05.11.2020
PFEZa. Kaleratzearen eta zordundutako soldaten ziozko kalte-ordaina kobratzea. Soldaten ordainketa eza.
Kontsultagilea 2013ko ekainaren 7an kaleratu zuten bere enpresatik. Ondorioz, demanda judizial bat jarri zuen, ez zegoelako ados enpresaren jarduerarekin (zehazki, enpresaren aurka eta taldeko beste batzuen aurka jarri zuen demanda). 2014an emandako epaiaren bidez, interesdunaren demanda baietsi egin zen. Hala, soldata-kontzeptu batzuk aitortu zitzaizkion, guztira 21.522,07 eurotan. Horrez gain, langile kontsultagilearen kaleratzea bidezkoa izan ez zela aitortu zen. Arrazoi hori zela eta, 49.678,76 euroko kalte-ordaina ezarri zen. Epai horretan azaltzen denez, demandatutako erakundeek enpresen lantalde bat osatzen dute, eta, beraz, epaiak horiek guztiak kondenatzen ditu, solidarioki, kopuru horiek ordaintzera. 2014ko abenduan, Soldata Bermearen Funtsetik (FOGASA) 6.010,80 euro jaso zituen, soldaten zioz, eta 15.653,13 euro, kaleratzearen ziozko kalte-ordain moduan. 2016ko otsailaren 5ean, kontsultagileak akordio bat sinatu zuen enpresa zordunekin, oraindik zor zituen zenbatekoen gainean (bai kalte-ordain gisa, bai soldata gisa). Hala, kita bat adostu zen, bai eta haren ostean zor zen zorra ordaintzeko modua ere. Aipatu akordioaren zioz, azkenean 32.730,07 euroko zorra ezarri zen (data horretan ordaintzeke zegoen zenbateko osoa baino baxuagoa, eta, ere berean, kaleratzearen ziozko kalte-ordain gisa zor zen zatia baino baxuagoa). Zenbateko hori 2016tik 2020ra bitartean egingo ziren hainbat ordainketatan ordaintzea adostu zen. Halaber, agiri horretan bertan bi aldeek adostu zutenez, kopuru horien ordainketa (guztira, 32.730,07 euro), kaleratzearen ziozko kalte-ordainaren ordainketara egotziko zen. Honako hau jakin nahi du: ea erakunde zordunen eskutik jasotako zenbatekoak, kita-akordioaren arabera kaleratzearen ziozko kalte-ordainaren ordainketari aplikatzen zaizkionak, salbuetsita egon daitezkeen, 180.000 eurora arte, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko 13/2013 Foru Arauaren 9.5. artikuluan araututakoaren arabera, eta, ondorioz, atxikipenik egin behar izanik gabe erakunde ordaintzailearen eskutik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Araudia onartzen duen apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren 82. artikuluan araututakoaren arabera.
Lehenik eta behin, aipatu behar da ekainaren 21eko 101/2005 Foru Dekretuaren 6. artikuluak, idatzizko zerga-kontsultei, zergen aurretiazko proposamenei eta iruzurraren aurkako klausulari buruzko prozedurak garatzen dituenak, honako hau ezartzen duela kontsultei erantzuteko ondoreetarako: "1. Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 85. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituzten kontsulten erantzunek lotura-ondoreak izango dituzte Zerga Administrazioarentzat, arau horretako 86. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz; bestela, informaziorako besterik ez dira izango. (...)". Ildo horretan, Zergei buruzko martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 85. artikuluak hauxe ezartzen du: "(...) 2. Zergei buruzko galdera idatziak eskubideak baliatzeko, aitorpenak edo autolikidazioa aurkezteko edo bestelako zerga-betebeharrak betetzeko ezarritako epea agortu baino lehen aurkeztu behar dira. (...) 4. Galdera batek ez badu betetzen aurreko idatz-zatietan ezarritako betekizunetako bat eta eskatu ondoren akatsa zuzentzen ez bada, Zerga Administrazioak artxibatu ahal izango du eta interesdunari jakinaraziko dio". Ondorioz, erantzun honek zerga-administrazioarentzat ondore lotesleak izango ditu, soilik 2019ko ekitaldian eta hurrengoetan kontsultagileei eragin diezaieketen zerga-betebeharretan. Aurreko zehaztapena eginda, eta kontsulta-idazkian aipatutako gaiei dagokienez, lehenik eta behin aztertu behar da zein den erakundeek ebazpen judiziala betez ordaindu beharko dituzten errenten izaera. Horren gainean, emandako epaitik ondorioztatu daitekeenez, kontsultan agertzen diren errentak ordaintzen dituzten erakundeak kontsultagileari honakoak ordaintzera kondenatu dira, arduradun solidario gisa: alde batetik, bidegabeko kaleratzearen ziozko kalte-ordaina, eta, bestetik, 2012. eta 2013. urteetan ordaintzeke dauden soldata batzuk, horiek guztiak 2013ko ekainean gertatutako kaleratzearen zioz. Horrenbestez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da (2014ko urtarrilaren 1etik indarrean dagoena); hain zuzen ere 15. artikulua: "Lan etekintzat joko dira kontraprestazio eta onura guztiak, edozein delarik ere beren izendapena edo izaera eta dirutan zein gauzatan izan, betiere inoren kontura zergadunak egindako norberaren lanetik edo lan edo estatutu harremanetik zuzenean edo zeharka eratorritakoak badira eta jarduera ekonomikoen etekin izaerarik ez badute. (...)". Eta PFEZFA bereko 16. artikuluan honako hau gehitu da: "Besteak beste, honako hauek izango dira diruzko lan etekinak: a) Soldatak eta lansariak. (...) e) Aurreko artikuluan zerrendatu diren harremanetatik eratorritako sari eta kalte-ordainak". Gauza bera diote Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauaren (2013ko abenduaren 31ra arte indarrean) 15. eta 16. artikuluek. Ondorioz, erakundeek kaleratzearen eta soldaten zioz kontsultagileari ordaindu behar dioten kalte-ordaina lan-etekintzat jo behar da azken horrentzat. Kontsultagileak soldata moduan jasoko dituen zenbatekoek ezin dute inola ere onurarik jaso Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian azaltzen diren ezein salbuespenen zioz. Dena den, kaleratzeagatiko kalte-ordainari dagokionez, honako hau xedatzen du PFEZFAren 9.5. artikuluak: "Errenta hauek salbuetsirik egongo dira: (...) 5. Langilea kaleratu edo kargugabetzeagatik ematen diren kalte-ordainak, Langileen Estatutuan, hura garatzeko araudietan edo, halakorik balego, epaiak betearazteko araudian nahitaezko izaeraz ezarritako kopuruetan; hitzarmen, itun edo kontratuetan finkatutako kalte-ordaina ezingo da nahitaezko izaeraz ezarritako kalte-ordaintzat hartu. (...) Zenbaki honetan ezartzen den kalte-ordain salbuetsia 180.000 euro izango da, gehienez". PFEZFAren hemeretzigarren xedapen gehigarriak, salbuespen horren gehieneko muga absolutuari (180.000 euro) buruzkoak, honako hau gehitzen du horren gainean: "Foru arau honetako 9.5 artikuluan ezartzen den salbuespen-muga ez zaie aplikatuko 5. zenbaki horretan arautzen diren kaleratze edo kargugabetzearen ondoriozko kalte-ordainei, baldin eta foru arau hau indarrean jarri aurretik azkendutako lan-harremanen ondorio badira". Manu horiek garatu egin dira Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren (PFEZA) 7. artikuluan: "Zergari buruzko Foru Arauko 9. artikuluko 5. zenbakian ezarritako salbuespena aplikatzeko ezinbestekoa da langileak inolako loturarik ez edukitzea enpresarekin. Kontrakoa frogatu ezean, lotura horrek irauten duela ulertuko da iraizpena edo utzaraztea gertatu eta hiru urteren buruan langileak berriz ere ematen baditu zerbitzuak enpresa berean edo horri lotutako beste enpresa batean, Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauko 42.3. artikuluan ezarritakoarekin bat. Salbuetsitako gehieneko kopurua, 180.000 euro, langilearen kaleratze edo lan-utzarazpen bakoitzeko aplikatuko da, kalte-ordaina ordaintzeko modua gorabehera". Kasu honekin lotuta, 2013ko abenduaren 31ra arte, salbuespen hori, kaleratzearen ziozko edo langileen lan-utzarazpenen ziozko kalte-ordainei buruzkoa, era berean arautzen zen lehen aipatutako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduren 29ko 6/2006 Foru Arauaren 9.4. artikuluan. Hala ere, azken horrek ez zuen salbuespenaren zenbatekoa gehienez ere 180.000 eurora mugatzen (arrazoi horregatik, muga hori 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera iraungitako lan-harremanen gaineko kalte-ordainei aplikatzen zaie soilik). Era berean, Zergaren Araudi zaharra onartzen zuen azaroaren 20ko 207/2007 Foru Dekretuaren 7. artikuluak, salbuespena gozatzeko enpresarekiko loturarik ez erreal eta eraginkorra eskatzen zuen, egungo PFEZAren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera. Beraz, ondorioztatzekoa da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik salbuetsita daudela langilearen kaleratzearen edo lan-utzarazpenaren ziozko kalte-ordainak, Langileen Estatutuan, hura garatzen duen araudian, edo epaien betearazpena arautzen duen araudian nahitaez ezartzen den zenbatekora arte. Hala ere, ezin dira halakotzat hartu hitzarmen, itun edo kontratuaren arabera ezarritakoak, gehienez ere 180.000 eurora arte kaleratze edo lan-utzarazpen bakoitzeko, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera iraungitako lan-harremanei dagokienez. Salbuespen hori gozatzeko, hala ere, langileak enpresarekin loturarik ez duela (benetan eta eraginkortasunez) egiaztatu beharko da, PFEZAren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera. Ondore horietarako guztietarako, Langileen Estatutuaren 56. artikuluak, martxoaren 24ko 1/1995 Errege Dekretu Legegilearen bidez onartuak (2015eko azaroaren 13ra arte indarrean, eta, beraz, kasu honetan aplikagarria), honako hau aurreikusten zuen, orokorrean erregulazio bereziaren pean ez dauden kontratu mugagabeentzat: "1. Kaleratzea bidegabekoa dela aitortzen bada, epaia jakinarazten denetik bost eguneko epean, enpresaburuak bi aukera izango ditu: langilea lanean berriz hartzea, edo kalte-ordaina ematea, zerbitzuan egindako urte bakoitzeko hogeita hamahiru eguneko soldata; urtebetetik beherako aldiak hileka hainbanatuko dira, eta hogeita lau hilabetekoa izango da gehieneko kalte-ordaina. Kalte-ordaina ematea aukeratzen badu, lan-kontratua azkendu egingo da; zehazki, lana utzitako egunean bertan azkendu dela ulertuko da. (...)". Manu hori osatu egin behar da Lan Erreformaren Premiazko Neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legearen bosgarren xedapen iragankorrean arautzen denarekin. Xedapen horrek ondokoa dio: "1. 2012ko otsailaren 12tik aurrera egindako kontratuei aplikatuko zaie kaleratzeagatiko kalteordaina, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 56. artikuluaren 1. paragrafoan, lege honek emandako idazketan, aurreikusitakoa. 2. Honela kalkulatuko dira 2012ko otsailaren 12a baino lehen formalizatutako kontratuen kaleratze bidegabeagatiko kalteordainak: data hori baino lehen lanean emandako urteko, 45 egunen soldata, urtebetetik beherako aldiak hileka hainbanatuz, eta data horretatik aurrera lanean emandako urteko, 33 egunen soldata, urtebetetik beherako aldiak hileka hainbanatuz. Kalteordainaren zenbatekoak ezin izango du 720 eguneko soldata baino handiagoa izan; nolanahi ere, 2012ko otsailaren 12a baino lehenagoko aldiari dagokion kalteordaina kalkulatzean egun gehiago ateratzen badira, hori izango da gehieneko kalteordainaren zenbatekoa, eta ezin izango da 42 hilekoa baino handiagoa izan. 3. Kontratazio mugagabea sustatzeko kontratua duten langileen kasuan, Legegintzako Errege Dekretu honen seigarren xedapen iragankorrean araututakoari men egingo zaio". 2012ko otsailaren 10ean, lan-erreforma onartu zen, otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege-Dekretuaren bidez (uztailaren 6ko 3/2012 Legeak berretsia), urte horretako otsailaren 12an jartzeko indarrean. Lan-erreforma horrek aldatu zuen, besteak beste, bidegabeko kaleratzeen kasuetarako orokorrean ezarritako legezko kalte-ordainaren zenbatekoa. Hala ere, otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege-Dekretuaren nahiz uztailaren 6ko 3/2012 Legearen bosgarren xedapen iragankorrean adierazitakoaren arabera, aipatu erreforma indarrean jarri aurretik (2012ko otsailaren 12a) formalizatu ziren kontratuen gaineko bidegabeko kaleratzeen ziozko kalte-ordainak data hori baino lehen (2012ko otsailaren 12a) zerbitzuak ematen egondako urteko 45 eguneko soldataren arabera kalkulatzen dira, urtebetetik beherako aldiak hilabetetan hainbanatuta, eta ondoren emandako zerbitzuen aldia urteko 30 eguneko soldataren arabera kalkulatuta. Kasu horretan ere, urtebetetik beherako aldiak hilabetetan hainbanatuko dira. Eragiketa horien ziozko kalteordainaren zenbatekoak ezin izango du 720 eguneko soldata baino handiagoa izan; nolanahi ere, 2012ko otsailaren 12a baino lehenagoko aldiari dagokion kalteordaina kalkulatzean egun gehiago ateratzen badira, hori izango da gehieneko kalteordainaren gehieneko zenbatekoa, eta, edonola ere, ezin izango da 42 hilekoa baino handiagoa izan. Horrenbestez, kontsultatutako kasuan, pentsatzekoa da kontsultagileari bidegabeko kaleratzearen zioz ordaintzen zaion kalte-ordaina Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik salbuetsita dagoela, azaldutako baldintzetan, Langileen Estatutuaren 56. artikuluan eta 3/2012 Legearen bosgarren xedapen iragankorrean nahitaezko moduan ezarritako zenbatekora arte (eta ezin da aplikatu, gorago azaldu den bezala, egungo PFEZFAn 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera iraungitako lan-harremanetarako aurreikusten den 180.000 euroko muga). Muga horretatik gora jasotako diru-kopuruak lotuta daude Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari eta horren atxikipen-sistemari. Aurkeztutako datuen arabera, eta gertaeren deskribapenean azaltzen den bezala, kontsultagileak 2016tik (eta 2020ra arte, biak barne) kopuru jakin batzuk kobratzen ditu, 2014ko martxoko epai judizial bidez kondenatutako hainbat enpresak zenbateko horiek ordaindu behar baitizkiote kaleratze bidegabearen eta zordun soldaten ziozko kalte-ordain gisa. Enpresa horiek enpresen lantalde batek eratutako zor baten arduradun solidario deklaratu dira, 2013ko ekainean kontsultagilea kaleratzearen zioz. Kontsultagileak 2016ko otsailaren 5ean enpresa zordunekin sinatutako kita-akordioaren ondorioz, 2016an eta 2020an jasotzeko adostutako 32.730,07 euroko kopurua akordioaren datan zordundutako zenbateko osoa baino baxuagoa da (kalte-ordainaren eta zor diren soldaten zioz), eta, era berean, kaleratzearen ziozko kalte-ordain gisa zor den zatia baino baxuagoa. Akordio horretan bertan ezarri zuten bi aldeek, kopuru horien ordainketa (guztira, 32.730,07 euro), kaleratzearen ziozko kalte-ordain gisa egingo zela (ondorioz, kitak ordaintzeke zeuden soldaten gaineko zorrari eragingo lioke). Aipatu beharra dago, soilik, erantzun honetan ez direla aztertu, ez delako kontsultatu, zein liratekeen adostutako kitaren ziozko zerga-ondore posibleak. Aldez aurretik adierazi den bezala, bidegabeko kaleratzearen ziozko kalte-ordaina PFEZFAren 9.5. artikuluko salbuespenean babesten da (adierazitako baldintzetan eta Langileen Estatutuaren 56. artikuluan eta 3/2012 Legearen bosgarren xedapen gehigarrian nahitaezko gisa ezarritako zenbatekoan). Bestalde, soldaten zioz jasotzen diren zenbatekoak Zerga horren pean egongo lirateke osorik (halaxe gertatuko litzateke, hala badagokio, kalte-ordain gisa jasotako kopuruekin, salbuetsitako gehieneko zenbatekoa gainditzen duen zatian). Horren harira, eta jasotzen den kopuru osoak (32.730,07 euro) enpresak zor dituen kontzeptu guztiak asetzen ez dituela kontuan hartuta, honako hau planteatu da: nola banatzen den horren zenbatekoa zor diren kontzeptu desberdinen artean (kalte-ordaina eta soldatak), Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean sartzeko. Zehazki, ea posible den zenbateko oso hori aplikatzea kaleratzearen ziozko kalte-ordainaren gaineko zorraren zatiaren ordainketari (eta ezer ez soldaten kontzeptu gisa zor den zorraren zatiari). Hori dela eta, legedi zibila aztertu behar da; zehazki, Kode Zibileko 1.172., 1.173. eta 1.174. artikuluak. Hala, horietako lehenak honako hau zehazten du: "Hartzekodun berberaren mesederako espezie bereko zor batzuk dituenak adieraz dezake, ordainketa egitean, zorretatik zeini aplikatuko zaion ordainketa hori. Pertsona horrek hartzekodunaren eskutik onartzen badu ordainketaren aplikazioa egiten duen jaso-agiria, ezin izango du aplikazioaren aurkako erreklamaziorik egin, salbu eta kontratua baliogabetzen duten arrazoietatik bat tartean dagoenean". Horretaz gainera, Kode Zibileko 1.173. artikuluan hauxe ezarri da: "Zorrak korrituak sortzen baditu,ezin izango da ulertu ordainketa kapitalaren kontura egiten denik, korrituak estalita ez dauden bitartean". Eta 1.174. artikuluak honako hau dio: "Aurreko erregelen arabera ezin denean ordainketa egotzi, ulertuko da mugaeguneratuta dauden zorren artean kargarik gehien dakarrena ordaindu dela. Zor horiek izaera berekoak badira eta karga berberak badakartzate, ordainketa zor guztiei egotziko zaie lainean". Ondorioz, agindu horien arabera, lehentasunez egozteko legezko irizpide bat ezarri da. Horren arabera, hainbat zor dituen zordunari aukera emango zaio bere borondatez egin dezan ordainketaren egozketa, baldin eta hartzekodun bakar baten alde sortutako espezie bereko zorrak badira. Hala ez bada, orduan ordezko irizpidea aplikatuko da, hau da, iraungita dauden zorren artean zordunarentzat kargarik gehien dakarren hori ordaindutzat joko da. Eta, horiek guztiak izaera eta karga berekoak badira, ordainketa proportzionalki egotziko zaie guztiei. Planteatutako kasuan, bi zorrak (kalte-ordaina eta soldatak) kontsultagilearen aldekoak dira eta espezie berekoak. Izan ere, enpresak kontsultagilearekin duen erantzukizun solidarioaren ziozko diruzko zorra da. Beraz, erakunde zordunek (solidarioek) ordainketa egiten den unean deklaratu dezakete zein zorri aplikatu behar zaion. Kontsultatutako kasuan, adierazi den bezala, 2016ko otsailaren 5ean sinatutako agirian aitortzen da kopuru horien ordainketa aplikatuko zaiola kaleratzearen ziozko kalte-ordain gisa zor den zenbatekoari. Ondorioz, zibilki eta adierazitakoaren arabera kontsultagileak kobratutako zenbatekoak bidegabeko kaleratzearen ziozko kalte-ordain gisa egotzi daitezkeenez, errenta salbuetsitzat joko dira (adierazitako moduan eta aipatutako gehieneko zenbatekoan), Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan. Hori guztia argitutakoan, kontsultatutako zenbatekoen gainean Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren konturako atxikipena praktikatzeko betebeharra zehazki aipatuz, honako hau ezartzen du PFEZFAren 107. artikuluak: " 1. Jarraian aipatuko direnak behartuta daude atxikipenak eta konturako sarrerak egitera, jasotzaileari dagokion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren konturako ordainketa gisa, arauz zehazten den kopuruan, bai eta horien zenbatekoa Foru Aldundiari ordaintzera ere Ekonomia Itunean jasotako kasuetan eta arauz finkatzen den moduan: a) Zerga honi lotuta eta salbuetsi gabe dauden errentak ordaintzen dituzten pertsona juridikoak eta entitateak, errenta-esleipenaren araubidean dauden entitateak barne. (...) 2. Erregelamendu bidez ezar daiteke errenta jakin batzuen gaineko atxikipena edo konturako sarrera egiteko betebeharrerako salbuespena. 3. Nolanahi ere, atxikipena edo konturako sarrera egiteko betebeharra duten subjektuek atxikipen edo konturako sarrera horri dagokion sarrera Foru Aldundian egiteko betebeharra berenganatuko dute, eta nahiz eta atxikipena edo konturako sarrera egin ez, sarrera, aldiz, beti egin beharko dute. 4. Ebazpen judizial edo administratiboa dela medio zerga honen atxikipenari edo konturako sarrerari lotutako errenta bat ordaindu behar denean, hark ordaindu beharreko kopuru osoaren gainean egingo du ordaintzaileak atxikipena edo konturako sarrera, eta haien zenbatekoa foru aldundian ordaindu beharko du, artikulu honetan jasotakoari jarraituz. 5. Zergadunek beraiek jaso eta atxikipenari edo konturako sarrerari lotuta dauden etekinen ordaintzaileari eman behar diote atxikipena edo konturako sarrera kalkulatzeko kontuan hartutako zirkunstantzien berri, arauz jasotzen denaren arabera". Xedapen hori, besteak beste, PFEZAren 81. artikuluan garatu da. Horren arabera: "1. Honako errenta hauek daude atxikipenari eta konturako sarrerari lotuta: a) Laneko etekinak. (...)". Halaber, PFEZAren 82. artikuluan hauxe ezarri da: "Honako errenta hauek ez daude atxikipenak eta konturako sarrerak egin beharrari loturik: a) Salbuetsitako errentak, Zergari buruzko Foru Arauko 9. artikuluko 24. zenbakian ezartzen dena izan ezik, eta joan-etorrietarako gastuetarako eta ohiko mantenu eta egonaldi gastuetarako dietak eta kopuruak, kargapean ez daudenak. (...)". Gauza bera adierazten zuten Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauaren 108. artikuluak eta hura garatzen duen Araudiko (azaroaren 20ko 207/2007 Foru Dekretuaren bidez onartua) 102. eta 103. artikuluek, biak ere 2013ko abenduaren 31ra arte indarrean. Hori guztia ikusita ondorioztatu daitekeenez, atxikipen pean dauden errentak ordaintzen dituzten pertsona fisikoen betebeharra da dagokien zenbatekoa atxikitzea, eta Foru Ogasunean sartzea, hala dagokionean. Salbuespena izango da, baldin eta arauz ezarritako salbuespenen bat aplikatzen bada, are errenta horiek ordaindu behar dituenean ere, ebazpen judizialaren arabera, halaxe ezartzen baitu PFEZFAk 107.4. artikuluan (kasu horretan, ordaindu behar diren atxikipen egokiak zenbateko osoaren gainean egin behar dira, eta zenbatekoa Bizkaiko Foru Ogasunean sartu, hala dagokionean). Ondorioz, enpresa horien betebeharra da aipatu ebazpen judiziala betetzeko ordaintzen diren ordainsariak atxikitzea eta zenbateko hori Bizkaiko Foru Ogasunean sartzea (hala badagokio), baldin eta: a) ordainsari horiek betebehar hori (atxikipena) bete behar badute, PFEZAren 81. artikuluan aurreikusitakoaren arabera; eta b) arau-testu bereko 82. artikuluan araututako salbuespen-kasurik aplikatu ezin bada. Ondorioz, hori guztia kontuan hartuta, ez da atxikipenik praktikatu beharko bidegabeko kaleratzearen ziozko kalte-ordain gisa ordaindutako zenbatekoen gainean, PFEZFAren 9.5. artikuluan aurreikusitakoaren arabera salbuetsita dagoen gehieneko zenbatekoan. Azkenik, PFEZFAn jasotako aldi baterako egozpen-arauak aipatu behar dira. Zehazki, haren 57. artikuluak xedatutakoa. Honako hau xedatzen du: "1. Oro har, eta foru arau honetan ezarritakoa eragotzi gabe, zergaren oinarrian jaso behar diren errentak zehazteko, hala sarrerak nola gastuak, batzuk zein besteak sortu diren zergaldikoak izango dira, ordaindu edo kobratu diren unea beste bat izan arren. Eta zehazki, honako irizpide hauek aplikatuko dira: a) Lanaren eta kapitalaren etekinak hartzaileak eska ditzakeen zergaldiari egotziko zaizkio. (...) 2. Arau bereziak: a) Errenta osoa edo haren zati bat ordaindu ez bada, hura jasotzeko eskubiderik dagoen edo haren kopurua zenbatekoa den epai bidez ebatzi gabe dagoelako, ordaindu gabeko zenbatekoak epaia irmo bihurtzen den zergaldiari egotziko zaizkio. b) Zergadunari ezin egotz dakizkiokeen inguruabar frogatuen ondorioz lanaren etekinak eska daitezkeen zergaldian barik beste batean jasotzen direnean, zergaldi horri egotziko zaizkio; hala denean, autolikidazio osagarria egingo da, eta ez da egongo ez berandutza-korriturik ez errekargurik. Aurreko a) letran ezarritako inguruabarrak gertatzen direnean, etekinak epailearen ebazpena irmo bihurtzen den zergaldian eskatu ahal izango dira. Aurreko lerroaldean aipatzen den autolikidazioa, aipaturiko etekinak jasotzen diren egunaren eta zerga honen hurrengo autolikidazioa egiteko epearen barne egin beharko da. (...)." Ondorioz, laburbilduz, kontsultagileak jaso dituen eta kontsultan agertzen den zenbatekoak zergadunari horiek jasotzeko eskubidea aitortu zion ebazpen judizialak irmotasuna hartu zuen ekitaldian (2014, dirudienez) egotzi beharko lirateke, nahiz eta aldeen artean hartutako akordioa 2016ko otsailekoa izan, azken hartan ezarri baitzen zordundutako kopuruak ordaintzeko egutegia. Hala ere, akordio horrek berekin dakar zenbatekoak jasotzeko eskubidea aitortzen dion ebazpen judizialak irmotasuna hartu duen ekitaldia ez den beste batzuetan jasoko dituela etekin horiek kontsultagileak. Horrenbestez, eta hori kontsultagileari egotzi ezin zaizkion eta justifikatuta dauden inguruabarren zioz gertatu bada, etekin horiek ebazpen judizialak irmotasuna hartu zuen ekitaldiari egotziko beharko litzaizkioke, autolikidazio osagarrien bidez, zehapenik, berandutze-interesik eta errekargurik gabe, kobratzen diren heinean (adostutako ordainketetako bakoitza kobratzen den dataren eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren autolikidazioaren hurrengo berehalako epea amaitzen den dataren artean dagoen epean aurkezteke).
Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 9., 15. eta 16. artikuluak.