01.03.2021
PFEZ. Baterako aitorpena. Familia unitatea. Etxe berean elkarrekin bizi ez diren legez banandu gabeko ezkontideak.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergaduna da kontsultagilea, eta haren ezkontidearekin batera, baterako aitorpena aurkeztu ohi izan du. Ezkontideak ez du diru-sarrera propiorik. Ezkontidearen ama II. graduko mendeko pertsona da, hala aitortu zion Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak, eta familiaren etxetik kanpo lan egiten duen alabetako batekin bizi da -kontsultagilearen ahizparekin-, hau da, etxetik kanpo dago lanera joaten denean. Kontsultagilearen ezkontideak amaz arduratu behar izan du "profesionala ez den zaintzaile" gisa. Beraz, amaren etxean erroldatu da. "Profesionala ez den zaintzaile" gisa egiten duen lan horrengatik ez du inolako ordainsaririk jasotzen. Horretan guztian oinarrituz, kontsultagileak jakin nahi du ezkontidearekin batera baterako aitorpena egiteko aukera duen, etxebizitza berbera izan ez arren.
Kontsulta idazkian egindako galderari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 13/2013 Foru Arauaren (PFEZFA) 98. artikulua aplikatu behar da: "1. Familia unitatearen barruan banandu gabeko ezkontideak eta izatezko bikoteko kideak sartzen dira, eta honako hauek ere bai: a) Adin gabeko seme-alabak, gurasoen onespenaz eurengatik aparte bizi direnak izan ezik. b) Judizialki ezgaituta dauden seme-alaba adin-nagusiak, guraso agintea luzatu edo birgaitupean daudenean. 2. Era berean, senar-emazteak legez banantzen direnean edo ezkontza-loturarik nahiz izatezko bikoterik ez dagoenean, eta aurreko horri buruzko ebazpen judiziala eman denean, gurasoetako batek eta aurreko lerroaldean aipaturiko baldintzak betetzen dituzten seme-alabek osatuko dute familia unitatea, norekin bizi diren alde batera utzita. Hala denean, beste gurasoa ez da izango familia unitateko kidea. (...) 3. Inor ezingo da bi familia unitatetako kide izan aldi berean. 4. Familia unitatea nork osatzen duten zehazteko urte bakoitzeko abenduaren 31n dagoen egoera hartuko da kontuan. (...)". Kontsulta idazkian adierazitako egitateen arabera, ezkontideak legez banandu gabe daude, eta ezkontza loturarekin jarraitzen dute. Egoera horietan, ezkontideak familia unitate izaten segitzen dute, baita, hala badagokio, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan baterako aitorpena aukeratzearen ondorioetarako ere. Aurrekoarekin bat etorriz, etxebizitza berean bizi ez arren, bi ezkontideek familia unitate bera osatzen jarraitzen dute; izan ere, familiaren zerga unitatea eteten duen banantze bakarra legezko banantzea da (PFEZFAk 98. artikuluan agindutako familia unitateko bigarren modalitatea). Kasu honetan, kontsulta idazkitik ondorioztatzen denez, kontsultagilearen ezkontideak ezkonduta segitzen du, baina amaren etxera joan beharra du, eta bertan erroldatu, familia ingurunean profesionala ez den zaintzaile gisa aritzeko. Egoera horretan, bi ezkontideek batera ordaindu ahal izango dituzte zergak, eta, halakorik balego, seme-alaba adingabeekin (gurasoen adostasunarekin haiengandik independente bizi direnak izan ezik), bai eta judizialki ezgaituta dauden eta guraso-ahal luzatuari edo birgaituari atxikitako seme-alaba nagusiekin ere; izan ere, guztiak familia unitate berekoak dira, PFEZFAk 98. artikuluan agindutakoarekin bat etorriz. Azkenik, kontsultagileak adierazitako inguruabarra aipatu behar da, hau da, haren ezkontideak amaren etxebizitzan erroldatu behar izan du horrek izan ditzakeen zerga ondorioekin. Horri buruz adierazi behar da erroldatze hutsa, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako, ez dela berez udalerri jakin batean egoitza eta etxebizitza egiaztatzeko behar besteko elementua. Nolanahi ere, adierazi behar da kontsultagilearen ezkontidearen bizilekuaren egiaztapena egitatezko kontu bat dela, eta Ogasuneko Zuzendaritza Nagusi honek ezin duela baloratu kontsulta fasean; aitzitik, zergadunek egiaztatu beharko dute zuzenbidearen arabera onartutako edozein frogabide baliatuz, Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arau Orokorrak 103. artikuluan xedatutakoa betez, eta haren balorazioa egingo dute Bizkaiko Foru Ogasun honen egiaztapen eta ikuskapen eskumenak esleituta dituzten organoek. Erantzun horrek, jakina, zerga eremura mugatzen ditu ondorioak, Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arau Orokorrak 85. artikuluan xedatutakoa betez; erantzun horrek ez du inolako eraginik kontsultagilearen ezkontidea "zaintzaile profesionaltzat" jotzeari dagokionez.
Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua, 98. artikulua.