www.bizkaia.eus/guregida


Kontsulta


  
Data

28.04.2021

Erreferentzia

PFEZ. Erretiro aurreratuagatiko primak, giza baliabideen plan estrategiko baten esparruan ordaindutako langile publikoentzat.

Galdera

Kontsulta egin duen udalak 2019ko azaroaren 21ean onartu zuen 2019-2025 epealdirako Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko Plan Estrategikoa. Plan horrek jasotzen du Euskadiko toki erakundeetako langileen lan baldintzak arautzen dituen hitzarmenak (Udalhitz) 95. eta 96. artikuluetan xedatutako kalte ordainak aitortzea, plan estrategiko horren esparruan erretiro aurreratua hartzen duten eta horren ondorioz erretiro pentsioak murrizten zaizkien langile publikoentzat. Plan estrategiko berri hau onartu aurretik, udalak ordaindutako primen zenbatekoak lan etekintzat jo dira, enpresaren eta langilearen arteko lan harremanaren ebazpenetik sortutakoak, eta haiei PFEZAk 14.1 artikuluan xedatutako integrazio ehunekoa aplikatuko zaie. Erantsitako plan estrategikoaren arabera ordaintzen diren primak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauak 19.2.a) artikuluan ezarritako integrazio ehunekoak aplikatu daitezkeen lan etekintzat joko diren jakin nahi du, edo PFEZFAk 9.5 artikuluan araututakoaren arabera salbuetsitako kalte ordaintzat jo ahal izango diren.

Ebazpena

Kontsulta idazkian egindako galderari dagokionez, lehenik eta behin, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 15. artikulua aplikatu behar da. Hau ezartzen da artikulu horretan: "Lan etekintzat joko dira zergadunaren lan pertsonaletik edo lan nahiz estatutu harremanetik zuzenean edo zeharka sortutako kontraprestazio edo erabilera guztiak, haien izena edo izaera edozein izanda ere (diruz edo gauzaz), eta jarduera ekonomikoen etekin izaerarik ez dutenak. (...)". Horri gehitu behar zaio PFEZFAren diruzko lan etekinei buruzko 16. artikuluak dioena: "Besteak beste, honako hauek izango dira diruzko lan etekinak: (...) e) Aurreko artikuluan zerrendatu diren harremanetatik sortutako sariak eta kalte ordainak". Hortaz, diruzko lan etekinak dira zergadunaren kaleratzeagatik lan edo estatutu harremana eteteagatik jasotako kalte ordainak, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kargapean daude. Nolanahi ere, PFEZFAren 15. eta 16. artikuluak lege testu beraren 9. artikuluarekin batera aztertu behar dira. Artikulu horrek, 2021eko martxoaren 1era arte indarrean zegoen idazketan, honako hau agintzen zuen: "Errenta hauek salbuetsirik egongo dira: (...) 5. Langilea kaleratu edo kargutik kentzeagatik ematen diren kalte ordainak, Langileen Estatutuan, hura garatzeko araudietan edo, halakorik balego, epaiak betearazteko araudian nahitaezko izaeraz ezarritako kopuruetan; hitzarmen, itun edo kontratuetan finkatutako kalte-ordaina ezingo da nahitaezko izaeraz ezarritako kalte-ordaintzat hartu. Era berean, Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legeak 103.2. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, bazkideak kooperatiba uzteagatik jasotzen dituen kalte ordainak ere salbuetsita egongo dira; lan araudiak Langileen Estatutuaren 52.c) artikuluan aipatzen den kargugabetze kasuetarako nahitaez ezartzen duen zenbateko bera dago salbuetsita. Aurreko paragrafoetan jasotakoaren kalterik gabe, Langileen Estatutuaren 51. artikuluaren arabera eginiko kaleratze kolektiboak direnean edo kontratuak estatutu horretako 52.c) artikuluan jasotako arrazoiengatik amaitzen direnean, zerga ordaintzetik salbuetsiko da estatutu horretan kaleratze bidegabeagatik nahitaezko izaeraz ezarritako mugak gainditzen ez dituen kalte-ordainaren zatia, betiere kaleratzeak eta kontratu amaitzeak gertatu badira edo arrazoi ekonomiko eta teknikoengatik, edo ezinbesteko kasuengatik, edo antolaketa eta ekoizpeneko arrazoiengatik. Ordezkotza kontratu batean dauden langileek lan harremana desegin eta lan jarduera lehenago uzteagatik langileek jasotzen dituzten kopuruak ere muga horiekin egongo dira salbuetsita. Zenbaki honetan xedatutakoaren ondorioetarako, arrazoi objektiboen ondoriozko kaleratze kolektiboen eta kaleratzeen edo kargugabetzeen parekotzat joko dira Langileen Estatutuaren 51. artikuluan ezarritako arrazoiren batean oinarritutako administrazio publikoen giza baliabideen plan estrategikoak. Zenbaki honetan ezartzen den kalte ordain salbuetsia 180.000 euro izango da, gehienez". Manu hori garatu egin da Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren (PFEZA) 7. artikuluan. Honako hau esaten da bertan: "Zergari buruzko Foru Arauak 9.5 artikuluan ezarritako salbuespena aplikatzeko ezinbestekoa da langileak inolako loturik ez izatea enpresarekin. Kontrakoa frogatu ezean, lotura horrek irauten duela iritziko da kaleratzea edo kargugabetzea gertatu eta hiru urteren buruan langileak berriz ere ematen baditu zerbitzuak enpresa berean edo horri lotutako beste enpresa batean, Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauak 42.3. artikuluan ezarritakoarekin bat. Salbuetsitako gehieneko kopurua, 180.000 euro, langilea kaleratzen edo kargutik kentzen den bakoitzeko aplikatuko da, kalte ordaina ordaintzeko modua gorabehera". Beraz, arau orokor gisa, langilea kaleratzeagatik edo kargutik kentzeagatik ematen den kalte ordaina pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik salbuetsita dago neurri batera arte, hain zuzen ere, Langileen Estatutuan, hura garatzen duen araudian edo epaiak betearazteko araudian ezarritako derrigorrezko zenbatekoraino, eta, nolanahi ere, gehienez 180.000 euro kaleratze edo kargutik kentzen den aldi bakoitzeko (kalte ordaina edonola ordaintzen dela ere). Salbuespen hori aplikatzeko baldintza da, ordea, langilearen eta enpresaren arteko lotura benetan eta eraginkortasunez etetea, PFEZAk 7. artikuluan xedatutakoaren ildotik. Hala ere, kaleratze kolektiboa egiten denean Langileen Estatutuaren 51. artikuluan xedaturikoarekin bat etorriz (haren testu bategina urriaren 23ko 2/2025 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen), eta kontratuak iraungitzen direnean estatutu horren 52.c) artikuluan jasotako arrazoiengatik, batera zein bestera arrazoia ekonomikoa, teknikoa, antolaketakoa, ekoizpenekoa edo ezinbestekoa izanik, salbuetsitako muga estatutu horretan bidegabe egindako kaleratzeetarako ezarritako nahitaezko zenbatekoraino handitzen da, baita kaleratze edo kargugabetze bakoitzeko 180.000 euroko mugarekin ere, hau da, gehienez 180.000 euro kaleratzen den edo kargutik kentze den aldi bakoitzeko. Horren harira, Langileen Estatutuak, kaleratze kolektiboei buruzkoak, 51. artikulu horretan honako hau xedatzen du: "1. "Lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako, kaleratze kolektibo esango zaio ekonomia, teknika, antolaketa edo ekoizpeneko arrazoietan oinarrituta kontratuak iraungitzeari, laurogeita hamar eguneko epean amaitzeak honako hauengan badu eragina: a) Ehun langiletik beherako enpresetan, hamar langilerengan. b) Ehun eta hirurehun langile arteko enpresetan, langileen ehuneko hamarrengan. c) Hirurehun langile edo gehiagoko enpresetan, hogeita hamar langilerengan. Kausa ekonomikoak tartean direla joko da, baldin eta enpresaren emaitzak ikusita agerikoa bada egoera ekonomiko negatiboa duela enpresak; adibidez, gaur egun galerak izatea edo gerorako galerak aurreikustea, edo diru-sarrerak nahiz salmentak luzaroan gutxituz joatea. Nolanahi ere, murrizpena iraunkortzat joko da hiru hiruhilekotan jarraian salmentak edo sarrera arruntak aurreko urteko hiruhileko berdinetan baino gutxiago badira. Arrazoi teknikotzat joko da, besteak beste, ekoizteko bitartekoetan edo tresnetan aldaketak gertatzea, antolamenduko arrazoitzat lan egiteko sistemetan eta metodoetan edo produkzioa antolatzeko moduan aldaketak gertatzea, eta ekoizpeneko arrazoitzat enpresak merkaturatu nahi dituen produktuen edo zerbitzuen eskarian aldaketak gertatzea". Beraz, alor horretan, arrazoi hauek daude: a) ekonomikoak, enpresaren emaitzetatik egoera ekonomiko negatiboa ondorioztatzen denean, egun dauden galerengatik edo aurreikusten diren galerengatik, edo ohiko sarreren edo salmenten maila modu iraunkorrean murrizteagatik (ondorio horietarako, murrizketa egonkortzat joko da hiru hiruhilekotan jarraian hiruhileko bakoitzeko sarrera arrunten edo salmenten maila aurreko urteko hiruhileko berekoa baino txikiagoa bada); b) teknikoak, ekoizteko baliabideetan edo tresnetan aldaketak daudenean (besteak beste); c) antolaketakoak, langileen lan sistemetan edo metodoetan aldaketak daudenean, edo ekoizpena antolatzeko moduan (besteak beste); eta d) ekoizpenekoak, enpresak eskainitako produktuen edo zerbitzuen eskarian aldaketak daudenean (besteak beste). Bestalde, kaleratze bidegabeagatiko kalte ordainetan, Langileen Estatutuaren 56. artikuluak honako hau xedatzen du, oro har: "1. Kaleratzea bidegabetzat jotzen denean, enpresaburuak, epaia jakinarazten denetik bost eguneko epean, bi aukera izango ditu: langilea lanean berriz hartzea, edota lan urte bakoitzeko hogeita hamahiru soldata egunen pareko kalte ordaina ematea; urtebetetik beherako aldiak hileka hainbanatuko dira, eta gehienez ere hogeita lau hilabeteri dagokiona eskuratuko da kalte ordain moduan. Kalte ordaina ematea aukeratzen badu, lan kontratua iraungi egingo da; zehazki, lana utzitako egunean bertan azkendu dela iritziko da. (...)". 2012ko lan erreforma indarrean jarri ostean, kaleratze bidegabeagatik jasotzen den nahitaezko kalte ordainaren munta, oro har, honako hau da: 33 soldata egun lanean egindako urte bakoitzeko (urtera iristen ez diren aldiak hileka hainbanatu behar dira), eta 24 hileko gehienez (aipatutako erreforma baino lehen 45 soldata egun ziren lanean egindako urte bakoitzeko, eta 42 hileko gehienez). Nolanahi ere, manu hori osatu egin behar da Langileen Estatutuaren hamaikagarren xedapen iragankorrean xedatutakoarekin: "1. 56.1 artikuluan aurreikusitako kaleratzeagatiko kalte ordaina 2012ko otsailaren 12tik aurrera sinatutako lan kontratuei aplikatuko zaie. 2. 2012ko otsailaren 12a baino lehen formalizatutako kontratuetako bidegabeko kaleratzeagatiko kalte ordaina honela kalkulatuko da: berrogeita bost soldata egun data hori baino lehen zerbitzuan emandako urte bakoitzeko, urtebetetik beherako aldiak hileka hainbanatuta, eta hogeita hamahiru soldata egun data horretatik aurrera lanean emandako urte bakoitzeko, urtebetetik beherako aldiak era berean hileka hainbanatuta. Eragiketa horren emaitzak dakarren kalte ordaina ezin da izan zazpiehun eta hogei eguneko soldata baino handiagoa, honako kasu honetan izan ezik: 2012ko otsailaren 12a baino lehen lan egindako aldiari dagokion zenbatekoa handiagoa izatea; kasu horretan gehieneko kalte ordaina aplikatuko da, hau da, berrogeita bi hileko soldata. 3. Arrazoi objektiboak direla eta iraungitzeagatiko kalte ordainaren ondorioetarako, egindako unean zegoen araudia jarraituko dute oraindik kontratazio mugagabea sustatzeko 2012ko otsailaren 12a baino lehen egindako kontratuek. Diziplinazko kaleratzeetan, bidegabeko kaleratzeagatiko kalte-ordaina 2. zenbakian xedatutakoaren arabera kalkulatuko da". Aurreko guztiaz gain, PFEZFAk 9.5 artikuluan Langileen Estatutuaren 51. artikuluan jasotako arrazoiren batean oinarritutako administrazio publikoen giza baliabideen plan estrategikoak hemen sartzen ditu: arau horretan adierazitakoaren arabera egindako kaleratze kolektiboen eta lege-testu bereko 52.c) artikuluko arrazoi objektiboengatik egindako kaleratzeen edo kargu kentzeen barruan. Beraz, Langileen Estatutuak 51. artikuluan ezarritako arrazoiren batean oinarrituta, administrazio publikoen giza baliabideen plan estrategiko hauetan xedatutakoaren arabera kargutik kentzeagatik jasotzen diren kalte ordainak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik salbuetsita daude, gehienez ere zenbateko hauen gutxienekoa izan arte: a) kaleratze bidegabeetarako lan araudian nahitaez jasotako zenbatekoa (Langileen Estatutuaren 56. artikuluan eta hamaikagarren xedapen iragankorrean ezartzen da, oro har); eta b) 180.000 euro, kalte ordain horiek nola ordaintzen diren kontuan hartu gabe. Administrazio publikoen giza baliabideen plan estrategiko horien harira, gaur egun aplikatzen da Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 69. artikulua (urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia). Honako hau adierazten da bertan: "1. Administrazio publikoetan giza baliabideak planifikatzearen helburua laguntza ematea da, zerbitzuak ematean eraginkorra izateko eta baliabide ekonomikoak erabiltzeko orduan eraginkortasunez jokatzeko. Horretarako, langileen dimentsioa egokia izango da eta banaketa, prestakuntza, sustapen profesional eta mugikortasun aproposa izango dute. 2. Administrazio publikoek beren giza baliabideak antolatzeko planak onetsi ahal izango dituzte, plan horien barruan neurri hauek egonik, besteak beste: a) Langile baliabideen eta beharren azterketa, bai langile kopuruaren aldetik, bai lanbide profilen edo horien kualifikazio mailen aldetik. b) Lana antolatzeko sistemei buruzko aurreikuspenak eta lanpostu egituren aldaketak. c) Mugikortasun neurriak; besteak beste, eremu jakin batean kanpoko langileak sartzeko aukera etetea, edo lanpostuak betetzeko lehiaketetarako deialdia egitea, zehazten diren eremuetako langileentzat mugatuta. d) Barne sustapeneko eta langileen prestakuntzako neurriak eta nahitaezko mugikortasunekoak, estatutu honen titulu honen III. kapituluan xedatutakoaren arabera. e) Enplegu publikoaren eskaintzaren bidez, giza baliabideak izateko aurreikuspena, hurrengo artikuluan agindutakoari jarraikiz. 3. Administrazio publiko bakoitzak bere giza baliabideak planifikatuko ditu, aplikatu beharreko arauetan ezarritako sistemen arabera". Azken xedapenetatik laugarrenean, berriz, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legeak testu bategin horretan, honako hau zehazten du: "2. Funtzio Publikoko legeak eta garapen arauak eman arte, indarrean jarraituko dute administrazio publiko bakoitzean giza baliabideen antolamenduari, plangintzari eta kudeaketari buruz indarrean dauden arauek, baldin eta estatutu honetan ezarritakoaren aurkakoak ez badira". Horrez gain, 30/1984 Legeak, abuztuaren 2koak, Funtzio Publikoa Erreformatzeko Neurriei buruzkoak, honako hau xedatzen du hogeita batgarren xedapen gehigarrian: "Autonomia erkidegoek eta toki-korporazioek, beren burua antolatzeko gaitasunaren arabera, giza baliabideak arrazionalizatzeko beste sistema batzuk erabili ahal izango dituzte, enplegu lanez gain, beren beharretara egokitutako programen bitartez. Horiek barruan hartu ahal izango dituzte lege honen 18. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatutako neurri guztiak edo horietako batzuk, baita borondatezko eszedentziaren eta erretiro aurreratuaren pizgarriak ere. Gainera, aipatutako abuztuaren 2ko 30/1984 Legeak 18. artikuluaren 2. eta 3. idatz zatietan honako hau arautzen du: "2. Enplegu Planek xedapen eta neurri hauek jaso ahalko dituzte: a) Antolakuntza egiturak eta lanpostuak aldatzeari buruzko aurreikuspenak. b) Ukitutako arloan kanpoko langileak sartzeko aukera etetea, bai lan eskaintzen ondoriozkoak, bai mugikortasun prozesuetakoak. c) Langileak berriz izendatzea. d) Prestakuntza eta trebakuntzako ikastaroak ezartzea. e) Lanpostuak betetzeko lehiaketetarako baimena ematea, zehaztutako arloetako langileetara mugatutakoetarako. f) Barne sustapeneko neurri espezifikoak. g) Lanaldi partzialeko zerbitzuan jardutea. h) Giza baliabideen behar gehigarriak, hala badagokio, lan eskaintza publikoan txertatu beharrekoak. i) Enplegu planen helburuei dagokienez bidezkoak diren beste neurri batzuk. Enplegu planen justifikazio memoriak jasoko ditu dagozkion erreferentzia tenporalak, haietan ezarritako aurreikuspenei eta neurriei dagokienez. 3. Enplegu plan batek ukitutako langileei beste administrazio publiko batzuetako postuak esleitu ahal izango zaizkio, administrazio horien artean horretarako sinatutako hitzarmenek ezarritako baldintzetan". Ondore horietarako guztietarako, uztailaren 6ko 6/1989 Legeak (Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa) 22. artikuluan, honako hau adierazi du, 2. artikuluan xedatutakoaren arabera kontsulta egin duen udalari aplikatu beharrekoa: "1. Euskal administrazio publikoek giza baliabideak arrazionalizatzeko programak onartu ditzakete, euren buruak antolatzeko duten gaitasunaren arabera eta langileen ordezkariekin negoziatu ostean. Programok euren berezitasunei egokituko zaizkie, eta funtzionarioei zein lan kontratuko langileei buruzkoak izango dira, eta euren eraginpeko alorrean giza baliabideak ahalik ondoen erabiltzeko garatu behar diren jarduketak hartuko dituzte batera. Eta hori aurrekontuen mugen barnean egin beharko da, gobernu organoek langileei buruzko politikarako finkatu ditzaten jarraibideen arabera. 2. Giza baliabideak arrazionalizatzeko programetan, enplegu planetarako aplikatu beharreko araudi orokorrean ezarritako neurri guztiak edo batzuk sartu ahal izango dira, bai eta borondatezko eszedentziarako eta erretiro aurreraturako pizgarriak eta zerbitzu aktiboari uko egiteko edo bertan behin betiko baja emateko pizgarriak ere. 3. Giza baliabideak arrazionalizatzeko programak lege honetan eta euskal administrazio publiko bakoitzak emandako araudian xedatutakoaren arabera arautuko dira. 4. Enplegu planak beren berariazko arauudi aplikagarriaren arabera arautuko dira. 5. Giza baliabideak arrazionalizatzeko programa baten eraginpeko langileak beste administrazio publiko batzuetan berriz esleitu ahal izango dira, beren artean horretarako sinatu daitezkeen hitzarmenetan ezarritako baldintzetan. 6. Giza baliabideak arrazionalizatzeko programek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eremuan, sail, erakunde edo administrazio alor bati edo hainbati eragin diezaiekete. Funtzio publikoaren alorrean eskuduntzak dituen sailak onartuko ditu programok, ogasun alorrean eskuduntza duen sailak emandako aldeko txostena beharko duela aldez aurretik. Sail bati baino ez badiote eragiten, sail horien aldez aurretiko aldeko txostena izan ondoren, sail horrek onartuko ditu. Programok gertatzeko ekimena, eragindako sail edo erakundearen esku geldituko da edo, elkarlanean, funtzio publikoaren eta ogasunaren alorretan eskuduntza duten sailen esku. Azken egoera honetan, aplika dakien sailen txostena beharko da". Hemen dagokigunean, uztailaren 6ko 6/1989 Lege hori, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa, garatuta dago 190/2004 Dekretuan, urriaren 13koan, euskal herri administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzekoan. Haren 1. artikuluak honako hau xedatzen du: "1. Araudi hau aplikatuko zaio Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen aplikazio eremuan sartuta dauden funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeari. 2. Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, berariazko araudirik duten funtzionarioek, aplikagarriak diren heinean, arau horiei jarraitu beharko diete, besterik gabe. Arau horietan arautzen ez denari lotuta, funtzionarioek araudi hori bete beharko dute. 3. Estatutupeko edo funtzionario gisa euskal administrazio publikoen zerbitzuan diharduten langileentzat, araudiak osagarri izaera izango du, baldin eta langileok araudi honen aplikazio eremuaren baitan sarturik ez badaude". Zehazki, administrazio publikoen giza baliabideak arrazionalizatzeko programei dagokienez, honako hau dio euskal herri administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudi horren 41. artikuluak: "1. Euskal herri administrazioek giza baliabideak arrazionalizatzeko programak onar ditzakete, euren buruak antolatzeko duten gaitasunaren arabera eta langileen ordezkariekin negoziatu ostean. Programok euren berezitasunei egokituko zaizkie, eta funtzionarioei zein lan-kontratuko langileei buruzkoak izango dira. Hori guztia aurrekontuen mugen barnean egin beharko da, gobernu organoek langileei buruzko politikarako finka ditzaten jokabideen arabera. 2. Zerbitzu publikoa eskaintzeko asmoz ezinbestekoak eta aproposak diren langileez osatutako antolakuntza administratibo egokia lortzeko xedez, arrazionalizatzeko programek euren eraginpeko alorrean giza baliabideak ahalik eta ondoen erabiltzeko garatu behar diren jarduketak hartuko dituzte batera. Baliteke jarduketok eragina edo ondorioak izatea, besteak beste, honako gai hauetan: langileen plantillen tamaina eta beharrizanen plangintza, lanpostuen sailkapena ordainsarietan dagozkien ondorioak aintzat harturik, lanpostuen hautaketa baita betetzea ere, langileen sustapena eta igoera, eta prestakuntza". Honako hau gaineratzen du euskal herri administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudi horrek 42. artikuluan: "Giza baliabideak arrazionalizatzeko programek neurri hauek guztiak edo horietako batzuk jaso ahal izango dituzte: a) Antolamendu egiturak eta lanpostuak aldatzeko aurreikuspenak. b) Ukitutako arloan kanpoko langileak sartzeko aukera etetea, bai lan eskaintzen ondoriozkoak, bai mugikortasun prozesuetakoak. c) Lanpostuak betetzeko lehiaketetarako baimena ematea, zehaztutako arloetako langileetara mugatutakoetarako. d) Langileak prestatzeko eta gaitzeko planak, haien laneratzea errazteko. e) Barne sustapeneko neurri espezifikoak. f) Langileak berriz izendatzea. g) Lanaldi partzialeko zerbitzuan jardutea. h) Beste administrazio publiko batzuekin hitzarmenak egitea langileak berriz izendatzeko. i) Borondatezko eszedentziaren eta erretiro aurreratuaren pizgarriak, eta zerbitzu aktiboari uko egiteko edo bertan behin betiko baja emateko pizgarriak. j) Arrazionalizatzeko programaren helburuei dagokienez, egokiak diren beste zenbait neurri". Euskal herri administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudi horrek honako hau xedatzen du 43. artikuluan: "1. Giza baliabideak arrazionalizatzeko programek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eremuan, sail, erakunde edo administrazio alor bati edo hainbati eragin diezaiekete. 2. Programok egiteko ekimena, eragindako sail edo erakundearen esku geldituko da edo, elkarlanean, funtzio publikoaren eta ogasunaren alorretan eskuduntza duten sailen esku. Azken egoera honetan, aplika dakien sailen edo erakundeen txostena jasoko da. Justifikazio espediente bat erantsiko zaio espedienteari, eta, bertan, honako hauek jasoko dira: erabaki hori hartzeko arrazoi objektiboak eta lortu nahi den helburua, txosten bat ondorio ekonomikoei buruz, aplikatu beharreko neurri zehatzei buruz, eta arrazionalizazio programa zein antolakuntza-, denbora- eta langile-eremuri aplikatuko zaion. 3. Aurrez aipatutako txostenak lortu ostean, langileen ordezkaritzarekin negoziatzen hasiko da. 4. Funtzio publikoaren alorrean eskuduntzak dituen sailak onartuko ditu programok, ogasun alorrean eskuduntza duen sailak emandako aldeko txostena beharko duela aldez aurretik. Sail bati baino ez badiote eragiten, hark onartuko ditu, sail horien aldez aurretiko aldeko txostena izan ondoren. 5. Arrazionalizatzeko programak egingo dira funtzionarioen estatutu araubidearen oinarriek ezarritakoarekin bat etorriz". Euskal herri administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudi honen 44., 45. eta 46. artikuluek langileek berriz izendatzeko aukera arautzen dute, bai eta soberakin gisa identifikatutako unitate edo organismoetako langileentzako hornidura lehiaketa mugatuak ere. Aurreko guztiarekin bat etorriz, PFEZFAk 9.5 artikuluan aipatzen dituen administrazio publikoetako giza baliabideen plan estrategikoak, erreklamatzaileak aipatutakoak, honela defini daitezke: langileak beren behar espezifikoetara egokitzeko eta arrazionalizatzeko programak, administrazio publikoek beren burua antolatzeko duten gaitasunaren arabera eta langileen ordezkariekin negoziatu ondoren, zerbitzu publikoak baliabide egoki eta ezinbestekoekin emateko administrazio antolaketa egokia lortzeko helburuarekin. Plan edo programa horiek helburu hori betetzeko egin beharreko jarduketak batera jaso behar dituzte. Zehazki, enplegu planetarako araudi orokor aplikagarrian ezarritako neurriez gain, plan edo programa hauek honako hauek sustatzeko pizgarriak jaso ditzakete: borondatezko eszedentzia, erretiro aurreratua, zerbitzu aktiboari uko egitea edota bertan behin betiko baja ematea. Bestalde, lan arloan soilik, enplegu erregulazioko espedienteak prozedura batzuk dira, eta, haien bidez, behar diren kaleratze kolektiboak egiten dira enpresaren egoera ekonomiko txarra gainditzen saiatzeko (arrazoi ekonomikoetan oinarritzen badira), edo baliabideak honako hauetan izandako aldaketetara egokitzen uzteko: ekoizteko baliabideetan edo tresnetan; langileen lan egiteko sistemetan eta metodoetan; ekoizpena antolatzeko eran; eta/edo eskaintzen dituen produktu edo zerbitzuen eskarian (arrazoi teknikoek, antolaketakoak edo ekoizpenekoek eragindakoak badira, hurrenez hurren). Langileen Estatutuaren xedapen gehigarriak kaleratzea arautzen du sektore publikoko arrazoi ekonomikoengatik, teknikoengatik, eta antolaketa nahiz ekoizpen arrazoiengatik. Horregatik, giza baliabideen plan estrategikoen arteko antzekotasunak ikusirik, berezkoak direnak administrazio publikoetan, eta enplegu erregulazioko espedienteak ikusirik, lan-zuzenbideak bereizgarriak direnak (batez ere kontuan izanik bi kasuetan enplegatzaileak haien bidez giza baliabideak arrazionalizatzen eta bere antolaketa beharrizan objektiboei egokitzen saiatzen dela), pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudiak kontzeptu batengatik edo bestearengatik jasotzen diren pizgarrien eta kalte ordainen antzeko tratamendua ematen die, PFEZFAk 9.5 artikuluan araututako salbuespenaren ondorioetarako. Nolanahi ere, giza baliabideen plan estrategiko horiek legez zehaztutako gutxieneko edukirik ez dute, legez finkatutako neurri guztiak edo batzuk jaso baititzakete. Azaldutako guztiarekin bat etorriz, giza baliabideen plan estrategikoan jasotako neurriak aplikatzearen ondorioz ordaindutako erretiro aurreratuagatiko primek, printzipioz, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga ez dute ordainduko, gehienez ere honako bi hauek baino txikiagoa den zenbatekoraino: a) lan araudian kaleratze bidegaberako zehaztutako zenbatekoa (orokorrean, Langileen Estatutuaren 56. artikuluan eta uztailaren 6ko 3/2012 Legearen bosgarren xedapen iragankorrean ezarrita); eta b) 180.000 euro, edozein dela ere ordaintzeko era. Salbuetsi gabeko soberakinari bi edo bost urte baino epealdi luzeagoan sortutako etekin irregularren tratamendua aplikatu ahal izango zaio (abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua, 19.2.a artikulua). Nolanahi ere, kasu honetan, kontsulta idazkian aipatzen denez, kontsulta egindako udalak erretiro aurreatuagatiko prima berberak ordaintzen zizkien langileei, Udalhitzen hitzarmenaren arabera. Dena den, adierazi du giza baliabideen plan estrategiko bat egin duela, eta plan hori aurkeztu dela. Plan horren eduki bakarra, funtsean, aipatutako hitzarmenera jotzea da, kalte ordainen taula berberak aplikatzeko. Bereziki, kalkulu zehatza egiteko Udalhitzen hitzarmen horretara jotzen da, eta adierazi behar da ez duela giza baliabideen plan estrategikoaren izaerarik. Gogoratu behar da PFEZFAren 9.5 artikuluak berak, hirugarren paragrafoan, Langileen Estatutuaren 51. artikulura jotzen duenez, arrazoi objektiboak eskatzen dituela (antolakuntzakoak, ekoizpenekoak, teknikoak edo ekonomikoak), plan hori eta neurriak egitea justifikatzen dutenak; beraz, horiek egiaztatu ezin badira, salbuespena ez da aplikagarria izango. Bereziki, azaldutakoa bezalako kasu batean, justifikatu egin beharko zen aipatutako plan estrategikoaren beharra 2019ko azaroan (azken batean, zerbitzu publikoak baliabide egoki eta ezinbestekoekin emateko administrazio antolaketa egokia lortzeko helburuarekin); izan ere, indarrean dauden neurriak ez datoz bat udala atxikita zegoen hitzarmen baten ondorioz indarrean zeuden aurrekoekin. Bestalde, Bizkaiko Lurralde Historikoko 2021eko Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Arauak ezartzen du Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarei buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua aldatuko dela. Horren ondorioz, indargabetu egiten da, 2021eko martxoaren 1etik aurrerako ondorioekin, testu arauemaile horren 9.5 artikuluan araututako salbuespena, Langileen Estatutuaren 51. artikuluan ezarritako arrazoiren batean oinarritutako administrazio publikoen giza baliabideen plan estrategikoetatik sortutako kalte ordainetarako. Hain zuzen ere, Bizkaiko Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorrei buruzko otsailaren 24ko 2/2021 Foru Arauak 47. artikuluan ezartzen du PFEZFAren 9.5 artikuluko hirugarren paragrafoa indargabetzen dela. 47. artikuluak honako hau ezartzen du: "Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga. Foru arau hau Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hileko lehen egunetik aurrera gertatzen diren egitate sortzaileen ondorioz jasotako kalte ordainen ondorioetarako, edukirik gabe geratzen da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Aginduaren 9. artikuluaren 5. apartatuko hirugarren paragrafoa". Aurrez jadanik hitzez hitz eman den moduan, PFEZFAren 9. artikuluaren 5. idatz zatiko hirugarren paragrafoak honako hau dio: "Zenbaki honetan xedatutakoaren ondorioetarako, aurreko paragrafoan adierazitako arrazoi objektiboen ondoriozko kaleratze kolektiboen eta kaleratzeen edo kargugabetzeen parekotzat joko dira Langileen Estatutuaren 51. artikuluan ezarritako arrazoiren batean oinarritutako administrazio publikoen giza baliabideen plan estrategikoak. Horregatik guztiagatik, Bizkaiko Lurralde Historikoko 2021eko Aurrekontu Orokorrei buruzko otsailaren 24ko 2/2021 Foru Arauak 47. artikuluan ezartzen duen egunetik aurrera, Langileen Estatutuaren 51. artikuluan ezarritako arrazoietako baten bat oinarri hartuta administrazio publikoen giza baliabideen plan estrategikoen ondorioz gertatzen diren kanporatzeak ez dira berdinetsiko talde kaleratzeekin ez arrazoi objektiboengatik egiten diren kanporatze eta kargu uzteekin eta horiengatik ematen diren kalte ordainei ezin izango zaie aplikatu abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 9.5 artikuluko salbuespena. Beraz, halakoetan, PFEZFAk 19. artikuluan xedatutakoa aipatu behar da hemen, honako hau zehazten duena: "1. Lan etekin osoa kapitulu honetako aurreko artikuluetan definitu diren etekin guzti-guztiek osatzen dute, oro har. 2. Alabaina, zenbaki honetan zerrendatzen diren kasuetan, lan etekin osoa lortuko da ehuneko jakin batzuk aplikatuz kapitulu honetako aurreko artikuluetan definitu diren etekinen zenbateko osoari. Hauek dira ehunekoak: a) Lanaren etekinak bi urtetik gorako epean sortu direnean eta aldizka edo noizean behin lortu ez direnean, % 60 aplikatuko da; ehuneko hori % 50 izango da sortze-aldia bost urtetik gorakoa denean edo etekinak denboran era irregular nabarmenean lortutakotzat araudiaren arabera kalifikatzen direnean. Etekinak zatika kobratzen badira, etekinaren sorrera-aldia konputatzerakoan kontuan hartuko da zenbat urtetan zatikatzen den kobrantza, araudiaren arabera ezartzen den eran. Letra honetan aipatzen diren etekinei % 100etik beherako integrazio-portzentajeak aplikatuko bazaizkie ere, etekinon zenbatekoa ezin dira 300.000 euro baino handiagoa izan urtean. Zenbateko horretatik gorako soberakina % 100ean integratuko da. % 100 baino integrazio ehuneko txikiagoa aplikatu behar zaien etekinak jasotzen badira, aurreko lerroaldean zehazten den 300.000 euroko muga zenbatzeko orduan, lehenengo eta behin, integrazio ehuneko txikienei dagozkien etekinak hartuko dira kontuan. (...)". Manu hori garatu egin da Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren (PFEZA) 14. artikuluan, besteak beste. Bertan hau xedatzen da: "1. Zergari buruzko Foru Arauaren 19.2.a) artikuluanezarritako % 50eko integrazioa aplikatzeko, denboran zehar modu nabarmen irregularrean lortutako lanaren etekintzat jarraian adieraziko direnak soilik hartuko dira, baldin eta zergaldi bakarrean egozten badira: (...) f) Enpresak langileei lan harremanak elkarren adostasunez suntsiarazteagatik ordaintzen dizkien kopuruak. Horretarako, lan harremantzat joko dira estatutu harremanak eta bazkide langileak beraien kooperatibekin lotzen dituzten harremanak. (...) 2. Lan etekinen sortze aldia bi urte baino luzeagoa izan bada eta etekin horiek zatika jasotzen badira, Zergari buruzko Foru Arauaren 19.2.a) artikuluko lehenengo paragrafoan ageri diren % 60 edo % 50eko integrazio ehunekoak bakarrik aplikatu ahal izango dira, baldin eta sortze urteen kopurua, data batetik bestera zenbatuta, zergaldien kopuruaz zatitzearen emaitzaren kopurua bi edo bost baino handiagoa bada, hurrenez hurren. Etekinak zatika jasoz gero, Zergari buruzko Foru Arauak 19.a) artikuluaren hirugarren eta laugarren paragrafoetan aipatzen den 300.000 euroko muga aplikatu behar bada, gehieneko kopuru hori modu proportzionalean banatuko da zatikapenak hartzen dituen ekitaldien artean. (...)". Halaber, PFEZAk 16. artikuluan hauxe zehazten du: "Zergari buruzko Foru Arauak 19. artikuluan xedatutakoaren arabera % 100etik beherako integrazio ehunekoak 300.000 euroko zenbatekoa gainditzen ez duten etekinei aplikatuko zaizkie. Bada, gehieneko muga hori banaka aplikatuko zaie etekin hauei: a) Zergari buruzko Foru Arauak 19.2.a) artikuluan aipatutako etekinak (guztirako zenbatekoa). b) Zergari buruzko Foru Arauak 19. artikuluaren 2. zenbakiko b) eta c) letretan aipatutako etekinak (guztirako zenbatekoa)". Azkenik, PFEZFAk honako hau ezartzen du hogeigarren xedapen iragankorrean: "1. Foru Arau honetako 19.2. artikuluan eta 25.4. artikuluan ezarritakoa gorabehera, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko 2006ko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauan ezarritakoarekin bat denboran era irregular nabarmenean lortutakotzat jotzen diren etekinei, 2014ko urtarrilaren 1a baino lehen hitzartutako kontratu edo akordioei badagozkie, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko 2006ko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauan ezarritakoa aplikatuko zaie. (...)". Horrela, beraz, oro har, lan etekin osoa guztira hartzen diren izaera horretako errenta guzti-guztiek osatzen badute ere, lan etekinen sortzapen aldia bi edo bost urtetik gorakoa denean, % 60an edo % 50ean, hurrenez hurren, integratu behar dira zergaren oinarrian, betiere zergadunak ez baditu hartukizun horiek (bi eta bost urtetik gorako sortzapen aldia dutenak) jasotzen aldizka edo behin eta berriro. Gainera, denboran zehar modu nabarmen irregularrean lortutako lan etekinak ere % 50ean sartzen dira zerga oinarrian, baldin eta zergaldi bakar batean egozten badira. Zergaren zerga oinarrian % 100etik beherako ehunekoan sartu beharreko etekin horien zenbatekoa ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan urtean (integrazio ehuneko horiek aplikatu aurretik zenbatuta), PFEZFAren hogeigarren xedapen iragankorrean adierazitakoa salbuetsiz. Kasu honetan, emandako informazioaren arabera, kontsulta egin duen udala akordio bati lotuta dago; haren arabera, beren borondatez adin jakin bat betetzean erretiro aurreratua hartzea erabakitzen duten langileei kalte ordaina ordaintzea aurreikusten da. Alde horretatik, adierazi behar da enplegatzaileek erretiro aurreratua borondatez hartzen duten langileei ordaintzen dizkieten zenbatekoak, zerga ondorioetarako, lan etekintzat jotzen direla, laneko edo estatutuko harremana adostasunez suntsiaraztearen ondorioz, PFEZAk 14.1.f) artikuluan xedatutakoaren ildotik. Beraz, zerga ondorioetarako, kontsulta honetan aipatutako primak (borondatezko erretiro aurreratuaren zioz ordainduko dira) denboran modu nabarmen irregularrean arau bidez lortutako errentatzat jo behar dira (zehatzago, alderdien adostasunez lan harremana suntsitzeagatik jasotako diru kopurua da), adierazitako PFEZFAren 9.5 artikuluaren aldaketan onarrituz, eta ez da bi edo bost urte baino gehiagoko aldian sortutako etekintzat jo behar. Horren ondorioz, kalte ordain hori pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zerga oinarrian sartzea aldatu egingo da hartzaileak zergaldi bakarrean kobratzen duen ala ez kontuan hartuta, etekin mota horretarako (modu nabarmen irregularrean lortutako etekinetarako) beren-beregi PFEZFAk 19.2.a) artikuluan eta PFEZAk 14. artikuluan xedatzen duten moduan. Hortaz, kontsulta egin duen udalak prima edo kalte-ordain horiek behin bakarrik ordaintzen baditu (ordainketa bakarrean), PFEZFAk 19.2.a) artikuluan eta PFEZAk 14. artikuluan araututako % 50eko integrazio ehunekoa aplikatu ahal izango zaie primei, urtean 300.000 euroko mugarekin (goian transkribatutako PFEZFAk hogeigarren xedapen iragankorrean xedatutakoa aplikatu ezean). Aitzitik, udalak hainbat ekitalditan ordainduko balitu kalte ordainak, zergadunek % 100ean sartu beharko lituzkete zergaren zerga oinarrian (zergaldi batean baino gehiagotan egozten diren denboran modu nabarmen irregularrean lortutako etekinak direlako).

Araua

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua, 9.5, 15. eta 16. artikuluak.

Itzuli