05.11.2019
PFEZa. Ohiko etxebizitza eskualdatzea haurraren jaiotza dela eta, hiru urte igaro baino lehen.
Kontsultagileak higiezin bat erosi zuen Bilbon 2016ko ekainean. Etxebizitza hori bere ohiko bizilekua izan da gaur arte. Laster haurra bat izango duenez, higiezin hori eskualdatzeko eta eskuratutako zenbatekoa tamaina handiagoko beste ohiko bizileku bat erosten erabiltzeko asmoa dauka. Hala eginez gero, ez da bere lehengo etxebizitzan biziko hiru urteko epean. Honako hau jakin nahi du: ea 2016an erositako etxebizitzak ohiko bizileku izaten jarraituko duen, nahiz eta bertan ez bizi Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudiak ezartzen duen hiru urteko gutxieneko epean, aipatutako arrazoiaren ondorioz (lehen haurraren jaiotza). Hartara, izan ere, ez du egindako kenkarietarako eskubidea galduko, eta, gainera, eskualdaketa horren ondorioz azkenean eskuratzen duen irabazia berrinbertitzearen ziozko salbuespena aplikatu ahalko du.
Kontsulta-idazkian egindako galderari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da, hain zuzen ere, 87. artikulua, ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkariak arautzen dituena. Artikulu horrek dioenez: "(...) 8. Zerga honen ondorioetarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna hiru urtez jarraian bizi den etxebizitza. Hala ere, etxebizitza ohiko etxebizitzatzat hartuko da, epe hori igaro ez arren, baldin eta zergaduna hil bada, edo ezinbestez etxebizitza aldatzera behartzen duten inguruabarrak gertatu badira. Inguruabar horiek honako hauek dira: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren desgaitasun-gradura edo harekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaide baten, ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen desgaitasun-gradura edo zergaren kuota osoan kenkaria egiteko eskubidea ematen duen pertsona baten desgaitasun-gradura; ezkontideak banantzea; izatezko bikotea desegitea; lantokia aldatzea; lehen enplegua lortzea edo enplegua aldatzea; epe horretan etxebizitza ordaindu ezin izatea dakarten inguruabar ekonomikoak, edo antzeko beste zirkunstantziak gertatzea. (...)". Manu hori garatu egin da Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren (PFEZA) 67. artikuluan. Honako hau dio, zehazki, artikuluak: "1. Oro har, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna gutxienez hiru urte jarraian bizi den eraikina. Hala ere, etxebizitza ohikoa izan dela joko da, epe hori igaro ez arren, zergaduna hiltzen denean, edo ezinbestez etxebizitzaz aldatzera behartzen duten beste inguruabar batzuk gertatzen direnean, hala nola: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo berarekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikote-lagunaren desgaitasun mailara edo zergaren kuota osoan kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen pertsonarenera; senar-emazteak banantzea, izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea, lehen enplegua edo beste bat lortzea, inguruabar ekonomikoengatik aipatu aldian etxebizitzaren ordainketari aurre ezin egin izatea, edo antzeko beste egoerak gertatzea. (...) 4. Zergari buruzko 42. artikuluko b) eta c) letretan eta 49. artikuluan ezarritako salbuespenak aplikatzeko, ez beste ezertarako, ondoko kasuan zergadunak ohiko etxebizitza eskualdatu duela pentsatuko da: artikulu honetan ezarritakoaren arabera eraikina une horretan beraren ohiko etxebizitza denean edo, bestela, eskualdatu aurreko bi urteetan ohikoa izateari utzi dionean". Bestalde, PFEZFAren 49. artikuluak, berrinbertitzearen ziozko salbuespenari buruzkoak, honako hau adierazten du. "1. Zergadunaren ohiko etxebizitza eskualdatzean lortutako ondare-irabaziak zergapetu gabe geratuko dira baldin eta eskualdaketa horretan lortutako zenbateko osoa beste ohiko etxebizitza bat eskuratzeko berrinbertitzen bada, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan. 2. Berrinbertitutako zenbatekoa eskualdaketan jasotakoaren guztizkoa baino gutxiago bada, berrinbertitutako kopuruari dagokion lortutako ondarezko irabaziaren zati proportzionala baino ez da zergapetu gabe utziko.3.(.) PFEZAren 49. artikuluak honako hau gehitzen du: "1. Zergadunaren ohiko etxebizitza eskualdatzeagatik ondare-irabaziak lortzen badira, irabazi horiek kargatik salbuetsi ahal izango dira, baldin eta eskualdaketan lortzen den zenbateko osoa berriro inbertitzen bada ohiko beste etxebizitza bat eskuratzeko, artikulu honetan ezarritakoarekin bat etorriz. Zergadunak besteren finantzaketa erabili badu eskualdatutako etxebizitza eskuratzeko, orduan, horri dagokionez soil-soilik, eskualdaketa-balioari eskualdaketaren unean amortizatzeko dagoen maileguaren printzipala kenduta geratzen dena hartuko da lortutako zenbateko osotzat. Horri dagokionez, berdintzat joko dira etxebizitza eskuratzea eta etxebizitza birgaitzea, Zergari buruzko Foru Arauko 87. artikuluko 6. idatz-zatian ezarritakoaren arabera. Etxebizitza ohikotzat hartzeko Zergari buruzko Foru Arauko 87. artikuluko 8. idatz-zatian eta araudi honetako 67. artikuluan xedatutakoa hartuko da aintzat. 2. Besterentzean lortzen den zenbateko osoa berriro inbertitu behar da, aldi batean edo batzuetan, baina, edozelan ere, eskualdaketa-egunetik urte bi pasatu baino lehen. Berrinbertsioa epealdiaren barruan egintzat hartuko da salmenta epera edo prezio geroratuarekin egiten denean, baldin eta epeen zenbatekoa helburu horretarako erabiltzen bada epeok hartzen diren zergaldiaren barruan. Aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera, berrinbertsioa ez bada egiten besterentzea egiten den urte berean, zergadunak ondare-irabazia lortzen duen ekitaldiko autolikidazioan adierazi beharko du berrinbertsioa aurretik adierazitako baldintza eta epeetan egiteko asmoa daukala. Era berean, besterentzean lortzen diren kopuruek berrinbertsioagatiko salbuespenerako eskubidea emango dute, baldin eta kopuruok ohiko beste etxebizitza baten prezioa ordaintzeko erabiltzen badira, eta betiere etxebizitza hori ohiko etxebizitzaren besterentzea egin den urtearen aurre-aurreko urte bietako epealdian eskuratu behar izan da. 3. Berrinbertsioaren zenbatekoa besterentzean lortutakoa baino gutxiago bada, ondare-irabaziaren zati bat kargatik salbu geratuko da, hain zuzen ere artikulu honetan ezarritakoarekin bat etorriz benetan inbertituriko kopuruari dagokiona. 4. Artikulu honetan ezarritako baldintzetako bat betetzen ez bada, dagokion ondare-irabazia kargatuko da. Hori gertatzen bada, zergadunak salbuetsita ez dagoen ondare-irabazia irabazi hori lortu duen urteari egotziko eta autolikidazio osagarria egingo du; autolikidazio osagarri horretan bidezko berandutza-korrituak sartuko ditu. Autolikidazio osagarria aurkezteko epealdia: baldintza betetzen ez den egunetik hori gertatzen den zergaldiko autolikidazioa egiteko ezarritako epealdia amaitu arte.". Etxebizitza bat ohikoa izan dadin, bai berriz inbertitzearen ziozko salbuespenaren ondoreetarako, bai inbertitzearen ziozko kenkariaren ondorioetarako, bertan bizi behar da gutxienez hiru urtez jarraian. Baldintza horren salbuespena egin daiteke soilik, interesdunak zer nahi duen edo zer komeni zaion aparte utzita, nahitaez bizilekuz aldatzera behartzen duen inguruabarren bat gertatzen denean. Beharrezkotasun horrek esan nahi du saihestu edo gainditu ezinezko kausaren bat dagoela tartean. Beraz, gutxienez hiru urtez etengabeko egoitza izatearen baldintzan salbuespena aplikatzeko, honako hau jakin behar da: higiezina erositakoan sortutako egoera batean bizilekuz aldatzea zergadunaren aukera den edo bere borondatearekin zerikusirik ez duen ondorioa den. Zergadunak hautatzeko aukerari eusten badio eta bizilekuz aldatzea erabakitzen badu, etxebizitza ezingo da ohikotzat jo zergaren ondorioei dagokienez. Bestela, hau da, erabakitzeko aukerarik ez badu, berriz, etxebizitzak ohikoa izaten jarraituko du, nahiz eta bertan ez bizi legez eskatzen den gutxieneko denboraldian. Kontsultatutako kasuan, etxebizitzaren aldaketa justifikatuta dago kontsultagilearen familia baldintzak aldatzeagatik, haren lehen haurra laster jaioko da-eta. Zehazki, adierazi denez, jaiotza horren ondorioz lekualdatu nahi du 2016an erositako etxebizitza baino hobea eta handiagoa den beste batera. Horri dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko araudiak ez du zehazki jaso, etxebizitza aldaketa derrigorrez eskatzen duten kausen artean, haurra edukitzea, ezta hari etxebizitza hobea eta handiagoa eman nahi izatea ere. Horrez gain, Zuzendaritza Nagusi honek, kontsulta lotesle bidez, ezin ditu balioetsi PFEZFAn eta PFEZAn ezartzen diren inguruabarrez bestekoetatik erator daitezkeen ondorio zehatzak. Hala ere, aipatzekoa da alegatutako gertaerek (lehen haurren jaiotza eta kontsultagileak bere umeari etxebizitza hobea eta handiagoa emateko duen asmoa) ez dutela nahitaez eragiten, ez modu isolatuan, ez multzoan, etxebizitza aldatzeko eta higiezina saltzeko beharrezkotasuna. Hortaz, printzipioz, ulertu behar da galdetutako aldaketa kontsultagileak askatasunez hartutako erabakiaren ondorio dela (gehien komeni zaionaren arabera). Kasu horretan, gauzak horrela, etxebizitza ohikoa izatera iristeko jarraian gutxienez hiru urtez geratu beharraren salbuespenak ez du baliorik izango. Hala ere, esan beharra dago izatezko kontu horiek guztiak ezin direla kontsulta-aldian behin betiko balioetsi; aitzitik, zergak aplikatzeko eskumena duten kudeaketa eta ikuskaritzako organoek balioetsi behar dituzte, kasuan-kasuan gertatzen diren izatezko elementuen arabera. Horregatik, kontsultagileak uste badu bere egoeraren inguruabarrak etxebizitzaz aldatu behar izateko bezain larriak badirela, nahikotasunez frogatu beharko du premia hori, zuzenbidean onartzen diren frogabideetariko edozein erabiliz, Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arau Orokorreko 103. artikuluak xedatu duenez, Zerga Administrazioko kudeaketa edo ikuskapeneko organoek hala eskatzen badiote eta haien aurrean, eta organo horiei egokituko zaie aurkezten diren frogak balioestea. Orduantxe, eta ez lehenago, aurkeztu behar dira bidezkotzat jotzen diren frogak. Hala, kontsultaren xede den higiezinean egoteko ezintasuna behar bezala frogatzen bada, horrek ohiko etxebizitza izaten jarraituko du, aldaketa nahitaez ekarri zuten inguruabarrak gertatu ziren unera arte. Kasu horretan, ez da galduko ordura arte egindako kenkarietarako eskubidea, eta kontsultagileak berrinbertsioagatiko salbuespenari heldu ahalko dio, PFEZFAren 49. artikuluan ezarritakoaren arabera. Bestela, kontsultaren xede den higiezinak ohiko etxebizitza izateari utziko dio, bertan gutxienez hiru urtetan jarraian bizitzeko baldintza ez betetzeagatik, eta itzuli egin beharko dira inbertsioaren ziozko kenkariak, euren berandutza-korrituekin batera. Gainera, etxebizitza eskualdatzearen zioz eskuratzen den ondare-irabazian ezin izango da aplikatu lehen deskribatutako berrinbertsioaren ziozko salbuespena.
Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 49. eta 87.8. artikuluak eta lehen xedapen gehigarria.Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren 49. eta 67. artikuluak.