epai hori berretsi zuena. Eta hirugarrena, azken epaian adierazten zen moduan, Auzitegi Gorenaren Gizarte-arloko Epaitegian doktrina bateratzeko jarritako kasazio-errekurtsoa, 2019. urtean izapidetzeko onartu ez zutena. Horrenbestez, gertakari horiek kontuan hartuz, badirudi prozesu judizial irekiari amaiera jarri zion, eta langileari dagozkion zenbatekoak kobratzeko eskubidea onartu zion ebazpena irmo bihurtu den ekitaldia 2019koa dela. Horrenbestez, etekinak aldi horri egotzi beharko zaizkio. Aurkeztutako idazkian adierazten den moduan, kontsultagilea eta lan egiten duen enpresa akordio batera heldu dira berriki, azkenak zor dizkion kopuruak kobra ditzan. Horrenbestez, 2021. urtean alderdien artean lortutako akordioak, dagoeneko erabaki irmoa zegoenez, ez du eraginik galdetzen diren errenten denbora-egozpenean. Hala ere, 2021eko akordio honek, eskatutako ordainketei aurre egiteko ordainketa-data bat ezarri duenak, dagozkion laneko etekinak, kobratzeko eskubidea aitortu zion ebazpen judiziala irmo bihurtu zen zergaldia, edo eska zitzakeen zergaldia ez den beste zergaldi batean jasotzea ekartzen du, betiere langileari egotzi ezin zaizkion inguruabarrengatik. Horregatik guztiagatik, alderdien artean irekitako prozesu judizialak eragindako etekinak, autolikidazio osagarri baten bidez, zehapenik, berandutze interesik eta errekargurik gabe, amaiera eman zion erabakia irmo bihurtu zen ekitaldiari egotzi beharko zaizkio, benetan kobratzen denean. Autolikidazio osagarri hori, adostutako ordainketa bakoitza kobratzen denetik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga aitortzeko hurrengo epealdia amaitu baino lehen aurkeztu beharko dira. Hori guztia aurretik idatzitako PFEZFAren 57.2 artikuluaren a) eta b) letretan ezarritakoaren arabera.

Araua

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 15., 16. eta 57. artikuluak.

Itzuli